Gorostia
Ilex aquifolium

Gorostia irudikatzean denoi datozkigu Gabonak gogora. Zuhaitz hau dioikoa da, hau da, ale eme eta arrak daude eta soilik emeek dituzte fruitu gorri karakteristikoak. Emeen gehiegizko ustiatzearen ondorioz, hala ere, gaur egun gorostia babesturiko zuhaitza da. Euskal Herriko toponimian eragin handia izan du (Gorostizu, Gorostiaga...).

Ilex aquifolium

Dibisioa
Magnoliophyta
Klasea
Magnoliopsida
Subklasea
Rosidae
Ordena
Aquifoliales
Familia
Aquifoliaceae
Deskribatzailea
Linnaeus (1753)
Estatusa
ne

Morfologia

Zuhaiska edo zuhaitz txikia izaten da; 10 m rainokoa eta oso adarkatua. Enborraren azala leuna eta grisaska izaten da gaztetan, ondoren arre bihurtzen delarik. Aldiz, adarrak tente ditu bortizki eta kolore berde distiratsua dute.

Hostoak

Hostoak, iraunkorrak eta oso koriazeoak dira, obatu eta luzanga-eliptiko bitartekoak, hortz zorrotzez hornituak dira, nahiz eta zenbaitetan ertza leuna izan. Edozein kasutan, ertza kartilaginosoa izaten da. Hosto sinple txandakatuak dira, ilegabeak. Linboa 5,5-12 x 2,5-6 cm-koa da, eliptikoa edo obatua eta mutur zorrotza du. 3-15 mm-ko pezioloa dute, ilerik gabea edo ile gutxi dituena. Hostoak berde ilunak dira gainaldetik eta oso distiratsuak. Azpialdea berriz, kolore nahiz distira aldetik motelagoa du.

Loreak

Gorostia landare dioikoa da, hau da, gorosti emeak eta arrak daude. Loreak, beraz, unisexualak dira, oso txikiak eta txuri edo arrosak. Lore aktinomorfoak dira, tetrameroak, eta galtzarbetan agertzen dira, infloreszentzia pilatuetan. Kalizak 4 sepalo ditu, 1 x 1-1,5 mm-koak, obatuak, pubeszenteak eta oinarritik lotuak. Korolak ere 4 petalo ditu, 4-5 x 2-3 mm-koak, zuriak, oblongo-obobatuak, glabroak eta oinarrian lotuak.

Androzeoa petaloekin txandakatzen diren estaminez eratuta dago eta korolaren oinarran daude lotuta. Aldiz, lore emeek obario superoa dute, tetralokularra eta primordio seminal bakarra duena kabitateko.

Fruituak

Fruitua drupa txiki bat da, kolore gorri bizikoa eta adar edo hostoen kolore eta distirarekin kontraste nabarmena sortzen duena. Tamainaz, 9-9,6 x 6,5-7 mm-koa da, globosoa eta glabroa. Heldutasunean 7-8 mm-ko haziak ditu.

Banaketa

Banaketari dagokionez, ia Europa osoan zehar dago, Asiako alde gehienetan eta Afrikako Iparraldean ere bai. Euskal Herrian, hegoaldean eta Pirinioetako mendi gailurretan izan ezik, gainerakoan bananduta dago.

Ilex aquifolium Ilex aquifolium

Habitatak



Habitat bereko espezie gehiago

Sorbus aria
Hostazuria
Betula pendula
Urki dilindaria
Alnus cordata
Haltz italiarra
Sorbus aucuparia
Otsalizarra
Basagurbea
Calluna vulgaris
Ainar arrunta


Ekologia

Ia baso mota guztietan aurki daiteke, lur sakon eta freskoetan. Itzala behar du eta tenperatura epelak. Lur pixkat azidoak behar ditu (pH 4,5-7,5) eta ez da hazten asko ongarritutako lurretan.

Fenologia

Apiriletik ekainera bitartean loratzen da eta fruituak udazkenean heltzen dira, askotan hurrengo udaberrira arte zuhaitzean geratzen direlarik.

Erabilerak

Bere zura oso gogorra eta astuna izaten da, tornularitzan eta zurgintzan estimatua eta erabilia, nahiz eta lantzen zaila izan. Sendabelartzat ere erabili ohi da gorostia; toniko, sudorifiko eta sukarraren kontrako modura. Dituen substantziak taninoak eta gai mikatzak dira.

Espezieen arteko elkarrekintzak

Marasmius hudsonii eta Trochila ilicina onddoak, gorostiaren eroritako hosto hiletan hazten dira.

Kontserbazioa

Bere azaletik biska lortzeko eta Eguberrietako apaingarriak lortzeko etengabe jasandako adar-mozketek espezie honetan sarraski handia eragin dute eta egun, 2010eko EAEko Zerrenda Gorrian 'Ardura txikikoa' bezala katalogaturik dago, eta  Espezie Mehatxatuen EAEko Katalogoan 'Interes berezikoa' bezala. Horregatik, eta animalia desberdinentzat neguko jana lortu edo babesa aurkitzeko oso zuhaitz garrantzitsua denez, legez babestuta dago eta ezin da inola ere moztu edo suntsitu (Eusko Jaurlaritzako 262/1983 Dekretuak babesten du).

Esteka interesgarriak

Egilea: | Sorrera: 2012/01/22 | Azken eguneraketa: 2014/09/13 | Bisita-kopurua: 2912 | Argazki nagusia: (Wikimedia Commons)

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...