Arrano txikia
Aquila pennata

Arrano honen ezaugarri bereizgarrietako bat bere neurri ertain edo txikia izatea da. Hego luzeak eta isats luze edo ertaina du. Lumadun tartsoak ditu eta kolorazioari dagokionez hainbat fase agertzen dira. Basodun zonaldetan aurkitzen da baina honek sastrakadiarekin edo argiuneekin tartekatua izan behar du, eta ez da inoiz sarraskiz elikatzen (Brown eta Amadon, 1968).

Aquila pennata

Phyluma
Aves
Klasea
Chordata
Ordena
Accipitriformes
Familia
Accipitridae
Deskribatzailea
Gmelin (1788)
Estatusa
lc

Deskribapena

Hiru kolorazio fase ditu: argia, iluna eta tartekoa (arraroa) (Díaz, 2006); ohikoenak argiak dira (Cramp eta Simmons, 1980). Fase argiak, azpialdeko luma estalgarriak, zuriak eta puntu beltzez zipriztinduak ditu. Arrek, puntu hauek markatuagoak eta ilunagoak dituzte. Begiaren azpiko orban arre-beltzaxka batek eztarri zuria inguratzen du. Isatsa gris-arrexka da azpitik begiratuta eta kolore ilunagoko amaiera du. Erremigeak guztiz beltzaxkak dira barnealdeko primarioak kenduta, horiek argiagoak baitira azpitik begiratuta. Lepoaren alde bietara dituen banda zuriak ere bereizgarriak dira, ondo ikusten dira erasotzera doanean (Porter, 1994). Gaztetxoak helduen berdinak dira, azpialdean duten kolore gorrixkagoa, eta kokotean eta pileoan duten tonalitate marroi argia kenduta.

Beste hegazti harrapari askotan bezala dimorfismo sexuala nabaria da, emea arra baino %10 handiagoa baita (Cramp eta Simmons, 1980). Arrak lirainagoak eta finagoak dira, eta tartso argal eta luzeagoak dituzte; honek enarak, sorbeltzak, sugandilak... ehizatzeko aukera ematen die. Emeak astunagoak direnez harrapakin handiagoak dituzte: untxiak... 110-135 cm-ko hego-zabalera eta 40-55 cm-ko luzeera dute (Mullarney, 2003), eta emeek 700 g inguru pisatzen dute eta arrek 1000 g inguru (Oliveros Calvo, 2008).

Banaketa

Mundu mailan Europa hego-mendebaldetik eta Afrika ipar-mendebaldetik hasi eta Asia erdialderaino orban ugaritan banatzen da (Cramp eta Simmons, 1980). Afrikan, Sahara hegoaldean, Asia hegoaldean, eta bereziki Indian negutzen du (Cramp eta Simmons, 1980). Berezitasun gisa, El Cabo probintzian (Hegoafrika) eta Namibian ere ugaltzen da (Kemp eta Kemp, 1998).

Europan banaketa disjuntua du; mendebaldean Iberiar Penintsulan eta Frantzian banatzen da bereziki. Europa erdialdeko populazioak txikiak dira eta bananduta agertzen dira, eta ekialdean herri balkanikotatik aurrera agertzen da berriz (Cramp eta Simmons, 1980).

EAEn uren mugalerroetako haitz-lerrotan agertzen da (Gorobel, Gorbeia, Urkiola, Elgea), eta Arabako eskualde subkantabrikoan.

Garaia

Migratzaileak direnak gurera martxoaren erdialdean iristen dira, eta irailean alde egiten dute berriro ere.

Habitata

Arrano txikiaren kasuan, habia egiten duen eta defendatzen duen lekuaren eta ehizarako erabiltzen duen gunearen artean bereizi behar da. Kumatze-areari dagokionez ezin da basoko espezie tipikoa denik esan (Pagan et al, 2004). Iberiar penintsulan baso-habitat mota askotan agertzen da, baina paisaia mosaikoa izateko baldintzarekin (Sánchez-Zapata eta Calvo, 1999). Baso txikitan egin dezake habia, baina zuhaitz-masa handiak hautatuko ditu aukera izatekotan (Suarez et al, 2000). Iberiar Penintsulako leku desberdinetan, zenbait espezieko basotan agertzen da. Zuhaitz estalduraren portzentajea, eta basoaren eta nekazaritza-zonen arteko habitat-kantitatea indikatzaile onak dira arrano txikiaren populazioaren dentsitatea estimatzeko (Sánchez-Zapata eta Calvo, 1999).



