Untxia
Oryctolagus cuniculus

Untxia itxuraz animalia guztiz polit eta moñoñoa berau, munduko espezie inbaditzaile garrantzitsuenetako bat da, bere jatorrizko eremutik at izurri kontsideratzen delarik. Gizakiaren esku-hartze traketsaren erruz espezie honek habitat ugariren biziraupena arriskuan jarri du munduko eremu askotan, non, untxiaren erradikazioa bilakatu den kontserbaziorako lehentasuna. Hau gutxi balitz, zenbait gaixotasun, habitat galera eta ehiza direla medio, untxia bere eremu naturalean ikaragarrizko beherakada jasaten ari da azken hamarkadetan.

Bi subespezie deskribatuta badaude ere, euskal lurraldeetan bakarra bizi da, Oryctolagus cuniculus cuniculus, tamainaz handixeagoa eta etxekotutako untxi arraza guztien aitzindaria. Euskarazko izen normalizatuak untxi arrunta edo untxi europarra dira.

Oryctolagus cuniculus

Phyluma
Chordata
Klasea
Mammalia
Ordena
Lagomorpha
Familia
Leporidae
Deskribatzailea
Linnaeus, 1758
Estatusa
nt

Deskribapena

Lagomorfo guztiek bezala, ikuspuntu morfofuntzional batetik begiratuta, ibilera saltokariari doitutako gorputz egitura du untxiak, atzeko soin-adarren sendotasuna delarik korrika eta jauzika mugitzeko diseinuaren frogarik nabarmenena. Ilaiak, berriz, kolore arre-gris goibel bat izan ohi du gorputzaren gehienean, nahiz eta hau aldakorra izan daitekeen, harea koloretik hasi eta gris-beltz ilun bateraino. Garondoa eta lepaldea gorrixkagoak izan ohi dira eta sabelaldea zein hanken barnealdea zuria. Kanpo belarri luze eta mugikorrak, aurreko aldetik kolorazio gris homogeneokoak eta atzetik buruaren kolore berekoak dira, mutur distaletan orban beltz oso fin bana izan ohi dutelarik. Begien inguruan eraztun zuri bana ageri da. Isatsa, laburra eta  mutur borobilduna da, norbaitek muturra moztu izan balio bezalakoa, azpitik zuria sabelaldearekin batuz eta beltza gainaldetik. Hortz-formula 2(I 2/1, L 0/0, P 3/2, M 3/3) da.

Ar eta emeak oso antzekoak dira itxuraz eta dimorfismorik gabeko espezietzat ere jo izan da. Hala ere, emeen kasuan burua zabalagoa eta altuxeagoa izaten dela eta pisuz ere astunagoak izan ohi direla esaten duenik badago. Kume, gazte eta helduek oso antzeko itxura dute, tamaina eta ilaia direlarik ezberdintzen dituen ezaugarririk nabarmenenak. Kumeek ilaia beltz eta laburra dute, habia uzteko unea iritsi eta muda bat pairatzen duten arte. Orduan, untxi gazteak helduen oso ilaia bertsu bat janztera igarotzen dira. Hortik aurrera, untxi helduak bi muda jasaten ditu urtero, alde bentraleko ilaia zurixka eta ez hain dentsoa sortuko zaiona udaberrian eta alde dortsalekoa. Bi mudak txandaka ematen dira.

Subespezie biak antzeko neurrikoak dira, buruak eta isatsak 34-35 cm inguruko luzera eta isatsak bakarrik 4-8 cm izan ohi dituelarik. Pisuaren kasuan, baina, ezberdintasunak sortzen dira eta geurean O.c.cuniculus heldu batek 1-1,5 kg izan ohi ditu. Edozelan ere, pisua aldakortasun handiko ezaugarria da untxien kasuan, urtaroen, gune geografikoen eta ekologiaren arabera.

