Katagorri arrunta
Sciurus vulgaris

Europan banaketa zabalenetarikoa duen katagorria da Sciurus vulgaris, izan ere, habitat natural ezberdin askotara moldatzeko gaitasuna izateaz gain, herri eta hirietako parke eta lorategietan ere ugariak dira maiz. Ingurune hauetan, gainera, gizakiak dien sinpatiagatik egokiro bizitzea lortu dute, hauengandik janaria eskuratuz sarritan.

Orain urte gutxira arte bere ilaiagatik ehizatua izan bada ere, egun jada debekatua dago katagorriaren ehiza Euskal Herrian. Edozein kasutan, mehatxaturiko espezieen zerrendan oraindik ez bada ere, inolako zaintzarik burutu ezean arriskupean suertatzeko aukera handia duen espeziea da Sciurus vulgaris.

Sciurus vulgaris

Phyluma
Chordata
Klasea
Mammalia
Ordena
Rodentia
Familia
Sciuridae
Deskribatzailea
Linnaeus, 1758
Estatusa
lc

Deskribapena

Tamaina txikiko ugaztuna da katagorri arrunta, gorputz luzexkara eta estuduna. Bestalde, bere-berea duen isats iletsu eta hanpatua du ezaugarri karakteristikoen. Normalean isatsa luzaturik aritzen da, oreka mantentzeko balio izateaz gain, gorputz-espresiorako tresna gisa ere erabiltzen baitu. Oro har, 19-24 cm bitartean neurtzen ditu animalia honen gorputzak, 15-20,5 cm-ko buztana aintzat izan gabe. Pisua, berriz, 18,6 eta 35,7 g bitartekoa izan ohi du.

Bizkarraldea arre edo gorrixka kolorekoa izaten dute, eta sabelaldea, ostera, zuria. Hala ere, guztiz zuriak (albinismoa) edota, maizago, guztiz beltzak (melanismoa) diren banakoak ere beha daitezke. Neguan zehar pintzel antzeko egitura iletsuak garatzen dituzte belarri puntatan, behin urtaro hau igarota erori egiten direnak.

Atzeko soin-adarrak aurrekoak baino handiagoak eta sendoagok dira eta lau atzapar luze izateaz gain, tamaina txikiko erpuru bat ere badute, guztiak atzazal luze eta kurbatuz horniturik. Aurreko soin-adarretan, berriz, lau atzaparrak eta erpurua agertzen badituzte ere, azken hau ez dago atzeko soin-adarretan bezain garatua. Hala ere, hauetan bezala, aurreko soin-adarrak ere atzazalez horniturik daude. Hortz-formulari dagokionez, ondorengoa da katagorri arruntean behatzen dena: 22 (2046/2026).

Dimorfismo sexualik gabeko espeziea dela esan ohi da sarritan, begi-bistaz arren eta emeen arteko bereizketa egitea oso zaila baita. Hala ere, uzkitik kanpo ugal-organotara dagoen distantzia aintzat hartuz bereiz daitezke sexu biak, emeetan txikiagoa izanik distantzia hau. Gainera, edoskitze garaian beha daitekeen bezala, emeek lau ugatz pare dituzte: pare bat bularraldean, beste bi abdomenean eta azken bat izterrondoan.

Banaketa

Ia Europa osoan zehar banaturik dago katagorria. Uharte mediterranearretan ez da bizi, baina bai Britainiar uharteetan.

Iberiar Penintsulari dagokionean, lurralde osoan banaketa uniformea erakusten du, Kanariar eta Balear uharteetan soilik faltaz. Hala ere, penintsulan zehar banaturik dauden katagorriak subespezie ezberdinetakoak dira, dituzten ezaugarri morfologikoak eta duten banaketa espaziala aintzat hartuz. Egun, hainbat dira gai honen inguruko hipotesiak; 4, 5 eta  baita 6 subespezie ere deskribatu izan dituztelarik ikerlari talde ezberdinek. Hala ere, oraindik ez da argitzerik lortu egungo S. vulgaris subespezieen banaketa erreala zein den Iberiar Penintsulan.