Habitat bereko espezie gehiago

Picus sharpei
Dendrocopos major
Jynx torquilla
Bubo bubo
Pyrrhocorax pyrrhocorax
Martes foina
Microtus duodecimcostatus
Rattus rattus
Sciurus vulgaris
Chalcides bedriagai
Otus scops
Lepus europaeus
Dendrocopos minor
Blanus cinereus
Fringilla coelebs
Troglodytes troglodytes
Alauda arvensis
Caprimulgus europaeus
Crocidura russula
Galerida cristata
Pipistrellus kuhlii
Asio otus
Vulpes vulpes
Vanessa atalanta
Anguis fragilis
Tyto alba
Colias croceus
Sus scrofa
Aquila fasciata
Ardea cinerea
Buteo buteo
Neophron percnopterus
Rhinolophus hipposideros
Pipistrellus pipistrellus
Mus musculus
Apodemus sylvaticus
Suncus etruscus
Oryctolagus cuniculus
Cervus elaphus
Dama dama
Plecotus austriacus
Lanius senator
Aquila chrysaetos


Elikadura

Dieta, oro har, hegazti, narrasti eta ugaztunetan oinarritzen da, baina intsektuak ere ager daitezke (Cramp eta Simmons, 1980). Iberiar Penintsulan duen kokapenaren arabera, aurrekoen proportzioak aldatzen dira (Nevado et al, 1988; García-Dios, 2006). Gereziondo eta olibondo ugariko ingurutan nekazariei kalteak eragiten dizkien hainbat espezie ehizatzen ditu: zozoa, arabazozoa, enara, korbidoak... Habitat degradatuetan untxia ez den beste espezie batzuk ehizatzera espezializatu da, eta ondorioz bere populazioak beste harrapari batzuenak (zapelatza, aztorea, miru gorria...) baino konstanteago mantendu dira. Beste harrapari batzuk ere ehiza ditzake: belatz gorria, hontza zuria, gabiraia, aztorea... Dietan desberdintasuna dago bi sexuen artean, dimorfismo sexualagatik seguruenik; biek ugaztun eta hegazti handi kopuru antzekoa ehizatzen badute ere, arrek hegazti txiki, txito eta narrasti gehiago ehizatzen dute (Martínez eta Calvo, 2005).

Ugalketa eta ontogenia

Migraziotik bueltan, sarri aurreko urteko habia berera itzultzen dira, baina portzentajea batek aldatu egiten du; aurreko urteko kumaldiaren arrakastaren araberako da hau, eta honetan faktore garrantzitsua da beste harrapari batzuen hurbiltasuna (aztorea, zapelatza...) (Pagan et al., 2004), eta habia haranen hegaletan egiten duteneko kasuetan: haranaren zein hegaletan kokatzen den habia eta baso-masa hurbilenarekiko distantzia (Martinez et al., 2006b).

Errute-garaia heldu ahala haraldiko hegaldiek hartzen dute protagonismoa; kumatze-lekuan hegaldi sinkronizatuak egiten dituzte, eta hegaldi hauek askotan kopularekin amaitzen dira baso barruan. Errutearen aurreko garaian kopulak maizago egiten badituzte ere, inkubazio garaian ere egiten dituzte eta baita txitoen bizitzako lehen asteetan ere (Iribarren eta Rodriguez Arbeloa, 1988).

Habia zuhaitzetan egiten dute normalean, eta pinuak hautatzen dituzte bereziki. Normalean bi arrautza jartzen dituzte errunaldiko, baina hirukoak ere aurkitu dira (Cramp eta Simmons, 1980). Apirilaren amaiera aldera erruten dute eta ekainaren hasiera aldera jaiotzen dira txitoak (Iribarren eta Rodriguez Arbeloa, 1988). Espezie honetan senide-hiltze kasuak ematen dira janari eskasia dagoenean, kume indartsuenak jaten duelako guztia eta baita indartsuak ahula erasota ere; kume hila biziraun duenarentzako elikagaia izango da (Simmons, 1988).