Antzeko espezieak

Erbia
Lepus europaeus

Untxiaren familia berean bada oso antzekoa den beste animalia bat, Lepus generoa otsatzen duen erbia hain zuzen ere. Euskal herrian bi espezie daude, L.granatensis Nafarroa hegoaldean eta Araban, L.europaeus kantauri isurialdean. Untxia baino handiagoa da erbia eta jarrera tenteagoa ageri ohi du. Muskulutsuagoa da orokorrean, batez ere atzeko hanka parearen sendotasunean igartzen zaiolarik. Belarriak untxiarenak baino luzeagoak dira eta mutur distalean orban beltz nabarmena ageri du. Isatsean ere untxia baino dezente hobeto definituriko orban beltz bat dauka. Gorpuzkera ez da untxiarena bezain borobildua eta lasterkari azkarragoa da.

Banaketa

Orokorrean, untxiaren banaketa eta ugaritasuna baldintza klimatikoekin eta elikagai zein babesleku eskuragarritasunarekin lotuta dagoela uste da. Azken izotz-garaiaz geroztik jatorrizko banaketa eremua Iberiar penintsula, Europa hego-mendebaldea eta Afrika iparraldea izan dira. Gerora, baina, mundu osoan zehar hedatzen joan da espezie hau eta hein handi batean gizakiaren esku hartze baldarrari egotzi dakioke. Erromatar garaian, Europa osoan zehar zabalduz joan zen eta azken mendeetan itsaso eta ozeanoez gaindiko hedapena eman da.

Egun, bi dira bereizten diren subespezieak. Bata Oryctolagus cuniculus algirus Iberiar penintsularen hegoalde eta hego-mendebalde osoan, Afrika iparraldean zein mediterraneoko eta atlantikoko irla batzuetan hedaturik dagoena. Bestea, O.c.cuniculus penintsularen iparraldean (Euskal Herria barne) eta Europa osoan zehar aurkitu daitekeena. Hainbat saiakera ustelen ostean, 20. mendean amerikan txertatzea lortu zen eta gaur egun Argentina eta Txile ingurura mugatuta dago hegoaldean, Amerika iparraldean ere zenbait eremutan badagoelarik. Azkenik, ozeano barearen zenbait irla, Zeelanda Berria eta Karibean ere aurkitu daiteke, guztira 800 irla baino gehiagotan. Mundu osoan duen banaketa eta arrakasta ugalkortasun handiari eta populazioen hazkuntza azkarrari egozten zaizkio.

Euskal Herrian duen banaketa oso dago lotuta klimari eta landarediaren banaketari, kantauriar isurialdean banaketa ahula eta gune gutxi batzuetakoa den bitartean, Araba eta Nafarroa gehienean dentsitatea altuagoa eta banaketa homogeneoagoa da. Arabako behe eremuetan oso ugaria da, baina Gipuzkoan eta Bizkaia ipar-mendebaldean populazio txikiagoak daude. Azken bi lurralde horietan, mendi-untxien nukleo ugariren jatorria helburu zinegetikoekin sartutako aleak dira. Gipuzkoan ipar-ekialdeko itsasertzeko eremuak (Donostia eta Hondarribia artean) baino ez du ongi egituratutako populazio egonkorra.

Oryctolagus cuniculus Oryctolagus cuniculus

Habitata

Untxia ingurune eta baldintza ezberdinetan bizitzeko gai bada ere, orokorrean, ugarien den eremuek baldintza klimatiko kontinental eta mediterraneoak dituzte. Erliebe lau edo gehienez ertainki izurtuak izan ohi dira eta substratu hareatsu eta bigun xamarrekoak zuloak egin ahal izateko. Hala ere, kareharrian ere moldatzeko gai da, ingurune hauetan hain tipikoak diren urak eginiko zuloak ustiatzen dituelarik. Tenperatura baxuak eta prezipitazio handiak ez dira egokiak eta nahiago ditu, beraz, habitat lehor eta beroagoak, sastrakadi mediterraneoak batez ere. Ugal garaian prezipitazio ahula eta udaberrian belar ekoizpena mantentzeko besteko euriteak dituen gune geografikoak dira egokien. Basoetan ere ikus badaiteke ere, ez da ingurunerik gogokoena. Konifero-baso trinkoen barnealdea saihesten du, baina oihanpe urria duten hosto erorkorreko basoetan ere ikus daiteke. Eskala txikian erreka eta ibai ertzetan ibiltzea gogoko du. Azkenik, altuera ere eragile mugatzaile bat da, oso arraroa baita 1.200-1.500 m-tik gora untxirik aurkitzea. Edozelan, baina, Pirinioen ekialdeko muturrean 2.000 m-ko kotetaraino heldu da.

