Zingira-hontza
Asio flammeus

Euskal Herrian noiz behinka aurki dezakegun harraparia dugu zingira-hontza. Negua igarotzera migratzen du inguru hauetara eta larre edota hezeguneetan igarotzen dute garai hau, uda aldean berriro ere iparralderagoko guneetara joanez.

Asio flammeus

Phyluma
Chordata
Klasea
Aves
Ordena
Strigiformes
Familia
Strigidae
Deskribatzailea
Pontoppidan, 1763
Estatusa
lc

Deskribapena

Tamaina ertaina duen hegaztia da, 33-43 cm bitartekoa; hegoen luzeera 281-335 mm-koa da eta buztanarena berriz 130-157 mm-koa. Emeak arrak baino handiagoak dira, emeek 260-475 gramo eta arrek 206-396 gramo tarteko pisua izanik. Aurpegiari dagokionez, okre koloreko disko bat du, eta begi ingurua berriz beltza da, hori koloreko begi handiak asko nabarmenduz. Moko beltza eta belarri lumatx oso txikiak ditu, elkarrengandik oso hurbil daudenak (bekokiaren erdialdetik hurbil) eta gehienetan ikustezinak direnak. Gorputzaren atzealdea nahiko iluna du, orbain marroi eta zuriz beterikoa. Aurrekaldea berriz argiagoa da, zuri-gorrixka, lerro fin eta marroi batzuk dituena. Hegoak ere azpialdetik zurixkak dira eta buztana gorri-marroixka eta zuria da, bi kolore hauetako lerro horizontalak tartekatzen direlarik.

Antzeko espezieak

Mozolo arrunta (Athene noctua)
Athene noctua

Bi hegazti hauek lumaia oso antzekoa dute, marroi-zurixka eta orbainez beterikoa. Hala ere, buruaren forma desberdina da; mozoloak buru obalatuagoa du eta zingira-hontzak aldiz borobilagoa. Gainera, biek begi horiak eduki arren zingira-hontzak begia inguratzen dion lerro beltz bereizgarria du.

Honez gain, zingira-hontzak belarri-lumatxak ditu eta mozoloak berriz ez.


Tengmalm hontza (Aegolius funereus)
Aegolius funereus

Mozoloaren antzera, Tengmalm hontzak ere zingira-hontzaren lumaia antzekoa du, marroi eta zuria. Bi espezie hauek oso antzekoak dira, eta desberdintasunik nabarmenena zingira-hontzen begi-inguru beltza da.

Banaketari dagokiola ere desberdinak dira, Euskal Herrian ez baitute eremu batean ere bat egiten.

Kantua

Zingira-hontz arren kantua nahiko azkarra da, 12-20 serieko oihu sakonez osatuta (2-4 nota segundoko). Oihu hauek hasieran tonu altukoak eta ozenak dira, eta seriearen amaieran tonua nabarmenki jaisten da. Kantu hau hegan dabilen bitartean edota zutabe baten gainean atsedenean dagoenean egiten du. Bestalde, habia egiterako garaian beraien lurraldea, bai ar eta bai emeek, oihu latzekin babesten dute.

Emeak inkubatzen ditu arrautzak eta arrak elikagaiak ekartzen dizkio; emeak, elikagai eske tonu altuko garrasi bat igortzen du. Zingira-hontz gazteek ere antzeko kantuak egiten dituzte (König & Weick 2009).

Banaketa

Ipar Amerika erdi eta iparraldean, Hego Amerika hegoaldean, Europa iparraldean eta Asiako toki askotan ugaltzen da, ipar-hemisferioko zingira-hontzek negua hegoalderago igarotzen dutelarik.

Iberiar penintsulan soilik negua igarotzen dute, ipar eta hegoaldeko mesetetan (iparraldean batez ere), Kantauriar mendikatean, Ebroko bailaran eta Andaluziako litoralean hain zuzen ere.  

Euskal Herriari dagokionez, Bizkaiko kostaldeko larreetan negua pasatzen duen espeziea da zingira-hontza, eta Nafarroan ere hegazti honen zita batzuk badaude.

Asio flammeus Asio flammeus

Habitata

Hezegune eta soroetan bizi da hegazti hau, baina kumatze garaian paduretako gune zabal, duna eta eremu lehor zabaletan egiten du habia.



Habitat bereko espezie gehiago

Myotis myotis
Eptesicus serotinus
Pipistrellus kuhlii
Rhinolophus hipposideros
Oryctolagus cuniculus
Colias croceus
Crocidura suaveolens
Aglais urticae
Plecotus austriacus
Asio otus
Anguis fragilis
Buteo buteo
Alca torda
Pandion haliaetus
Mustela lutreola
Cuculus canorus
Alosa alosa
Acrocephalus arundinaceus
Acrocephalus scirpaceus
Gallinago gallinago
Microtus cabrerae
Larus argentatus
Uria aalge
Ardea cinerea
Gasterosteus aculeatus
Rattus norvegicus
Talpa europaea
Talpa occidentalis
Pipistrellus pipistrellus
Mustela erminea
Micromys minutus
Mus musculus
Mus spretus
Miniopterus schreibersii
Cyanistes caeruleus
Vulpes vulpes
Myotis blythii
Vanessa atalanta
Pica pica
Tyto alba
Microtus agrestis
Sorex minutus
Troglodytes troglodytes
Crocidura russula
Accipiter nisus
Mustela nivalis
Lepus granatensis
Athene noctua
Lymnocryptes minimus
Microtus gerbei
Sorex coronatus
Microtus lusitanicus
Microtus duodecimcostatus
Lacerta schreiberi
Turdus philomelos


Elikadura

Nagusiki ugaztun txikietaz elikatzen da, baina bestelako ornodun txikiak eta intsektuak ere jaten dituela ikusi da; usoak baino tamaina txikiagoa duten hegaztiz eta arratoi arruntaren (Rathus norvegicus) tamainako ugaztunetaz elikatzen da (König & Weick 2009).

