Miru beltza
Milvus migrans

Martxoaren erdi aldera gure artean aurreko hilabeteetan egon ez den hegazti harrapari beltz bat ikusten hasten gara, hegan dotore egiten duena eta isatsean sargune txiki bat duena; miru beltza da. Bestalde, ikusgarriak dira miru beltzen migrazioak, pirinioen altuera handiak lausotzen direnean Euskal Herritik igarotzen diren ehunka alek buruturikoa.

Milvus migrans

Phyluma
Chordata
Klasea
Aves
Ordena
Accipitriformes
Familia
Accipitridae
Deskribatzailea
Boddaert (1783)
Estatusa
lc

Deskribapena

Tamaina ertaineko hegazti harraparia da miru beltza. Hego luze eta zorrotzei esker hegan erraztasun handiz egiten du eta maniobratzeko gaitasun handia dauka. Zentzu horretan miru gorriaren oso antzekoa da, baina miru beltzak ez du isatsean horren sargune nabarmenik. Hori da bien arteko ezberdintasun agerikoena, baina baita hegoen alde bentraleko panel zuriak ere (miru beltzean askoz ere apalagoak dira miru gorrian baino). Miru beltzak kolore marroi iluna du (alde dortsala are ilunagoa da), baina alde bentralean kolore gorrixka ere igarri ahal zaio. Buruko eta lepoko lumadia argiagoa da (Mullarney et al. 2001).

Alderantzizko dimorfismo sexuala dutela esan ohi da. Hots, emea arra baino handiagoa da, baina ez oso nabarmenki: hego zabalera emeetan 180 cm eta arretan 160 cm; pisua emeetan 914 g eta arretan 796 g.

Antzeko espezieak

Miru gorria
Milvus milvus

Miru beltzak ez du isatsean horren sargune nabarmena ez izatea da bien arteko ezberdintasun nabarmenena. Bestalde, hegoen alde bentraleko panel zuriak ere ezberdinak dira, izan ere miru beltzean askoz ere apalagoak dira. Miru beltzak kolore marroi iluna du, baina alde bentralean kolore gorrixka ere igarri ahal zaio. Azkenik, buruko eta lepoko lumadia argiagoa da miru beltzean.

Kantua

Irrintzi baten antzeko kantu azkarra egiten du, pi-iiiii modukoa.

Banaketa

Miru beltza Europan, Asian, Afrikan nahiz Australian aurki daiteke (Glutz et al. 1971; Cramp & Simmons 1980; Del Hoyo et al. 1994). Zona guztiotan zehar miru beltzak 5-7 subespezie desberdinetan banatzen da (Del Hoyo et al. 1994). Gurean dakusaguna M. migrans migrans subespeziea da.

Garaia

Europako populazioek negua Afrikan igarotzen dute, Sahara hegoaldean batez ere, eta bertara abuztuan zehar alde egiten dute (Cramp & Simmons 1979; Bernis 1980). Ostera, negua Iberiar penintsulako hegoaldean igarotzen dute ale bakan batzuek. Afrikatik martxoaren erdialdean etortzen da berriro ere gurean uda igarotzeko (Elosegui 1985).

Habitata

Iritsi bezain laster miru beltzak basoak miatzen hasten dira haien habia non eraiki erabakitzeko asmoz. Horretarako, orokorrean, zuhaitz dentsitate ez oso handiko basoak hobesten dituzte, eta abeltzaintza estentsiboko zonaldeak gertu daudeneko inguruetan ikus daitezke batez ere (Carrascal 2006). Halaber, antropizazioa ondo jasaten duen espeziea da miru beltza, elikagaiak lortzeko baliagarri bazaio behintzat (Bustamante & Seoane 2004), baina Nafarroan giza eragina oso nabaria den ingurunea ekiditen du (Dean 1996).