Sciurus vulgaris Sciurus vulgaris

Habitata

Europan zehar ia mota guztietako basoetan aurki daiteke katagorria. Oro har, konifera basoetako gune itzaltsuak izaten badituzte ere gustukoen, baso hostoerorkorretan ere aurkitzen dira.  Bestalde, ohikoagoa bada ere katagorria altitude baxuetan aurkitzea, 2.000 metrotako altitudetaraino bizitzeko gai da, non Pirinioetako pinu beltzaren (Pinus radiata) goi-muga kokatzen den.

Ingurune mediterraneagoetan, 6-8 metrotako altuera duten pinuditan bizi ohi dira batez ere, noizbehinka artadi (Quercus ilex) eta ameztietan (Q. pyrenaica) ere agertuz.

Sastrakaditan ere bizi daiteke katagorria, beti ere, pinudirik edota baso mistorik baldin bada gertu.

Azkenik, urak animalia honentzat duen garrantzia handia dela eta, ur-iturri izan daitezkeen erreka eta iturburutatik gertu bizi ohi da.



Habitat bereko espezie gehiago

Pipistrellus nathusii
Strix aluco
Glis glis
Myodes glareolus
Microtus lusitanicus
Martes martes
Lacerta schreiberi
Cuculus canorus


Elikadura

Mota ezberdinetako haziak (intxaurrak, ezkurrak, urrak, pagatxak, pinaburutako pinaziak,…) badira ere katagorriaren dietan zatirik garrantzitsuena hartzen duten elikagaiak, tuberkuluak, onddoak, likenak eta arrautzak ere jaten ditu. Inoiz, tamaina txikiko txoritxoren bat edota ornogabeak ere jan ditzake.

Ugalketa eta ontogenia

Katagorri arrek 6-11 hilabete behar izaten dituzte heldutasun sexuala lortzeko, emeek, berriz, 10-12 hilabete artean. Heldutasun sexuala lortzen duteneko urtean, emeek kumaldi bakarra izan ohi dute, bigarren urtetik aurrera udaberrian bat eta uda erdialde-amaieran beste bat izanez. Honela, urtean birritan egoten dira katagorri emeak arreske, urtarrila-apirila bitartean lehenengo eta maiatza-abuztuan gero. Banako batetik besterako zein urteen arteko aldakortasuna elikagai eskuragarritasunaren araberakoa izaten da.

40-60 egunez ernari egon eta gero, gehienetan 3-4 kumetako sabelaldia izaten dute. Kumeak ile gabe, begiak itxita eta 12 g ingururekin jaiotzen dira. Astebete igarotakoan hasten zaie ilea ateratzen, bigarren astean beraien bizitzako lehen muda ematen delarik. Ondorengo 7 hilabeteetan ez dute berriz ilaia mudatuko. Jaio eta hirugarren astean esne-hortzak ateratzen zaizkie, 10.asterarte mantenduko direnak, noiz, behin-betiko hortzak aterako zaizkien. 4. eta 5.asteen artean irekitzen dituzte begiak eta orduantxe hasiko dira baita entzuten ere. Honela, bi hilabete izatera iristean habiatik ateratzen hasten dira, beti ere asko urrundu gabe. Ordura arte, amak elikagai bila alde egindako guztietan habiako sarrera taponatua itxiko du, kumeak harraparietatik babesteko.

Katagorri kumeek ez dute amaren albotik alde egingo ia heldutasun sexuala lortzen duten arte.

Bizimodua

Espezie arborikola da katagorria, elikagaiak bilatzeko, ura edateko edo urrunegi dauden zuhaitzen artean mugitzeko soilik jaitsi ohi dena zuhaitzetatik. Egunean zehar soilik dira aktibo, egunsentian eta ilunabarrean bereziki. Hala ere, ezberdina da katagorriaren egunean zeharreko jarduera urtaroaren arabera. Honela, elikagaiak ugariak diren garaietan, udazkenean batez ere, eguna hauek bildu eta habian gordetzen pasatzen du. Honi esker, neguko egun hotzetan eguzkiak berotzen ez duen bitartean habian egoteko aukera izaten du bertan bilduriko elikagaiez elikatzen. Neguan, beraz, katagorriak ez du hibernatzen, aktibo mantentzen da. Aipatzekoa da, bestalde, udako egun beroenetako ordu beroenak ere, eguerdi aldekoak, habian igarotzen dituela deskantsuan.