Ugalketa eta ontogenia

Habitze garaian lurraldekoiak bihurtzen da Zingira-hontza. Lurraldea eskuratzeko arren burrukak hegoak astintzean datza, txalokatuz egongo balitz bezala, eta honekin batera hegaldi altuak egiten ditu bapateko jaitsiera bortitzekin. Kantuan egiten du baita ere, hegaldian edota zutabe batean dagoelarik.

Estaltzea normalean lurrean ematen da, nahiz eta noiz behinka zutaberen baten gainean ere gerta daitekeen. Urteko errunaldi bat ematen da, martxoa eta ekaina bitartean; normalean 7-10 arrautza zuri (40,4 x 31,3 mm-koak) erruten dituzte, eta arrautza horiek emeak soilik inkubatzen ditu, inkubazio-garai honetan arrak emeari habira elikagaiak ekartzen dizkiolarik. 26-29 egun igarotakoan arrautzetatik zingira-hontz gazteak jaiotzen dira, 16-18 gramoko pisuarekin. 12-18 egun igarotzean hontz gazteak habitik kanpora joaten dira, begeatazio artera, baina nahiz eta habitik kanpo egon oraindik ez dira hegan egiteko gai izaten, eta aste batzuetan zehar gurasoak beraien kumeak elikatzen jarraitzen dute. 5-6 aste igarotzen direnean hegan egiteko gaitasuna lortzen dute, gurasoetatik guztiz independizatuz. Heldutasun sexuala urtebetera lortzen dute (König & Weick 2009).

Urteko errunaldi bakarra ematen den arren, elikagai askoko urteetan bi errunaldi gerta daitezke (König & Weick 2009).

Bizimodua

Orokorrean hegazti bakartia da, baina migrazio garaian taldetan ibiltzen da. Bizitza gautarra du, nahiz eta batzuetan egunez ere nahiko aktiboa izaten den. Altuera txikietan egiten du hegan eta sarri ere planeatu egiten du.

Aipatzekoa da, beste hontz batzuen kontrara zingira-hontzak bere habia eraikitzen duela. Lurrean sakonera gutxiko depresio txiki bat (2,5-5 cm-koa) eratzen du, lurzorua urratuz. Normalean, arroka edota zuhaixken ondoan egiten du habia, horrela babes gehiago lortuz (Lynch 2007).

Bestalde, ikusi da ilargiaren argiak eragin zuzena duela hontzaren ehizatzeko eraginkortasunean, ilargi beteko egunetan (argi gehien dagoenean) eraginkortasun handiena erakutsiz, eta alderantziz (Clarke 1983).

Espezieen arteko elkarrekintzak

Hainbat espezierekin kleptoparasitismoa ematen dela ikusi da: lapurketa bidezko bizkarroitasuna hain zuzen ere. Mirotzak dira euren biktima nagusiak, izan ere mirotzak bere harrapakina beheko soinadarretan daramanean zingira-hontzak hegan joan eta kendu egiten dio (Lynch 2007).

Kontserbazioa

Mundu mailan kaltebera bezala katalogatuta dagoen arren, Espainiako estatuan ia arriskupean bezala katalogatuta dago, eta EAEko liburu gorrian berriz bere kategoria bakana da.

Europako populazioek gora-beherak izan dituzte harrapakin dentsitatearen ondorioz, eta Iberiar penintsulan populazioa pixka bat igotzen ari den arren Europako herrialde gehienetan gainbeheran dago (Bea 2007).

Neguko habitataren alterazioa (nekazaritzaren intentsifikazioaren ondorioz) eta gizakiak zuzenean eraginako heriotzak (ehiza ilegala, kotxe istripuak eta sare elektrikoen ondoriozko elektrokutazioak) dira zingira-hontzaren mehatxu nagusiak. Karraskarien aurka erabiltzen diren pestiziden inpaktua ezezaguna da, baina kate trofikoa behatuta seguruenik eragin negatiboa izango du honek ere (Madroño et al. 2004). 

Esteka interesgarriak


Bibliografia


Zuberogoitia I, Campos LF. 1997. Intensive census of nocturnal raptors in Biscay. MUNIBE (Ciencias Naturales - Natur Zientziak), 49: 117-127

. . owlpages. owlpages. http://www.owlpages.com/owls.php?genus=Asio&species=flammeus (2014/01/21)

Clarke J. 1983. Moonlight's influence on predator/prey interactions between short-eared owls (Asio flammeus) and deermice (Peromyscus maniculatus). Behavioral Ecology and Sociobiology, 13: 205-209

König C, Weick F. 2009. Owls of the World. 2nd edition. Yale University Press.

Lynch W. 2007. Owls of the United States and Canada. A Complete Guide to Their Biology and Behaviour. The Johs Hopkin University Press.

Bea A. 2007. Arriskuan dauden EAE-ko ornodunak. Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia. Gasteiz

Madroño A, González C, Atienza JC. 2004. Libro Rojo de las Aves de España. Dirección General para la Biodiversidad & SEO/BirdLife. Madrid
Egilea: | Sorrera: 2014/02/06 | Azken eguneraketa: 2014/08/20 | Bisita-kopurua: 1827 | Argazki nagusia: Graham Catley

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...