Lursagu mediterranearra
Microtus duodecimcostatus

Duela gutxi arte beste zenbait Microtus-ekin batera, espezie hau Pitymys generoan sartzen zen. Beste genero batean kokatzeko arrazoiak espezie hauen lurrazpiko bizimodua eta banaketa geografikoa izan ziren. Izan ere, Eurasia eta Iparramerikako hegoaldeko espezieetan dute jatorria eta gainontzeko Microtus-ak iparralderagoko espezieetan. Jatorri hau gaur egungo banaketan islatzen den arren, ez da genero desberdinetan bereizteko nahikoa.

Microtus duodecimcostatus

Phyluma
Chordata
Klasea
Mammalia
Ordena
Rodentia
Familia
Cricetidae
Deskribatzailea
de Sélys-Longchamps, 1839
Estatusa
lc

Deskribapena

Tamaina txikiko lursagua da, bataz besteko pisua 19.0-32.0 g da. Buru eta gorputzaren artean  80.0-110.0 mm  izaten du eta isatsa kolore gris homogeneokoa da  23.0-35.0 mm neurtzen dituelarik. Hankak 14.5-18.5 mm-koak ditu eta belarriak 7.5-10.0 mm artean. Begien eta belarrien tamainaren murrizpenak eta ile txiki eta malguen agerpenak espezie honen lurrazpiko bizimoduaren isla argia dira. Ilajearen kolorea horizta eta arrea izaten da, nahiz eta tonu argi eta ilunak banaketa geografikoaren arabera aldatzen diren. Gorputzaren bi aldeetan lerro argiago bat agertzen da espezie honetan, alde dortsala eta bentrala argi bereizten dituena. Goiko intzisiboak   irtenagoak dauzka, premaxilarraren tamaina ere handiagoa baita eta ondorioz, diastemak ere bai. Bi ugatz inginal ditu eta hortz formula 1.0.0.3/1.0.0.3 da.

Zazpi lursagu-mediterrarear subespezie deskribatu dira, gorputzaren tamaina eta intzisiboen inklinazioaren arabera: M. d. duodecimcostatus, M. d. provincialis, M. d. ibericus, M. d. centralis, M. d. regulus, M. d. pascuus eta M. d. flavescens.

Antzeko espezieak

Microtus lusitanicus
Microtus lusitanicus

Orokorrean Microtus duodecimcostatus Microtus lustanicus baino zertxobait sendoagoa da. Premaxilarra irtenagoa du M. duocecimcostatusek, beraz, mutur luzeagoa izango du. Gainera, M. lusitanicusen isatsa kolore bikoa izango da, argiagoa alde dortsalean eta ilunagoa bentralean, eta M. duodecimcostatusena aldiz guztiz grisa da.

Banaketa

Espeziea Iberiar penintsulan eta Frantzia hego-ekialdean hedaturik dago (Shenbrot & Krasnov 2005). Penintsulako eremu gehienetan aurkitu daiteke, ipar-mendebaldeko zonaldean, Kantaurialde ia denean eta ekialdeko Pirinioetako eremu batzuetan izan ezik. Espezie honen banaketa eta M. lusitanicusena gainjarri egiten dira Nafarroako iparraldean, Araban, Gipuzkoako hegoaldean, Errioxako ekialdean eta Gaztela eta Leon ia guztian.

Microtus duodecimcostatus Microtus duodecimcostatus

Habitata

Eremu ireki eta kutsu mediterranearra dutenetan aurkitzen da, bai natural zein nekazal guneetan. Espezi honek lurzoru egonkor, heze eta landaredi belarkara askokoa behar du, indusketarako egokienak direnak. Itsas mailatik 3000 m-ko altuerara (Sierra Nevada) arte aurki daiteke (Palomo 1999).



Habitat bereko espezie gehiago

Nyctalus leisleri
Apodemus sylvaticus
Cervus elaphus
Lanius senator
Dama dama
Suncus etruscus
Nyctalus lasiopterus
Dendrocopos medius


Elikadura

Dietaren % 90 geofitoek osatzen dute: espezie desberdin askoren, erraboilek, tuberkuluek eta sustraiek. Zurtoin eta fruituak ere gehitu ditzake dietara, eta baita zuhaitzen azala ere, enborraren oinaldea biluzik utziz.

