Espaziotik Lurrari ateratako argazki gehienetan, ura lurrazal ia osoa estaltzen ageri da, lurrazalaren % 75 inguru. Hala ere, Lurrean dagoen ur guztiaren % 98 ur gazia da eta itsasoak osatzen ditu. Hori da hain zuzen ere espaziotik ikusten dena eta Lurrari urdin kolorea ematen diona. Gainontzekoa (% 2) ur geza da eta ia guztia izoztuta dago, kasko polarretan edo glaziarretan. Gure planetan izotza ez den ur geza guztitik % 90 inguru gure oinen azpian dago, lurpeko urak dira.
Euskal Herriko Unibertsitatean ikasia, geologian dokotorea da hidrogeologo elgoibartarra. Gaur egun hidrogeologia-teknikari gisa ari da lanean.
Herritarrok, oro har, ez ditugu lurpeko urak ezagutzen. Kondaira eta sinesmen faltsu ugari daude beraien inguruan eta uraren zikloaz hitz egiterakoan, gehienetan, lurpeko urak ez ohi dira islatzen eta, agertzekotan, ez dira modu zuzenean azaltzen.
Uraren Esparruko Zuzentarauaren (2000/60/EE Zuzentaraua) helburuetako bat, lurpeko ur-masak babestea, hobetzea eta berreskuratuzea da eta baita gizakiaren jardueren eraginez sortutako edozein kutsadura mugatzea ere. Gizakiaren jarduerek, gu guztiok barneratzen gaituzte. Edozelan ere, nekez zaindu eta babestu daiteke ezagutzen ez den zerbait.
Arabako Foru Aldundiaren datuen arabera, Arabako lurpeko ur-baliabideak urteko 325.000 milioi litro dira. Gainera, Arabako 429 hiriguneetatik, 198 lurpeko urak erabiltzen dituzte beraien hornikuntzarako, osorik edo partzialki. Euskadiko barne arroei dagokienez, zerrendatuta dauden lurpeko ur-masetan eskuragarri dagoen uraren % 3,9a baino ez da erabiltzen urteko, 471,3 hm3-tik 18,5 hm3. Harrigarria da, hala ere, baliabide hau erabiltzen duen jendearen gehiengoak ez dakiela eta ez duela ezagutzen.
Erreportaje honek lurpeko urak kaleratu nahi ditu eta herritarrengana hurbildu: zer diren, nondik datozen, nolatan iturri batzuk ez diren inoiz lehortzen, nola den posible udan ibaiek emaria mantentzea, txikia bada ere…
Baina, nondik dator lurpeko ur hori? “Ur-poltsa” berba, hezetasun handiko guneekin lotu izan da maiz. Herritarrok erabilitako ohiko berbaera izan da, ur-jarioa zuten lurrei azalpena emateko…”azpian “ur-poltsa” handiak omen”. Baina, ezinezkoa da hori. Hidrogeologiak dio, lurpeko urak nonbaitetik irtetzen badira, lehenago beste nonbaitetik sartu behar direla, hau da, uraren mugimendua/zirkulazioa eman behar da. Laburbilduz, urak ibilbide bat egiten du lur azpitik, ubegi edo iturriren batetik irtetzen den arte.
Prezipitazioa da lurpeko uraren hasierako motorra, hau da, atmosferatik datorren eta lurraren gainazalean erortzen den euria, elurra, elur-ura edo kazkabarra. Ebaporatzen ez den ura, ibai eta lakuetara ez doana, eta landaretzak edo lurzoruak xurgatzen ez dutena, lurperantz doa grabitateari esker, bidean topatzen dituen hainbat materialen (harea, legarra, haitz ezberdinak) iragazkortasuna aprobetxatuz. Iragazkortasun hori partikulen arteko hutsuneek eta pitzadurek sortzen dute. Ura mantso-mantso mugitzen da harrietatik, mota ezberdinetako akuiferoak sortuz eta mendiko iturri txikiak edo iturburu handiak eratuz. Prozesua bera, altxor naturala da eta uraren zikloa (ziklo hidrologikoa) osatzen du (2 Irudia).
