Larre-lursagua
Microtus agrestis

Larre-lursagua, izenak dioen moduan, larre eta belardietan bizi den sagua da. Landa-lursaguaren antzekoa da baina honek belarri iletsuagoak ditu. Biek dute itxura borobil eta sendoa. Europan nahiko hedatua dagoen espezie da eta Euskal Herri ia osoan agertzen da, Nafarroako hegoaldean izan ezik.

Microtus agrestis

Phyluma
Chordata
Klasea
Mammalia
Ordena
Rodentia
Familia
Cricetidae
Deskribatzailea
Linnaeus, 1758
Estatusa
lc

Deskribapena

Tamaina ertaineko eta itxura sendoko sagua da larre-lursagua. Mutur motza du eta isatsa ere nahiko txikia da. Landa-lursaguaren oso antzeko itxura du baina honen belarriek ile gehiago dute inguruan.

Muturretik isatsa hasten den lekuraino 95-123 mm-ko neurria du eta isatsak 25-44,5 mm baino ez ditu neurtzen.

Ile arre-grisa dute eta bizkarraldea eta alboak argiagoak dituzte, horixkak. Eztarrialdea, sabelaldea eta hankak grisak dira edo batzutan krema kolorekoak ale helduetan. Kumeak grisagoak dira. Isatsak kolorazio ilunagoa du gainekaldean.

Larre-lursaguaren ilea fina da neguan zehar eta latzagoa udaberri eta udan. Sei kuxin azaltzen dituzte oinetan eta lau pare ugatz dituzt, bi bularraldean eta bi izterraldean. Hortz formula 1.0.0.3/1.0.0.3 da.

Antzeko espezieak

Microtus arvalis
Microtus arvalis

Nekez bereizten dira espezie bi hauek. Microtus agrestisen belarrien kanpo-ertza ilez estalirik dago eta landa lursaguaren kasuan ez da ia ilerik azaltzen.

Banaketa

Eskualde Euroasiatiko guztian zehar banaturik dago, Iberiar Penintsulan hasi eta Siberia, Lena ibaia, Baikal lakua eta Txinako iparekialderaino. Europari dagokionean, ez da agertzen Irlanda, Italia, Grezia eta orokorrean, eskualde mediterranearrean.

Iberiar Penintsulako iparraldean baino ez da agertzen: Piriniotan, erlaitz Kantauriarrean, Demanda mendilerroan, Galizian eta Gaztela-Leongo iparraldean. Euskal Herri ia osoan agertzen da, Nafarroako hegoaldean izan ezik.

Microtus agrestis Microtus agrestis

Habitata

Abelzaintza gutxi edo bat ere pairatzen ez duten larre eta belardietan bizi da. Zenbaitetan zuhaitz gazteez osaturiko basoetan ere agertzen da, azpian belar-estaldura handia badago, bereziki mendialdean.

Zuhaitz hostoerorkorrez osatutako basoetan eta ibai-ertz harritsuetan ere ager daiteke, beti ere hauetan landare gramineoen dentsitateak baldin badaude. Iberiar Penintsulan itsas mailatik 1600 metrora bizi da.



Habitat bereko espezie gehiago

Lacerta schreiberi
Microtus duodecimcostatus
Lymnocryptes minimus
Athene noctua
Troglodytes troglodytes
Crocidura russula
Microtus lusitanicus
Sorex minutus


Elikadura

Espezie hau batik bat herbiboroa da baina oso selektiboa izatera iritsi daiteke. Bere jaki gustukoenen artean landareen kimuak eta belarkaren hosto gazteak daude, baina neurri txikiagoan haziak, dikotiledoneoak eta erraboilak ere jaten ditu. Neguan enborren azala jan dezake eta tarteka ornogabe txikiak, esate baterako intsektuak.

Ugalketa eta ontogenia

Larre-lursaguak urteko sasoi faboragarrietan bakarrik ugaltzen dira baina baldintzak onak badira, urte osoan zehar ugaldu daitezke. Esate baterako, Piriniotako populazioen ugal-sasoia otsaila edo martxoan hasi eta azaroa edo urrirarte luzatzen da. Emeak nahiko prolifikoak dira eta ugal-sasoi osoan zehar dituzte ziklo poliestralak.

Ernaldiak 18-20 eguneko iraupena du. Habiak lurrazpian eratzen dituzte eta 4-6 aleko kumaldiak izaten dituzte. Kumeek esnea 14-28 egunez hartzen dute eta eme gazteak 6 asteak betetzerakoan gai izango dira ugaltzen hasteko (arrak 8-9 asterekin).

Bizimodua

Larre-lursaguak poliginikoak dira. Arrak lurraldekoiak dira eta hauen lurraldeen baitan zenbait eme bizi ohi dira, hauek bai elkartu egiten direnak, talde sozialak sortuz. Taldeen artean eme trukatzeak eman daitezke, bereziki ugal sasoian zehar. Gainera, emeek kumaldi bakoitza lurralde desberdin batean izan dezekete. Hala ere, sistema sozial hau urteko sasoiaren arabera alda daiteke.

Espezieen arteko elkarrekintzak

Larre-lursaguak zenbait espezieren elikagai-iturri garrantzitsua dira, esate baterako, zenbait mustelidorenak, hegazti harraparirenak eta basakatuenak (Felis silvestris). Giza landaketetan arazo puntualak sor ditzake baina inoiz ez landa-lursaguak beste. Tarteka frutarbolen azalak jaten ditu edo zereal landaketetan arazo txikiak sortu. Hala ere, larre-lursaguen populazioak beti dira txikiak eta beraz, sortzen dituzten arazoak ez dira inoiz larriak izaten.

Esteka interesgarriak


Bibliografia


Macdonald DW. 2001. The New Encyclopedia of Mammals. Oxford University Press. Oxford

Larrañaga J. 1996. Euskal Herriko fauna (ornodun lehortarrak): anfibioak, narrastiak, hegaztiak, ugaztunak. Elhuyar Kultur Elkartea.

Blanco JC. 1998. Mamíferos de España. Planeta. Barcelona

Perez FP. 2002. Euskal Herriko ugaztunak. ADEVE.

Álvarez J, Bea A, Castien E, Faus JM, Mendiola I. 1985. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Ornodun Kontinentalen Atlasa (Chiroptera ezik). Eusko Jaurlaritzako Argitalpen Zerbitzua. Gasteiz

Innes DGL & Millar JS. 1994. Life histories of Clethrionomys and Microtus (Microtinae). Mammal Review, 24 (4): 179-207
Egilea: | Sorrera: 2012/11/26 | Azken eguneraketa: 2012/12/07 | Bisita-kopurua: 1809 | Argazki nagusia: Stephen Dalton

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...