Izurde marraduna
Stenella coeruleoalba

Stenella generoko espezierik handiena da izurde marraduna. Mundu osoko itsaso epel eta tropikaletan bizi da, eta Kantauri itsasoko zetazeo espezierik ugariena da izurde arruntarekin batera. Hala ere, gutxitan hurbiltzen da kostaldera, ohitura pelagikoko espeziea baita.

Stenella coeruleoalba

Phyluma
Chordata
Klasea
Mammalia
Ordena
Cetartiodactyla
Familia
Delphinidae
Deskribatzailea
(Meyen, 1833)
Estatusa
lc

Deskribapena

Espezie hau izurde arruntaren oso antzekoa da, baina hau baino handiagoa. 2,20 metro inguruko luzera izaten du, ar batzuk 2,50 metrora ere irits daitezkeen arren. Normalean 100 kg-ko pisua dauka, baina handienek 125 kg ere pisatzen dute. Izurde arruntak baino gorputz lirainagoa eta buru konkortsuagoa dauka, mutur luze eta ilunean amaitua, eta ahoa 45-50 hortz parez horniturik dago. Alde dortsala gris urdinxka da, eta alde bentrala zuria edo arrosa argia. Alde laterala, berriz, gris argia da. Gorputzaren alde banatan hiru marra beltz mehe erakusten ditu, begitik hasten direnak. Horietako bi hegats pektoralerantz doaz eta hirugarrenak gorputz osoa zeharkatzen du eskualde analean bukatuz. Hegats pektoralak ilunak eta meheak dira, puntan amaituak, eta hegats dortsalak igitai itxura dauka. Hau nahiko handia da gorputzaren tamainarekin konparatuz, eta gorputzaren erdialdean kokaturik dago. Isats txiki grisa dauka, ertz puntadunekin.

Izurde hau igerilari azkarra da, 15 km orduko abiadurara iritsiz. Oso aktiboa da; ur azalaren gainetik zazpi metrorainoko saltoak ematen ditu, eta akrobazia ikusgarriak egiteko gai da.

Antzeko espezieak

Delphinus delphis
Delphinus delphis

Izurde arruntak hareazko erloju baten formako irudia dauka alboetan, izurde marradunak ez bezala. Tamaina aldetik, izurde arrunta txikiagoa izan ohi da.

Banaketa

Izurde marraduna mundu osoko itsaso epel eta tropikaletan agertzen den espeziea da. Bere banaketa zabala da, baina ez da jarraitua, zenbait eskualdetako tarte batzuetan ez baita agertzen. Izurde arrunta ez bezala, izurde marraduna ez da 50 eta 55º arteko paraleloetatik gorako latitudeetan bizi. Ozeano Atlantikoaren ipar-ekialdean ugaria da eta Bizkaiko Golkotik Portugalerainoko zonalde osoan aurki daiteke. Mediterraneo itsasoan ere bizi da, eta populazio hau ozeano Atlantikokoarekiko genetikoki isolaturik dagoela uste da.

Habitata

Izurde marraduna espezie pelagikoa da, eta plataforma estua eta kosta sakona eta malkartsua duten eskualdeetan soilik ikus daiteke kostaldetik gertu. Ipar Atlantikoan, espeziea 1000 metro edo gehiagoko sakonerako uretan aurki daiteke, ezponda kontinentaletik haratago. Mediterraneoan, aldiz, plataforma kontinentalean arrunta da, 100-200 metroko sakonera duten guneetan. Dirudienez, ur beroak nahiago ditu, eta batzuetan korronte beroen bila ibil daiteke. Azaleramendua gertatzen den guneetan ere ugariagoa dela ikusi izan da.


Elikadura

Bere harrapakin nagusiak sardinzarra bezalako arrainak eta txipiroiak dira. Horiez gain, olagarroak, ganbak eta beste krustazeoak ere jaten dituzte zenbaitetan. Hala ere, bere dietako osagai baikoitzak duen garrantzia aldatu egiten da geografikoki: Atlantikoan arrain pelagikoak jaten ditu nagusiki; Mediterraneoan, berriz, txipiroiek osatzen dute dietaren gehiengoa. Gutxi gora behera 60 eta 300 mm arteko luzerako harrapakinez elikatzen da, eta 200 metro baino sakonera handiagora murgil daiteke haien bila. Hauek sarda handietan bilduta daudelarik ehizatzen ditu.

