Lursagu gorria
Myodes glareolus

Rodentia familiako karraskari txikia da lursagu gorria (Myodes glareolus), gurean agertzen den subespeziea, Iberiar Penintsulako gainontzekoekin alderatuta, tamaina txikiagokoa izan ohi delarik. Maiz, larre-lursaguarekin (Microtus agrestis) nahasten da animalia hau, izan ere, jubenilen ilaia gris kolorekoa izan ohi da, larre-lursagu helduetan aurki daitekeenaren oso antzekoa. Hala ere, helduen ilaia kolore gorrixka oso berezikoa da, animalia honen bereizgarri izan daitekeen ezaugarria, hain zuzen ere. Gaur egun ez du inolako kontserbazio-arazorik espezie honek.

Myodes glareolus

Phyluma
Chordata
Klasea
Mammalia
Ordena
Rodentia
Familia
Cricetidae
Deskribatzailea
Schreber, 1780
Estatusa
lc

Deskribapena

Arvicolinae subfamiliako karraskari txiki-ertaina da lursagu gorria, 30 g pisatzera heltzen delarik. Ilajea, begi-bistaz argi bereiz daitekeen bezala, bi koloretakoa izan ohi da: alde bentrala krema edo gris kolorekoa eta alde dortsala, berriz, animalia honetan hain berezkoa den kolore gorrixkakoa. Subespezie ezberdinen artean, baina, kolore-patroi honek aldakortasuna erakuts dezake. Isatsa ere, gainontzeko gorputz osoa bezala, bi koloretakoa da, alde bentrala dortsala baino ilunxeagoa delarik; eta gorputzaren luzeraren % 50a baino gehiago suposa dezake luzerari dagokionean.

1003/1003 da lursagu honen hortz-formula eta bestelako lursaguekin alderatuta, molarren koroak askoz borobilkaragoak dira. Jubeniletan molarrak sustrai irekikoak dira eta hazkuntza jarraikoak. Helduetan, berriz, bestelako lursaguetan ez bezala, molarrek ez dituzte sustrai irekiak mantentzen, behin-betiko sustrai birradikulatuak aurkezten dituztelarik.

Emeek lau ugatz-pare dituzte, bi bularraldean eta beste bi izterrondoan.

Iberiar Penintsulan bizi diren hiru subespezieak (M. g. glareolus, M. g. vasconiae eta M. g. bernisi) tamainari dagokionean dira, batez ere, elkarrekiko ezberdin. Honela, gune zentraletako subespezieak (Euskal Herria eta Kantabria) txikiagoak izan ohi dira Galizia edota Pirineotakoak baino.

Antzeko espezieak

Microtus agrestis
Microtus agrestis

Lursagu gorriak bere-berezkoa duen bizkarralde gorrixka indibiduo helduetan soilik agertzen da, jubenilak, kolore gris ilunekoak izanik, larre-lursaguarekin (Microtus agrestis) nahasten direlarik maiz. Hala ere, isatsaren tamaina erlatiboki handiak eta belarriek Microtus generoko edozein espeziengandik bereizteko nahikoa ezaugarri dituzte.

Nahikoa ez balitz, kranioan ere bada ezberdintasunik genero hauen artean, lursagu gorriaren kasuan kranioa borobilkaragoa delarik eta sudur-aldeko hezurrak, berriz, zabalagoak alde distalean.

Banaketa

Europan zehar banaketa zabala erakusten du espezie paleoartiko honek, lurralde eskandinaviarretatik hasi eta Italia hegoaldea, Grezia eta Iberiar Penintsula iparraldera arte. Britainiar uharteetan ageri da lursagu gorria, baina ez, ordea, uharte mediterraneoetan, ezta Iberiar Penintsula hegoaldean ere. Europatik at, Turkiako eremu asiarretan eta Tien Shan mendikatearen ingurutan (Asian; Kazajstan, Kirguistan eta Txinako estatuen mugan) ere aurkitu da lursagu gorri populazio bakanen bat.

Esan bezala, Iberiari Penintsulan iparraldean soilik aurki daiteke, Kataluniatik hasi eta Galiziaraino. Mutur batetik besteraino agertzen da, aldi oro lurralde guztietan agertuz. Burgos, Soria eta Errioxan populazio bakanen bat edo beste aurkitu da, baina gainontzekoetatik bananduta bizi dira. 

M. g. glareolus subespeziea alde kantabriarrean agertzen da; M. g. vasconiae Pirineotako zonaldean eta M. g. bernisi, azkenik, Iberiar sisteman.

Myodes glareolus Myodes glareolus

Habitata

Ia mota guztietako basoetan bizi bada ere, hauen mugak eta erreka bazterrak ditu, batez ere, gustukoen. Hala ere, nahikoa moldakortasun erakusten duen espeziea da, sastrakaditan edota parketan ere aurki daitekeelarik. Altitudeari dagokionean, itsas-mailatik hasi eta 2.400 m-raino aurki daiteke animalia hau.



