Retama sphaerocarpa

Arantzarik gabeko zuhaixka da. Adarrak berdeak ditu eta lore hori txiki ugari luku erako infloreszentzietan. Klima mediterranearretan hazten da eta tokian tokiko erabilerak eman zaizkio. Euskal Herrian oso populazio gutxi daudenez, ez da oso erabilia izan, baina Iberiar penintsularen hegoaldeko hainbat tokitan hilezkortasunaren sekretua gordetzen duen landarea kontsideratua izan da. Mitoak esaten duen bezela, sustrai sakonenaren puntan dagon erraboiltxo batean dago hilezkorra izatearen gakoa. Bestelako erabileren artean, ogia egiteko labeak berotzeko eta erratzak egiteko erabili izan da.

Retama sphaerocarpa

Dibisioa
Magnoliophyta
Klasea
Magnoliopsida
Subklasea
Ordena
Fabales
Familia
Fabaceae
Deskribatzailea
(L.) Boiss
Estatusa
ne

Morfologia

2-3 metro lortzen dituen zuhaixka da. Adarrak luzeak, oso malguak, ihi formakoak eta ilegabeak dira, eta tenteak edo igokariak izan daitezke. Kolore berde ilun gisaxka du eta arantzagabea da.

Hostoak

Hostoak bakunak eta txandakatuta dira. Tamainaz oso txikiak dira (1 cm) eta zetakarak edo ilaundunak dira. Forma linear lantzeolatua dute eta erorkorrak dira, oso goiz erortzen dira.

Loreak

Horiak eta oso txikiak dira (5-8 mm), eta 8-15naka alboko luku erako infloreszentzia trinkoetan bilduta daude. Kaliza txikia eta berdea da, eta bi ezpainez osatuta dago; goiko ezpainak bi gingil obal eta zorrotz ditu eta azpikoak hiru hortz luze. Korola orokorrean horia bada ere, noizean behin txuria izan daiteke. Monoadelfikoa da eta estilo harikara eta okertua du.

Fruituak

Globo formakoa edo forma oboidea dituzten lekak dira. 7,5-12 x 5-8 mm-koak dira, mukrio bat dute puntan eta azala lasto kolorekoa eta leuna da. Partzialki deisdenteak dira eta barnean hazi bat izaten dute, kasu gutxi batzuetan bi ere aurkitu daitezke. Hazia, fruituaren barnean aske dago eta fruitua mugitzean lekaren pareta gogorraren kontra jotzean soinua ateratzen du. Haziak elipsoidalak (3,5-5 x 5-8 mm) dira eta azal leuna eta berde ilunekoa dute.

Banaketa

Iberiar penintsulan eta Afrikako iparraldetik zehar hedatzen den espeziea da, klima mediterranearrari lotuta. Euskal Herrian soilik Nafarroako hegoaldeko muturrean topatzen da, Ebroko haranean barrena.

Retama sphaerocarpa Retama sphaerocarpa

Habitatak



Habitat bereko espezie gehiago

Helichrysum stoechas subsp. stoechas
Betibizi, dolda-belar
Viburnum lantana
Andura, Marmaratila, Zimindurra
Ficus carica
Pikondoa
Erica scoparia
Erratz-txilarra


Ekologia

Ezponda eta hegal eguzkitsuetan agertzen da. Espezie xerofiloa da eta neguko hotzak jasateko gai izateaz gain, udarako lehorteei aurre egiteko gai ere bada. Lurzoru silizeo zein kalkareoetan ager daiteke 0-400  metroko altitude bitartean.

Fenologia

Apiriletik uztailera loratzen da, eta fruituak uztailetik irailera garatzen dira.

Erabilerak

Erabilera ugariko espeziea izan da. Euskal Herrian, agertzen diren populazio urriengatik ez da oso erabilia izan, baina ageri den beste toki batzuetan hainbat erabilera izan ditu. Adibidez, Iberiar penintsulako hegoaldean hilezkortasunaren sekretua gordetzen duen landaretzat hartu izan da historian zehar. Mitoak kontatzen duen lez, lur amaren barren barrenera ailegatzen den sustrairik sakon eta finenaren puntan dagoen erraboiltxoan dago hilezkortasuna lortzearen gakoa. Beste toki batzuetan, erabilera mitologikoaz gain, medikuntzan ere erabilia izan da, landarearen azalak duen propietate diuretikoagatik eta arnas-aparatuaren gaitzentzat ona delako. Horretaz aparte, errota eta okindegien labeak berotzeko erabili izan da, eta baita erratzak eta makilak egiteko ere.

Espezieen arteko elkarrekintzak

Sastrakadi oso dentsoak sortzen ditu, batik bat Aragoin, Extremaduran eta Andaluzian, normalean ardi-azienda dauden tokietan. Artadietan seriearen etapa bat da, beraz, degradatutako artadietan ageri ohi da.

Esteka interesgarriak


Esteka interesgarriak

Egilea: | Sorrera: 2014/02/24 | Azken eguneraketa: 2014/10/29 | Bisita-kopurua: 1129 | Argazki nagusia: Maite Lopez de Arbina

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...