Saguzar buztanluzea
Tadarida teniotis

Euskal Herriko isurialde mediterranearrean aurki daitekeen saguzar hau Europako handienetariko bat da gau-saguzar handiarekin (Nyctalus lasiopterus) batera. Orain gutxi arte espezie arraroa zela uste zen arren, azken urteotako ikerketek mediterraneo inguruan nahiko ohikoa dela adierazi dute. Izan ere, irisgarritasun eskaseko inguruetan aurkitu ohi baita.

Tadarida teniotis

Phyluma
Chordata
Klasea
Mammalia
Ordena
Chiroptera
Familia
Molossidae
Deskribatzailea
(Rafinesque, 1814)
Estatusa
lc

Deskribapena

8,4-9,4 cm inguruko luzera eta 5,7-6,4 cm-ko hego-luzera duen saguzar honek, 4,8-5,6 cm inguruko buztan luzearen ondorioz jaso du izena. Belarri zabal eta luzeak ditu, barne-ertzaren bidez oinarrian loturik daudenak eta, aurrealderantz bota ditzake begiak eta aurpegia estaliz. Goiko ezpainean ildaska nabarmenak bereiz daitezke. Ilajea leun eta dentsoa da, ile motzez osatua. Kolore gris-arrea izan ohi du eta tripa aldean kolore argiagoak bereizten zaizkio. Hegoak luze eta estuak ditu  eta plagiopatagioa orkatilan txertatzen da. Uropatagio motza du eta buztana aske gelditzen da bere luzeraren erdialdetik aurrera. Hankak motz eta sendoak ditu eta oinetan molosidoen familiako bereizgarria den zurda batzuk ditu.

Banaketa

Afrika iparraldean, Europa eta Asia hegoaldean, Taiwanen eta Japonian aurki daitekeen saguzarra da. Europan mediterraneo inguruan bizi da, Espainia, Frantzia hegoaldea, Suitza hegoaldea, Italia, Balkanak, Grezia, Albania eta Bulgarian. Mediterraneoko ia irla guztietan ere aurki daiteke, eta baita Atlantikoko Madeira eta Kanariar uharteetan ere. Iberiar penintsula ia guztian topa daiteke, baina askoz ere ohikoagoa da hegoaldean.

Euskal Herrian mediterranear isurialdean dago, batez ere, Araba eta Nafarroako lurretan.

Tadarida teniotis Tadarida teniotis

Habitata

Iristeko zailak diren inguruetan bizi ohi den animalia da, oso ingurune malkarretan. Harkaitzetako arrakaletan eginten du habia, normalean, baina kobazulo, eraikuntza eta zuhaitzetan ere aurkitu izan da. Altitudeari dagokionez, 300 metrotik hasi eta 1.200 metro bitarteko altueran ikusi izan da Euskal Herrian, nahiz eta itsas mailatik 2.400 metroko altueraraino aurkitu izan den beste hainbat lekutan. Gehienak, ordea, 500-600 metro inguruan topatu izan dira.



Habitat bereko espezie gehiago

Myotis blythii
Mus spretus
Suncus etruscus
Asio otus
Falco peregrinus
Turdus merula
Pipistrellus pipistrellus
Eptesicus serotinus
Rhinolophus hipposideros
Buteo buteo
Miniopterus schreibersii
Plecotus austriacus
Oryctolagus cuniculus
Lanius senator
Ciconia nigra
Turdus philomelos
Crocidura russula
Athene noctua
Galerida cristata
Alauda arvensis
Luscinia megarhynchos
Lepus europaeus
Jynx torquilla
Falco tinnunculus
Microtus duodecimcostatus
Pipistrellus kuhlii
Milvus milvus
Passer domesticus
Milvus migrans
Circaetus gallicus
Tyto alba
Pica pica
Montifringilla nivalis
Hierophis viridiflavus
Gyps fulvus
Gypaetus barbatus
Pyrrhocorax pyrrhocorax
Pyrrhocorax graculus
Microtus gerbei
Sorex coronatus
Neophron percnopterus
Prunella collaris
Mustela erminea
Mus musculus
Microtus agrestis
Micromys minutus
Aegolius funereus
Bubo bubo
Parnassius apollo
Chionomys nivalis
Sus scrofa
Anguis fragilis
Ardea cinerea
Aglais urticae
Myotis myotis
Rupicapra pyrenaica
Talpa europaea
Mustela nivalis
Plecotus macrobullaris
Aquila chrysaetos
Myotis nattereri
Tichodroma muraria


