Orka
Orcinus orca

Orka edo ezpalarta izurdeen familiako espezierik handiena da. Munduko ozeano guztietan bizi da, baina poloetako ur hotzetan ohikoagoa da. Euskal Herrira noizbehinka indibiduo batzuk heltzen dira, bakarka edo talde txikitan, baina, oro har, ez da arrunta gure uretan.

Orcinus orca

Phyluma
Chordata
Klasea
Mammalia
Ordena
Cetartiodactyla
Familia
Delphinidae
Deskribatzailea
(Linnaeus, 1758)
Estatusa
dd

Deskribapena

Orka 6 eta 10 metro bitarteko izurde handia da. Arrak, beren 9 metroekin, emeak baino handiagoak izaten dira, azken hauek 7,5 metrora heltzen baitira gehienez ere. Zetazeo honek gorputz sendo eta aerodinamikoa dauka, mutur irtenik gabeko buru konikoan amaitua. Alde dortsala eta hegats pektoralak beltz kolorekoak dira, eta alde bentrala, beheko baraila eta hegats kaudalaren azpialdea, berriz, zuriak. Horrez gain, orban zuri bana aurkezten du begien atzean, eta hegats dortsalaren atzean orban gris handiago bat dauka. Bi orban hauek itxura eta tamaina aldetik aldakorrak izan daitezke. Kolore zuriko atalak horixkak izaten dira gazteetan. Hegats dortsala oso garatua dago, gorputzaren erdialdean kokatua. Arretan hiruki itxurakoa da eta oso luzea (1,8 metro neur dezake), eta emeetan eta gazteetan txikiagoa da, igitai itxurakoa. Hegats pektoralak obalatuak eta zabalak dira eta lema gisa erabiltzen ditu. Isatsa leuna da, erdian koska nabarmena dauka eta mutur puntadunetan amaitzen da.

Banaketa

Zetazeorik kosmopolitena da orka, munduko itsaso guztietan aurkitzen dena, ekuatoretik poloetaraino, kostaldean zein itsaso zabalean. Hala ere, kostako uretan eta itsaso hotzetan ugariagoa da, produkzioa handiagoa baita bertan. Bere banaketa ez da homogeneoa, kontzentrazio handiak aurkitzen baitira gune zehatzetan (Antartida, Japonia, Alaska, Kanada eta Islandia kasu), beste leku batzuetan soilik esporadikoki agertzen den bitartean.

Habitata

Itsaso zabalean zein plataforma kontinentalean aurki daiteke, baina azken honetan ugariagoa izaten da, kostatik 800 km-rainoko tartean. Orokorrean, ur sakonak nahiago ditu, baina estuariotan, badiatan eta lur barneko itsasotan ere aurki daiteke, eta, gutxitan bada ere, ibaietan ere barneratu daiteke. Poloetan, izotz flotanteak aurkitzen diren lekuetara hurbiltzen da sarritan, harrapakinen bila.


Elikadura

Ezpalarta animalia ugariz elikatzen da: itsas ugaztun gehienak, itsas hegaztiak, dortokak, zefalopodoak eta arrain espezie asko (marrazoak eta arraiak barne) bere dietaren parte dira. Teknika anitzak garatu ditu haiek harrapatzeko, hala nola, hondartzetan barneratzea itsas txakurrak ehizatzeko edo taldean lan egitea arrainak taldekatzeko eta harrapakin handiei erasotzeko.

