Adarzabala
Dama dama

Euskal Herriko zerbidorik handiena da adarzabala. Dimorfismo sexual handiko animalia da eta gainerako taldekideetatik bereizten duen ezaugarri deigarria du. Izenak berak dioen bezala, adarrak zapal eta zabalak dira. Adarzabalen beste ezaugarri bereizgarria bizkarrean eta alboetan bi sexuetan agertzen diren orban zuriak dira.

Dama dama

Phyluma
Chordata
Klasea
Mammalia
Ordena
Artiodactyla
Familia
Cervidae
Deskribatzailea
Linnaeus (1758)
Estatusa
lc

Deskribapena

Tamaina handiko animaliak dira arrek gurutzean 150 cm-ko altuera lor baitezakete. Emeak, normalean, txikiagoak izan ohi dira eta gutxitan izaten dira 130 cm baino altuagoak. Pisuari dagokionez ere aldakortasuna nabaria da: arrak 55 kg inguruan eta emeak 30 kiloren bueltan. 

Urtean zehar 2 ilaje erakusten dituzte. Udakoa arre-gorriska izan ohi da, bizkarraldean eta alboetan orban zuri ugarirekin. Alboetako orbanak, sabelaldera hurbildu ahala luzatu egiten dira eta elkar ikutzen dute maiz luzetarako marra zuri bat sortuz. Bizkarrean, gainera, sepia koloreko marra bat hedatzen da lepotik buztaneraino, amaiera aldean ilundu egiten dena. Sabelaldea eta zangoen barnealdeak zuriak dira. Neguko ilajea udakoa baino ilunagoa da eta orban zuriak desagertu egiten dira. Ipurtaldeko ezkutua zerbidoen familian beha daitezkenen artean ederrenetariko bat da. Ipurtalde osoa eta iztarren atzealdea hartzen duen orban zuri handia marra beltzez mugaturik dago. Buztana goialdean beltza, eta behealdean zuria da.

Aurrez aipatu bezala, adarzabalen dimorfismo sexuala oso handia da. Tamainaz aparte, arrek udaberrian garatzen duten adarkadura handiak sexuen arteko bereizketa asko errazten du. Udaberrian hasten da sortzen, larruz inguraturiko egitura gisa, eta neguaren amaiera aldera galtzen dituzte guztiz osifikaturiko adar biluziak.

Antzeko espezieak

Orein arrunta (Cervus elaphus)

Bi espezieen arteko antzekotasuna nabarmena den arren, normalean erraza izan ohi da espezieak bereiztea, adarzabelek izaten dituzten orban zuriak direla eta.


Orkatza (Capreolus capreolus)

Adarzabal gazteak orkatzekin nahastea posible da, adarkadura garatu gabe dutenean eta tamaina orkatzen antzekoa denean. Ipurtaldeko orban zuria izan daiteke espezieak nahasteko bidea eman dezakeen ezaugarri narbarmenena.

Banaketa

Jatorriz Europako mediterraneo inguruko lurralde guztian aurki bazitekeen ere, azken glaziazioan ia desagertu egin zen. Populazio bakan batzuk gelditu ziren Europa hegoaldean isolaturik eta kultura eta herrialde ezberdinek hainbat lekutan egindako sartzeekin, espeziearen banaketa ia Europa guztian zabaldu zen. 

Iberiar Penintsulan aspaldi sartu zutela jakina den arren, ez dago data jakin bat adierazterik. XIX. mendean erregetzaren hainbat ehiza-barrutitan eta penintsula erdialdeko mendiguneetan aurki zitekeen. Egun, oraindik ere, ehiza-barrutietan mantentzen da, batez ere.

Euskal Herrian bi populazio nagusi daude. Nafarroan Kintoako mendietan duela mende erdi Andaluziatik ekarri zuten populazioa bizi da. Animalion sartzea oreinekin batera burutu zen. Populazioa nahiko txikia da, ez baitzuten ingurune berrian zabaltzerako orduan arrakastarik izan. Beste populazioa Lokiz mendiaren inguruan dago, Araba hego-ekialdean.

Habitata

Ingurune mediterraneoko animalia da, tenperatura hotzak eta elurteak jasaten ez dituena. Habitataren deskribapena burutzea zaila da, dietan biltzen dituen landare-espezie kopuru altua dela-eta, baina larreetan basoen irekiguneetan eta arroila eta erreken ertzetan behatu ohi da nagusiki.

Doñanan paduraren ertzeko larreetan ibili ohi da (Roger & Myers, 1980). Udaberrian pinadi itxiak eta harkaitzdun artadiak aukeratu ohi dituzte (Escós & Alados, 1992). 



Habitat bereko espezie gehiago

Microtus duodecimcostatus
Pipistrellus kuhlii
Asio otus
Rattus rattus
Strix aluco
Otus scops
Chalcides bedriagai
Jynx torquilla


Elikadura

Urte guztian zehar, ia bere osotasunean, landare belarkarez elikatzen den animalia da. Hala ere, belarraren eskuragarritasuna urria denean, beste hainbat elikagai-iturri ustiatu ditzake, hala nola, fruituak, hostoak eta kimuak (García González & Cuartas, 1992). Madriden egindako ikerketa batean, artadi bateko hazien dispertsante moduan jokatzen dutela konprobatu da (Malo & Suárez, 1995; Malo et al., 2000).

