Txingudiko hezegunea Bidasoa ibaiaren bokalean dago, Irun eta Hondarribia artean. Gipuzkoako hezegune handiena da eta garrantzia ekologiko handia aitortu izan zaio. Batez ere hegazti migratzaileen babesleku izateagatik da ezagun, izan ere, migrazio desberdinak (bai Pirinioen gainetik eta bai itsasoan barrena) egiten dituzten hegazti askok hartzen du atsedena bertan. Negua bertan pasatzen duenik ere bada. Ur gazi eta gezen topagune den hau elikagai eta ornogabe txikietan joria da eta horrek hegaztien dieta osatzen duten anfibio eta arrainei bazkaleku aproposa bilakatzen du. Euskal Herriko kostako hegazti-dibertsitate handienaren isla, 288 espezieren babeslekua da Txingudiko hezegunea.
Hegazti-dibertsitateaz haratago, hezeguneetako fauna eta flora propioaren erakustoki ere bada Txingudi. Aintzira, haltzadi, zelai, irla eta gazitasunera moldatutako lezkadietan barrena apo lasterkaria, ipurtatsa, ur-arratoia … bizi dira eta bertako uretan itsas amuarrainak, izokinak eta arrain hiruarantzak ere ikus daitezke.
Artikuluari buruz
Egilea: Sorrera: 2012/12/27 Azken eguneraketa: 2014/10/17 Bisita-kopurua: 2651 Motzean
GeografiaHedadura: 1,34 km2Udalerriak: Irun, Hondarribia Mendiak: KontserbazioaFigurak: Batasunaren Intereserako Lekua (BIL), Kontserbazio Eremu Bereziak (KEB), Hegaztien Babes Berezirako Eremua (HBBE)Urtea: 1994 |
Arestian aipatu bezala, Txingudiko hezegunea hegazti espezie askoren babeslekua da. Badira urte osoan bertan bizi direnak, baina gehienak migrazio-garaian atseden hartzeko gelditzen dira. Dibertsitate altu horren arrazoia hezegunearen kokalekua da, izan ere, Atlantikoko migrazio-ardatzarekin bat dator bere kokapen geografikoa. Badira garrantzia berezia duten zenbait hegazti zingiratarren populazioak. Esaterako, Euskal Herriko benarriz gorriztaren (Locustella luscinoides) populazio habiagile bakarra bertan bizi da. Lezkari arruntak (Acrocephalus scirpaceus), benarriz arruntak (Acrocephalus schoenobaenus), lezkari karratxinak (Acrocephalus arundinaceus) eta zingira-berdantzak (Emberiza schoeniclus) eta habia egiten dute Txingudin. Kaio iluna (Larus fuscus) eta kaio mokohoriaren (L. cachinnans) gisako espeziehabiagileentzat ere biziki garrantzitsua da padura. Txingudiko hezegunea topagune da, bai kosta jarraituaz migratzen duten ubarroientzat (Phalacrocoraz) eta txenarrentzat (Sterna), bai itsasoan zeharkatuaz iristen diren ardeidoentzat, mokozabal zurientzat (Platalea leucorodia), anatidoentzat eta limikolentzat, eta baita kontinentea lehorretik zeharkatzen duten amiamoko beltzentzat (Ciconia nigra), hegazti harraparientzat eta paseriformeentzat. Espezie askoren bidegurutzea izanik, migrazio-fenomenoak behatzeko toki aparta da.
Ugaztunen artean ur-arratoi (Arvicola sapidus), piriniar muturluzeen (Galemys pyrenaicus) eta ipurtatsen (Mustela putorius) populazioak nabarmentzekoak dira. Gainera, koipua (Myocastor coypus)bizi den estuario bakarra da Txingudikoa. Apo lasterkariaren populazio dentso samar bat ere bertako hareatza eta ur gezetan bizi da. Arrainen artean estuarioen ohikoak diren lupiaz (Dicentrarchus labrax), haitzetako barbarinaz (Mullus surmuletus) eta muxar handiaz (Diplodus sargus)gain, euskal kostan hain ohikoak ez diren kolaka (Alosa alosa) eta itsas amuarraina (Salmo trutta trutta) ere aurki daitezke hezeguneko uretan. Izokinak (Salmo salar) ere bertatik pasatzen dira Bidasoa ibaian gorako bidea egin aurretik. Ornogabeen biodibertsitate handiena marearteko gunean dugu, non Hediste diversicolor, Upogebia deltaura, Scrobilaria plana, izkirak (Palaemon), karramarro berdea (Carcinus maenas) eta karramarro beltza (Pchygrapsus marmoratus) bizi diren, besteak beste.