Habitat bereko espezie gehiago

Meles meles
Sus scrofa
Myotis bechsteinii
Myotis nattereri
Plecotus auritus
Nyctalus noctula
Vanessa atalanta
Buteo buteo


Elikadura

Oinarri-oinarrian belarjalea den espeziea bada ere, eskuragarri izanez gero intsekturen bat edo beste zein zizareak ere jan ditzake. Hala ere, fruitu mamitsuak, haziak, hosto samurrak, onddoak, goroldioa, belarra, loreak eta sustraiak dira lursagu honen dietan elementu garrantzitsuenak. Aipatzeako da, bestalde, inoiz, zuhaitzen azala hortzikatuz hauen kanbium-az ere elikatzen dela.

Beste zenbait animaliak egiten duten bezala, elikagaiak metatu eta gordetzeko ohitura du lursagu gorriak ere, batez ere egunek argi-ordu gutxien duten urte-sasoian.

Ugalketa eta ontogenia

Ugalketa sasoitik at emeek zein arrek beraien lurraldeen mugak ongi definiturik mantentzen badituzte ere, ugal sasoian arren jokabidea aldatu egiten da. Lurraldeen mugak askoz ere lausoagoak bilakatzen dira eta ar bakoitzak arakatzen duen esparruaren hedadura dezente emendatzen da, honela, eme bat baino gehiagoren lurraldeak barne hartzen dituztelarik; bahiz eta ar ezberdinen arteko lurraldeak gainjartzera heltzen diren.

Animalia poligamoa da eta udaberrian (apirila bukaera) hasi eta udazkenera (iraila hasiera) bitartean ugaldu ohi da. Ugal-sasoiko, emeek, 3-4 kumaldi izan ohi dituzte, bakoitzeko 4-5 kumez erdituz. Ernaldiak 18-22 egun bitartean irauten du oro har eta edoskitzeak, berriz, 19 egun inguru. Hala ere, aurreko kumaldia orduan denbora gutxi izan duten emeetan edota elikagai gutxi eskuratzen dutenetan, ernaldia 24-25 egunera ere luza daiteke. Ernari dauden emeetan oldarkortasuna emendatu egiten da eta lurraldearen tamaina, aldiz, txikitu.

Jaioberriak altrizialak izaten dira, 1-10 g bitartean pisatzen dutelarik jaiotakoan, eta ahuen zaintzaz emea soilik arduratu ohi da. 6 aste behar izaten dituzte, gutxi gora-behera, heldutasun sexuala lortzeko, baina aipatzekoa da, ugal-sasoi amaieran jaiotako kumeek ez dutela heldutasun sexuala hurrengo urtera arte lortuko.

Bizimodua

Oso bizi-itxaropen baxua duen animalia da, bataz-beste 0,5-2 urte artean bizi bada ere, indibiduo gehienek ugal-sasoi bakarra bizi ohi baitute. Aktibitate maila altuena egunsentian eta ilunabarrean aurkezten dute, ezin daitekeelarik eguneko ezta gaueko animalia gisa ere sailkatu. Bestalde, antolamendu hierarkiko argia erakusten dute, batez ere ugal-sasoian bereiz daitekeena, non, emeak arrekiko gailentzen diren. Heldutasun sexuala lortu bitartean, arrek lur berriak arakatzen dituzte; emeak, aldiz, jaiotako lurretan bertan geratu ohi dira. Batzuen zein besteen lurraldeei dagokienean, oro har, arren lurraldeak handiagoak izan ohi dira, gutxigatik bada ere. Honela, emeen lurraldeek batez-beste 0,7 Ha izan ohi duten biartean, arrenek 0,8 Ha izan ohi dute.

Espezieen arteko elkarrekintzak

Batez ere hegazti harrapariek (urubia “Strix aluco” edota hontza zuria “Tyto alba”) zein tamaina txiki-ertaineko basoko haragijaleek (erbinudea “Mustela nivalis”, erbinude zuria “Mustela erminea” edota azeri arrunta “Vulpes vulpes”) ehizatu ohi dute lursagu gorria.

Kontserbazioa

Egun kontserbazio egoera onean aurkitzen den espezia da, giza jardueretan kalte ekonomiko garrantzitsuak eragin ditzakeen aktibitaterik ez garatzeak asko lagunduko zuelarik seguruena honetan. Hala ere, egoera honek horrela jarraituko badu, animalia hau bizi den basoen zaintzan jarri beharko da arreta.

Esteka interesgarriak


Bibliografia


. . IUCN Red List. www.iucnredlist.org (2011/11/30)

. . Animal Diversity Web. http://animaldiversity.ummz.umich.edu (2013/02/07)

Palomo JL, Gisbert J, Blanco C. 2007. Atlas y Libro Rojo de los Mamíferos Terrestres de España. MMA. Madrid
Egilea: | Sorrera: 2012/11/09 | Azken eguneraketa: 2013/04/03 | Bisita-kopurua: 1808 | Argazki nagusia: Julius Kramer (naturfotografen-forum.de)

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...