Etxe-txolarrea
Passer domesticus

Gurean oso ugaria den hegazti kuxkuxeroa da etxe-txolarrea. Horregatik hegazti ezagunenetarikoa da berau. Historian gizakiarekin erlazionatzen jakin izan du eta, horregatik, egun hegaztirik sakabanatuena da.

Passer domesticus

Phyluma
Chordata
Klasea
Aves
Ordena
Passeriformes
Familia
Passeridae
Deskribatzailea
Linnaeus (1758)
Estatusa
lc

Deskribapena

Hegazti txiki bezain sendoa da txolarrea; burua proportzionalki nahiko handia du eta mokoa gogorra. Hegaldi traketsa duela esaten da eta lumadi ugariak ordenik gabekoa dirudi askotan.

Txori honetan kolore arreak dira nagusi. Eme eta gazteetan apalak dira, baina ar helduek kontraste handiagoa dute. Alde dortsala marroi ilun kolorekoa du, marra beltzez betea, eta alde bentrala grisa. Arrek bularraldetik mokoraino orban beltz bat dute (udan nabariagoa da) eta buru-gaina grisa (ezaugarri honengatik txolarre ilunarekiko erraz desberdindu daiteke). Emeek eta gazteek lista superziliar marroi argia izaten dute askotan. (Cramp 1988; Mullarney et al. 2010).

Dimorfismo sexuala lumetan ez-ezik, tamainan ere badago: arren hegalak batezbeste 76,2 mm neurtzen ditu eta emeenak, aldiz, 74,3 mm (penintsulako datuak Cramp & Perrins 1994ren arabera). Pisuari dagokionez, batezbesteko balioa 27,59 g da.

Antzeko espezieak

Txolarre iluna (Passer hispaniolensis)

Txolarre ilun arrek udan alde bentrala askoz ere ilunagoa dute eta ez dute buru-gainan kolore grisarik. Eme eta gazteen lumadiak etxe-txolarreena baino kontraste handiagoa du


Landa-txolarrea (Passer montanus)

Landa-txolarrea txikiagoa da eta lepoko txuria dauka.

Kantua

Etxe-txolarrea espezie iskanbilatsua da, batez ere taldeka biltzen denean. Horrelakoetan kantu monosilabiko tipikoa egiten du, chip-chip edo chirr-r-r modukoa. Ugalketa-garaian soinu horien bariazioak egiten ditu.

Banaketa

Etxe-txolarrearen jatorria Mesopotamia inguruan legoke, non azken glaziazioan bertan babestuta geratu omen baitzen. Gainera, bertan nekazaritza jaiotzean gaur arte iraun duen gizakiaren eta txolarrearen arteko erlazioari hasiera eman zitzaion (Murgui 2011). Erlazio horrek txolarrearen hedapena erraztu zuen, eta egun Palearktikoan (Europa, Afrikaren iparraldea, Asiaren mendebaldea, Siberia, Txinako iparraldea eta Japonian), Ekialdeko eskualdean (Asia tropikalean) eta eskualde etiopiarrean (Saharaz hegoaldeko Afrikan eta Arabiako hegoaldean) aurki daiteke (Cramp & Perrins, 1994; Hudde 1997; Murgui 2011). Gainera, itsas-mailatik 4.500 metrora arte hedatua dago (Summers & Smith 2009). Ondorioz, etxe-txolarrea banaketa handiena duen hegaztia dela esan daiteke.

Etxe-txolarrea hegazti sedentarioa da, urte osoan gizakiarengatik gertu bizi dena. Halere, ez dago argi benetako migraziorik egiten duen. Izan ere, ale batzuek Gibraltar edota Pirinioak zeharkatzen dituztela ikusi da, baina ez da argitu benetako migrazioak diren ala sakabanatze mugimendu soilak (Snow et al. 1955; Bernis 1989; Frias et al. 2009).

Hiri handietako erdiguneetan bizi diren txolarre helduak ez dira ia mugitzen haien kolonia inguruetatik. Ordea, hiri handi hauetako periferietan eta herri txikietan bizi direnak hiritartu gabeko guneetara hurbiltzen dira egunean zehar elikagai bila batez ere (Bernis 1989).

Habitata

Esan bezala, etxe-txolarrearen eta gizakiaren arteko erlazioa estua da, eta habitataren hautaketan argi ikusten da berau. Izan ere, etxe-txolarreak gizakia urte osoan bizi den inguruetara lotuta dago, are gehiago abereak inguruan badaude (Bernis 1989). Bestela, hezegunetara, basoetara eta sastrakadietara nekez hurbiltzen da (Murgui 2011).

Habia zuloetan edo adakeran eraikitzen du. Zuloetan egiten duenean habia irekia izaten da, baina adarren artean egiten duenean itxia da, zulo bakar batekin.



