Urkia 20 metro inguruko zuhaitza dugu. Europa osoan da nahiko ugaria eta Euskal Herrian, eragin handia izan du toponimian eta urkiekin zerikusia duten abizen ugari daude (Urkiaga, Urkidi, Urkizu, Urkiola...). Urki dilinaria ez bezala, hau beti hazten da ura dagoen ingurunetatik gertu. Duela gutxi arte, urki honen izen zientifikoa Betula alba zen.
10-30 metroko altuera du zuhaitz honek eta itxura konikoa edo piramidala. Adakera 70 cm-ko diametokoa da. Enborrak azal gris-arrea du, teselarik gabea. Nahiko motza izaten da eta adar gutxikoa. Adarrak enborrarekiko horizontalki hazten dira eta ez dira dilindariak. Urteko adaxkak eta ernamuinak iletsuak dira eta guruin erretxinatsuak izan ditzakete ala ez. Neguko kimuak lehorrak dira, ez dira likatsuak.
Urkiaren hostoak 4-6 x 3-5 cm-koak dira, erronboidalak edo obalak, oinarri moztuarekin eta ertz zorrotzarekin. Batzuetan apikulatuak, ertza irregularki horzduna edo zerraduna. 5-7 pare nerbio dituzte eta azpialdean nerbioen galtzarbean ileak ditu (hortik dator, hain zuzen ere, 'pubescens' izen espezifikoa) , kolore zuri itxura emanez.
Urkiaren loreak monoikoak dira eta zuhaitza, hostoak ateratzen aurretik loratzen da. Urkien infloreszentzia amentu motakoa da. Amentu motako infloreszentziak anemofiliara edo airearen bidezko polinizaziora moldaturik daude eta horregatik agertzen dira adarretatik zintzilik udaberri hasieran, hostoak garatzen hasi aurretik.
Urkiek hiru loretako multzoak garatzen dituzte amentuetako ertzetan. Amentu arrak terminalak dira, 3-6 cm-koak eta arre-hori kolorekoak. Hauen brakteak helduaroan erabat obalatuak dira, borobilduak, kolore marroikoak (hori edo laranjak ere izan daitezke). Perianto sinple eta murritza dute, braktea baten galtzarbean kokatutako hiru lorez eraturikoa, bi brakteolak babesturik daudenak. Lore bakoitza bi lobuluz eraturik egon ohi da eta sesilak, mintzakarak, eta kalizdunak dira. Kaliz bakoitzak bi harizpi bifido ditu.
Amentu pistilatuak zilindriko-obalatuak dira, ziliatuak, berdeak eta 1,5-3,5 cm-koak. Lore hauek, aldiz, biluziak dira eta hirunaka agertzen dira brakteen galtzarbean. Obarioa konprimatua da, bi gelaxkaz osaturik dago eta bi estilo mehez osaturiko koroa du. Obulu bakarra dute.
Fruituak samaren antzeko akenioak dira, amentu emetik eratortzen dira eta amentuaren itxura dilindaria mantentzen dute udazken bukaerararte, berdetik marroi bihurtu eta askatzen hasten direnean. Hauek ere haizearen bidez barreiatzen dira (anemokoria).
Amentu emeek askatzen dituzten fruitu hauek, loreek zituzten brakteak mantentzen dituzte eta fruituak honela, bi albo-hegaltxo moduko mantentzen ditu. Hegaltxo edo braketa hauek 4-5 x 3,5-4,5 mm-koak dira, ziliatuak eta hiru lobulu dituzte: bi lateral eta zentral bat. Fruituak akenio isolatuak dira, dortsalki konprimatuak, oboideak, glabroak, oso txikiak tamainaz eta lehorrak. Hegotxoen artean hazi bakarra gordetzen dute. Heltzen direnean, multzo osoa (brakteak eta fruituak) haizearen bidez zabaltzen dira.
Betula pendula-k ez bezala, Betula pubescens-ek ernamuin leunak ditu, eta ez hain indumentatuak. Gainera, hostoen ertz zerratua ez da hain sakona. Irizpide genetikoei dagokionez, Betula pendula diploidea da eta Betula pubescens tetraploidea. Azkenik, Betula pubescens-ek gutxi drenatutako lurrak nahiago ditu eta ingurune istilduak, baina Betula pendula-k hobeto jasaten ditu lehorteak.
Betula espezieak elkarren artean hibrida daitezke eta batzuetan zaila suertatzen da espezie mailako identifikazioa. Gainera, Betula pubescens-en hiru subespezie ezagutzen dira:
Betula pubescens subsp. celtiberica-ren akenioko hegaltxoak fruituaren tamainakoak edo handiagoak dira eta honen lobuluak nabariak dira atzerantz okertuak.
Betula pubescens subsp. carpatica-ren akenioko hegaltxoak fruituaren tamainakoak edo txikiagoak dira eta bere albo-lobuluak edi-lobuluarekiko angelu zuzenean kokaturik daude eta oinarria kiribildua dute.
Azkenik, Betula pubescens subsp. tortuosa-ri urki artikoa deritzo, Islandian eta Groenlandian soilik agertzen da eta txikiagoa eta borobilagoa da, elurraren pisua hobeto jasateko. Gainera, Islandian Betula pubescens eta Betula nana askotan hibridatzen direla ikusi da.
Betula pubescens espezie septentrionala da eta populazio subartikoak tamainaz askoz txikiagoak dira elurraren pisua jasan ahal izateko. Ia Europa osoan eta Asiako erdialde eta iparraldean zehar banatzen da. Iberiar Penintsulan Mendikate Kantauriarrean eta Sistema Iberiko Zentralean da bereziki arrunta baina ia edonon aurki daiteke.
Zonalde hezeetan hazten da, zohikaztegietan, basoetan eta orokorrean, ura dagoen edozein lekutik hurbil. Eguzki zein itzal baldintzat ondo jasaten ditu baina tenperatura epeletan soilik hazten da. Bereziki menditarra da eta nitrogenoan txiroak dire lurzoruetan hazten da, azidoak (pH 3,5-5,5). Itsas mailatik 1800 metroko altitudera aurki daiteke.
Apirila-maiatza bitartean loratzen da eta fruituak uda hasieran heltzen dira.
Barne azala gosete garaitan egosi eta lehortu egiten zen, eta zereal modura erabili ogia egiteko. Landare sapatik urki-garagardoa egin daiteke. Bere hostoekin tea egin daiteke. Medikuntzan ere erabilia izan da, propietate diuretiko eta laxatiboak izanagatik. Azkenik, enborra oso gogorra, iraunkorra, erretxinatsua eta iragazkaitza da eta kanoak, teila estaldurak eta abar egiteko erabili da.
Epirrita autumnata tximeleta zuhaitz honen enborrean mimetizatzen da. Gainera, Formica lugubris inurria, Betula pendula-ren landare zorrietaz elikatzen da, nolabait ere zuhaitzari mesede eginez.
IUCN erakundeak ez du espezie honen egoera aztertu.