Bizitzako lehen hiru asteetan emeak bere denboraren %80-100 pasatzen du kumeen ondoan (García Dios, 2005). Lehenengo asteetan harrapakin txikiak ekartzen ditu arrak, horrela kumeek hezurdun zatiak irentsi ahal izan ditzaten beren eskeletoa garatzeko. 20 egunetik aurrera kumeak hasten dira harrapakinei zatiak erauzten (Iribarren, 1975). 30-35 egunera eskeletoa garatua dute eta 40 egunera lumajea ere bai. 45 egunera arrak eta 47ra emeak adarretan ibiltzen hasten dira eta 50-54 egunera lehen hegaldiak burutzen dituzte. Nahikoa elikatuak izan diren kumeen kasuan, gurasoek utzi egiten dituzte ibiltzen eta lehen hegaldiak egiten hasten direnean (Díaz, 2006); emeak umeen zaintzan galdutako energiak berreskuratzera joango dira. Bizi-itxaropena berreskuratu diren banako markatuen adinarekin estimatu da eta 14 urte ingurukoa da (García Dios, 2004).

Bizimodua

Espezie migratzaile transahariarra da (Cramp eta Simmons, 1980), baina badira migratzen ez dute populazioak ere. Iberiar Penintsulakoek  Gibraltarko itsasartean zehar migratzen dute (Crampeta Simmons, 1980).

Lurraldekoiak dira. Behin habia-leku definitiboa hautatuta hasten dira hegaldi lurraldekoiak eta habiaren konponketak egiten. Hegaldiak arrek egin ohi dituzte, mugimendu jakin batzuekin eta kantu lurraldekoiez lagunduta (Iribarren eta Rodriguez Arbeloa, 1988). Arrak hegaldiak egiten dituen bitartean emeak habia egiten du, honetan parte gutxiago hartzen du arrak. Arraren eginkizun nagusia lurraldea zaintzea eta emeari janaria eramatea da.

Bikote helduak sarri berriztatzen dira, eta hau helduen heriotza-tasa altuaren adierazle izan daiteke (Díaz, 2006). Espezie soziala da eta gazteetan txitoen zaintzan bikote ugaltzaileei laguntzen dieten banakoak ikusi dira (Díaz, 2006). Beraien habian beraienak ez diren kumeak sartzen badizkiete ere inolako arazorik gabe elikatzen dituzte lehen momentutik.

Espezieen arteko elkarrekintzak

Ez da lehia intraespezifikorik ematen, lurralde berean bikote ugaltzaile bat baino gehiago ere aurki daitezke (Martínez, 2002). Zapelatza (Buteo buteo) eta aztorearekin (Accipiter gentilis) lehiatzen du habiagatik. Aztorearekin elikagaiengatik ere lehiatzen du, nitxo trofiko bera betetzen baitute (Sánchez-Zapata eta Calvo, 1999).

Beste animalia batzuk ere erabil dezakete arrano txikiaren habia, Pipistrellus kuhli saguzarra ikusi izan da lotarako erabiltzen (Jones eta Máñez, 1989).

Harrapariei dagokienez, kumeak, aztoreak eta urubiak (Strix aluco) ehiza ditzake. Helduak berriz hontza handiak (Bubo bubo) ehizatzen ditu inkubatzen ari direnean (García Dios, 2005).

Iberiar Penintsulan Craspedorrynchus pennati malofagoa behatu zaie parasitatzen (Gallego et al., 1987) eta Menorcan hepatitis birikodun banako bat aurkitu da (Ramis et al., 1994). Kumeen kasuan, Tietarko haranean (Avila) kaparrak eta malofagoak behatu zaizkie (García Dios, 2005).

Kontserbazioa

Europan, EAEn bezala “arraroa” kategoria ematen zaio, eta Espainian “interes berezikoa”.

Bere mehatxu faktore nagusia habitataren suntsipena da baso ustiapenagatik, suteengatik edo eraikuntzagatik (Díaz, 2006). Horietatik batzuk murriztu diren arren, beste faktore garrantzitsu batzuk honako hauek dira: ehiza (De Juana, 1989), habien espoliazioa (Díaz, 2006), elektrokuzioak (Díaz, 2005), pista berrien eraikuntza (Jubete, 1997), baso-jarduera habien inguruan (Díaz, 2005, 2006) eta gizakien lardaska (Díaz, 2006). 

Esteka interesgarriak


Erlazionaturiko artikuluak

Egilea: Iñaki Odriozola eta Garikoitz Perurena | Sorrera: 2012/01/02 | Azken eguneraketa: 2014/08/20 | Bisita-kopurua: 2902 | Argazki nagusia: Stephen Daly

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...