Paisaia mailan, berriz, untxiaren habitat mota bi unitate ekologiko ezberdinen nahaste edo txandakapena da; belardi motako eremu ireki eta lauak, sastraka multzo txikiz josita. Egoera optimoenean, sastraken estaldura %40tik gorakoa izan ohi den bitartean, belardiarena %35 inguru da, harrapariengandik babestu eta dieta belarjalea sustengatu ahal izateko gako direlako hurrenez hurren. Hala ere, landaredia altuegia ere ez du gogoko, harraparien presentziaz jabetzeko oztopo izan baitateke. Orokorrean, landaredia homogeneo eta berdintsuko guneak ere saihestu egiten ditu. Azkenik, tamaina handiko sastraka zein zuhaitzez ere baliatzeko gaitasuna du. Izan ere,  habien egiturari zurruntasuna gehitu eta harrapariengatiko babesa handitzeko landareon sustraien aldean egiten ditu zuloak. Besteak beste, zenbait Quercus espezie ditu gogokoen.

Untxiaren habitat erabilpena, baina, aldakorra da adinaren eta urtaroaren arabera. Orokorrean, babeslekutan aberats eta kalitate oneko elikagaitan jori diren guneak ditu gogoko. Gazteek habietara sartzeko zulo asko dauden gunetara mugatzen dute jarduna urte osoan zehar, helduek plastizitate gehiago erakusten duten bitartean. Azken hauek, baliabideen gora-beheretara doitzeko gaitasuna dute, udaran ekoizpen handiagoko belardi zabal baina arriskutsuetan ere bazkatzen direlarik.

Behinola landa eremuetan nahiko ugaria izan zen, denboraren poderioz goldearen lekua hartu zuten makinak babes leku eta zuloak suntsitzen hasi ziren arte. Hala ere, untxiak gizakiaren jarduera batzuetara moldatzea lortu du, egun zenbait parke eta belarditan ikus daitekeelarik. Egun, lantzean behin nekazal lurretan ere atzeman izan da, uhaza, hazi eta sustraiz elikatzen.



Habitat bereko espezie gehiago

Falco tinnunculus
Pyrrhocorax pyrrhocorax
Milvus migrans
Circaetus gallicus
Milvus milvus
Passer domesticus
Galerida cristata
Alauda arvensis


Elikadura

Untxiak landare mota ezberdin ugari jaten ditu eta garapenean zehar aukeraketa jokabideak edo gustuak aldakorrak badira ere, belarkarak nahiago ditu orokorrean. Oso gogoko ditu nutrientetan aberats diren landareak, nitrogeno asko duten lekadunak esaterako. Hala ere, lehentasunez haratago, untxiak urtaroaren eta habitat motaren arabera dagoenera doitzeko gaitasun handia du. Esaterako, negu eta udaberri partean gramineoen atal begetatiboak hautatzen ditu, udara hasieran, berriz, infloreszentziak eta aurrerago, zelaietako begetazio belarkara murrizten denean, sastraken eta zuhaitzen sustrai zein azalaz eta fruituez bazkatzen da. Landare sendoxeagoetan gora igotzeko gai da, ernamuin berrienez elikatzeko gai delarik. Era berean, sustrai, hazi edo tuberkuluen bila ari denean lurrean zuloak egiten ditu.

Sastraka guneetan, ote espezie ezberdinak eta hirusta bezalako belarkara txikiak ditu gogokoen, neguan gehiago monokotiledoneo eta dikotiledoneok jaten dituelarik. Gune hezeagotan Cyperaceae, Juncaceae eta Phragmites australis-en kontsumoa oso ohiko da. Pinudietan, berriz, likenak, onddoak eta goroldioak dira dietaren oinarri, neguan azikulez bazkatzeko ere gai delarik.

Untxi heldu batek egunean 200-500 g material begetal irensten du, populazioaren dentsitatea handia denean ingurumenean duten inpaktua handia delarik. Honenbestez, zenbait landare eta animalia belarjale espezieren aniztasunaren mugatzaile da, lehiatzaile gogorra baita.

