Hegaztiak hegan egitera moldaturiko ornodunak dira, nahiz eta batzuek sekundarioki hegan egiteko ahalmen hori galdu duten. Garai batean, sistematika klasikoari dagokionez, hegazti guztiak Aves klasearen barnean sailkatzen ziren, baina gaur egungo sistema filogenetikoaren arabera dinosauruekin batera sailkatzen dira, Theropoda kladoaren barnean hain zuzen ere. Izan ere, hegaztiak Jurasikoko dinosauru bipedo eta karniboro batzuetatik (Teropodoak izenekoak) eratorriak dira.
10.000 espezie inguru ezagutzen dira munduan, eta urtetik urtera espezie berriak deskribatzen ari dira. Hauen barnean talderik dibertsoena Passeriformes ordena da, 6.000 espezie inguru biltzen dituelarik. Ornodun lehortarren arteko talderik dibertsoena da hegaztiena, eta dibertsitate handiena tropikoetan aurki daiteke.
4 talde nagusi biltzen dira hegaztien barruan: Archaeornithes, Hesperornithes, Ichtyornithes eta Neornithes. Kretazeo amaierako suntsiketa geroztik (duela 65 milioi urte) talde guzti hauetatik bakarrak bizirauten du, Neornithes taldeak.
Neornithes taldearen barruan 2 azpitalde bereizten dira:
Euskal Herrian aurkitu ditzakegun hegazti guztiak Neognathae taldeakoak dira. Talde oso dibertsoa da, eta hemen orden desberdin askotako hegaztiak aurki ditzakegu.