Zikoin beltza
Ciconia nigra

Zikoin beltzak (edo amiamoko beltzak) ez du gurean habiarik egiten eta, hori dela eta, ez da zikoin zuria bezain ezaguna. Hala ere, migrazioan ehunka ale igarotzen dira Euskal Herritik. Agian, noizbehinka horren ezaguna zaigun zikoin zuriaren aldaera iluna ikusteak pizten digu arretarik handiena. Beraz, bidaian baino ikusten ez badugu ere, Euskal Herriko aniztasuna aberasten duen espezieetako bat dugu berau.  

Ciconia nigra

Phyluma
Chordata
Klasea
Aves
Ordena
Ciconiiformes
Familia
Ciconiidae
Deskribatzailea
Linnaeus (1758)
Estatusa
lc

Deskribapena

Ciconiidae familiako gainontzeko ordezkariek bezala, zikoin beltzek lumarik gabeko hanka luzeak dituzte, baita lepo luzea (bertan zaku aereo handi bat dute) eta moko sendoa ere (Del Hoyo et al. 1992). Bularraldeko muskulu-egiturak espeziearen hegaldia planeatzailea dela erakusten du. Zikoin beltza zikoin zuria baino apur bat txikiagoa da. Alde dortsaleko lumadia beltza du, bai eta bularraldean ere, eta isla metaliko berdeak ikusi ahal zaizkio. Bestalde, alde bentralean kolore zuria nagusi da. Begi inguruko karunkula, mokoa eta hankak gorriak dira helduetan. Gazteetan, bestalde, mokoa eta hankak berdeak dira eta lumadia arrea (Del Hoyo et al. 1992).

Banaketa

Mundu mailan, Europan, Afrikan eta Asian agertzen da zikoin beltza. Iberiar penintsulako eta Europako populazioek banaketa desberdinak dauzkate: iberiarrak penintsulako hego-mendebaldean jartzen du habia, Tajo ibaiaren erdiko ibilguaren erdian batik bat (Franco 2003). Azken 15 urtetan populazio hau zabaldu dela uste da (Cano Alonso et al. 2004) eta 500 bikotez osatua egotea litekeena da. Bestalde, Europako populazioak udaberria eta uda Europa iparralde eta erdialdean igarotzen du (Alemanian, Belgikan, Polonian eta Frantzian).

Migrazioari dagokionez, Iberiako populazioaren zati batek negua bertan igarotzen badu ere, indibiduo gehienek Sahara basamortua zeharkatzen dute (Senegal, Mauritania, Ghana… herrialdeetara doaz). Bidaia bakarrik edo multzo txikietan egiten dute (Gibraltar inguruan multzoak biltzen dira) eta planeatuz egiten dute batez ere (Cano Alonso et al. 2004). 

Garaia

Euskal Herrian habia egiten ez duen arren, migrazio garaian ikus daitezke, udaberrian eta udazkenean.

Habitata

Zikoin beltzak zuhaiztiak nahiz harkaitzak aukeratzen ditu habia non osatu erabakitzeko, batez ere inguruan ibai, erreka, hezegune nahiz urtegiak baldin badaude. Izan ere, berauetan bazkatzen dira. Zuhaiztiei dagokienez, artelatzez (Quercus suber) osatutako dehesak hobesten dituzte, bai eta hainbat pinudi ere (Pinus pinea, P. pinaster…), zuhaitzon egitura dela eta. Harkaitzei dagokienez, granitoak, kareharriak edota arbelak nahiago ditu eta, horrelakoetan, hauen arrakala eta erlaitzetan jartzen dute habia. Edonola, harkaitzak ala zuhaitzak izan gertu elikagaiak aurkitzeko lekua egotea ezinbestekoa dute zikoin beltzek; hots, hezegune, ibai, edota urtegiak (Ferrero & Pizarro 2003; Cano et al. 2004).



