Lurpeko sugea
Blanus cinereus

Oligoketo itxurako iberiar espezie endemiko hau izenez sugea bada ere, ebolutiboki ez da ofidioekin (sugeekin) batera sailkatzen, ez baitu ageri gertuko ahaidetasunik. Honela bada, lurpeko bizimodura doitzeko bidean gorputzadarrak galdutako narrasti talde ezberdin baten baitan sailkatzen da, Amphisbaenidae.

Ikuspuntu zoogeografiko batetik begiratu bat emanez gero, emigratzaile afrikar gisara hartzen da lurpeko sugea. Honen froga, Iberiar penintsula hegoaldeko Pleistozeno garaiko zenbait aztarnategitan aurkitu diren fosilak dira.

Blanus cinereus

Phyluma
Chordata
Klasea
Vertebrata
Ordena
Squamata
Familia
Amphisbaenidae
Deskribatzailea
Vandelli, 1797
Estatusa
lc

Deskribapena

Suge izenari jarraiki, gorputz zilindriko eta luzanga du, eraztun forman paratutako ezkata laukiz estalia eta, noski, inolako gorputzadarrik gabea. Burua txikia eta trapezoidala da, gorputzarekiko gutxi ezberdintzatua eta muturraldea, berriz, borobildua. Burua zimur itxurako ildo transbertsal batek banatzen du gorputzetik. Oinarrizko edo hondoko kolorazioa aldakorra da, hasi tonu biolazeo batetik eta marroiraino. Sabeladea argiagoa da. Isatsa laburra da oso eta poro aurre-kloakalak ageri ditu. Banako partzialki albinoak ere zitatu izan dira.

Zazpi hortz premaxilar, lau maxilar eta zazpi mandibular dituzte. Larrua azalaren muda behin bakarrik burutzen dute, ofidioek bezala. Ikusmena bestigiala (oinarrizkoa) da, gutxi garatua, eta zentzumenei dagokienez usaimenak eta entzumenak hartzen dute garrantzia. Dimorfismo sexualik ez da ageri, naiz eta tamainari dagokionez, arren buru eta gorputzak 254 mm inguru neurtu ohi dituen luzetara, emeak 235 mm izatera iristen direlarik batez beste.

Askok hala uste badu ere, lurpeko sugea ez da inolaz ere animalia arriskutsua gizakiarentzat. Ez du pozoirik.

Banaketa

Iberiar penitsulako narrasti espezie esklusiboa da lurpeko sugea eta espezie endemiko bezala dago deskribatua, Afrika iparraldean dauden antzeko populazioak beste bi espezie berritan sailkatuak izan baitira. Iberiar penintsularen erdialdean eta hegoaldean da ugari, hots, zonalde mediterraneoan. Eremu bioklimatiko eurosiberiarretan berriz, hau da, iparralde heze osoan zitazio oso gutxi egin direlarik eta leku askotan banako bakar bat ere ez aurkitu.

Euskal Herrian, beraz, banaketa klima mediterraneodun gune batzuetara mugatzen da, zehazki, Nafarroa hegoaldekoak direlarik egin diren zitazio apurrak. Itxuraz ugaritasun txikia du, beraz,  espezie arrarotzat hartzen da gure herrian.

Dena dela, banaketa geografikoaren inguruan dagoen jakintza nahiko urria dela esan beharra dago. Izan ere, suge honen izaera kripitikoa eta lurpeko bizimodu nahiko hertsia direla tarteko, ezin izan da ugaritusun erlatiboaren eta populazioen banaketaren ganorazko informaziorik sortu. 

Blanus cinereus Blanus cinereus

Habitata

Espezie termofiloa izaki, Iberiar penintsulako ekosistema mota askotan bizi da, esklusiboki klima mediterraneoari lotuta. Hezetasun gutxiko gune epeletara lotuta bizi da, harri azpitan babestu ohi delarik, izaera karstikoa zein granitikoa duten lekuetan. Lehentausuna erakutsi du orbelez estalitako lur areatsuengatik, errazagoa baita bertan zuloak egin eta industea. Aldi berean, lurzoru bustintsuagoak ez ditu gogoko. Nekazal jarduerapean dauden lurzoruak ez ditu gogoko, humus geruza finegia baitaukate.

Artez (Quercus ilex), ipuruz (Juniperus sp.), haritzez (Quercus  sp.) nahiz pinuz (Pinus sp.) osatutako baso eta sastrakadi mediterraneotan bizi da. Belardiak eta, orokorrean, landare belarkarak saihestu egiten ditu, lurpeko bizimodua zaildu egiten baitute. Itsas mailatik hasi eta 1800 m-ko altuera tartean bizi da, 200-1000 m bitartean delarik ugarien.



