Miru gorria
Milvus milvus

Haizearen indarra baliatuz hegan dotorezia handiz egiten duen hegaztia da miru gorria, abilezia handiz eta ia indarrik egin gabe ordu asko igaro ditzakeena. Bere V itxurako buztanagatik erraz identifikatzen delako eta neguan zeruan ikus dezakegun harrapari bakanetariko bat delako hegazti oso ezaguna da berau.

Milvus milvus

Phyluma
Chordata
Klasea
Aves
Ordena
Accipitriformes
Familia
Accipitridae
Deskribatzailea
Linnaeus (1758)
Estatusa
nt

Deskribapena

Miru gorriak 61-72 cm bitarteko luzera eta 140-180 cm arteko hego-zabalera duen hegazti harraparia da (Forsman 1999; Svensson et al. 2010). Hego eta buztan luzeak dauzka, eta hegakera dotorea du, kometa bat bailiran (hortik datorkio kite ingelesezko izena) buztana etengabe biratzen duen bitartean. Gainera, V itxurako buztana, lumadi gorrixka eta burua grisa du (Forsman 1999; Ferguson-Lees et al. 2001; Svensson et al. 2010). Ezaugarri horiei erreparatuz gero ez dago beste espezieekin nahasterik.

Esan bezala, lumadia gorrixka da (buztanaren goiko aldean eta sabelaldean nabarmena da) eta hegoen alde bentralean bi panel txuri dauzka. Gazteek, ordea, kolorazio apalagoa dute eta hegoen estal-lumen puntak txuriak direnez hegoen erdialdean zeharkako marra argi bat ikus zatzaieke (Svensson et al. 2010).

Antzeko espezieak

Miru beltza
Milvus migrans

Miruen berezko ezaugarria da buztanaren V itxura, bai miru beltzarena bai eta miru gorriarena ere. Ordea, buztaneko sargunea handiagoa da miru gorrian, V itxura sakonagoa duela alegia, eta berau buztana zabal-zabalik duenean ere ikusten zaio. Gainera, kolorazioa ere desberdina dute.


Arrano txikia
Aquila pennata

Arrano txikiaren fase argiarekin (ohikoena) ez dago inolako arazorik. Baina arrano txiki batzuek miru gorriaren antzeko kolorazioa dute (fase iluna) eta kasu horietan nahasmenak egon daitezke. Gogoratu miru gorriak buztanean V itxura duela eta arrano txikiak sorbaldan bi orban argi dauzkala (zuzenean datorkizunean oso argi ikusten dira, kotxe bateko argiak bailiran).

Kantua

Zapelatzaren antzeko txistu gozo bat egiten du, gora eta behera egiten duten notez lagunduta: uii-uuh, ii uu ii uu ii uu modukoa.

Banaketa

Palearktikoaren mendebaldeko hegaztia da miru gorria eta munduko populazioaren % 90 Alemanian, Frantzian eta Espainian bizi da (Forsman 1999; Ferguson-Lees et al. 2001). Euskal Herrian penintsulako populazio ugaltzaileetako bat dago, Nafarroan batez ere (SEO/BirdLife, interneten).

Europako iparraldeko miru gorriek baino ez dute migratzen, eta hibernatzera batez ere penintsulara etortzen dira. Gainontzekoak sedentarioak dira eta mugimendu dispertsiboak egiten dituzte soilik (SEO/BirdLife, interneten).

Milvus milvus Milvus milvus

Garaia

Gurera irailean hasten dira iristen (gehienak urrian eta azaroan datoz).

Habitata

Baso eta eremu irekien arteko mosaikoetan bizi da (Cramp & Simmons 1980). Euskal Herrian zekale-sailen eta soroen inguruak hobesten ditu, bertan etengabe bere elikagaiak bilatzen dituelarik (Viñuela et al. 1999).

Neguan habia basoen ertzetako zuhaitzetan nahiz zuhaitz isolatuetan egiten dute. Hauek espezie eta tamaina desberdin askotakoak izan daitezke (Cramp & Simmons 1980). Ugal-garaitik kanpo hamarnaka ale batzen dira zuhaitz berean lo egiteko.