Azkenik, nutrienteen zurgapena optimizatzeko moldapen bitxi baten jabe da untxia, sortu berri dituen gorotz bigun (zekotrofoak) oliba berde kolorekoak ipurditik zuzenean berriz ere jatean datzana, zekotrofia. Modu honetan, gorotzetako bakterioen digeritze entzimatiko bat burutzen ahal du eta hauen proteina zein bitaminaz jabetzen da. Gainera, gorotz bigun hauetako ura ere zurgatu egiten du. Bigarren digestio honetatik sortzen diren gorotzak borobilak, lehorrak eta gogorragoak dira eta lurraldea markatzeko erabiltzen dituzte arrek (7-12 mm-ko diametroa). Estrategia hau oso baliagarria zaio elikagai eskasia garaietan edo honen kalitatea txarra denean. Baita baliabide hidrikoak muga direnean, gernuan urea kontzentrazioa handitzeko duen gaitasunarekin batera. Bi ezaugarrioi esker, inguruneko baldintzen gorabeheren aurrean erresistentzia berezia du untxiak.

Ugalketa eta ontogenia

Untxia, gainontzeko lagomorfoak ez bezala, urte osoan ugaltzeko gai den animalia da, klima eta baliabideen eskuragarritasuna muga izaten denez kume gehienen jaiotza lehen urte erdian gertatzen bada ere. Ugal garaia unean uneko baldintzen arabera denboran aurreratu edo atzeratzeko gai da. 30 egun inguruko ernaldiaren ostean kume altrizialak erditu ohi dituzte emeek, hiru eta sei artean kumaldi bakoitzeko. Kume hauek ilaia eskasdunak, itsuak eta 35-45 g-koak izaten dira eta amak egunero minutu gutxi batzuk besterik ez dizkie eskaintzen zaintza eta edoskitzea burutzeko. Hilabete baino lehen amaren eta kumetako habiaren babesetik aldentzeko gai izaten dira. Eme bakoitza urte berean kumaldi ugari izateko gai da, nahiz eta untxiaren bizimoduak eragiten dion etengabeko estresak abortu ugari sortarazten dituen.

Emeek heldutasun sexuala hiru hilabete eta erdian lortzen dute, arrek lau hilabete behar izaten dituzten bitartean eta bederatzi urtetik gora bizi daitezke. Kumeen dispertsioa, beraz, heldutasun sexuala lortu aurretik gertatzen da eta gainera, arrak dira, batez ere, habia utzi eta urrun joaten direnak. Emeak, filopatrikoagoak dira, batez ere inguruko beste emeak ahaideak badira. Hala ere, beren lurraldean egonkortzea eta berau babestea lortzen duten kumeak oso gutxi dira, jaiotako umeen arteko heriotza % 75etik gorakoa dela estimatzen delarik. Galera hau emearen ugalketa tasa handiak konpentsatzen du, kumatzen ari den bitartean ar eske hasteko gai baita.

Untxiaren ugal arrakastaren atzean ezkutuko mekanismo bi daude. Bata, obulazioa soilik induzipen baten menpe gertatzen dela, hau da, obuluak soilik kopula baten ondorioz askatzen direla. Bestea, elika baliabideak urri direnean emea fetua birzurgatzeko gai dela.

Arren arteko hierarkia gako da ugalketan, ar dominatzailea soilik ugalduko delarik kolonia osatzen duten emeekin. Beti ere, emeak haserretzen ez diren bitartean, asaldaturik edo beldurturik baldin badago ez baitio arrari estaltzeko betarik ematen.

Bizimodua

Untxiaren bizimodua eta bizi eremua oso dago lotuta babeslekuarekin, bizitzaren denborarik gehiena zulo edo habien inguruan igarotzen baitu. Hau honela, habiaren inguruko baliabideak murrizten joan ahala babeslekutik urrundu beharra izaten du, baina beti ere berehala itzultzeko, gradiente espazial nabarmen bat sortuz landaredian. Egun argiaren zati handiena zuloetan igarotzen du untxiak, batez ere kumeak dituenean, harrapari hegalariengandik babesean. Gaua eta ilunabarra dira aktiboen izaten den unea eta eguzkia gordetzen denetik egunsentira arte elikatzen da, gaueko harrapariengandik babesteko eta elikatzeko eremu irekietara jotzen duelarik. Nola ez, aktibitatea faktore klimatikoen eta urtaroen arabera aldakorra da. Udazkenean eta neguan aktibitatea ia nulua da, irailetik aurrera handitzen delarik abendura arte.

