Genetikoki eraldatutako organismo (GEO) bat ingeniaritza genetikoan oinarritutako tekniken bidez bere informazio genetikoan aldaketak jasan dituen organismo bat da. Elikagai transgenikoen aferan GOEn inguruko hika-mikak oso ezagunak dira. Dena den, abantailaren bat edo beste izan dezakete. Erreportaje honetan gai horren inguruko lanketa bat egingo dugu.
Ingeniaritza edo manipulazio genetikoa DNA-ren kontrolean eta transferentzian datza. Hau da, ingeniaritza genetikoaren bidez sortzen diren organismoek, beste organismo batzuen geneak izaten dituzte; modu horretan, guk nahi ditugun ezaugarriak izango dituzte. Horrek akats genetikoen zuzenketa, konposatu askoren sintesia edota espezie berrien sorrera ahalbidetuko du.
Transgenikoen bultzadarik handiena aurreko mendean zehar eman zen. Hala ere, transgenikoen bizitza luzea da oso gizakiak betidanik izan nahi baitu, elikagai bezala erabiliko diren espezieak ahalik eta onenak izatea. Nekazaritzaren sorreratik landareen aukeraketa artifizialak egiten ziren. Landareak sexualki ugaltzeko gai zirela ikusi zutenean baina etorri zen iraultzarik handiena. XVIII. eta XIX. mendeetan zehar, landare transgenikoen inguruan egindako ikerketa eta aurrerapen anitzak izan dira oso. Aurrerapenok 1983. Urtean baina lehenengo landare transgenikoaren sorrerarekin gaina jo zuten. 3 urte besterik pasa ez zirela genetikoki eraldatutako lehenengo landarea sortu zen gainera. Azkenik, 1994. urtean genetikoki eraldatutako landareen komertzializazioa ahalbidetu zen, honek zekarren industria guztiari bultzada emanez. Tomateak izan ziren komertzializatu ziren lehenengo landareak. Hauek euren fruituen heltzea atzeratuko eta erresistentzia handiagoa emango zien gene bat zuten txertatuta. Hala ere, 1996. urteaz geroztik, produktu horien salerosketa debekatu zen eta merkatutik at gelditu ziren eragin zitzaketen kalteen ondorioz, antza.
Gaur egun, ordea, transgenikoek 114,3 milioi hektarearen hedapena hartzen dute, munduko 23 lurraldetan zehar. Gainera, lurralde horietako asko garapen bidean dauden herrialdeak dira, produktu hauen zilegitasuna kolokan jarriz.
Historian zehar, beraz, manipulatzeko teknikak elikagaiak eraldatzeko erabili izan dira, gehienbat. Metodo horien bidez lortutako landareei transgeniko deritze, eta hauen erabilera eta onarpena iskanbilatsua da oso. Landareen ezaugarriak ingeniaritza genetikoaren bidez aldatzen dira, modu horretan, gizakiarentzat espezie hobeak eta erresistenteagoak lortuz.
Laburki azalduta, honako hiru metodo daude landareak genetikoki manipulatzeko, nahiz funtsean bera diren: landare baten DNA zatiak isolatu eta beste ale baten genoman txertatu.
Ingeniaritza genetikoaren bidez landareetan lor daitezkeen aurrerapenak anitzak dira; itxura politagoak, erresistenteagoak diren landareak edota fruituak eta industria askotan lor daitezkeen aurrerapenak... Gure eguneroko bizitzan, hainbat arlotan erabiltzen ditugu ingeniaritza genetikoaren bidez eraldatutako landareak. Guk erreportajearen parte honetan, aplikazioetako eta horietaz egiten diren erabilpenetako batzuk islatuko ditugu.
Ingeniaritza genetikoaren bidez eraldatzen diren landareetako batzuri erresistentziaren bat garatzeko gaitasuna ematen zaie. Landareak erresistente bilakatu ahal dira birusek, bakterioek edo intsektuek sortutako gaixotasunekiko. Adibide ezagunetako bat, infekzioekiko erresistente bilakatzen diren landareak dira. Landareok, erasotzen dituzten mikroorganismoen aurka antibiotikoak edota toxinak ekoizteko gaitasuna dute eta ondorioz, beste landare arrunt batzuk kalte ditzaketen kanpo faktore hauen aurrean erantzuteko gaitasuna dute. Esaterako, birus baten estalki-proteikoaren ekoizpena kodetzen duen genea txertatuz, horiekiko erresistente bihurtzen da landarea.