Lurpeko urek, uraren ziklo naturalaren alde ikustezina osatzen dute, baina aldi berean ur-baliabide “freskoen” (berrien) erregulatzaile nagusiak dira. Ibaien emariak, batez ere lehorte garaietan, mantentzen dituzte. Zikloan ikusgai dauden aldeak (ibaiak, lakuak…), eguraldiak eta klimak zuzenki baldintzatuta daude eta azkar asko kutsatu daitezke. Lur azpiko prozesuak, ostera, askoz ere polikiago gertatzen dira eta iraunkorragoak izaten dira. Kutsaduraren aurrean, oro har, lurpeko urak gainazalekoak baino babestuago daude, baina kutsatuz gero urak berreskuratzea zailago izaten da. Europan, adibidez, egun badaude kutsatutako akuiferoak eta berreskuratu ezin direnak, garestiegi gertatuko litzatekeelako edota bai teknikoki ezinezkoa delako.
Orokorrean, eta uraren errentagarritasun ekonomikoa alde batetara utzita, akuifero bat “urez saturatuta dagoen formazio geologiko bat da, zeinak ura gorde eta emateko gaitasuna duen. Porositate altua eta iragazkortasun handia dute”. Buztinek, adibidez, porositate handia baina iragazkortasun txikia izan ohi dituzte eta ur-kantitate handiak gorde ditzakete, baina indar kapilarren eraginez ur hori ezin da atera, hortaz formazio hoiek ezin dira akuifero modura kontsideratu. Akuiferoa osatzen duten materialeak (ez dira beti harri trinkoak) kontutan hartuta, akuifero-mota ezberdinak bereiztu daitezke:
Azaldutako hiru akuifero-mota nagusi hauen konbinazioak eman daitezke eta ohikoak dira ezaugarri nahasiak dituzten akuiferoak.
Uraren Esparruko Zuzentarauean jasotako definizioen artean, akuifero eta ur-masa berbak ezberdinduta daude. Lurpeko ur-masa honela definituta dago:
“Lurpean, akuifero batean edo gehiagotan, bereizia dagoen ur-bolumena da”. Ur-masa bat akuifero batek baino gehiagok osatua egon daiteke, baina akuifero bat ezin da egon ur-masa bat baino gehiagoz osatua.
Hidrogeologoentzat ohikoa da ur-baliabideak eta ur-erreserbak bereiztea. Lehena, urte hidrologiko (urriaren 1etik irailaren 30era bitartean) osoan sistema akuifero batetan zehar isurtzen den ur-kantitatea da; bestea, ordea, sistema-akuiferoan metatuta dagoen ur-bolumenari dagokio. Maiz, kudeatzaileek gainazaleko baliabideak besterik ez dituzte kontutan hartzen, eta hauek ez daramatzate loturik ur-erreserbak, hortaz, beharrezkoa izaten zaie urtegiak eraikitzea baliabideak erregulatu ahal izateko eta ur-erreserbak sortzeko. Hala eta guztiz ere, ur-erreserba handiak eskaintzeko gai diren edo izan litezkeen akuiferoak, baztertu egin izan dira orain arte.
Europarren 3/4ak lurpeko urez hornitzen dira. Europar Batasunaren populazioaren ia erdia, estres hidrikoa duten herrialdetan bizi dira, non ur gezaren ustiaketa gehiegizkoa den. Espainia, Europar Batasuneko herrialde lehorrenetarikoa da, baina potentzial hidrogeologiko handia dauka. Espainiako akuiferoen urteko birkargak, ur-baliabide guztien % 30 suposatzen du.
Azken 50 urteotan, lurpeko uraren erabilera Espainian % 300eko hazkundea izan du, batez ere ekimen pribatuko nekazaritza-ustiapenek baldintzatuta.
Espainian ponpatutako lurpeko uraren % 70-80 inguru, milioi bat hektarea ureztatzeko erabiltzen da, ureztatutako azalera osoaren % 30 hain zuzen ere.
Espainian 699 lurpeko ur-masa inbentariatu dira (ikus alboko Irudia). Ur-masa horietatik 259, Uraren Esparruko Zuzentarauak eskatzen duen egoera ekologiko onera ez iristeko “arrisku-egoeran” daude. Nekazaritzan eta abeltzaintzan jatorria duen kutsadura lausotua da ingurumen-arazorik larriena arriskuan dauden 259 ur-masa horietako 167tan. 72 lurpeko ur-masetako arriskua, itsas-intrusioak sortua da. Edozelan ere, litekeena da zenbaki hauek okerragoak izatea etorkizun hurbilean, 256 ur-masa oraindik sakonki aztertu gabe daude eta.