Untxia animalia lurtar lurraldekoia da eta 20 kide helduz osatutako kolonia edo taldetan bizi eta bazkatzeko joera du. Egituraketa sozial oso konplexua du untxiak, ugal arrakastarekin oso lotuta dagoena. Ar dominatzaile bakarra, hainbat eme ugalkor eta gazte zein menpeko ar batzuez osatuta egoten dira koloniak. Egituraketa honetan elikagai eskuragarritasunak eta babesgune kopuruak eragin zuzena du, zenbat eta baldintza hobeagoak izan hierarkiaren zurruntasuna txikitu egiten delarik, eta alderantziz. Faktore beren menpekoa da kolonien tamaina, baldintza faboragarrietan indibiduo gehiagoko taldeetan elkartzen direlarik. Egituraketa sozialerako beste elementu gako bat, batez ere emeen artekoa, zuloak egiteko gaitasuna da. Bi sexuetako  banakoek defendatzen dute lurraldea eta emeak babesgune edo habiengatik lehiatzen diren bitartean, arrak emeak estaltzeko lehentasunagatik lehiatzen dira.

Lurralde babestuaren tamaina urtaroen eta gune geografikoen arabera aldakorra da, baina ez da ez sexuaren, ez elikagai eskuragarritasunaren edo kalitatearen araberakoa. Badirudi, aldakortasun honen jatorria landarediaren estalduraren araberakoa dela, zenbat eta estaldura handiagoa izan orduan eta eremu txikiagoak babesten dituelarik. Bestalde, gauez eremuok handiagoak dira egunez baino.

Habitataren eta lurzoruaren baldintzek baimentzen badute, untxiak lurpeko habia sistema konplexuak sortzen ditu. Tunel sistema konplexu hauek kanpora ateratzeko zulo ugari izan ohi dituzte eta hainbat untxi belaunaldiren lan gogorraren emaitza izaten da. Esan daiteke, babesgune sistema hau untxiaren arrakastaren atzean aurkitzen den elementu garrantzitsuenetako bat dela, babes fisiko bat eskaintzeaz gain mikroklima egonkor baten mantenua baimentzen baitu. Hezetasuna eta tenperatura leuntzen dituenez, transpirazio eta deshidratazio mailak baxu mantentzen dira, termo-erregulazioan inbertitu beharreko energia murrizteaz gain.

Gorotz lehorrak monopolizaturiko lurralde osoan zehar banatzeaz aparte, untxiak gorotz pilaketa batzuk sortzen ditu. Multzo hauek interakzio sozialerako guneen kokapena eta lurraldearen mugapena zehazteko funtzioa dute. Arrak dira hauen mantenua burutzen dutenak eta gorotzez gain, pixa eta beste sekrezio batzuk ere gehitzen dituzte.

Lagomorfo guztiek bezala, untxiak zentzumen organo oso zorrotzak ditu, animalia iheslaria izaki harraparien presentziaz berehala ohartu beharra baitauka. Harrapari potentzial baten presentzian, etsaiak ikusiko ez duen esperantzaz, geldirik pausatu ohi da momentu batez. Momentu horretan atzeko hankekin lurra kolpatzen du, behin edo gehiagotan asaldapen mailaren arabera. Azkenik, babesleku batera lasterka eta brinkoka ihes egiten du. Azken jokabide honekin lotzen dira gauetan errepideetan gertatzen diren auto harrapaketak. 

Orokorrean oso animalia isila bada ere, garrasi ozenak egiteko gai da izututa edo zaurituta dagoenean. Beste komunikazio bide erabilienak kontaktu fisikoa eta usaimena dira.

Espezieen arteko elkarrekintzak

O.cuniculus espezie gakoa da Iberiar penintsulako komunitate askoren funtzionamenduan, 40 animalia baino gehiagoren dieta osatzen baitu, besteak beste, zenbait hegazti harrapari eta tamaina handiagoko ugaztun haragijale batzuena. Gurean hontza handia (Bubo bubo), arrano beltza (Aquila chrysaetos), azeria (Vulpes vulpes) eta basakatua (Genetta genetta) dira ezagunenak eta garai batean otsoa (Canis lupus) eta katamotza (Lynx lynx) ere predatzile garrantzitsuak izan zirela uste da.