Horretaz gain, intsektuekiko erresistenteak bilakatzen diren landareak ere badaude. Ohikoena Bacillus thurigensis bakterioaren proteina toxikoa kodetzen duen genea txertatzean datza, intsektuen larbentzat toxikoa dena. Modu horretan, intsektuak landarea erasotzea galarazten da.
Azkenik, badago beste kasu ezagun bat, glifosfatoarena. Glifosfatoak aminoazido aromatikoen sintesiaren entzima inhibitzen du, landarearen heriotza eraginez. Beraz, glifosfatoarekiko erresistenteak diren landareak herbizidekiko erresistenteak dira.
Aldaketa genetikoak ere, elikagaien ezaugarri nutrizionalak hobetzeko erabili izan dira askotan. Gainera, landareetatik lortzen ditugun produktuen ezaugarri organoleptikoak (zaporea, usaina edo ehundura) hobetzeko ere erabiltzen dira. Badaude ere, baldintza klimatiko gogorren aurrean erresistenteak diren landareak, hotzaren aurreko erresistentzia lortu dutenak kasu. Hala ere, gaur egun bioteknologian jarduten duten enpresetako asko hazien hobekuntza genetikoan ari dira buru-belarri.
Honen inguruan badago adibide nahiko ezagun bat. Guztiok dakigu, fruituak landare edo zuhaitzetatik hartzen direnetik, dendara heldu eta guk erosi arte, denbora nahiko igarotzen dela, fruituak zimeltzeko adina, behintzat.
Horregatik, askotan, fruituak lehenago hartzen dira zuhaitzetatik (batzuetan, heldu ere ez direnean) eta horrela eramaten dira dendetara garraioan zehar zimel ez daitezen. Baina, guzti honi ingeniaritza genetikoak irtenbidea bilatu dio, eta fruituak hartzen direnetik, kontsumitzailearengana heltzen diren arte, egoera onean mantenduko diren landareak sortu dituzte.
Egun, ingeniaritza genetikoaren aplikazio garrantzitsuetako bat industria farmazeutikoan egiten dena da. Bioteknologiak landare transgenikoen sorrera ahalbidetzen du eta hauetatik antigorputzak, proteina zehatz batzuk, hormonak zein txertoak ekoizteko erabiltzen dituzte.
Transgenikoen komertzializazioak eta gure eguneroko bizitzan erabiltzeak, polemika ugari ekarri du berekin. Izan ere, transgenikoek gugan eragin ditzaketen kalteak ez daude neurtuak, giza osasunean, besteak beste. Berez, genetikoki eraldatutako landareak hartzen ditugunean, gene “arrotz” horiek ere barneratzen ditugu. Ez dakigu baina, nola eragin gaitzakeen edota eraginik izan dezakeen. Soia dugu honen adibide, non bere proteina eta energia balioa handitu nahian intxaurraren geneak txertatu zitzaizkion potentzial alergiko bihurtaraziz.
Sobera ezaguna da, ostera, transgenikoek inpaktu ekologiko txarra izan ohi dutela. Genetikoki eraldatuak izan diren landareenk gainerako aleak genetikoki kutsa ditzakete. Kutsatze prozesu horien ondorioz, landareen geneen dibertsitatea murriz daiteke. Izan ere, modifikatuak izan diren landareak besteak baino erresistenteagoak izan daitezke, eta beraz, besteekiko gailentzeko aukera nabarmen hazten da.
Horrez gain, transgenikoen industriak monokultiboen lursail handiak ereiten ditu, non bertako espeziearen informazio genetikoa guztiz homogeneoa den. Kasu hauetan, izurrite berri batek lursail hauek erasotzea lortzen badu, guztiak akabatzeko aukera handiak ditu. Izan ere, geneen dibertsitatea murritza izateak aukera gutxi ematen dizkio bertako populazioari aurrera egiteko. Orduan, izurrite batek landareak kutsatzen baditu, izurritea aisa hedatuko da landaketa osoan zehar, ale guztien desagerpena berekin ekarriz.
