Pikondoa
Ficus carica

Duela 5000 urtetatik kultibatua izan den landarea dugu honakoa, 15. eta 16. mendetatik aurrera munduan zehar asko zabaldu dena. Gurean ere oso ezaguna dugu, baserri inguruetan eta asko agertzen baitira Pikondoak.

Ficus hitzak bere latinezko pikondo hitzari egiten dio erreferentzia, eta carica-k, berriz, ziurrenik Caria-ri egiten dio erreferentzia, antzinako Asia mendebaldeko eskualde bati.

Ficus carica

Dibisioa
Magnoliophyta
Klasea
Magnoliopsida
Subklasea
Ordena
Rosales
Familia
Moraceae
Deskribatzailea
Linnaeus
Estatusa
lc

Morfologia

Zuhaitz edo zuhaiska ez oso handia, 8-10 m-koa. Orokorrean oso adarkatua eta adaburu zabal eta irregularrekoa. Zurtoin laburra baina lodia, azal leunekoa, eta kolore grisaskakoa. Adartxo malguekin, berde-arreak, hostoak erortzean usten dizkieten orbain ugarirekin. Latex narritagarri bat sortzen du.

Hostoak

Hostoerorkorrak. Hostoak handiak eta forma bereizgarridunak, ertz borobilduekin, 10-20 cm-takoak, palmatilobatuak (3-7) eta pedizelo handikoak. Ukimenera larrukarak, eta nahikoa latzak. Kolore berde ilunekoak goikaldetik, eta argiagoak eta ile zurrunekoak behekaldetik.

Loreak

Monoikoak dira, nahiz eta funtzionalki dioiko gisa jokatu,  lore unisexualak baitituzte. Infloreszentziak errezeptakulu haragitsu piriforme baten barruan kokatuak, poro apikal batekin, eta pedunkulu motz eta lodi baten gainean kokatuak. Lore emea 5 petalo eta karpelo bakarrekoa, kolore arrosa-txuria. Lore arra, 3 sepalo eta 3 estaminerekin.

Fruituak

Uda bukeran, heltzean, loreak kokatzen diren errezeptakulua loditu egiten da, ondorioz jangarria den infruteszentzia bat, hots, sikonoa eratzen da. Infruteszentzia hau piku bezala ezagutzen dugu. Barruan ñimiñoak diren haziak, akenioak, egoten dira.

Negua ez denean oso gogorra izan pikondo batzuk bestelako fruitu batzuk eratzen dituzte, uztapikuak. Fruitu hauek infloreszentziako gune apikaleko polinizatu gabeko loreen partenogenesiaren ondorioz eratzen dira, negua zuhaitzean pasa ondoren uda hasieran heltzen direlarik.

Banaketa

Euskal Herrian ingurune guztian bananduta aurki daiteke aspaldidanik kultibatua izan baita. Munduan mediterraneo inguru osoan zabaldua azaltzen da eta beste toki batzuetan basati bihurtu da, Lima edo Peru kasu, 1000 metrotik gora.

Ficus carica Ficus carica

Habitatak



Habitat bereko espezie gehiago

Ekologia

Ingurune mediterranearrekoa da jatorriz. Substratuarekiko ez du espezifitate handiegirik azaltzen, nahiz eta klima lehor eta beroak nahiago dituen beti ere lurzoruko hezetasun minimo batekin. Ez da erraza bere jatorria zehaztea aspaldidanik landatu izan baita eta erraz basati bihurtzen baita. Hegaztiek landare hauen haziak jatearen ondorioz beraiek ibiltzen diren lekuetan aurkitzea ohikoa da, hala nola; horma, erlaitz, ...

Fenologia

Loraketa udaberrian ematen da, hostoak ateratzearekin batera. Piku deritzogun infloreszentzia mamitsua, sikonoa, uda bukaeran heltzen da.

Erabilerak

Fruituak freskoak zein lehorrak jan daitezke. Gizakiak barietate partenogenetikoak erabiltzen ditugu batik bat gure kontsumorako. Landare hauek ez baitute inolako ernalketarik behar eta, beraz, ezta intsektuaren elkarrekintzarik ere.

Bere egurra kalitate txarrekoa dela kontsidera daiteke arina, esponjosoa, biguna eta ustelkorra baita.

Espezieen arteko elkarrekintzak

Loreen arteko polinizazioa, edo ernalketa, eman dadin beharrezkoa da Blastophaga grossorum himenopteroaren ekintza. Izan ere, intsektu honek bere arrautzak landarearen infloreszentzia emean erruten ditu, eta honela hauek polinizatzen ditu beste landareen lore arretatik dakarren polenari esker.

Kontserbazioa

IUCN erakundearen arabera arriskurik ez duen espeziea da.

Esteka interesgarriak


Esteka interesgarriak

Egilea: | Sorrera: 2011/12/06 | Azken eguneraketa: 2013/12/31 | Bisita-kopurua: 1751 | Argazki nagusia: Science Photo

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...