Ugalketa eta ontogenia

Ugal garaia aldakorra da. Katalunian, Frantzia hegoaldean bezala, emea eta arrak aktibo dira urte guztian zehar, neguan dutelarik minimoa (Claramunt 1976). Hala ere, penintsularen hegoaldean, ugalketa minimoa udarara izango da, garai horretako baldintza gogorren ondorioz. Ernaldiak 24 egun irauten ditu, kumeak biluzik eta itsu erditzen dira eta 2-3 g inguru pisatzen dute. Hamabost egunera helduen antza hartzen dute. Kumaldi bakoitzean 1-5 lursagu izaten dituzte, nahiz eta  eremu bakoitzeko kopurua aldakorra izan, 2.5 (Piriniotan); 2.7 (Katalunian); 3.0 (Penintsulako ipar-ekialdean) eta 2.0 (Penintsulako hegoaldean). Espezie honek biziraupen altua du, arrak 33 hilabete arte eta emeak 27 hilabete arte bizitzera hel baitaitezke (Paradis & Guédon 1993).

Bizimodua

Espezie honen demografiaren aldakortasunean ez da periodikotasunik ikusi, baina baldintzak faboragarriak direnean dentsitate altuak izan ditzakete. Frantziako hegoaldean 100 eta 400 ale/ha deskribatu da. Sevilla probintzian aldiz, urteko dentsitatea 390 ale/ha da eta balio puntualak 900 ale/ha izatera ere iritsi izan dira.

Espezie honek intzisibo eta aurreko soinadarren bidez  induskatzen du. Lurra atzerantz bultzako du atzeko soinadarren laguntzaz eta ondoren buruarekin kanporatuko du, zuloaren irteeran lur mendixkak sortuz. Galerien sakonera aldakorra da, 10 eta 50 cm artean, eta metro bateraino handitzen du uda partean, lurzoruko hezetasunaren bila. Galeriak oso adarkatuak dira, oro har, habi bakarrekoak eta elikagaiak metatzeko gelaxka  batzuekin (Giannoni et al. 1992). Nahiz eta orokorrean lurrazpian bizi, gaualdean lurrazalera ateratzen dira. Kolonietan bizi den espezie monogamoa da eta orokorki endogamia-tasa altua izaten dute. Izan ere, koloniak ale gutxikoak dira, (3.1 ale penintsulako hegoaldean) helduak gehienbat.

Espezieen arteko elkarrekintzak

Lurrazpiko bizitza predazioaren aurkako estrategia nahiko eraginkorra da, beraz, lurrazalera irteten direnean bakarrik harrapatzen dituzte. Hala ere, Hontz zuriaren (Tyto alba) harrapakin ohikoetako bat da, batez ere gazteak harrapatzen dituelarik (Vargas & Palomo 1990). Beste zenbait hegazti harrapariren eta karniboro txiki eta ertainen harrapakina ere bada.

Esteka interesgarriak


Bibliografia


Vargas J.M., Palomo L.J.. 1990. Selección de la lechuza común (Tyto alba) sobre el topillo común (Microtus duodecimcostatus). Acta Vertebrata, 17: 223-229

Palomo L. J.. 1999. Microtus duodecimcostatus. In: A. J. Mitchell-Jones, G. Amori, W. Bogdanowicz, B. Kryštufek, P. J. H. Reijnders, F. Spitzenberger, M. Stubbe, J. B. M. Thissen, V. Vohralík and J. Zima (eds), The Atlas of European Mammals, Academic Press. London, UK

Paradis E. , Guedon G., Pradel R.. 1993. Estimation of sex- and age-related survival rates in a microtine population. Journal of Wildlife Management, 57: 158–163

Giannoni S.M., Borghi C.E., Martínezrica J.P.. 1992. New data on the burrowing behaviour of Microtus (Pitymys) duodecimcostatus. Zeitschrift für Saügetierkunde, 57: 23-28

Claramunt T.. 1976. Sobre la actividad sexual de Pitymys duodecimcostatus de Selys-Longchamp. P. Dept. Zool. Barcelona, 1: 47 - 54

Shenbrot G. I., Krasnov B. R.. 2005. An Atlas of the Geographic Distribution of the Arvicoline Rodents of the World (Rodentia, Muridae: Arvicolinae). Pensoft Publishers. Sofia
Egilea: | Sorrera: 2013/01/03 | Azken eguneraketa: 2013/03/12 | Bisita-kopurua: 1755 | Argazki nagusia: Jorge Espier Roige

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...