Habitat bereko espezie gehiago

Dendrocopos minor
Troglodytes troglodytes
Canis lupus
Erithacus rubecula
Luscinia megarhynchos
Fringilla coelebs
Crocidura russula
Caprimulgus europaeus


Elikadura

Sustratuan, harri azpitan edo orbel artean babestuta bizi diren intsektuez elikatzen da geihen bat. Edonola, harrapari generalista samarra denaren frogarik ere badago eta intsektuen larbez, inurriz, kakalardoz, armiarmaz eta beste hainbat artropodoz elikatzen dela badakigu. Gutxi batzuetan sugalindak ere ehizatzen ditu.

Ugalketa eta ontogenia

Udaberrian ugaltzen da, martxotik ekainera artean eta estalketak apirilean eta maiatzean gertatzen dira. Errunaldi bakarra dute, bat edo bi arrautzakoa. Arrautza bakoitzak 3 cm-ko luzeera eta 0,5 cm-ko zabalera izan ohi du batezbeste eta lurrean, errundako leku berean, bertan behera uzten dituzte.

Bizimodua

Bizi ohitura guztiz lurpekoak ditu, oso arraroa delarik lur azalean ikustea. Harri azpitan eta lurpean, sakonera txikian beti ere, eta udaberri nahiz uda garaian da aktibo. Leku epelenetan otsailetik azaroraino ere luzatu daiteke suge honen aktibitatea. Egunez bizi da, baina udako gauetan ere aktibo ager daiteke.

Gorputzeko tenperatura balio optimoetan mantentzeko sustratu barneko mugimendu bereziak egin eta tamaina ezberdineko harriak aukeratzen ditu.

Espezieen arteko elkarrekintzak

Zenbait kordatu iberiarren harrapakina da lurpeko sugea, hauen artean hainbat narrasti espezie (Lacerta lepida, Macroprotodon brevis, Malpolon monspessulanus, Vipera latastei) ugaztun batzuk  (Genetta genetta, Vulpes vulpes, Sus scrofa, Eliomys quercinus) eta baita hegazti jakin batzuk ere (Buteo buteo, Milvus milvus, Lanius excubitor). Esan bezala, gauza jakina da S. scrofak (basurdea) lurpeko sugea jaten duela eta gainera, ugaztun hau Iberiar penintsulan ugaritzen ari denez, denborarekin gehiegizko predazio presioa arazo bilakatu daitekeenaren susmoa dago. Hala ere, uste bat besterik ez da, ez baita ondo ezagutzen elkarrekintza honek ekologikoki duen garrantzia.

Harrapakaritzarekiko babes tresna nagusia portaera da, ihesari ekiten baitio arriskuan dagoenean. Arruntena lurpeko zulo eta galeriatan barna ezkutatzea bada ere, beste batzuetan, arrama txiken inguruan kiribilkatzen da.

Kontserbazioa

Ez da ezagutzen espezie honen banaketa eremuaren hedapen edo murrizpen bilakaerarik gertatzen ari ote den ala ez. Honenbestez, eztabaidagarria da egun dagoen informazioa nahikoa errepresentatiboa den espeziearen banaketa eremua mugatu, ugaritasunaren inguruko datuak eman eta kontserbazio egoeraren araberako sailkapenik egiteko. Guzti hau, lurpeko bizimoduaren eta izaera kriptikoaren ondorio da, asko zailtzen baitu lana. Zorionez, honek berak, edonork aurkitua izatea zailtzen du eta kontserbazioaren alde egiten.

Edozein kasutan, iturri ezberdinen arabera, ez dirudi mehatxupean dagoen espeziea denik, populazio handiak dituela baitirudi. Hala ere, gune batzuen etengabeko urbanizazioak eta nekazaritzak habitat suntsipena dakar. Era berean, zenbait gune mediterraneotan eman den kutsadura edafikoak ere espezie honen populazioetan eragin negatiboa izan duela uste da.

Kontserbazioa lagunduko duten neurriak proposatu ahal izateko, komenigarria litzateke lehenik ikerketa gehiago egin eta lurpeko sugearen biologiaren inguruko informazio gehigo sortzea. Edozein kasutan, ugarien den guneak kutsaduratik, nekazal jarduerengatik eta urbanizaziotik babestea komenigarria litzateke, jada proposatu izan direlarik habitat kontserbazioaren ikuspuntutik lantzeko proiektuak.

Espainiako espezie mehatxatuen katalogoan aipatuta dago eta Habitat babeserako 92/43/CEE arteztarauak zein Bernako hitzarmenak babesten dute maila legalean.

Esteka interesgarriak


Egilea: | Sorrera: 2013/02/14 | Azken eguneraketa: 2014/08/20 | Bisita-kopurua: 1203 | Argazki nagusia: Biodiversidad Aragonesa

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...