Nahiz eta espezie generalista izan, azpipopulazio batzuk harrapakin zehatzetan espezializa daitezke. Ozeano Barearen iparraldean, adibidez, hiru talde nagusi bereiz daitezke: egoiliarrak, bidaiariak eta itsastarrak (Barrett-Lennard & Ellis 2001). Egoiliarrak urte osoan kostaldeko uretan egoten dira, lekualdatze txikiak burutuz, eta batik bat izokinak jaten dituzte, Oncorhynchus tshawytscha espeziearekiko preferentzia handia aurkeztuz (Ford & Ellis 2006). Bidaiariek, berriz, batez ere itsas ugaztunak ehizatzen dituzte. Egoiliarrak bezala, kostaldean bizi dira, baina haiek baino talde txikiagotan elkartu eta distantzia handiagoko migrazioak burutzen dituzte. Azkenik, orka itsastarrak kostaldetik 15 km baino urrunago aurkitu ohi dira. Dirudienez, hauek nagusiki marrazoetan oinarrituriko dieta dute. Hiru populazio horiek, ekologikoki bereiziak egoteaz gain, genetikoki isolatuak daudela ere ikusi da, nahiz eta beren banaketa eremuak gainjarri. Hori dela eta, populazio bakoitza besteengandik ezberdintzen da ezaugarri morfologiko eta etologikoetan.

Antartidan ere hiru populazio ezberdindu dira. Batzuk zereetan (Balaenoptera bonaerensis), besteak itsas txakurretan, eta azkenak bakailaoan (Dissostichus mawsoni) espezializatu dira (Pitman & Ensor 2003).

Ugalketa eta ontogenia

Bizitza luzeko zetazeoa da ezpalarta, 90 urtera arte bizi baitateke. Hala ere, hilkortasuna oso handia da bizitzako lehen sei hilabeteetan, kumeen % 37-50a hiltzen baita adin tarte horretan. Emeak 10 urterekin heltzen dira heldutasun sexualera; arrak, aldiz, 15 urterekin. Arrak poligamoak dira, eta beren taldetik at ugaldu ohi dira, endogamiarako probabilitatea murriztuz. 15-18 hilabeteko ernaldiaren ostean, kume bakarra jaiotzen da, urria eta martxoa bitartean. Honek bi metro inguru neurtzen du eta 200 kg-ko pisua izaten du. Emeak, erditu ondoren, hiru eta zortzi urte artean egoten dira beste kumerik izan gabe, eta 40 urte inguru dituztenean ugaltzeari uzten diote. Kumeei 18-24 hilabete dituztela kendu ohi zaie titia, baina sei hilabeterekin jadanik elikagai solidoak hartzen dituztela ikusi da (Oftedal 1997).

Bizimodua

Orkak animalia sozialak dira; txistuak, kraskak eta bestelako soinuak erabilitzen dituzte elkarren artean komunikatzeko. Haietako soinu batzuk ere ekolokaziorako erabiltzen dituzte. 

Taldean bizi dira, haien tamaina aldakorra izanik harrapakin motaren eta haren ugaritasunaren arabera. Normalean 40 indibiduo baino gutxiago elkartu ohi dira. Ozeano Barearen iparraldean ikusi den bezala, ekologikoki ezberdinduriko populazioetako taldeen egitura ezberdina da. Hala, egoiliarretan talde matrilinealak izaten dira: eme batek, bere ondorengo helduek eta bere alaben ondorengoek osatzen dute. Bataz beste sei  indibiduo izaten dira, eta bizitza osoan egoten dira elkarrekin, baina taldetik kanpo ugaltzen dira. Kideek txistu eta dei bereziak partekatzen dituzte, gainerako taldeen deiengandik ezberdintzen direnak. Kume berri bat jaiotzen denean, kideen artean taldearekiko espezifikoak diren dei horien erabilera handitzen dela ikusi da, eta era horretan jaioberriak dialektoa ikasten du (Weiß et al. 2006). Dialekto horrek taldekideak ezagutzeko balio du, eta ugaltze garaian, dialekto ezberdina duten indibiduoekin elkartzeko joera dagoela pentsatzen da, endogamia saihesteko. Zenbaitetan, senideak diren talde matrilineal bat baino gehiago elkar daitezke.

Orka bidaiarietan taldeak txikiagoak dira, eme batek eta bere ondorengo batek edo bik osatuak. Ondorengo horiek taldea uztea arrunta izaten da, egoiliarretan ez bezala. Beste talde matrilinealekin asoziatu daitezke, baina hauek ez dute zertan haien senide izan behar.

Bukatzeko, ezpalarta itsastarrek osaturiko taldeen egitura ez da asko ikertu. Jakina den bakarra da 20-65 indibiduo artean elkartzen direla, eta beren egonaldia taldean aldakorra izaten dela.