Landarediari gagozkiolarik, Txingudiko hezegunearen inguruetan pagadi eta harizti oligotrofikoak, harizti mesofiloak, ameztiak, haltzadiak, sahastiak, txilardiak, irasailak, errazti eta isastiak, lahardi eta arantzadiak, sastraka basofiloak eta larreak aurki daitezke. Hezegunearen berezitasun gisa gazitasun aldakorrera moldatutako espezieak aipatu behar dira ezinbestean. Marearteko basatzetan Spartina alterniflora zerrandak eta Asater tripolium orban txikiak hazten dira eta ur azpian Zostera marina kausitu da. Paduretako berezko landaredia, esate baterako, Salicornia ramosissima, Spergularia marina eta S. maritima, ere topa daiteke, Bidasoako Galera eta Santiago Aurrera uharteetan batez ere. Marearen eragina hain handia ez den guneetan Juncus maritimus, itsas lezka (Scirpus maritimus), Inula crithmoides, Triglochin maritima eta itsas plantaina (Plantago maritima) hazten dira. Lezoiaren ertzetan itsas aski (Elymus pycnanthus) komunitateak daude Atriplex hastata, Inula crithmoides, Festuca rubra eta itsas krabelinekin (Armeria marítima) batera. Lezkadietan itsas lezka (Scirpus maritimus), Carex vulpina, Althaea officinalis eta Samolus valerandi komunitateak ditugu eta hondartzertan Koeleria cristata, Arctotheca calendula (exotikoa dena) eta Eragrostis cilianensis komunitateak aurki daitezke. Orotara, Txingudiko hezegunean 48 espezie esanguratsu daude (Euskal Herri guztian daudenen %33), horietako 24 urri edo oso urritzat hartzen dituelarik Katalogo Floristikoak. Nabarmentzekotan Myosoton aquaticum, Cochlearia pyrenaica ssp. aestuaria, Lepidium latifolium, Lysimachia vulgaris, Alisa plantago-aquatica, Zostera marina, Lemna gibba, Scirpus lacustris spp. Tabernaemontani eta Eleocharis multicaulis aipa litezke.
Zikoin beltza ( Ciconia nigra ) |
Muturluzea ( Galemys pyrenaicus ) |
Ipurtatsa ( Mustela putorius ) |
Txingudiko hezeguneak hainbat kontserbazio-figuraren babesa du. Bidasoa ibaiaren estuarioa Txingudi Alorreko Errekurtso Naturalak Babesteko eta Eratzeko Plan Bereziak babesturik dago, Hirigintza, Etxebizitza eta Ingurumen Sailetako Kontseilariak 1994ko uztailaren 29an emaniko Aginduaren indarrez. Ingurumen Sailburuordetzak marearteko aldeko eta paduretako 24 hektarea erosi, eta egokitze lanak egin zituen bertan, Plaiaundiko Parke Ekologikoa sortuz (1.997tik 2.001 arte). Gerora, Natura 2000 Sarearen Garrantzia Komunitarioko Leku, Hegaztientzako Babes Bereziko Eremu izendatu zen eta Ramsar zerrendan dugu 2002 urteaz geroztik.
Hegoaldetik A8 autobidea edota N121 errepidea eta Iparraldetik A64 autobidea jarraitu behar dira Iruneraino eta bertan hiriaren kanpoaldetik doan N1 errepidea hartu behar da. Bi puntutatik has daiteke hezegunerako bisita, Jaizubia auzotik edota Plaiaundiko Parke Ekologikotik.
Gomendio gisa, Hondarribiko Jaizubia auzotik hasi eta Irungo Plaiaundiko Parke Ekologikoan amaitu daiteke, bertako interpretaziorako zentroan geldialdia eginez. Horretarako hezegunea zeharkatzen duten bidezidorrak erabil daitezke, ibilaldi atsegin bat eginda. Parke ekologikoan Ekoetxea dago, hezegunearen inguruko maketak, informazio interaktiboa eta ikus-entzunezko aretoarekin. Aintziretako batera ematen duen behatokia ere badago eta bisita gidatuak antolatzen dira talde eta norbanakoentzat bertatik. Ikerlarientzat errolden inguruko informazioa ere badago eskuragarri.