Baso hauek klima mediterraneoetan eratzen dira, negu epel, uda lehor eta udazken eta udaberri euritsuak dauden lekuetan, hain zuzen. Ondorioz, begetazioa xerofiloa da, udako lehorteak jasateko prestatua.
Suak paper garrantzitsua jokatzen du baso hauen dinamikan eta hori dela eta, bertako espezieek mekanismo ugari garatu dituzte suteetara moldatzeko (enbor-azal lodiak, berriro hazteko gaitasun handia...).
Euskal Herrian habitat hau Kantauriar Mendikateko hego magalean hasten da eta Nafarroako hegoalderaino zabaldu. Sastrakadiak giza aktibitatearen ondorioz sor daitezke edo asalduraren baten ondorioz garatutako komunitate iragankorra izan daitezke.
Izenak dioen moduan, landaredi nagusia sastrakadia da, zuhaixka txiki eta arantzatsuak nagusitzen direlarik bertan. Hauen argiguneetan landare aromatikoak haz daitezke, baita belarkarak eta landare geofitoak ere. Espezie nagusiak endalaharra, txorbeltza, gartxuak, txara, erromeroa eta ezkaia dira.
Faunari dagokionean, sastrakadi mediterraneoak txori espezie txiki askorentzat bizitoki ezinhobea dira, alde batetik zuhaixka hauetako askok fruitu jangarriak ematen dituztelako eta bestalde, intsektu asko erakartzen dituztelako. Gainera, sastrakadien egitura trinkoak ezkutaleku apropos bilakatzen ditu ugaztun txikientzako ere.