Habitat bereko espezie gehiago

Pipistrellus kuhlii
Microtus duodecimcostatus
Passer domesticus
Circaetus gallicus
Turdus philomelos
Ciconia nigra
Asio otus
Turdus merula
Falco peregrinus
Milvus migrans
Falco tinnunculus
Alauda arvensis
Lepus europaeus
Luscinia megarhynchos
Galerida cristata
Crocidura russula
Pyrrhocorax pyrrhocorax
Jynx torquilla
Athene noctua
Suncus etruscus
Myotis blythii
Buteo buteo
Neophron percnopterus
Rhinolophus hipposideros
Tyto alba
Aquila chrysaetos
Aglais urticae
Ardea cinerea
Pica pica
Miniopterus schreibersii
Plecotus austriacus
Mus spretus
Micromys minutus
Tadarida teniotis
Mus musculus
Pipistrellus pipistrellus
Lanius senator
Oryctolagus cuniculus
Eptesicus serotinus
Anguis fragilis


Elikadura

Bere hegoen morfologiak hegaldi luzeak egitea bermatzen dio, sarraskiak edo harrapakin errazen bila (tamaina txikiko animaliak edota ale gazte nahiz gaixoak): mixomatosia duten untxiak, txori gazteak, anfibioak, narrastiak, ugaztun txikiak (Viñuela et al. 1999, SEO/BirldLife interneten). Izan ere, ehizarako gaitasun txikia du espezie honek, baina eragozpena izan zitekeen hori dieta zabal eta generalista batekin konpentsatzen du (SEO/BirdLife, interneten). Hori dela eta, zabortegien eta hiltegien ingurua miatzen dute, bai eta errepideetan zehar ere.

Ugalketa eta ontogenia

Espezie honek bikoteak udaberriaren hasieran osatzen ditu. Horretarako hegaldi ikusgarriak egiten dituzte, bata bestearen atzetik akrobaziak eginez eta kantuan (Ferguson-Lees et al. 2001). Gorteiuaren ondoren habi berria egiteari edo zaharra konpontzeari ekiten diote eta horietan 1-5 arrautza erruten dituzte. 30 bat egunez inkubatu eta gero, emeak 14 egunetan arrak eramandako elikagaiekin bazkatzen ditu. Gero elikagaiak bi gurasoek bilatzen dizkiete ale gazteei, eta 45-50 egunen buruan habitik lehendabiziko irtenaldiak egiten dituzte. Halere, aste batzuk gehiago pasa arte ez dira elikagaiak euren kabuz bilatzeko gai (SEO/BirdLife, interneten).

Bizimodua

Ugal garaian bikoteak osatzen badituzte ere, oso espezie soziala da, ugal garaitik kanpo lotarako kolonia handiak osatzen baitituzte (Viñuela et al. 1999; SEO/BirdLife, interneten).

Espezieen arteko elkarrekintzak

Baliteke miru gorri eta miru beltz populazioen artean lehia egotea, edota beste hegazti harrapari batzuek miru gorria beste area batzuetara mugatzea (Viñuela 2004).

Kontserbazioa

IUCN erakundeak mundu mailan “ia-mehatxatuta” sailkatzen du miru gorria, populazioak gainbehera azkarrean daudelako, hegoaldeko populazioak batez ere. Halere, iparraldeko populazioek hegoaldekoak indartzeko gai omen dira eta, horregatik, ez da kategoria larriagoren baten barnean sailkatzen. Bestalde, Hegaztien 79/409/CEE Zuzentarauan eta CITES, Berna eta Bonn hitzarmenetan jasotzen da.

Espainiako Hegaztien Liburu Gorriak “mehatxatuta” kategorian sailkatzen du, eta Mehatxatutako Espezieen katalogoan “Interes Bereziko” espeziea da. Nafarroako eta EAEko katalogoetan espezie hau “zaurgarria” eta "kaltebera " kontsideratzen da, hurrenez hurren.

Europako populazioa oso ezezaguna da, 9.000 eta 25.000 bikote artekoa dela estimatzen da (Rheinwald 1993, Mebbs 1995, Viñuela & Ortega 1999). Espainiako populazioaren inguruan ere datu asko falta dira, baina 3.300-4.100 bikotetik (1994) 1.900-2.700 bikotera (2001) jaitsi omen da (Viñuela 2004). Nafarroan 270-300 bikote eta EAEn 35-45 bikote daudela estimatzen da (Viñuela 2004).

Esan bezala, beherakada itzela jasaten ari den espeziea da miru gorria. Hainbat ikerlariren ustez horren arrazoiak honakoak dira: pozoiaren erabilera ehiza-espezieen predatzaileak kontrolatzeko, jazarpen zuzena (kolonietan daudenean tiroz), habitataren galera eta eraldaketa, elektrokuzioak… (Viñuela 2004).

Argazkiak

Miru gorria Urkulu mendiaren inguruan
( 2013/05/06 )
Esteka interesgarriak


Egilea: | Sorrera: 2012/02/08 | Azken eguneraketa: 2013/05/31 | Bisita-kopurua: 2683 | Argazki nagusia: Martin Eager

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...