Orkidea erraldoia
Barlia robertiana

Espezie eder hau Europako eskualde mediterranearrean nahiko arrunta den arren, Euskal Herrian 'Galzorian' bezala katalogaturik dago, populazio bakarra ezagutzen baita Muskiz eta Zierbena arteko 'Playa de la Arena' delakoan. Dunetan hazten den espeziea da eta ziurrenik, Euskal Herrian landarerkik mehatxatuena izango da, ez baitu inongo babesik hondartza horretan eta gizakiek eta hauen txakurrek eragindako asaldurez gain, espezie exotiko inbaditzaileek konpetentzia handia eragiten diote. Errotari elkarte mikologikoaren arabera, populazio horrek ale bakarra zuen 2011. urtean.

Barlia robertiana

Dibisioa
Magnoliophyta
Klasea
Liliopsida
Subklasea
Liliidae
Ordena
Orchidales
Familia
Orchidaceae
Deskribatzailea
(Loisel.) Greuter
Estatusa
ne

Morfologia

Landare belarkara iraunkor eta autotrofoa da. Bi tuberkulu oboide eta sasil ditu eta hauetatik aurrera zurtoinak garatzen dira. Zurtoinak tenteak dira, 80 cm-rainokoak, zurrunak, lodiak eta oinarrialdean ezkata inguratzaileak dituzte.

Hostoak

5-10 hosto izaten ditu, neurriz 40-11,5 cm-rainokoak direnak. Formaz obatuak edo eliptikoak dira eta mutur zorrotza eta mukroiduna dute. Goikaldeko hostoak brakteiformeak dira eta txikiagoak.

Loreak

Loreak sesilak dira, erresupinatuak, eta buruxka moduko infloreszentzia brakteatuetan batzen dira. Infloreszentzia hauek zilindrikoak dira, 20 cm-rainokoak, eta oso modu pilatuan dauden 11-45 lore izaten dituzte.

Periantoaren kanpoko piezak, sepaloak, zabalki lantzeolatuak dira, glabroak eta purpura kolorekoak, orbainekin barrualdean. Albo- eta erdi-sepaloak, albo-petaloekin batzen dira galea deituriko egitura sortoz. Albo-petaloak lantzeolatuak dira, glabroak, arrosa kolorekoak, eta orban purpurak izaten dituzte.

Labeloa 12-18 x 9-11 mm-koa da, ertza ondulatua du eta 3 lobulutan banaturik dago. Alboetako lobuluak erdikoa baino txikiagoak dira (erdikoa 9 mm-rainokoa) eta gainera, erdi-lobulua bi azpi-lobuluetan banaturik dago.

Espoloi motza du, konikoa eta zuzena, 3 mm-rainokoa eta nektarrik gabea, ahoaldean bi gandor longitudinal dituena.

Obarioa inferoa da, glabroa, 14 mm-rainokoa, eta estigma zabal baino luzeagoak dituena. Errosteloa trilobulatua da eta ginostemoa (androzeoaren eta ginezeoaren piezen baturaz sortutakoa) luzea, tentea eta glabroa da. Antera oboideak ditu, polinio berde eta kaudikula horiekin.

Fruituak

Fruitua 20 mm-rainoko kapsula da, tentea, eta 6 sahiets ditu, barnean hazi lau eta erretikulatuak gordetzen dituztenak.

Banaketa

Europako hegoaldean aurki daitekeen landarea da eta Iberiar Penintsulan ere nahiko ohikoa den arren, Euskal Herrian soilik Bizkaian agertu da, Muskiz eta Zierbena artean dagoen 'Playa de la Arena' delakoan.

Barlia robertiana Barlia robertiana

Habitatak



Habitat bereko espezie gehiago

Taraxacum officinale
Txikoria-belarra, Sorgin-belarra edo Mando-belarra
Ligustrum vulgare
Arbustu arrunta, Karraskiloa
Viburnum lantana
Andura, Marmaratila, Zimindurra
Crataegus laevigata
Hegoaldeko elorri zuria
Crataegus monogyna
Iparraldeko elorri zuria


Ekologia

Espezie mediterranearra da, sastrakadi, larre eta basoetako gune irekietan hazten dena baina ohikoa da ere dunetan hazten ikustea (Euskal Herriko populazio bakarra dunetakoa da), itsas mailatik 1100 metrora. Argi asko dagoen lekuetan hazten da baina itzala ere ondo jasaten du. Oso tenperatura beroak behar ditu baina tenperatura aldaketak ere ondo jasan ditzake. Lurzoru lehorretan hazten da, basikoetan (pH 5,5-8), eta nitrogenoetan txiroak direnetan.

Fenologia

Otsailetik maiatzera loratzen da eta fruituak uda hasieran heltzen dira.

Kontserbazioa

Euskal Herrian populazio bakarra deskribatu dela eta, 'Galzorian' bezala sailkaturik dago Espezie Mehatxatuen EAEko katalogoan. Populazio honen jarraipena egin da 1993. urteaz geroztik eta bizi-itxaropena ez da oso ona: jendeak loreak maiz mozten ditu eta txakurrek, hazten direneko hondarra maiz asaldatzen dute. Gainera, hauen inguruan beste zenbait landare exotiko inbasore hazten dira. Errotari Elkarte Mikologikoaren arabera, 2011. urtean ale bat baino ez zegoen Muskizeko 'Playa de la Arena' delakoan.

Esteka interesgarriak

Egilea: | Sorrera: 2012/06/11 | Azken eguneraketa: 2014/09/08 | Bisita-kopurua: 1833 | Argazki nagusia: Federico Crovetto

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...