Zere txikia
Balaenoptera acutorostrata

Zere txikia, Balaenoptera generoan aurkitzen den animaliarik txikiena da, bere tamaina 8 metro ingurukoa izanik. Nahiz eta txikiena izan, espezie hau bere familiako animaliarik bizkorrena eta baita hedatuena da. Zere txikia ezagutzeko, ezaugarririk nabarmenena hegats bakoitzean duen banda zuria da; honek kontraste handia egiten du bere kolore ilunarekin, eta honen bidez erraz ezagutu daiteke. Negu partean Bizkaiako golkoan aurkitu daitekeen espeziea da.

Balaenoptera acutorostrata

Phyluma
Chordata
Klasea
Mammalia
Ordena
Cetartiodactyla
Familia
Balaenopteridae
Deskribatzailea
Lacépède, 1804
Estatusa
lc

Deskribapena

Zere txikiak burua kono itxurakoa du. Hegats dortsala nahiko altua da (genero berdineko espezie desberdinekin konparatuz), eta gainerako hegatsak estuak eta puntadunak dira. Aho azpikaldean 50-70 tolestura ditu, eta ahoan berriz 231-285 bizar pare, horixka kolorekoak direnak. Animalia honen kolorea ezaugarri berezigarria da: dortsalki iluna eta bentralki zuria da, eta lehenago aipatu bezala, hegats bakoitzean banda zuriak ditu. Zere txiki jaioberri baten tamaina 2-2,8 metrotakoa da, eta heldua 6,5-8,5 metrotakoa izatera heldu daiteke. Espezie honetan, emea arra baino handiagoa izaten da, eta eduki dezaketen pixu maximoa 9 tonakoa da.

Antzeko espezieak

Balaenoptera bonaerensis

Bi espezie hauek oso antzekoak dira: Balaenoptera generoko bi espezierik txikienak dira, eta morfologikoki antzeko ezaugarriak dituzte. Baina banaketa desberdina da (espezie hau hego hemisferioan agertzen da, tropikoetatik hego polorainoko ozeanoetan), eta bereizteko ezaugarririk nabarmenena hegatseko banda zuria da: Zere txikiak badu, eta honek ez (Pastene et al., 2007)

Banaketa

Animalia hau nahiko hedatua dago: artikotik ur tropikaletarainoko itsasoan zehar banatzen da.

Habitata

Espezie hau kostaldetik urrun zein gertu aurkitu daiteke. Neguan latitude baxuetara emigratzen du (ur tropikaletara) kumea erditzeko, eta udan berriz artikoko uretara joaten da. 


Elikadura

Animalia honen elikadura urtaro eta kokapenaren arabera aldatu egiten da, baina oro har arrainek paper garrantzitsua joaktzen dute Zere txikiaren elikaduran. Udaberrian, dietaren zati garrantzitsu bat Gadiformes ordeneko arrainek (bakailua, faneka, ...) betetzen dute. Uda eta udazkenean berriz, batez ere Krill-az elikatzen da. ikusi da, Zere txikiek aukeran nahiago dituztela arrainak krill-a baino, baina egoeraren arabera bata edo bestea jaten dute (Haug et al. 1996).

Ugalketa eta ontogenia

Beste ugaztun batzuekin konparatuta, Zere txikiak ugalketa motela dutela esan daiteke. Emeek urtean behin erditzen dute, haurdunaldiak 10-11 hilabete irauten dituelarik; erditzea latitude baxuko guneetan ematen da, negu hasieran, eta haurdunaldi bakoitzeko emeak kume bat izaten du.

Edoskitze-patroiari dagokionez, bere genero bereko beste espezie batzuekin konparatuz desberdina da. Zere txikian, edoskitzea kume jaio eta ondorengo 5-6 hillabetetan ematen da, eta ondoren kumeek latitude altuagoetara migratzen dute elikatzera (Oftedal 1997).

Bizimodua

Zere txikia talde txikitan bizi da (banaka, binaka, hirunaka), baina elikatzeko garaian maiz talde handiagoetan elkartzen dira. Adin eta sexuaren araberako taldekamendua dute, eta ikusi da espezie honek egitura sozial konplexua duela.

Espezieen arteko elkarrekintzak

Orka (Orcinus orca), Zere txikiaren harrapakari garrantzitsu bat dela esan daiteke.

Esteka interesgarriak


Bibliografia


Jefferson TA, Vebber MA, Pitman RL. 2008. Marine mammals of the world. A comprehensive guide to their Identification. Academic Press Inc.

Pastene LA, Goto M, Kanda N, Zerbini AN, Kerem D, Watanabe K, Bessho Y, Hasegawa M, Nielsen R, Larsen F, Palsboll PJ. 2007. Radiation and speciation of pelagic organisms during periods of global warming: the case of the common minke whale, Balaenoptera acutorostrata. Mol. Ecol., 16: 1481-1500

Oftedal OT. 1997. Lactation in whales and dolphins: Evidence of divergence between baleen and toothed-species. J. Mammary Gland Biol. Neoplasia, 2: 205–230

Haug T, Lindstrøm U, Nilssen KT, Røttingen I, Skaug HS. 1996. Diet and food availability for northeast Atlantic minke whales, Balaenoptera acutorostrata. Rep. Int. Whal. Comm., 46: 371–382

Wilson, D. E., Reeder, D. M.. 1993. Mammal species of the world. A taxonomic and geographic reference. Second edition. Smithsonian Institution Press. Washington
Egilea: | Sorrera: 2012/11/14 | Azken eguneraketa: 2014/08/20 | Bisita-kopurua: 1547 | Argazki nagusia: Cephas (Wikimedia Commons)

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...