Egilea: Antton Alberdi
Biologoa da eta saguzar belarrihandi alpetarraren ekologia eta eboluzioaren inguruan ari da doktoretza-tesia egiten Euskal Herriko Unibertsitatean.
Habitatak
Saguzarrak Euskal Herriko txoko ia guztietan aurki daitezke: hirietan, basoetan, zelaietan, harkaiztietan… Kostaldetik Pirinioetako gailurrik altuenetaraino, ia ingurune mota guztiak okupatu dituzte. Azter ditzagun, bada, banaka-banaka.
Herri eta hiriguneak
Gizakiak sortutako habitatak ederki asko ustiatzen ikasi dute hainbat espeziek, eta gordeleku gisa erabiltzeaz gain, ehizaleku gisa ere erabiltzen dituzte gizakiak eraldaturiko inguruneak. Gure hirietako espezie ohikoena pipistrelo arrunta da (Pipistrellus pipistrellus), era guztietako eraikinetako arrakala eta zuloetan gordetzen den eta kale-argien inguruan ehizatzea atsegin duen espeziea.
Basoak
Euskal Herrian basoetako hainbat saguzar espezie daude; tartean belarrihandi arrea (Plecotus auritus), baso-saguzarra (Barbastella barbastellus) eta Geoffroy saguzarra (Myotis emarginatus). Espezie horiek eraikuntzetan zein zuhaitzetako zuloetan gorde ohi dira, eta baso barruak dira euren ehizaleku ohikoenak. Bertan, sitsak,euliak, armiarmak eta bestelako ornogabeez elikatzen dira. Aipamen berezia merezi du Bechstein saguzarrak (Myotis bechsteinii), harizti helduekiko lotura handia baitu, eta Euskal Herrian oso harizti gutxi gelditzen baitira. Populazio isolatu gutxi batzuk besterik ez dira ezagutzen gure inguruan, eta ondorioz Zaurgarri kategorian sailkaturik dago EAEko Espezie Mehatxatuen Katalogoan.
Baserri-inguruneak
Euskal Herriko baserri-inguruneak zelaiez eta horiek bereizten dituzten baso-orban txikiez edo hesi biziez osaturik daude batez ere. Basoak eta zelaiak tartekatzen diren ingurune horiek oso aberatsak dira intsektuei dagokienez, eta, ondorioz, saguzarren presentzia ere nabarmentzekoa da bertan. Ferra-saguzarrek (Rhinolophus ferrumequinum, R. euryale, R. hipposideros) era horretako ekotonoetan ehizatzen dute eta baita belarrihandi grisak (Plecotus austriacus) eta gau-saguzar txikiak (Nyctalus leisleri) ere.
Ibaiak eta errekak
Ibaiek eta errekek saguzar-espezie asko erakartzen dituzte, jatekoa ugaria izan ohi delako batetik, eta orientatzeko elementu egokiak direlako, bestetik. Dena den, aipamen berezia merezi duena ibai-saguzarra (Myotis daubentonii) da. Espezie honek trawling teknika darabil ehizatzeko, eta era horretan ehizatzen duen Euskal Herriko espezie bakarra da. Ibai, erreka eta lakuetan soilik ehizatzen duenez, espezie hau izan ohi da ur-inguruneetan ugariena.
Goi mendiak
Euskal Herriko goi-mendietako espezie nagusia belarrihandi alpetarra (Plecotus macrobullaris) da, Pirinioetako larre alpetarretan ehizatzen duena. Euskal Herrian Larrako mendigunean bakarrik aurkitu da, baina Pirinioetan oso hedaturik dagoen espeziea da, 1500 metrotik gorako altueran, batez ere. Badira, dena den, goi-mendiak ustiatzen dituzten beste espezie batzuk ere, gau-saguzar handia (Nyctalus lasiopterus), saguzar buztanluzea (Tadarida teniotis), Natterer saguzarra (Myotis nattereri) edo arratoi-belarri handia (Myotis myotis).
Gordelekuak
Euskal Herriko saguzar-espezieek askotariko gordelekuak erabiltzen dituzte babesteko eta kumatzeko. Zenbait espezie espezialistak dira, eta gordeleku-mota bakarra erabiltzen dute (Bechstein saguzarrak zuhaitzetako zuloak soilik), baina espezie gehienek malgutasun nahiko handia dute. Azken 10.000 urteetan saguzar-espezie gehienek ikasi dute giza eraikinak ustiatzen, eta zenbait ia-espezialista bihurtu dira. Askotariko lekuak erabili arren, espezie gehienak oso baldintza zehatzak behar dituzte kumatu ahal izateko, eta baldintza mikroklimatiko berezietan besterik ez dira gordetzen.