Elkarrekintzak, baina, ez dira kate trofikoari dagokionean amaitzen. Untxia habitaten moldapenerako ahalmen ikaragarria duen ugaztuna da, paisaia mota askoren mantenurako ezinbesteko elementua delarik. Izan ere, untxiaren presentziak eta aktibitateak ornogabeendako habitat egokia sortzeaz gain, ekosistemen dibertsitatea faboratzen du, espezie aberastasuna emendatzen, baita lurraren emankortasuna handitzen ere. Eragin honen atzean dauden portaerak, gorotzen etengabeko ekoizpena, induskatzeko gaitasuna eta belarjale izaera dira. Untxiaren gorotz pilaketak zenbait koleoptero koprofagorendako habitat ezin hobeak dira, intsektu hauen dibertsitate eta ugaritasunaren mantenuan garrantzia handiko elementu direlarik.

Honetaz gain, landare espezie askoren hazien dispertsioa faboratzen du, berau irentsi eta digestio sistema osoa igaro ostean, hozitze gaitasuna mantendu eta handitu egiten duelarik gainera. Juniperus phoenicea espeziearengan duen hazi hedapen efektua, adibidez, oso positiboa da.

Habia sistemen barnean tenperatura eta hezetasun baldintzak egonkor mantentzen dira, edozein bizidunendako babesgune on bat izateaz gain, kanpo ingurunean gerta daitezkeen gora beherak aldentzeko balio du. Baliabide hau untxiaren lanaren emaitza bada ere, beste hainbat espeziek ere aprobetxatzen du. Besteak beste, azkonarrak, lazertido espezie hainbatek eta sugeren batek ere bai.

Azkenik, azeria untxiaren usai markez baliatzen da bere lurraldea mugatzeko.

Kontserbazioa

1950. urteaz geroztik untxien populazio osoak % 80-90eko jaitsiera izan du eremu geografiko natural osoan. Pneumonia hemorragiko birikoa (PHB) eta mixomatosia bezalako gaixotasun birikoak izan dira gertaera honen eragile nagusiak, baina habitat galerak eta ehizak eragindako heriotzek ere ez dute lagundu gehiegi. Egun oraindik, ez dago gainbehera honen amaieraren inguruko ebidentziarik. Bizkaian eta Gipuzkoan, gehiegizko ehiza presioak helburu zinegetikoekin birpopulatutako nukleoen desagertzea eragin zuen, eta Nafarroan egun oraindik ehizak duen eragina dela eta populazioak behera darrai.

Neurri ugari hartu dira untxiaren kontserbazio egoerak okerrera jarrai ez dezan, habitat eta prozesu naturalen berreskurapenetik hasi populazio naturaletan indibiduo berriak txertatzeraino.

Untxi europarra espezie bitxia da kontserbazio egoerari dagokionez eta polemika ugariren iturburu ere bai. Izan ere, espezie gako bakarra da bere eremu naturalean arriskupean dagoena eta aldi berean, espezie exotiko suntsitzaile dena beste eremu askotan. Zailtasun handiekin topo egin da jatorrizko banaketa eremuan espeziearen biziraupena bermatzeko, baina baita eremu naturaletik kanpora desagerrarazteko.

Naturaren Kontserbaziorako Nazioarteko Elkartearen Munduko 100 espezie exotiko inbaditzaile kaltegarrienen zerrendan barneratuta dago untxia.

Esteka interesgarriak


Bibliografia


. . Arkive. http://www.arkive.org/ (2013/01/30)

Palomo JL, Gisbert J, Blanco C. 2007. Atlas y Libro Rojo de los Mamíferos Terrestres de España. MMA. Madrid

. . IUCN Red List. www.iucnredlist.org (2011/11/30)
Egilea: | Sorrera: 2012/10/25 | Azken eguneraketa: 2014/09/12 | Bisita-kopurua: 6040 | Argazki nagusia: Thermos

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...