Habitat bereko espezie gehiago

Alauda arvensis
Galerida cristata
Lepus europaeus
Luscinia megarhynchos
Myotis emarginatus
Crocidura russula
Athene noctua
Milvus migrans
Circaetus gallicus
Falco tinnunculus
Pyrrhocorax pyrrhocorax
Jynx torquilla
Rattus norvegicus
Rattus rattus
Fringilla coelebs
Accipiter gentilis
Prunella modularis
Phoenicurus ochruros
Phoenicurus phoenicurus
Talpa occidentalis
Erinaceus europaeus
Trachemys scripta
Myodes glareolus
Strix aluco
Otus scops
Troglodytes troglodytes
Milvus milvus
Microtus duodecimcostatus
Miniopterus schreibersii
Rhinolophus hipposideros
Plecotus austriacus
Lanius senator
Oryctolagus cuniculus
Neophron percnopterus
Buteo buteo
Ardea cinerea
Aglais urticae
Pica pica
Aquila chrysaetos
Tyto alba
Eptesicus serotinus
Pipistrellus pipistrellus
Falco peregrinus
Turdus merula
Ciconia nigra
Turdus philomelos
Pipistrellus kuhlii
Asio otus
Suncus etruscus
Mus spretus
Mus musculus
Micromys minutus
Tadarida teniotis
Myotis blythii
Anguis fragilis


Elikadura

Espezie hau omniboroa eta oportunista da, hau da, aurkitzen duen ia gehienaz elika daiteke, baina belarrak eta ornogabeak hobesten ditu (Cramp & Perrins 1994; Hudde 1997). Dena dela, hiri handien periferietan eta herri txikietan bizi diren etxe-txolarreak inguruko hiritartu gabeko guneetan bazkatzen dira, eta eremu horien araberakoa izaten da hegazti hauen dieta. Horrela, hirietako txolarreek parkeetako belarrak eta zuhaitzetako fruituak edo haziak jaten dituzte batik bat, baina nekazal inguruetakoek zekale aleak eta hondakinak (Bernis 1989).

Ugalketa eta ontogenia

Ugalketa garaia apiriletik uztaila artekoa da; alabaina, araldia urte osoan zehar gertatzen da (Bernis 1989). 1-9 arrautza bitartean erruten dituzte, eta urtean zehar 1-5 errunaldi egoten dira. Inkubazioa 11-19 egunez luzatzen da eta arrek zein emeek hartzen dute parte. Txitak jaio eta gero 13-16 egunez bazkatzen dituzte eta gero habia uzten dute (Pardo 1982).

Bizimodua

Etxe-txolarrea espezie taldekoi eta monogamoa da, eta bikoteak bizitza osoan iraun dezake (Cramp 1988). Hala eta guztiz ere, poliginia maiz ikusten da, hau da, arrak beste eme batzuekin ikusten dira (Veiga 1992). Bikoteak 6 eta 20 bikote artekoak diren kolonietan biltzen dira.

Espezieen arteko elkarrekintzak

Batzuetan etxe-txolarreak eta landa-txolarreak (Passer montanus) habia eta elikagaiengatik konpetentzia izaten dute. Horrelakoetan etxe-txolarrea benetan oldarkor agertzen da (landa-txolarreak hiltzera ere irits daiteke) eta landa-txolarrea ingurune traketsagoetara bidaltzen du (Cordero & Senar 1990). Habiengatik kaskabeltz handiarekin (Parus major) lehiatzen duela ikusi da (habi-kutxengatik), bai eta arratoiekin ere (zuloak) (Faus & Vericad 1985; Barba et al. 1995). Batzuetan etxe txolarreak eta txolarre ilunak (Passer hispaniolensis) talde berdinetan ikusi izan dira (Alonso 1982).

Etxe-txolarrearen hainbat espezieren harrapakinak dira: habietan arratoiak, eskulapioren eta eskailera sugeak, soro muxarrak, etxe-saguak, lepitzulia eta mika; gainontzean hontza zuriak, urubiak, eskinosoak, mozoloak, mirotz urdina, zuhaitz belatza… (Murgui 2011).

Kontserbazioa

IUCN erakundeak mundu mailan “mehatxurik gabe” sailkatzen du espezie hau hedapen zabala eta populazio handia eta beherakada garrantzitsurik gabekoa duelako (IUCN, 2009). Hala ere, badirudi Europan populazioaren beherakada gertatzen ari dela eta horregatik kontserbaziorako intereseko espeziea dela onartzen da (BirdLife, 2004). Espainiar estatuan ez da inongo katalogotan jasotzen, ezta erkidego bakar batean ere.

Ez dago populazioen beherakada azaltzeko adostasunik. Ikerlari batzuen ustez meteorologiak, nekazal inguruak bertan behera utzi izanak eta nekazal jardueren aldaketek (pestiziden erabilerak, ereinketa sistemaren aldaketak…) eragin handia dute (Senar & Copete 1995; Gil-Delgado et al. 2002). Bestalde, beste ikerlari batzuek hiriak handitu eta gehiegi antropizatu izana (gune berdeeen desagerpenak, adibidez) jotzen dute beherakadaren arrazoitzat (Murgui & Macias 2010). Aipatu beharra dago, ikerketa baten arabera hirietako eremu elektromagnetikoa handitu izanak (telefono mugikorrentzako antenengatik batik bat) txolarreen fisiologian eragin duela (Balmori & Hallberg 2007).

Argazkiak

Etxe-txolarrea
Antton Alberdi ( 2012/10/23 )
Esteka interesgarriak


Egilea: | Sorrera: 2012/01/26 | Azken eguneraketa: 2013/05/31 | Bisita-kopurua: 2448 | Argazki nagusia: Wikimedia Commons

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...