Habitat bereko espezie gehiago

Microtus duodecimcostatus
Milvus milvus
Passer domesticus
Circaetus gallicus
Pipistrellus kuhlii
Turdus philomelos
Asio otus
Turdus merula
Falco peregrinus
Milvus migrans
Falco tinnunculus
Alauda arvensis
Lepus europaeus
Luscinia megarhynchos
Galerida cristata
Crocidura russula
Pyrrhocorax pyrrhocorax
Jynx torquilla
Athene noctua
Suncus etruscus
Myotis blythii
Buteo buteo
Neophron percnopterus
Rhinolophus hipposideros
Tyto alba
Aquila chrysaetos
Aglais urticae
Ardea cinerea
Pica pica
Miniopterus schreibersii
Plecotus austriacus
Mus spretus
Micromys minutus
Tadarida teniotis
Mus musculus
Pipistrellus pipistrellus
Lanius senator
Oryctolagus cuniculus
Eptesicus serotinus
Anguis fragilis


Elikadura

Zikoin beltzek osteiktioak (hezurdun arrainak) jaten dituzte batez ere, baina anfibioak, narrastiak eta ornogabeak ere jaten dituzte askotan, hala nola intsektuak, barraskiloak, zizareak… (Ferrero & Pizarro 2003). Hori dela eta, habia jartzeko elikagaiok lortuko dituen inguruneak gertu behar ditu, arestian aipatu legez.

Ugalketa eta ontogenia

Zikoin beltzak bikote sendoak osatzen ditu eta lurraldekoia da. Ostera, zenbaitetan hirukoteak ere batzen dira, baina azkenean aleetako batek habia uzten du. Habiak martxoa eta apirila bitartean betetzen dituzte. Horretarako, goroldiozko oinarria duen habia eraikitzen dute edo beste hegazti batzuen habiak betetzen dituzte: arrano txikiarenak, miru beltzarenak, miru gorriarenak, zikoin zuriarenak… (Cano Alonso 2004). Hurrena, gorteiua hasten da: bi aleek burua gora eta behera mugitu eta aldi berean txistu egiten dute. Gainera, estal luma zuriak zabaltzen dituzte eta lumadia puzten zaie. Zenbaitetan hegaldi sinkronikoak ere egiten dituztela ikusi da. Gorteiu hau txitak jaio eta gero ere egiten jarraitzen dute, bikotearen lotura sendotzeko (Kahl 1972; Sackl 2000).

Kopulak habiak eraiki bezain laster hasten dira; arrak emearen inguruan birak ematen ditu eta, ondoren, emea etzan egiten da. Arrautzak astebete beranduago erruten dira, 2-5 arrautza inguru, eta 32-38 egun beranduago txitak jaiotzen dira (Cano Alonso 2004).

Jaiotako txitak 9-10 astez habian geratzen dira eta hasieran gurasoek babesten dituzte (hotz egiten duenean gainean jarriz eta bero egiten duenean itzala eginez). Habian dirauten denboran zehar helduek bazkatzen dituzte txitak, jandakoa berrahoratuz. Hegan egiten hasten direnean laster habia utzi eta bizitza guztiz independente bat hasten dute. Gainera, ikusi da gazte independente hauek beste ale batzuekin taldeak osatzen dituztela, bai eta beste heldu batzuekin ere (Bobek et al. 2001).

Espezieen arteko elkarrekintzak

Arrano beltzak zikoin beltzak erasotzen ditu, baina hontza handiek, azeriek, katajinetek eta lepazuriek habian dauden txitengan egiten dutena da harraparitza nagusia (Cano Alonso 2004). Bestalde, harkaitzetako espezie ugarik habia kentzen diote zikoin beltzari: erroiak, sai zuriak, bonelli arranoak, hontza handiak, arrano beltzak… 

Kontserbazioa

IUCN erakundearen arabera zikoin beltza ez dago mehatxatua. Espainian, ordea, “zahurgarria” kontsideratzen da. Hauek dira espeziearen mehatxu nagusiak (Cano Alonso 2004): habitat galera, gizakiak eragindako eragozpenak, elektrokuzioak, uren poluzioa…

Esteka interesgarriak


Erlazionaturiko artikuluak

Egilea: | Sorrera: 2011/07/30 | Azken eguneraketa: 2013/03/12 | Bisita-kopurua: 3120 | Argazki nagusia: Jan Sevcik

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...