Ugalketa eta ontogenia

Bizi itxaropen luzea dauka izurde honek, batez beste 50 urtez bizi izaten baita. Bere ugalketa sasoia aldakorra da eskualdearen arabera.  Atlantikoan, erditze gehienak udan eta neguan gertatzen dira, 12 hilabete inguruko ernaldiaren ondoren. Mediterraneoan, aldiz, erditzeak iraila eta urria artean izaten dira, itsasoko ura oraindik hoztu ez denean eta elikagaiak ugariak direnean. Honi esker, emeek laktantziari aurre egiteko behar duten energia lortzeko aukera dute. Zetazeo guztietan gertatzen den bezala, kume bakarra jaiotzen da, metro bat baino gutxiagoko luzera eta 11 kg inguruko pisua duena. Emeek 3-4 urtean behin erditzen dute. Edoskitzeak 15 eta 18 hilabete artean irauten du normalean, nahiz eta kumeak hirugarren hilabetean elikagai solidoak hartzeko gai diren (Oftedal 1997). Denboraldi horretan hainbat eme elkartzen dira beren kumeekin, taldea osatuz. Titia kentzen zaienean, kumeek talde hauek utzi eta gazteek osaturiko taldeetan sartzen dira, kostaldetik hurbilago bizi direnak. Gazteek heldutasun sexuala lortzen dute 9-10 urte inguruan. Eskualde batzuetan, emeek hori baino lehenago lortzen dute heldutasuna, 5-6 urte dutenean, hain zuzen.

Bizimodua

Izurde marradunak taldean bizi dira. Atlantikoan taldeak 10-30 kide ingurukoak izaten dira gehienetan, 100 kide baino gehiagoko taldeak arraroak izanik. Aldiz, Japonia inguruan 500 kide arteko taldeak osatzen dituzte, baina batzuetan milaka ere elkar daitezke. Talde hauetan izurde arruntak (Delphinus delphis) eta albozuriak (Lagenorhynchus acutus) ere egon daitezke. Batzuetan, hegaluzeak jarraitzen dituzte elikagaien bila.

Espezieen arteko elkarrekintzak

Orkak eta marrazoak dira bere harrapari natural bakarrak.

Kontserbazioa

Izurde marradunak mehatxu gutxi jasan ditu beste zetazeo txikien espezieekin alderatuz. Hala ere, espezie honen zuzeneko edo ustekabeko harrapaketek eragina dute populazio jakin batzuetan. Japonian arrantzatzen da, baina, oro har, ez da mehatxu bat espeziearentzat. Harrapaketa akzidentalak, ordea, populazio batzuentzat arriskutsuak izan daitezke. Arraste-ontziak eta gainazaleko sare deribanteak heriotza ugariren erantzule dira, baina Atlantikoko populazioan duten eraginak ez dira aztertuak izan. Batzuetan beita modura erabiltzeko ere arrantzatua izaten da. Horrez gain, bere harrapakinak diren arrainen gainustiaketak zenbait populaziotan eragin negatiboak izan ditzake. Kutsatzaile kimikoak ere arriskutsuak izan daitezke izurde hauentzat, bereziki metal astunak eta konposatu organokloratuak. Hauek, besteak beste, izurdeen sistema immunean kalteak sortzen dituzte, eta Mediterraneoan 1990ean gertatu zen epizootiarekin zerikusia izan dezaketela uste da. Urte hartan, Morbilivirus batek eraginiko infekzioak izurde asko hil zituen, baina data horren aurreko daturik ez dagoenez, ezin da estimatu zenbatean jaitsi zen bertako populazioa (Domingo et al. 1992).

Esteka interesgarriak


Bibliografia


Domingo M, Visa J, Pumarola M, Marco AJ, Ferrer L, Rabanal R, Kennedy S. 1992. Pathologic and Immunocytochemical Studies of Morbillivirus Infection in Striped Dolphins (Stenella coeruleoalba). Veterinary Pathology, 29:

Oftedal OT. 1997. Lactation in whales and dolphins: Evidence of divergence between baleen and toothed-species. J. Mammary Gland Biol. Neoplasia, 2: 205–230

Jefferson TA, Vebber MA, Pitman RL. 2008. Marine mammals of the world. A comprehensive guide to their Identification. Academic Press Inc.
Egilea: | Sorrera: 2012/11/30 | Azken eguneraketa: 2014/10/29 | Bisita-kopurua: 1832 | Argazki nagusia: Antton Alberdi

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...