Arratoi beltza
Rattus rattus

Arratoi beltza ia munduan zehar oso hedaturik dago, gune urbanizatuetara oso ondo moldatu baita. Arratoi arrunta (Rattus norvegicus) baino txikiagoa da eta ile beltza edo iluna izan ohi du.

Rattus rattus

Phyluma
Chordata
Klasea
Mammalia
Ordena
Rodentia
Familia
Muridae
Deskribatzailea
Linnaeus 1758
Estatusa
lc

Deskribapena

Arratoi beltzak gorputz luzanga, mutur zorrotza eta aurrerantz luzatzean begiaren ertzeraino iristen zaizkion belarri luzeak ditu. Buztana 18-26 cm-koa du eta gorputza-burua 16-24 cm-koa. Orekarako erabiltzen duen buztana gorputza eta burua baino luzeagoa da. Helduak gris ilunak edo beltzak izan ohi dira, alde bentralean kolore argiagoa izaten dutelarik. Emeak arrak baino zertxobait txikiagoak izan ohi dira eta emeek bost ugatz pare dituzte (bi pektoral eta hiru inginal) (Palomo et al. 2007).

Antzeko espezieak

Rattus norvegicus
Rattus norvegicus

Arratoi beltza baino handiagoa da eta buztana ez da gorputza baino luzeagoa. Gainera, kolore arreagoa izan ohi du.

Banaketa

Munduko gune tropikal eta epeletan banaturik dago. Europan ia lurralde osoan zehar hedatzen da, herrialde eskandinabiarretan izan ezik. Rattus norvegicus bezala, gizakiarekin batera hedatu da. Hala ere, R. norvegicusek, handiagoa eta erresistenteagoa denez, lurralde gehiago kolonizatu ditu (Palomo et al. 2007).

Rattus rattus Rattus rattus

Habitata

Habitat mota ugaritan aurki daiteke, hala nola, mediterraneoko baso eta sastrakadietan (the-piedpiper.co.uk 2013), fruitu landaketetan, baratzetan eta hostoerorkorreko baso ez oso hotzetan; orokorrean, nahikoa landare estaldura duen habitatetan. Hirigune txikietan ere ugaria da (Cox et al. 2000) eta itsas-mailatik 1.000 m-ko altitudeetaraino aurki daiteke (Palomo et al. 2007). Oso eskalatzaile onak dira (australianmuseum.net.au 2013).



Habitat bereko espezie gehiago

Myodes glareolus
Rattus norvegicus
Turdus merula
Trachemys scripta
Passer domesticus
Erinaceus europaeus
Falco tinnunculus
Plecotus austriacus


Elikadura

Ia edozer jaten du ugaztun omniboro honek, batez ere, hiriguneetan bizi denean. Ingurune basatian, gehienbat, fruta, haziak, intsektuak eta bestelako ornogabeak jaten ditu (Dowing & Murph 1994; the-piedpiper.co.uk 2013). Irletan arrautzak eta lurretik gertu egon ohi diren hegazti kumeak ere jaten dituela behatu da (Palomo et al. 2007).

Ugalketa eta ontogenia

Populazio basatietan, arrak urte guztian egon daitezke sexualki aktibo, baina emeen ugaltze aktibitatea fotoperiodoaren menpe dago: otsailean hasi eta urrian amaitzen da, bi kumaldi izan ohi dituztelarik (Dowding & Murphy 1994). Hiri populazioetan, jaki ugari eskura dezakeenez, ez dago ugal garai zehatzik eta urtean bost kumaldi izan ditzake. Kumaldi bakoitzean zazpi kume izaten ditu batezbeste (1-12 kume artean). Ernaldiak 21 egun irauten ditu eta esnea hilabete batez hartzen dute arratoi-kumeek. Heldutasun sexuala emeek 6-7 astetara lortzen dute eta arrek 7-8 astetara (Palomo et al. 2007). 

Bizimodua

Adar eta orbelen artean sortzen ditu habi borobilak, lurretik altuera batetara, baina lur-azpiko gordelekuak ere eraikitzen ditu zuhaitzen oinarrian sustraiak erabiliz (the-piedpiper.co.uk 2013). Ar heldu batez eta bi emez dominaturiko talde hierarkizatuetan bizi ohi da. Urtero ia populazio osoaren berriztapena ematen da, gehienez 18 hilabetez bizi baita egoera basatian (Palomo et al. 2007). Espezie hau batez ere ilunsentikoa eta gautarra bada ere, egunez ere ikus daiteke (Dowing & Murphy 1994).

Espezieen arteko elkarrekintzak

Gaixotasun ugariren eramailea da, besteak bste, tifusa eta nekazal landaketei erasotzen dien beste hainbat gaixotasun. Erdi Aroan giza populazioan eragin handia izan zuen izurri bubonikoa R. rattusek hedatu zuen (the-piedpiper.co.uk 2013). Gainera, sifonapteroak, malofagoak eta akaroak bezalako ektoparasitoen eta zestodo eta nematodoak bezalako endoparasitoen eramailea ere bada (Palomo et al. 2007).

Bere predatzaileen artean hontz handia (Bubo bubo), hontz zuria (Tylo alba) eta tamaina ertaineko karniboroak daude besteak beste (Palomo et al. 2007).

Kontserbazioa

Ez du kontserbazio arazorik. Are gehiago, gizakia bizi den ingurunean duen ugal arrakasta handia dela eta, pozoien bidezko populazioen kontrola egiten da.

Esteka interesgarriak


Bibliografia


. . The Pied Piper. http://www.the-piedpiper.co.uk/th1.htm (2013/02/22)

Palomo L. J., Gisbert J., Blanco C.. 2007. Atlas y libro rojo de los mamíferos terrestres de España. Ministerio de España. Madrid

. . Australiam museum: nature culture discover. http://australianmuseum.net.au/Black-Rat (2013/02/22)

Dowing J. E., Murphy E. C.. 1994. Ecology of ship rats (Rattus rattus) in a Kauri (Agathis australis) forest in Northland, New Zealand. New Zealand Journal of Ecology, 18 (1): 19-28

Cox. M. P., Dickman C. R., Cox. W. G.. 2000. Use of habitat by the black rat (Rattus rattus) at North Head, New South Wales: an observational and experimental study. Austral Ecology, 25: 375-385
Egilea: | Sorrera: 2013/03/29 | Azken eguneraketa: 2014/09/12 | Bisita-kopurua: 1766 | Argazki nagusia: Joachim S. Müller

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...