Anfibioak ingurune urtarraren eta lehortarraren artean bizi diren animaliak dira, eta, orokorrean, metamorfosia gauzatzeak ezaugarritzen ditu. Larbak forma urtarrak izan ohi dira, eta helduek ingurune lehorrean bizitzeko gaitasuna izan ohi dute, ugaltzeko berriz ere ingurune urtarrera itzuliz. Mundu guztian 7000 espezie inguru ezagutzen dira, eta ingurune urtar gezekiko duten lotura estuagatik kontserbazio-arazo handienetarikoak dituzten animaliak dira.
Gaur egun bizirik dirauten anfibioak hiru ordenatan banatzen dira.
Anura ordena: orokorrean buztanik gabeko forma heldua duten espezieak sailkatzen dira talde honetan, igelak eta apoak, hain zuzen. Larben eta helduen arteko ezberdintasun morfologikoa oso narbarmena izan ohi da, aurrenekoak uretan igeri egiteko moldatuak izanik, eta bigarrenak ingurune urtar zein lurtarrean ibiltzeko moldatuak.
Caudata ordena: uhandre eta arrabioak sailkatzen diren taldea da honako hau. Larben eta helduen arteko ezberdintasun morfologikoa ez da handia izaten, nahiz eta hainbat aldaketa gertatzen diren metamorfosia garatzean: brankiak galtzea, hankak handitzea eta abar.
Gymnophiona ordena: anfibioen artean talderik ezezagunena da, zezilioek osatua. Suge edo zizare itxurako animaliak izan ohi dira, ingurune tropikaletan aurki daitezkeenak, batez ere.