Europan dauden kareharrizko azaleramenduek, lurralde osoaren % 35 osatzen dute. Formazio horiek karstifikatuta daude hein handi batean, akuifero karstikoen ezaugarriak dituztelarik. Europako herrialde batzuetan, gainera, akuifero mota horiek duten garrantzia ur-hornikuntzan berebizikoa da: Austrian eta Eslovenian % 50, Belgikan, Kroazian, Eslovakian eta Frantzian % 25-35, Erresuma Batuan eta Suitzan % 15-20, eta Espainian % 12.
Azalera (km2) | Iturburuak | Zundaketak | Guztira | Eskuragarri | |
---|---|---|---|---|---|
Aiako Harriak | 45 | 0,01 | 0,00 | 0,01 | 6,7 |
Oiartzun | 50 | 0,02 | 0,00 | 0,02 | 16,9 |
Gatzume | 109,6 | 0,19 | 0,03 | 0,22 | 30,6 |
Izarraitz | 112,4 | 1,20 | 2,21 | 3,41 | 54,2 |
Ereñozar | 167,2 | 1,67 | 0,53 | 2,20 | 53,8 |
Arrola-Murumendi | 179,5 | 0,13 | 0,02 | 0,15 | 24,4 |
Jata-Sollube | 154,4 | 0,25 | 0,28 | 0,53 | 28,1 |
Jaizkibel | 34 | 2,86 | 2,21 | 5,07 | 12,2 |
Zumaia-Irun | 214,5 | 0,55 | 0,01 | 0,56 | 53,5 |
Getxo-Bergara | 601,9 | 0,96 | 0,14 | 1,10 | 101,1 |
Arrasate | 267,7 | 0,05 | 0,16 | 0,21 | - |
Sopuerta | 259,3 | 0,55 | 0,01 | 0,56 | 40,4 |
Arantzazu | 69,1 | 4,26 | 0,00 | 4,26 | 45,5 |
Gernika | 2,5 | 0,00 | 0,42 | 0,42 | 3,9 |
Goiko taulan EAEko Barne Arroetako lurpeko ur-masa bakoitzeko erauzketa-datuak ikus daitezke, kaptazio-motaren arabera. Erauzketa handienak, interes hidrogeologiko handieneko ur-masetan daude, bereziki Izarraitzen, Ereñozarren, Jaizkibelen eta Arantzazun.
Asko dira uraren zikloan eragina duten jarduerak eta, ondorioz, lurpeko uretan ere eragina izango dutenak. Hala ere, ondoren, lurpeko uretan zuzen-zuzenean eragina duten batzuk jaso dira:
Gehiegizko ustiaketa
Ezaguna da Guadianako begien desagerpena eta “Tablas de Daimiel” inguruaren lehorketa, 1950. hamarkadaz geroztik nekazaritzaren mesederako lurpetik kontrolik gabe ateratako ur guztiaren ondorio.
Kutsadura
Industria, nekazaritza eta abeltzaintza dira arazo nagusiak, baina ezin ahaztu zabortegiak, kontrolik gabekoak batez ere.
Gazipena
Kostaldetik gertu kokatuta dauden ur-masetan lurpetik ponpatzen den urak, itsasoko ura erakartzen du lurpetik eta gazitasuna igo egiten da. Adibide ezagunenetarikoa Llobregateko delta da.
Harrobiak eta meatzeak
Uraren infiltrazio-bidean (gainazalean edo lurpean) garatutako jarduerek, uraren kalitatea aldatzeko (gehienetan izorratzeko) gaitasuna dute. Aspaldian burututako jarduerek, eta egun egiten ez direnek, arazoak sortzen jarraitu dezakete, ubegien kutsadura hamarkadetan zehar mantendu daitekeelarik. Gipuzkoako Mina Troya (Mutiloa-Gabiria) adibide ezin hobea da.
Hirigintza-hazkundea
Gaur egun porlanak eta asfaltoak estaltzen dituen lur-sailetan, infiltrazio-prozesuak zailtasunak ditu ohiko moduan garatzeko eta ura ezin da lurperantz sartu. Uraren zikloaren aldaketa horrek lurpeko uraren bilakaera normala mugatzen du.