Espezieen arteko elkarrekintzak

Ezpalartak ez du harrapari naturalik. Zenbaitetan, itsas hegaztiak orken ingurura gerturatzen direla ikusi da, janaria eskuratzeko helburuarekin. Uste da erlazio honek orkei ez diela inolako onurarik ekartzen, eta beraz, komentsalismo gisa deskribatua izan da (Orgeira 2004).

Kontserbazioa

Bere kontserbazio-egoeraren inguruko informazio falta dago, izan ere, hainbat populazio ezberdindu existitzen dira, espezie ezberdinak izan litezkeenak, eta hori hala balitz, bakoitzaren egoera bereizirik aztertu beharko litzateke.

Orka arrantzatua izan da hainbat lekutan, hala nola, Norvegian, Japonian eta Groenlandian. Horrez gain, izokina edota sardinzarra harrapatzen duten arrantzaleek batzuetan animalia hauek lehiakide kontsideratzen dituzte, eta haiek hiltzen dituzte. Alaskako populazio batzuen murrizketa horren ondorio izan daiteke. Kutsadura akustikoak orkengan eragin negatiboa izaten duela iradoki da (Morton & Symonds 2002). Itsasontziek igorririko soinuek zetazeoen ekolokazioan eragiten du, eta orkek zetazeoak ikusteko ateratzen diren ontziak saihesten dituztela ikusi da. Petrolio isurketak ere kaltegarriak dira espeziearendako; adibidez, Exxon Valdez petrolio-ontziaren isurketak talde bereko hainbat indibiduo hil zituen Alaskan. Bere harrapakinen gainustiapenak ere eragin negatiboak ditu, batez ere harrapakin mota zehatzean espezializaturiko populazioetan. Baita ere, kutsatzaile kimikoen bioakumulazioak kalte handia eragin dezake,  batez ere itsas ugaztunez elikatzen diren populazioetan, sare trofikoaren bukaeran baitaude. Bifenilo polikloratuen (PCB) kontzentrazio altuak aurkitu izan dira Ozeano Barearen iparraldeko hainbat indibiduotan (Hickie et al. 2007).

Esteka interesgarriak


Bibliografia


Orgeira JL. 2004. Asociaciones entre aves marinas y cetáceos en el Océano Atlántico sur y la Antártida. Ornitología neotropical, 15: 163-171

Morton AB, Symonds HK. 2002. Displacement of Orcinus orca (L.) by high amplitude sound in British Columbia, Canada. Journal of Marine Science, 59: 71-80

Hickie BE, Ross PS, Macdonald RW, Ford JKB. 2007. Killer Whales (Orcinus orca) Face Protracted Health Risks Associated with Lifetime Exposure to PCBs. Environmental Science & Technology, 41: 6613-6619

Weiß BM, Ladich F, Spong P, Symonds H. 2006. Vocal behavior of resident killer whale matrilines with newborn. Journal of the Acoustical Society of America, 119: 627–635

Pitman RL, Ensor P. 2003. Three forms of killer whales (Orcinus orca) in Antarctic waters. Journal of Cetacean Research and Management, 5(2): 131-139

Oftedal OT. 1997. Lactation in whales and dolphins: Evidence of divergence between baleen and toothed-species. J. Mammary Gland Biol. Neoplasia, 2: 205–230

Barret-Lennard LG, Ellis GM. 2001. Population Structure and Genetic Variability in Northeastern Pacific Killer Whales: Towards an Assesment of Population Viability. Canadian Scientific Advisory Secretariat, 065:

Ford JKB, Ellis GM. 2006. Selective foraging by fish-eating killer whales. Marine Ecology Progress Series, 316: 185-199

Jefferson TA, Vebber MA, Pitman RL. 2008. Marine mammals of the world. A comprehensive guide to their Identification. Academic Press Inc.
Egilea: | Sorrera: 2012/12/18 | Azken eguneraketa: 2015/02/05 | Bisita-kopurua: 3523 | Argazki nagusia: Christopher Michel

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...