Behar bada, oso “ikuspuntu kantauri-zentrista” batetik eginiko erreportaia bat da ondoren egingo dudana baina, asko eta askori gertatu ohi zaigun bezala, ingurune mediterranearrak nolabaiteko errefusa moduko bat sortu izan digu kostatik hurbil bizi garenoi. Izan ere, ingurune mediterranearra, beti erlazionatu izan dugu gune idor, hori koloreko eta labe baten tenperaturako ingurune soil bat bezala. Dena dela, eta azken urteetan ingurune mediterranearrera eginiko joan etorriek bestelako ikuspuntu bat sortu dute nigan. Erreportaia honen helburua, besteak beste, ni bezalako irakurleen ikuspuntua aldatzea da.
Klima mota honi zor dio ingurune mediterranearrak bere itxura, berau baita, azken finean, bertako landaredia eta paisaiaren moldatzaile nagusia.
Klima mediterranearra mediterrarreo itsasoaren inguruan lekutzen da (sensu stricto), izena bertatik baitatorkio. Dena den, munduko beste leku batzuetan ere ematen dira antzerako ezaugarriak klima mediterranearra dutela esateko, hala nola, Hego Afrikan, Kalifornian, Australia hegoaldean eta Txile erdialdean. Klima subtropikalaren bariante bat da, berez, eta urte sasoiaren araberako eurite eta tenperaturen banaketa ezberdinek karakterizatzen dute (1. Irudia). Eurite gehienak udaberri eta udazkenean gertatzen dira, eta ez dira urtean 900 mm-tik pasatzen. Aire tenperaturari dagokiola, berriz, urteko 8 hilabete edo gehiagotan batez besteko tenperatura 10ºC-tik gorakoa da.
1. Irudia Prezipitazio (urdinez) eta aire tenperaturen (gorriz) batez besteko balioak, Ruidera Lakua (2003). Alvares-Cobelas et al. 2005 (J. Limnol.) lanetik moldatua.
Urtean zeharreko euriteen banaketaren, eta hein batean, tenperaturen gora beherenaren banaketarena ere, presio handiko zelula antiziklonikoen kokapena dela gertatzen da. Gure kasurik hurbilenean, hau da, iberiar penintsulan, Azoreetako antizikloaren menpe dagoen klima bat da (2. irudia);
2. Irudia Ezkerretan; udako antizikloiaren kokapena Azoreen iparraldean izaten da, hori dela eta, penintsulara iristen diren haizeak ipar-mendebaldetik datoz. Eskuinean; negu aldera, antizikloia latitudez jeisten dira, eta haizeak mendebaldetik datoz.
Duela milaka urte batzuk, nekazaritza penintsulara iristean, gizakiak klima mediterranearreko inguruneak ustiatu eta moldatu ditu. Izan ere, etxekotutako landareak, izaera mediterranearreko espezieak izanik, askoz ere emankorragoak ziren ingurune honetan. Espezie hauek, oro har, negu amaiera, udaberri hasieran landatu ohi ziren eta uda erdialdera jaso, uztailean.
Erromatarrek, heuren inperioaren hedapenean, paisaiaren itxura aldaketarik bortitzenak egin zituzten. Izan ere, erromatarrek batik bat hiru etekin nagusi lortu nahi izaten zituzten lurralde berrietatik, garia, olioa eta mahatsa. Hiruak ere, oso izaera mediterranearreko espezieak ditugu, fijatu besterik ez ginake egin beharko nongoak diren munduko ardorik onenak ... bada, arestian aipatu ditudan klima mediterranearra lekutzen den herrialdeetakoak. Dena den, ez da harritzekoa beraz, Hispania probintzia oso kotizatua izatea bere garaian.
Ordundik hona, ingurune mediterranearreko paisaia gutxi gora behera ez da asko aldatu. Arabiarretatik hasi eta gaur egun arte, pasaia modu antzerakoan ustiatu da, bera baita gizakiarentzako emankorrena den modua.
Dena den, hau bera da gure begietara gehien iristen den irudia. Hau da, ortzimugaraino iristen diren soro erraldoak, gure udako oporraldiekin bat eginik, kolore horiz estalita (3. irudia). Izan ere, eta 1. Irudian ikusten den modura, udako tenperatura altuekin eta prezipitazio ezarekin, bertako bizidunen ur galera izugarrizkoa izan daiteke. Hori dela eta, landareek hainbat mekanismo dituzte horri aurre egiteko. Batetik, zuhaitz eta zuhaiska askok euren hostoekin egiten dutena dugu. Hauek, hostoak ezko geruza handi batez estaltzen dituzte kutikulan zeharreko ur-galera murrizteko, edo bestalde, hostoak murriztu ditzakete, eta, kasu batzuetan, zurtoinak hartu ahalmen fotosintetikoa. Eta bestetik, landare belarkara askok duten estrategia, berriz, udarako kondizioak saihestearena da, hots, udara iristerako bizi-zikloa bukatzearena eta udara hazi moduan pasatzearena. Ondorioz, gure udako oporraldian geratzen zaigun irudia horrelakoa da, basamortu itxurako ingurunearena.