Ibaien bideratzeak
Ibaiak bideratzeko obrek ere antzeko arazoa dakarte. Ibaien eta beraien alboko lurretan egon daitekeen lurpeko uraren arteko erlazioa eten egiten da. Ondorioz, batzuetan lurpeko urak ezin dira ibairatu eta, bestetan, ibaiko urak ezin dira inguruko lurraldetarantz hedatu.
Lurzoruaren erabilera
Argi dago lurzoruak nola eta zertarako erabiltzen diren eragin zuzena duela, ez bakarrik gainazaleko uretan. Zenbait jarduerek infiltrazio-gaitasuna mugatu dezake eta, ondorioz, lurperatzen den ur-kantitatea ere mugatuta gera daiteke. Adibidez, mendietako talen eta matarrasen eragina begibistakoa izan da beti.
Fracking-a
Lurpetik gasa ateratzeko Euskal Herrian erabili nahi den jarduera honetan, ura kantitate handiak ezaugarri ezberdinetako substantzia kimiko ugariz eta hareaz nahastuta presio handitan injektatzen dira lurpean, milaka metroko sakoneran, harria puskatu eta gas-burbuilak askatzeko. Ondoren, nahasketa hori berreskuratu egiten dela suposatzen da. Hala ere, hainbat herrialdetan frogatu den bezela, ezinezkoa da nahasketa osoa berreskuratzea eta lurpean geratzen da, bertan gon litekeen urarentzat sekulako arriskua izanik: substantzia kimikoek eragindako kutsadura bera, lurpeko uraren fluxuaren norabide-aldaketak, ustiaketa-sistemaren olio-isurketak…
Uraren Euskal Agentzia-URA sekulako lana egiten ari da Europak ezarritako Uraren Esparruko Zuzentaraua betetzeko asmoz. 2012an, Barne Arroen Plan Hidrologikoari dagokion proiektua prestatu zuen eta bertan jasota daude etorkizunean egingo diren ekintzak gainazaleko eta lurpeko uren inguruan ezarritako helburuak betetzen joateko.
Antigüedad, I. et al (2007): Los acuíferos kársticos. Casos del País Vasco. The karstic aquifers. Cases of the Basque Country. Enseñanza de las Ciencias de la Tierra, 2007 (15.3).
Antigüedad, I. eta F. Larruzea, I. (2003): Euskal Hwrriko Unitate Hidrogeologikoak. Aramotz Unitatea eta Orue urbegia. Boletín Nº 5 SEDECK/AÑO 2003/ Sociedad Española de Espeleología y Ciencias del Karst.
URA (2012): Memoria del Plan Hidrológico de la Demarcación Hidrográfica del Cantábrico Oriental 2010-2021. Ámbito de las Cuencas Internas del País Vasco.
Mugerza, I. (2012): Lurpeko urak. Arabako itruburu esanguratsu batzuen ezagutzari hurbilketa. UR eta ACOA-AKE. Lege-gordailua, VI-731/12
Fdéz. de Ortega Larruzea, I. (2007): Hidrogeología de las Sierra de Badaia y Arkamo (U.H. Calizas de Subijana, País Vasco). Investigación mediante la aplicación conjunta de diversas técnicas con especial incidencia en la dinámica intra-pozo. Tesia
Martinez Santos, M. (2007): Dinámica espacio-temporal de la calidad de las aguas de la Zona Vulnerable de Vitoria-Gasteiz (Paìs Vasco), Grupo de Hidrogeología, UPV-EHU. Tesia.
Groundwater Resources Maps of Europe. http://eusoils.jrc.ec.europa.eu/esdb_archive/eusoils_docs/other/groundwatercd/start.html
IAH Central European Groundwater Conference 2013. http://conference.asvanytan.hu/iah_ceg_conf2013/index.html
Ministerio de Agricultura, Alimentación y Medio Ambiente. Aguas Subterráneas. http://www.magrama.gob.es/es/agua/temas/estado-y-calidad-de-las-aguas/aguas-subterraneas/
Continental Groundwater Maps.
http://www.whymap.org/whymap/EN/Downloads/Continental_maps/contimaps_node_en.html