Habitat bereko espezie gehiago

Pipistrellus kuhlii
Microtus duodecimcostatus
Milvus milvus
Passer domesticus
Turdus philomelos
Ciconia nigra
Asio otus
Turdus merula
Falco peregrinus
Circaetus gallicus
Falco tinnunculus
Alauda arvensis
Lepus europaeus
Luscinia megarhynchos
Galerida cristata
Crocidura russula
Pyrrhocorax pyrrhocorax
Jynx torquilla
Athene noctua
Suncus etruscus
Myotis blythii
Buteo buteo
Neophron percnopterus
Rhinolophus hipposideros
Tyto alba
Aquila chrysaetos
Aglais urticae
Ardea cinerea
Pica pica
Miniopterus schreibersii
Plecotus austriacus
Mus spretus
Micromys minutus
Tadarida teniotis
Mus musculus
Pipistrellus pipistrellus
Lanius senator
Oryctolagus cuniculus
Eptesicus serotinus
Anguis fragilis


Elikadura

Miru beltzarentzat zabortegiak elikagai-iturri oso garrantzitsuak dira, baina ezin esan liteke espezie bereziki sarraskijalea denik. Izan ere, hegaldi luzeak egiten ditu bere ehiza edo arrantza guneetan zehar bestelako hegazti, ugaztun, eta arrainen bila batez ere. Anfibioak, narrastiak eta intsektuak ere jaten ditu (Dean 1996; Fernandez-Cruz 1974).

Doñanan egindako ikerketa batek agerian utzi bezala, elikagaien hautua eskuragarritasunarekin hertsiki lotua dago. Horregatik miru beltza espezie oportunista dela esaten da. Adibidez, miru beltzak Doñanan mixomatosia gaitza duten untxiak ehizatzen ditu errazen, baina bestela ehiztari makala dela diote ikerlari askok (Viñuela & Veiga 1992; Villafuerte & Viñuela 1999).

Ugalketa eta ontogenia

Ohikoa da miru beltza taldetan bilduta ikustea, baita txitak hazten ari direnean ere. Halere, loturak bikoteak osatzean eraikitzen dira, eta ez hainbeste talde beraren barnean (Palomino 2009). Emeak apirilaren erdialdetik bukaera artean 2-3 arrautza erruten ditu, zuriak orbain morroiekin. Arrautzok 32 egunez inkubatzen dira eta lan hori emeak egiten du batez ere (Elosegui 1985).

Txitak jaiotzerakoan lumadi zuria dute, baina laster iluntzen zaie. Hauek habian 40-50 egun egoten dira eta epe horretan emeak zaintzen ditu batez ere. Ordea, txitek 25-30 egun dauzkatenean emeak arrari bazka bila laguntzen dio (Elosegui 1985). Izan ere, txitek gurasoenganako independentzia 15-36 egun dauzkatenean lortzen hasten dira, eta laster gurasoenganako lotura hausten dute (Palomino 2009). Haustura hau nabariagoa da Afrikarako bidaia hasi behar dutenean.

Bizimodua

Urtez urte inguru berdinera itzuli ohi da miru beltza, baina fideltasun hori sendoagoa da arretan emeetan baino (Palomino 2009). Miru beltzak edozein habi zahar baliatzen du. Haietara trapu zaharrak, paperak, plastikoak, azienden gorotzak… eramaten ditu eta, horregatik, nahiko zikinak dira (Elosegui 1985).

Espezieen arteko elkarrekintzak

Katajinetek (Genetta genetta) eta katamotzek (Lynx sp.) miru beltzaren ugalketaren porrotan eragin zuzena dute, eta Nafarroan hontza handiaren harrapakinen artean dagoela ikusi da (Sergio et al. 2005; Donazar 1989).

Kontserbazioa

Mundu mailan ez dira miru beltzaren populazioen joerak zehaztu, baina beherakadatik urrun daudela uste da (BirdLife International 2008). Hori dela eta, mundu mailan “Arrisku txikian” bezala sailkatuta dago. Europa mailan, ordea, beherakada nabaria jasan du, eta horregatik zaurgarri kontsideratzen da (BirdLife 2004). Espainiar estatuan “ia mehatxatua” bezala sailkatu da bikote ugalkorren kopurua txikiegia delako (Blanco & Viñuela 2004, Madroño et al. 2004). Halere, azkeneko datuek egoerak hobera egin duela erakuts lezakete, beraz “datu falta” kategorian sailkatu beharko litzatekeela babesten dute ikerlari askok (Palomino 2009).

Mehatxuen artean honakoak aipatu daitezke: pozoiak, elektrokuzioak, erraustegiek jaurtitako gas toxikoak… (Pastor et al. 2001; Blanco & Viñuela 2004; Sergio et al. 2005)

Argazkiak

Miru beltza
()
Esteka interesgarriak


Erlazionaturiko artikuluak

Egilea: | Sorrera: 2012/01/02 | Azken eguneraketa: 2013/05/31 | Bisita-kopurua: 3103 | Argazki nagusia: Thomas Kraft

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...