Galeperra
Coturnix coturnix

Galeperra laborantza-lurretan ederki kamuflatzen den hegaztia da. Espezie migratzailea da, neguan Afrikara joaten delarik. Hori dela eta, populazioek gorabehera handiak jasaten dituzte urtean zehar.

Coturnix coturnix

Phyluma
Chordata
Klasea
Hegaztiak
Ordena
Galliformes
Familia
Phasianidae
Deskribatzailea
Linnaeus, 1758
Estatusa
lc

Deskribapena

Galliformeen artean txikiena da, 17,5 cm inguruko luzera izaten du eta 70-155 g pisa ditzake. Diseinu kriptikoa dauka: orohar kolorazio marroia daukan arren, lerro marroi ilunak, zuriak, beltzak eta krema kolorekoak ageri zaizkio. Bekain zuri nabaria dauka eta lepoa argia da, zuria emeen eta gazteen kasuan eta ankla ilun batekin arren kasuan.

Diseinuan dimorfismo sexuala egoteaz gain, tamainan ere nabaria da; orohar emeak arrak baino handiagoak izaten dira. Hego-zabalera arren kasuan 110-115 mm-koa da eta emeetan 107-116 mm-koa. Buztana 31-38 mm-koa da arretan eta 36-44 mm-koa emeetan.

Autore batzuren arabera, gazteak helduetatik zenbait ezaugarri fenotipikoren arabera bereiz daitezke: lumaia orbaindua bularrean, mokoaren ertza arrosa, bekainetan kolorazio argiagoa eta irisa berdexka izaten da. Hazten joaten diren neurrian, txitak lumaia horixka galtzen joaten dira eta emeen antzeko kolorazio eta diseinua hartzen dute.

Bi subespezie ezagutzen dira: eroasiarra, galeper arrunta deritzona, (C. coturnix coturnix) eta japoniarra (C. coturnix japonica). Azken hau gatibutzan hazitako espeziea da eta galeper arruntarekin hibridatu daiteke (eol.org)

Kantua

Banaketa

Paleartikoan dauka banaketa, Afrika iparraldetik Asia hego ekialderaino. Hala ere, Afrika ekialdean eta hegoaldean, Madagaskarren eta Ozeano Indikoko zenbait irletan ere badira populazio batzuk. Orohar Iberiar penintsula osoan agertzen den arren, Kantauriar mendikatearen erdialdean eta kosta mediterraneoko gune lehorrenetan. Balearretan eta Kanariar irletan ere agertzen da.

Neguan Afrikara emigratzen dute; Europa mendebaldeko populazioek Sahara hegoaldera, zehazki (eol.org).

Coturnix coturnix Coturnix coturnix

Habitata

Gune irekietan agertzen da, orokorrean leku lauetan, itsas-mailatik 1000 m-ko altituderaino, nahiz eta zenbaitetan mendi altuetan ere agertzen den. Laborantza-lur (lehorrekoak zein ureztatutakoak), hainbat larreetan eta belardietan agertzen da, baina dentsitaterik altuenak penintsularen erdialdeko eta hegoaldeko zereal sailetan daude. Migrazioan zehar zenbait ingurunetan ager daiteke. Landaredi dentso eta altua du gustoko eta baso ertzak ekiditen ditu. (seo.org).


Elikadura

Nagusiki hazi basati eta zereal pikorrez elikatzen den arren, espezie orojalea dela esan liteke, intsektu txikiez eta beren larbez ere elikatzen baita, hala nola, kakalardoz, inurriz eta mantxinsaltoz. Modu honetara, emeek txitak hazteko beharrezko proteina edukia eskuratzen dute (eol.org).

Ugalketa eta ontogenia

Galeperrak monogamoak izaten dira. Ugaltzeko lekura iristean, arrak emea erakartzeko lehenik emetik hurbilen dagoen hegoa lurrera erortzen utzi eta emearen inguruan dantza moduko bat egiteari ekiten dio, kantu leun bat egiten duen bitartean. Ondoren, emeak “gonbidapen kantu” baten bidez erantzuten dio kopula hasi aurretik.

Habiak belarretan eraikitzen dituzte. Europan ugal-garaia maiatza erdialdetik abuztua bukaerara arte izaten da; Afrikan, berriz, irailetik martxora bitartean ematen da, nahiz eta Kenian urtaro lehorrean ugaltzen diren, urtarriletik otsailera. Urteko 2-3 errute izan ohi dituzte, 8-13 arrautzakoak Europan eta 6-13koak Afrikan. Arrautzak krema kolorekoak (eta orbainduak zenbaitetan) izaten dira, 2,5 cm eta 8,5 g ingurukoak. Emea izaten da inkubazioaz arduratzen dena (17-20 egun), baita txitak zaintzeaz ere. Gazteak 11 egunekin jada hegan egiteko gai dira eta urtebetera ugaltzeko gaitasuna dute (seo.org).

Bizimodua

Hegazti migratzailea da, oso hegaldi luzeak egiten dituena. Baina, neguko migrazioez gain, udaberriak eta udak aurrera egin ahala, plubiometriaren eta laborantza-lurretako baldintzen arabera, iparralderanzko migrazioak egiten ditu. Arrek bikote bila ere mugimendu luzeak egiten dituzte, behin emeek ugalketari hasiera emanda. Penintsulan badira neguko populazio batzuk eta badirudi ugaritzen ari direla (seo.org).

Espezie monogamoa da. Arrak erakartzen du emea, baina ondoren emea izaten da habiak eraikitzeaz zein kumeen zaintzaz arduratzen dena.

Espezieen arteko elkarrekintzak

Galeperrak harrapari ugari ditu: sugeak, mofetak, armadiloak, arratoiak, erbinudeak, urtxintxak, azeriak, katamotzak, txakurrak, katuak, indioilarrak, beleak, eskinosoak, belatzak, hontzak, inurriak, etab. Hauen eraginagatik, arrautzen herena suntsituak izaten dira eta eklosiotik bi astetara, galeper txiten erdiak hil egiten dira.

Kontserbazioa

Europan 2.800.000-4.700.000 ugal-bikote daudela estimatzen da, hau da, 8.400.000-14.100.000 indibiduo. Baina urtean zehar aldaketa handiak ematen dira populazioetan. Mehatxu nagusiak honakoak dira: habitataren aldaketa (laborantza-lurretan aldaketak, nekazaritzaren areagotzea), presio zinegetiko altua (milioi bat indibiduo baino gehiago ehizatzen dira urtean) eta kutsadura genetikoa, galeper japoniarraren zein hibridoen askapena dela eta (seo.org).

Esteka interesgarriak


Bibliografia


. 2008. Sociedad Española de Ornitología/BirdLife. SEO/BirdLife. http://www.seo.org/ave/codorniz-comun/ (2014/02/27)
Egilea: | Sorrera: 2014/02/19 | Azken eguneraketa: 2014/04/15 | Bisita-kopurua: 1294 | Argazki nagusia: Nirav Bhatt

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...