Ipurtatsa
Mustela putorius

Ipurtatsa Euskal Herri osoan zehar zabalduta dago, hala ere, datuen arabera, bere populazioen tamaina txikia dela dirudi. Horrela, EAE-ko eta Nafarroako katalogoetan "Interes Bereziko" espezie gisa sailkatuta dago. Espezie honen mehatxu nagusiak, harrapaketak eta bere habitataren eraldaketa dira. Halaber, espezieak nozitu duen parasitosi gaixotasunak ere eragin kaltegarria izan du bere populazioengan.

Mustela putorius

Phyluma
Chordata
Klasea
Mammalia
Ordena
Carnivora
Familia
Mustelidae
Deskribatzailea
Linnaueus, 1758
Estatusa
lc

Deskribapena

Tamaina ertaineko ugaztuna da. 44 cm-ko luzera du eta 18 cm-ko isatsa. Itxura luzanga du, hanka sendo eta laburrekin.

Gorputzeko ilajea arre iluna da, nahiz eta bizkarraldean argitu egiten den azpiko ile horixkak (biloa) erdikusten direlako. Mutur zein begi inguruetan dituen orban zuriek, aurpegian mozorro zuri bereizgarri bat daraman itxura ematen diote. Halaber, belarrietan orban zuri bana aurkezten du. 

Espezie honek dimorfismo sexual arina du, tamaina eta pisuari dagokionez batik bat (pisua: arrak 800-1300 g; emeak %60-90 gutxiago).

Antzeko espezieak

Bisoi europearra eta amerikarra

Bi espezie hauekin nahastu daiteke. Baina ipurtatsak, bisoiek ez bezala, zuri koloreko mozorro antzeko bat du aurpegian. Bisoiek, aldiz, muturrean soilik aurkezten dute orban zuria: amerikarrak beheko ezpainaldean eta europearrak goikoan eta behekoan.


Lepahoria eta lepazuria

Lepahoria eta lepazuriarekin ere nahas daiteke, baina hauek paparrean orban hori eta zuri bat daukate hurrenez hurren.

Banaketa

Espezie hau ia Europa osoan zehar hedatzen da, iparraldean (Eskandinavia) eta Mediterraneoko zonalde batzuetan izan ezik. Britania Handian ere oso arraroa da.

Iberiar penintsulan eta Euskal Herrian banaketa orokorra du.

Habitata

Ipurtatsak altuera handiko eremuak saihesten dituen arren habitat oso desberdinetan bizitzeko gaitasuna du.

Orokorrean, urek igarotzen dituzten inguruneak gogoko ditu: ibai, laku eta eremu hezeak. Hala ere, hainbat habitat topa daiteke: baso hostoerorkorrak, pinudiak, sastrakadiak, soro landuak...

Gordelekuak, gehienetan, lurrazpian kokatzen dira eta beraiengandik edo beste animalia batzuengandik zulatu eta atonduak egon daitezke. Dena dela, zuhaitzen sustraietan, kobazulo natural edo landaredi artean ere kokatu ditzakete beren gordelekuak.


Elikadura

Elikadurari dagokionez, haragijalea da eta denetatik jaten du. Urtaroa eta tokiaren arabera elikaduran aldaketa handiak jasaten dituen arren, bi harrapakin nagusi nabarmentzen dira bere dietan: mikrougaztunak eta anfibioak. Ipurtatsaren dieta beste mustelidoenarekiko zertxobait desberdina da, ehizatzen duen anfibio kopurua bereziki altua delako. Gainera, noiz edo noiz gordelekuetan anfibioak multzoka metatuta agertzen dira, elikagai biltegi gisa. Garezurraren behealdean kozk eginez, harrapakin hauek denbora luzez paralizatu eta bizirik mantentzen dituzte.

Iberiar penintsulako zenbait eremutan untxiez elikatzen dira eta harrapakin hau oso ugaria den tokietan bere dietaren oinarri dira.

Ugalketa eta ontogenia

Ugalketa udaberrian gertatzen da, martxoa eta maiatza bitartean. Espezie honek ez du ernalketa atzeraturik, hortaz, 42 eguneko haurdunaldiaren ondoren, maiatza edo ekainean erditzeak gertatzen dira. Batez beste, 4-9 kume erditzen dituzte. Kumeak 3 edo 4 urterekin independizatzen dira.

Bizimodua

Animalia bakartia da eta Mustela generoko espezieen artean gautarrena. Hala eta guztiz ere, noizbehinka egunez begiztatu daiteke.

Ugalketa garaiaz kanpo bi sexuak banatuta bizi dira. Sexu berekoen artean lurraldekotasun zorrotza mantentzen da. Aurkako sexukoekin, aldiz, lurraldearen zati bat partzekatzeko gai dira.

Babestutako lurraldeak ez du ibaien luzera jarraitzen (bisoienak ez bezala), hots, ez dira eremu linealak, bidimentsionalak baizik. Lurraldearen tamaina oso aldakorra da, 1-11 km2 bitartekoa eta orokorroen arrena handiagoa izan ohi da.

Espezieen arteko elkarrekintzak

Ipurtatsaren harrapari nagusiak otsoa (Canis lupus) eta katamotza (Lynx lynx) dira. Azeri gorria (Vulpes vulpes), hontz handia (Bubo bubo) eta txakur zein katu basatiak ere animalia hau ehizatzeko gai dira.

Kontserbazioa

IUCN katalogoaren arabera espezie honen egoera mundu mailan ez da kezkagarria.

Gure lurraldean, ipurtatsaren populazioak oso barreiatuak daude baina dentsitateak ez dira handiegiak. Ondorioz, EAE-ko eta Nafarroako katalogoek "Interes Bereziko" espezie gisa sailkatzen dute.

Mustelido hau mehatxatzen duten faktoreak hainbat dira. Hasteko tranpa-jartzaileek egin izan dituzten harrapaketak, espezieak jasaten duen parasitosi gaixotasuna eta, batez ere, bere habitataren galera eta eraldaketa.

Ipurtatsa babesteko, ibaiak eta ibai-ertzeak babestea beharrezkoa da.

Esteka interesgarriak


Egilea: | Sorrera: 2012/02/02 | Azken eguneraketa: 2013/02/03 | Bisita-kopurua: 2603 | Argazki nagusia: http://www.wildlife-galleries.co.uk

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...