Oro har animalia bakartia da, ugal garaitik at arrak talde txikitan elkartzeko ohitura badute ere. Pixa baliatzen dute beraien lurraldeak mugatzeko.

Habiak zuhaitzetan egiten dituzte. Kanpoaldetik itxura borobila izaten dute eta barrutik, berriz, landare-materialez horniturik egon ohi dira; likenak, adartxoak eta hostoak maizen. Gainera, bi irekigune izaten dituzte sartu-irtenerako. Bietatik bat, normalean, nabarmen txikiagoa izaten da, barrutik taponatu ahal izateko. Badirudi bi irekigune izatearen arrazoia harraparietatik ihes egiteko aukera handiagoa izatea dela.

Gatibutasunean 10 urte bizitzera irits badaitezke ere, naturan aske gehienez ere 6 urtera iristen dira, oro har hiru urtera soilik iristen badira ere. Banako gazteen hilkortasun-tasa oso altua da, bizi duten lehen neguan gazteen % 70-80 hiltzen delarik. Ondorengo neguetan, hilkortasun-tasa % 50ekoa dela estimatzen da. Hilkortasun maila hau udazken-neguko hazi eskuragarritasunaren menpekoa da batez ere.

Garrasi karrankari eta soinu zakarrak egin ohi dituzte, inoiz “txuk txuk txuk” gisako soinu lehor eta azkarrak ere tartekatuz.

Aipatzekoa da, azkenik, igerian txukun egiteko gai dela katagorria.

Espezieen arteko elkarrekintzak

Oro har, bera bezala arborikolak diren espezieak edota zuhaitzetan moldatzeko gai direnak dira katagorriaren harrapari garrantzitsuenak, basakatua (Felis silvestris), erbinude zuria (Mustela erminea), lepazuria (Martes foina) eta lepahoria (Martes martes), besteak beste. Hauek, gainera, katagorria zuhaitzetan zehar jazartzeaz gain, habietara jarraitu eta kumeak eraso ohi dituzte.

Bestalde, zenbait hegazti harrapariren dietaren parte dela ere esan daiteke: aztorea (Accipiter gentilis), zapelatz arrunta (Buteo buteo), zenbait hontz eta baita zenbait arrano ere.

Kontserbazioa

Mehatxupean dauden espezieen zerrendan agertzen ez bada ere, Bernako Hitzarmenean aipatzen den espezietako bat da, inolako zaintzarik izan ezean arriskuan suerta daitekeen espeziea izanik.

Honela, bada, azkenaldian asko emendatu da katagorriaren hilkortasun-tasa. Batetik, eman den habitat galeragatik,  eta bestetik, pinuetako prozesionaria harren aurka erabilitako espektro zabaleko intsektizidak direla eta, zuzenean heriotza eraginez edota banakoen ugaltzeko gaitasuna murriztuz.

Egun jada debekatua badago ere katagorriaren ehiza Euskal Herrian, orain urte gutxira arte ehizatua izan den espeziea da S. vulgaris, duten ilaia dela eta.

Esteka interesgarriak


Bibliografia


. . Fauna Ibérica. http://www.faunaiberica.org (2012/11/01)

. . Nekanet. http://www.nekanet.net (2012/11/02)

. . IUCN Red List. www.iucnredlist.org (2011/11/30)

Palomo JL, Gisbert J, Blanco C. 2007. Atlas y Libro Rojo de los Mamíferos Terrestres de España. MMA. Madrid
Egilea: | Sorrera: 2012/10/31 | Azken eguneraketa: 2014/09/12 | Bisita-kopurua: 3597 | Argazki nagusia: Ray eye

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...