Ugalketa eta ontogenia

Espezie poligamoa da. Araldia udazkenaren hasieran gertatzen da, iraila bukaeran hasi eta urria amaieran amaitu. Garai honetan ar helduek euren lurraldeak markatu eta gainerako arrekin borrokatzen dute, emeak gorteiatzearekin batera. Emeak erakarri eta arrak urruntzeko marru grabe eta sendoak egiten dituzte eta ez dute apenas jan ez lorik egiten. Nolabaiteko alarma egoera jarrai batean bizi ohi dira araldi garaian. Zenbait guruinen jariakinek ere paper garrantzitsua jokatzen dute komunikazio sexualean.

Emeak lortzeko arrek beren artean egiten dituzten borroketan, arerioa kikiltzeko mugimendu eta portaerak izaten dituzte, eta adarrekin elkarri topeka ibiltzera iritsi daitezke. Era honetako borrokak adin guztietako arretan behatu ohi dira urteko edozein sasoitan, baina aipaturiko moduko intentsitatea ar helduek araldian besterik ez dute izaten. Eme batekin parekatzeko aukerak handitu ahala, borroka-kopurua handitu egiten da, eta borroka- eta ugal-arrakastaren artean erlazio garrantzitsua badela egiaztatu da.

8 hilabeteko ernaldiaren ostean, udaberriaren amaiera aldera emeek kume bakarra erditu ohi dute. Erditzea gertatu baino egun batzuk lehenago emea taldetik urrundu eta isolatu egiten da. Kumeak jaiotzen diren garaia adarzabalen elikadura-eskuragarritasunak goia jotzen duten momentua izan ohi da. Jaio eta berehala, bizpahiru saiakaeraren ostean zutik jartzea lortzen dute eta segituan lortzen dute oinez ibiltzea. Hala ere, lehen egunetan kumea landarediak babes dezakeen sastrakadi eta baso itxietan mantendu ohi da eta amak noizbehinkako bisitak egiten dizkio elikatzeko.

Kumea dagoen lekua sutsuki defendatu ohi dute emeek, bai espeziekide zein bestelako animalien aurrean ere.

Bizimodua

Arrak eta emeak talde txikietan bizi ohi dira baina normalean bi sexuetako taldeen arteko harremanak araldian besterik ez dira ematen. Taldeon tamaina, batezbeste, 8 banakoren bueltan egon ohi da, baina normalean udan taldeen tamainak handiagoak izaten dira. Adarzabalak udan talde handietan biltzaren arrazoia uraren eskuragarritasunaren jaitsiera izan daiteke, banako gehienak ura eta elikagaiak ugariak diren gune jakin batzuetan kontzentratzen baitira. Neguan, ordea, urarekiko dependentzia ez da horren handia, eta adarzabalak talde txikiagoetan antolatzen dira.

Emeez osaturiko taldeetan aurreko urtean jaiotako kume ar zein emeak egon ohi dira. Arren taldeak, berriz, heldu, subheldu eta gazteez osaturik egon ohi dira. Arren kopula-arrakasta eta tamaina zuzenki proportzionalak dira, ez ordea pisua. Arren pisua, ordea, dominantzia-eskalako maila ezartzerako orduan oso faktore garrantzitsua da. (McElligott et al., 2001). Adarkaduraren tamaina ere ar bakoitzaren maila sozialarekin bat etorri ohi da. Marrualdian arrak emeen taldeetara hurbiltzen dira eta talde mixtoak osatzen dituzte.  

Arrek 15-16 hilabeterekin eskuratzen dute heldutasun sexuala, nahiz eta ez duten ugalketan parte hartzen 5 urte bete arte. Emeak, ordea, kumatzen hasi daitezke behin 16-17 hilabeterekin heldutasuna lortzean. 

Emeek, beren energiaren zati handiena kumeak aurrera eramaten agortzen dute (ernaldu, edoskitu, zaindu...).

Espezieen arteko elkarrekintzak

Garai batean otsoa (Canis lupus) zen zerbido honen harrapari nagusia, baina gaur egun bi espezieen bizi-eremuak oso leku gutxitan gainjartzen dira. Iberiar Penintsulan katamotz iberiarra (Lynx pardinus) da adarzabal kumeei erasotzen dien espezie bakarra. Euskal Herrian, ordea, gizakiaren kontrolpean bizi den animalia izaki, ez dauka inolako predazio-arriskurik.

Kontserbazioa

IUCN erakundearen arabera, adarzabalaren kontserbazio-egoera ez da kezkatzekoa eta LC kategorian sailkaturik dago.

Esteka interesgarriak


Bibliografia


McElligott AG, Gammell MP, Harty HC, Paini DR, Murphy DT, Walsh JT, Hayden TJ. 2001. Sexual size dimorphism in fallow deer (Dama dama): do larger, heavier males gain greater mating success?. Behavioral Ecology and Sociobiology, 49: 266-272

Rogers PM, Myers K. 1980. Animal distributions, landscape classification and wildlife management, Coto Donana, Spain. Journal of Applied Ecology, 17(3): 545-565

Malo JE, Jiménez B, Suarez F. 2000. Herbivore dunging and endozoochorous seed deposition in a Mediterranean dehesa. Journal of Range Management, 53(3): 322-328

Malo JE, Suarez F. 1995. erbivorous mammals as seed dispersers in a Mediterranean dehesa. Oecologia, 104(2): 246-255

García-Gonzalez R, Cuartas P. 1992. Foods habits of Capra pyrenaica, Cervus elaphus and Dama dama in the Cazorla Sierra (Spain). Mammalia, 56(2): 195-202

Escós J, Alados CL. 1992. Habitat preference of Spanish ibex and other ungulates in Sierras de Cazorla y Segura (Spain). Mammalia, 56(3): 393-406
Egilea: Antton Alberdi | Sorrera: 2011/11/27 | Azken eguneraketa: 2014/08/20 | Bisita-kopurua: 3387 | Argazki nagusia: Marius Luca Bast

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...