Giza eraikinak
Ohikoak dira etxe eta baserrietako teilatupeetan ferra-saguzar txikiak (
R. hipposideros), Geoffroi saguzarrak (
Myotis emarginatus) eta belarrihandi arreak (
Plecotus auritus), eta elizetan eta eraikin zahar handietan ere topa daitezke saguzarrak, baratze-saguzarra (
Eptesicus serotinus), esaterako. Kuhl pipistreloak (Pipistrellus kuhli) moduko saguzar txikiek koloniak ezar ditzakete etxebizitzetako arrakala txikietan, argazkian ikus daitekeen moduan.
Zubipeak ere erabiltzen dituzte hainbat espeziek, ibai-saguzarrak (Myotis daubentoni), batez ere.
Kobazuloak
Saguzarren gordeleku “tipikoa” dira leizeak, eta espezie askok erabiltzen dituzte gordetzeko, gainera. Ferra-saguzar handia (
Rhinolophus ferrumequinum) eta mediterraneoak (
R. euryale) asko erabiltzen dituzte kobazuloak, eta koba-saguzarra (
Miniopterus schreibersii) ia leize-espezialista da. Bestelako zulo artifizialak ere erabiltzen dituzte saguzarrek, meak eta tunelak, esaterako.
Zuhaitzak
Basoetako espezialistek erabiltzen dituzte, batez ere, zuhaitzetako zuloak: baso-saguzarrak (
Barbastella barbastellus) eta Bechstein saguzarrak (
Myotis bechsteinii), esaterako. Azken honek, gainera, okil-zuloak oso atsegin ditu kumatze-koloniak ezartzeko, eta, ondorioz, egur zaharraren (ahula) presentzia ezinbestekoa da gordelekuak ezartzeko. Baso-saguzarrak, berriz, zuhaitzen azalaren eta enborren arteko arrakaletan gorde ohi dira, eta horientzako ere ezinbestekoa da, beraz, zuhaitz helduak izatea.
Fenologia
Saguzar espezie bakoitza mundu bat izan arren, fenologia orokor batez hitz egitea ez dago soberan. Euskal Herriko saguzar gehienek hibernatu egiten dute, edo behintzat torpor egoeran (gorputzeko tenperatura jaitsita eta metabolismoa mantsotuta) igarotzen dute neguaren zati handiena. Dena den, neguan tenperaturak igoz gero hainbat espeziek hegan egiten dute garai jakin horietan. Hibernatzearen arrazoi nagusiena jateko falta da, espezie ia guztiak intsektiboroak izanik, intsektuen eskuragarritasuna asko jaisten baita neguan. Hainbat espezietako saguzarrek isolaturik hibernatzen dute, baina beste hainbatek talde handiak osatzen dituzte.
Espezie gehienak udaberriarekin batera aktibatzen dira, eta tenperatura epelek lagunduta hartzen dute martxa. Emeak kumatze-koloniatan elkartzen dira eta kumeak udaberriaren erdialdetik uda hasierara bitartean jaiotzen dira. Kumatze-koloniak, beraz, emeez eta urte hartan jaiotako gazteez osaturik egon ohi dira. Jaioberritan kumea amaren sabelean itsatsita egon ohi da askotan, eta amak kume eta guzti ehizatzen du lehen egunetan. Ondoren, ordea, kumea gordelekuan utzi eta bakarrik ehizatzen du amak, bi orduan behin-edo kumea edoskitzera itzuliz. Zenbait espezietan zaintza partekatua gertatzen dela ikusi da< hots, emeek beraien kumeez gain gainerakoen kumeak ere zaintzen dituztela ehizatu ahal izateko.
Kumatze-sasoian arrek ez dute apenas harremanik izaten emeekin, baina erlazio hori guztiz aldatzen da udazkenarekin batera ugal sasoia iristean. Espezie gehienak ”swarming” izeneko kobazulo handi zehatzetan elkartzen dira, eta bertan gertatzen dira kopulak. Euskal Herrian Gorbeian ezagutzen da ”swarming” leize bat, eta bertan inguruko ia espezie guztiak aurkitu dira udazkenean. Behin emea estaltzean, espeziearen arabera, bi garapen-estrategia nagusi ezagutzen dira. Hainbat espezietan enbrioia garatzen hasten da, baina hibernazio garaian garapena eten egiten da. Beste hainbatetan, ordea, enbrioia ez da garatzen hasten udaberrira arte, ezarpen atzeratuaren ondorio.