3. Irudia Ecija herria (La sarten de España modura ezagutzen dena) inguratzen duten garagar soroak, Sevilla.
Esan bezala, uda partean mediterraneoak nolabaiteko kolore horiska izaten du, baina gainerako sasoietan, batez ere udaberrian, kolorea askoz ere ugariagoak dira landare berdeen loreengatik. Izan ere, udaberri eta udazkenean zehar tenperaturak epel-beroak dira eta ur eskuragarritasuna ona da, eta beraz, ekoizpen primarioa altua izaten da garai hauetan (4. Irudia).
4. Irudia Bembezar ibaia eta bere inguruko dehesak, Cordoba.
Horrez gain, ingurune mediterranearrak biodibertsitatearen “hotspot”-ak dira, hau da, ingurune hauek espezieen dibertsitate eta endemismo handiak agertzen dituzte. Landareei dagokiela, landareen %10 aurki daiteke lurraren %1.6 besterik hartzen ez duen eremuan.
Honek bere arrazoi klimatikoak, geografikoak, ... azken finean, historikoak ditu. Izan ere, eta mediterraneo ingurura begiratuta, kontutan hartu behar dugu oztopo geografikoz inguratuta dagoela. Batetik, erdian itsaso mediterranearra du, eta beraz, glaziazioetan izotzen latitudez beherantza egin zutenean, hainbat espeziek ezin izan zuten itsasoa gainditu. Bestalde, eta kontrako joera klimatikoak agertzen direnean, eta espezieak iparraldera jo behar dutenean, Europako mendilerro nagusiekin tupust egiten dute. Honen ondorioz, oztopo hauek gainditu eta migrazioan aurrera jo ahal izaten dute espezieek bere horretan darraite, gutxi gora behera. Besteek, ordea, ez dute bertan gelditu eta egoera berrietara moldatu beharra besterik. Hori dela eta, espezie ugarik eboluzionatu dute ingurune mediterranear honetan.
Azken hamarkadetan baina, egoera hau guztiz aldatzen ari da. Izan ere, giza populazioak, bai globalki zein mediterraneoan, gorantza egin dute. Honen ondorioz baliabide naturalen beharrak gora egin du, eta ondorioz, lurreko ekosistema guztiak arriskuan jartzen dituen aldaketa global bat eragiten ari gara. Ingurune mediterranearreko ekosistemak, gainera, arriskurik handienetako leku bezala deskribatu dira. Izan ere, klima aldaketak hainbat aldaketa ekartzea espero da, besteak beste, tenperaturen gorakada eta euriteen banaketa ezberdinak (udara lehorrago eta negu hezeagoekin). Bestalde, eta giza jardueren aldaketengatik, lurren erabilera aldatuko dira (ziurrenik nekazal lur gehiagoren beharrengatik), urtegi gehiago eraikiko dira, eta espezie inbaditzaileak areagotu eta gailenduko dira.
Euskal Herriaren bilakaera historikoa mediterraneotik etorritako ondorio izan da; Al-Andalus garaiko protektoratutik hasi eta egungo egoera arte.
Dena dela, eta hemen interesatzen zaigun ildotik segita Euskal Herriak asko zor dio ingurune honi. Izan ere, Euskal Herrian, klima mediterranearra, azaleraz ia lurraldearen bi herenak estaltzera iristen da (5. Irudia). Arabako eta Nafarroako probintzien lurraldeen gehiengoa ingurune honetakoa da. Edozein errepide hartuta hegoaldera bidean, kantauri isurialdeko harizti (Quercus robur) eta pagadiak (Fagus sylbatica) igaro eta berehala agertzen hasten zaizkigu mediterraneo aldeko zuhaiztiak, besteak beste, artadi (Quercus rotundifolia) eta erkameztiak (Quercus faginea). Horrez gainera, ipar isurialdean ere aurki ditzakegu klima mediterranearreko ohikoak diren habiatatak, hala nola, getaria-zarauzko arkamurkadia (Quercus suber) edota zumaia eta urdaibaiko artadiak (Quercus ilex). Azken hauek, dena den, faktore geologikoengatik agertzen dira klimatikoengatik baino.
5. Irudia Euskal Herriko klima mediterranerraren banaketa.
Euskal Herria modu honetan, beraz, bi klima eta biomen erdigunean kokatzen da. Batetik, iparraldeko klima epelaren hegoaldeko mugan dago, eta bestetik, hegoaldeko klima mediterranearraren iparraldeko mugan. Hori dela eta, bi eguneetako espezie franko ditugu gure lurraldean, honek ematen dion balio erantsiarekin gure baliagai eta ingurune naturalei.