Hainbat eta hainbat adibide daude landare eta elikagai transgenikoen inguruan. Kasuen eta adibideen aniztasuna erabatekoa da, baina ezagunenak aipatzearren , honako hauek ditugu.
Tomate hauek poligalakturonasa entzimaren ekoizpenaz arduratzen den entzimaren jarduera murriztuta dute. Entzima horrek fruituaren usteltzea eragiten du. Ondorioz, bere aktibitatea murriztuz, tomatearen tamainaren emendio handia lor daiteke.
Bacillus thurigiensis-ak ekoizten duen toxinaren genea artoaren landarean txertatuta, landareak intsektuekiko erresistentzia lortzen du. Intsektuen larbak artoaz elikatzera joatean, toxinak larben digestio-hodian poroak sortzen ditu eta larbak hiltzen. Intsektua, horrela, artoaz elikatzera gero eta gutxiago hurbilduko da.
Eraldatutako haziak eratzen dituzte kotoiaren landarean. Horrela, koloretako kotoia haztea lortzen dute. Horren adibide ezagunena, “Jeans” edo bakeroen enpresa batzuen ‘urdin-indigo’ kolorearen lorpena izan da. Baina horrez gain, Txinako lurralde askotan kotoi gorria, urdina, berdea edota beltza topa daiteke.
Beste batzuen lorpena, ordea, zuntzen luzeran eta erresistentzian datza, gero produktu horiek komertzializatzean, arrakastatsuagoak izan daitezen.
Gaur egun, arestian esan bezala, hika-mika larria dago produktu transgenikoen alde eta kontra daudenen artean. Gizakiaren erabilpenerako espezieen eraldaketa genetikoa antzinatik egiten da. Ezberdintsauna baina, lehen modu naturalean egiten zen aukeraketa (produktu gehiago edo handiagoen aukeraketa) egun laborategian egiten dela da. Gainera lehen naturak jartzen zizkigun mugak egun erabat apurtu eta gailendu direla. Eta orain, bizidunen erreinu desberdinen artean egindako eraldaketa genetikoak daude, arrainen geneak dituzten barazkien eraketa, esaterako.
Ildo horretatik etorriko dira, beraz, transgenikoen inguruko eztabaidarik handienak. Eztabaida horietan parte hartzen duten bi muturrak bioteknologiaren alde daudenak eta ingurumenaren defentsan aritzen direnak dira. Bi aldeek eurena defendatzeko ikerketa zientifikoak egiten dituzte, eta elkar salatzen dira informazioa ezkutatu eta errealitatea eraldatzeagatik.
Nekazaritzaren eta elikaduraren erakundeak (FAO, ingelesezko siglak, 2004) adierazten du, transgenikoen helburu nagusia gizakiaren elikadura dela: «Zientziak ezin du bermatu teknologia arriskuz libre dagoenik erabat. Ingeniaritza genetikoaren bidez tratatzen diren laboreek, batzuetan, nekazaritzaren ohiko jardueren bidez hazitako landareen kalteak murrizteko balio dute. Baina, era berean, gailendu beharreko erronka berriak aurkezten ditu. Gizarteak berak erabaki beharko du nora eta noiz arte den ingeniaritza genetikoa segurua, eta berak erabaki beharko du non dauden mugak».
Beraz, kalterik aurkeztu ez izanak, ez du esan nahi benetan kalterik ekartzen ez duenik. Zientzialariek esaten dute balorazioak kasuan kasu egin behar direla. Kontuan hartu behar da, ordea, animalien eta landareen eraldaketa genetikoaren inguruan ez dela hartu behar bezain beste neurririk. Ez dakigu transgenikoek benetan gizakiongan eragina duten edo ez, eta baldin badute, zernolako kalteak izan daitezkeen. Baina, esan beharrekoa da, hauen kontsumoa bultzatzeak ziurtasun printzipioak urratzea ekar dezakeela.
Beraz, horren guztiaren ondoren, bakoitzak pentsatu behar du: transgenikoen alde edo kontra dagoen.
Agriculture update: GM from a Minnesota Family Farmer’s Perspective.
http://www.21stcentech.com/agriculture-update-gm-minnesota-family-farm-perspective/
Conciencia animal. Peligros y riesgos de los transgenicos.
http://www.conciencia-animal.cl/paginas/temas/temas.php?d=1089
Greenpeace España. Trangénicos; problemas de los transgénicos.