Cetartiodactyla behatz bikoitidun ungulatuek (oreinak, ahuntzak…) eta zetazeoek osatutako taldea da. Historikoki Cetacea eta Artiodactyla ordenatan sailkaturik egon diren arren, gaur egun, ordena berberaren barnean sailkatzen dira, jatorri berbera baitute bi leinuek. Ungulatuen morfologia eta ekologia oso antzekoa den arren, zetazeoen artean aldakortasuna handiagoa da, balea hortzdunen eta izurdeen, eta baleen arteko aldea nabarmena baita.
Garai batean Ungulata talde taxonomikoaren barnean sailkatzen ziren zaldiak (Perissodactyla), eta ahuntz eta oreinak (Artiodacyla); izurdeek eta baleek (Cetacea) beste talde taxonomiko bat osatzen zuten bitartean. Azterketa molekularrek erakutsi dutenez, ordea, artiodaktiloak eta zetazeoak filogenetikoki elkartuago daude artiodaktiloak eta perisodaktiloak baino, eta horrexegatik sailkatzen dira horiek Cetartiodactyla ordenaren barruan. Zetazeoekiko antzekotasun filogenetiko handiena duten egun bizirik dauden espezieak hipopotamoak dira.
Taldeka antolatuta, honako familia hauek aurki ditzakegu Euskal Herrian:
Suidae familia: zerriak eta basurdeak talde honetan sailkatzen dira.
Cervidae familia: oreinak, orkatzak eta adarzabalak daude talde honetan sailkatuta.
Bovidae familia: behiak, ardiak eta ahuntzak talde honetan sailkatzen dira.
Zetazeoen taldea, ezaugarri morfologiko eta filogenetikoetan oinarrituta bitan banatzea ezinbestekoa da.
Bizardun baleak sailkatzen dira talde honetan
Eubalaenae familia: sardako balea edo euskal balea (Eubalaena glacialis) talde honetan sailkatzen da.
Balaenopteridae familia: zereak (Balaenoptera sp.) sailkatzen dira talde honetan.
Hortzun baleak edo izurdeak dira, ekokokatzeko gaitasuna dutenak.
Delphinidae familia: Euskal kostaldean ikus daitezkeen hiru izurdeak eta pilotu-izurdeak talde honetan sailkatzen dira.
Physeteridae familia: katxalotea (Physeter macrocephalus) sailkatzen da talde honen barruan.
Ziphidae familia: Cuvier moko-balea (Ziphius cavirostris) talde honetan sailkatzen da.