Elikadura

Ingurune oso ezberdinetan ikusi dira espezie honetako banakoak intsektu ehizan. Hiriguneetan argiak erakarritako sitsez elikatzen da, batez ere. Basoetan adaburuen gainetik ehizatu ohi dute eta ingurune bertsuak erabili ohi dituzte ehizarako. Bakarka edo talde txikitan ehizatzen dute eta espezieekideei intsektuen berri emateko oihuak jaurtitzen dituzte. Elikatzeko, koloniak 30 km-ko erradioan mugi daitezke, nahiz eta, normalean ez diren 5 km baino gehiago urruntzen. 50 km/h abiaduraz mugi daitezke eta 10 ordu luzez hegan ibili gelditu gabe.

Lepidopteroez elikatzen dira, batez ere, baina neuropteroak eta koleopteroak ere ehizatzen dituzte.

Ugalketa eta ontogenia

Aktibitate sexualak gaina jotzen du udaberrian eta abuztuaren ondoren, edoskitzaroaren ostean harenak berriz ere batzen direnean. Erditze garaia ekaina eta uztaila aldera izan ohi da baina aldaketa handiak behatu dira koloniatik koloniara. Kumeak jaio eta hiru hilabetera hasten dira hegan.

Bizimodua

Molossidae familiako saguzarren artean bizi-luzetasun handiena dutenak dira, 13 urteko banakoak aurkitu izan baitira. Orohar, ordea, molosidoak gainerako saguzarrak baino bizitza laburragoa izan ohi dute. Oso garai jakinetan hibernatzen du, eta denbora motzez. Baliteke aldaketa fisiologiko hau izatea molosidoek gainerako saguzarrek baino bizitza laburragoak izatearen arrazoia. Sexuen arteko nagusitasuna ez dago batere argi, nahiz eta harrapatutako banako gehienak arrak izan. Izan ere, baliteke lurraldea zaintzeko hegaldiak arren esku egotearen ondorio izatea harrapaketa desproportzionatuaren zergatia. Araldian, gauez hegan egiten dute lurraldea kontrolatzeko eta eguna hastearekin batera itzultzen dira koloniara.

Autore batzuek migratzaileak direla aipatu duten arren, beste batzuek sedentarioak direla diote. Behaketa gehienak apirila eta urria bitartean egin direnez, ez da batere ziurra espezie honetako animalien portaera.

Kolonien egitura konplexua dela uste dute adituek. Normalean, ar bat eta hainbat emez osaturiko harenak sortzen dituzte eta arrek sutsuki defendatzen dute beren lurraldea. Apioaren antzeko usaina jariatzen dute arrek, ziurrenik, beren lurraldea markatzeko eta, udaberri eta udazkenean ar dominatzaileek oihu sozialak egiten dituzte emeak erakartzeko.

Espezieen arteko elkarrekintzak

Pipistrelo arrunt (Pipistellus pipistrellus), baratze-saguzar (Eptesicus serotinus) eta sorbeltz arruntekin (Apus apus) eraikuntza bera partekatu dezaketela ikusi da, nahiz eta bizileku zehatza ez den bera izaten. 

Hegazti harrapari askoren harrapakina da. Belatz handia (Falco peregrinus) eta belatz gorriaren (Falco tinnunculus) harrapakina da, baita hontz zuria (Tyto alba) eta urubi arruntarena (Strix aluco) ere. 

Ez da espezie batere parasitatua, nahiz eta akaro, arkakuso eta zorriak aurkitu izan zaizkien.

Esteka interesgarriak


Erlazionaturiko artikuluak

Euskal Herriko saguzarrak: itzal hegodunak

Antton Alberdi | 2012ko apirila

Egilea: Antton Alberdi | Sorrera: 2012/03/05 | Azken eguneraketa: 2014/08/21 | Bisita-kopurua: 2314 | Argazki nagusia: Antton Alberdi

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...