Kontuan izan behar da azaldutakoak orokortasunak direla, eta espezietik espeziera asko alda daitezkeela estrategiak eta erritmoak.
Ontogenia
Saguzarrek K ugal estrategia darabilte; hots, kalitatea hobesten dute kantitatea beharrean. Horrek esan nahi du kume gutxi izaten dituztela, eta horiek zaintzen energia asko inbertitzen dutela. Saguzar gehienek kume bakarra izaten dute urteko, eta baldintzak egokiak ez badira posible da zenbait urtetan kumerik ez izatea ere. Edoskitzea 1-4 hilabete bitartekoa izan ohi da.
Heldutasun sexuala urtebete edo bi urterekin lortzen dute, eta saguzar gehienek 10 urte inguruko bizi-luzetasuna duten arren, hainbat espezietako 20 urtetik gorako aleak identifikatu dira ikerlariek ezarritako eraztunen laguntzaz.
Ikerketa
Saguzarrak ikertzea ez da lan erraza, ezta lan erosoa ere. Gauez egin behar izaten da lan, eta ingurune “desegokietan” maiz.
Saguzarrak detektatzeko bi modu nagusi daude: ultrasoinuen bitartez detektatzea, edo sare edo bestelako harrapaketa-metodo baten bitartez harrapatzea.
Ultrasoinu detektoreen erabilera
Saguzarrek orientatzeko eta ehizatzeko ekokokapen-deiak erabiltzen dituztenez, posible da, zenbait espezieren kasuan, dei horien egitura aztertuz espeziea identifikatzea. Horretarako ultrasoinu-detektoreak erabiltzen dira, eta ordenagailuan pultsuen egitura azter daiteke. Azken urteotan saguzarrek identifikazio automatikorako tresnen garapenak bultzada handia jaso du, gainera. Dena den ez da beti posible izaten espezieak ekokokapen-deien bitartez identifikatzea, eta, ondorioz, saguzarrak harrapatu beste aukerarik ez da izaten.
Harrapaketa
Saguzarrak harrapatzeko hainbat tresna erabil daitezke. Gordelekuetan esku-sareak erabil daitezke saguzarrak tximeletak bailiran harrapatzeko. Gordelekuen sarreratan, bestalde, arpa-tranpak ezarri ohi dira maiz. Saguzarrak harrapatzeko metodorik hedatuena, ordea, sare japoniarrak erabiltzea da. Sareak hainbat lekutan jar daitezke (ehizalekuetan, edalekuetan, gordelekuen inguruan). Behin saguzarra eskuetan izanda, sexatu, neurtu, pisatu, eta abar egin daiteke ale bakoitzaren egoera zehazteko. Biopsiak har daitezke DNA edo isotopoen azterketak egiteko (migrazioak, populazioen genetika edo historia ebolutiboak aztertzeko, esaterako), edota baita gorotzak ere (dieta-azterketak egiteko).
Irrati-telemetria
Saguzarren gehienen tamaina txikia dela eta, ezinezkoa da GPS igorgailuak ezartzea, eta, ondorioz, beste metodo batzuk erabili behar izaten dira animalien jarraipenak egin eta haien biologia orokorrean funtsezkoak diren kontuak ezagutzeko.
Irrati-telemetria da normalean saguzarren ehizalekuak eta gordelekuak ezagutzeko erabiltzen den metodoa. Saguzarrei irrati-igorle bat ezartzen zaie bizkarrean, eta igorle horren seinalea jarraitzen da antena eta hartzaile bitartez. Seinalea etengabea igortzen den (segundoro, esaterako) soinu bat izan ohi da, eta haren intentsitatearen arabera ezagutzen da animaliaren kokapena.
Irrati-telemetria bidezko lanak ez dira ez errazak ezta erosoak ere. Seinalea ez da beti garbia izaten, eta saguzarrak dauden kokapenaren eta ingurunearen topografiaren arabera, askotariko seinaleak jaso daitezke. Dena den, saguzarren oinarrizko informazioa lortzeko ezinbesteko metodoa da.
Euskal Herrian saguzarrak ikertzen dituen talde nagusia Euskal Herriko Unibertsitateko Jokabidearen Ekologia eta Eboluzioa ikerketa-taldea da. Saguzarren ehiza-portaerak, dietak, historia ebolutiboak eta abar aztertzen dituzte, besteak beste.