Ferra-saguzar handia
Rhinolophus ferrumequinum

Euskal Herriko ferra-saguzarren artean handiena da, izenak berak dioen bezala. Gainerako generokideetatik erraz bereiz daiteke tamainari begiratuta bakarrik, baina sudur-egitura ere bereizgarria da. Europako atlantiar kostatik Asiako Ozeano bareko kostaraino ezagutzen da espeziea eta Euskal Herrian oso espezie arrunta da. Kobazulotan gordetzen da normalean, baina lurpeko egitura artifizialetan (meategiak eta tunelak) ere ikusi ohi da. 

Rhinolophus ferrumequinum

Phyluma
Chordata
Klasea
Mammalia
Ordena
Chiroptera
Familia
Rhinolophidae
Deskribatzailea
Schreber (1774)
Estatusa
lc

Deskribapena

Euskal Herriko errinolofido handiena da. Besaurrearen luzera 50,5 eta 60,2 mm bitartekoa izan ohi da eta emeak arrak baino apur bat handiagoak dira. Pisua, aldiz, 14,6 eta 31,6 gramo bitartekoa izan ohi da. Ilajea luze, leun eta dentsoa da eta ez da mintzen ertzetan zehar zabaltzen. Kolorea marroi-grisaska eta gorriaren artekoa izaten da, alde bentrala dortsala baino argiagoa. Gazteak argiagoak eta grisaskagoak izaten dira. Zelaren ertzak ahurrak dira eta prozesu konektiboa  altua da, ertz borobilduduna. Laugarren hatzeko lehen falangea, bigarrenaren luzeraren erdia baino handiagoa da. Buztana tibia baino dezente luzeagoa da, eta ondorioz, uropatagioaren atze-ertzak angelu nabarmena eratzen du. Hortz-formula 1.1.2.3/2.1.3.3 da eta goiko lehen premolarra oso txikia da eta ezpainetarantz desplazaturik dago. Ondorioz, kaninoa eta atzeko premolarra kontaktuan daude.

Euskal Herrian ez dago besaurrearen tamaina gainezarri daitekeen beste espezierik, eta tamainarengatik erraz bereizten da gainerako generokideetatik. 

Antzeko espezieak

Ferra-saguzar txikia (Rhinolophus hipposideros)
Rhinolophus hipposideros

Ferra-saguzar txikia da handiaren antzekotasun morfologiko handia duen espeziea, baina berau, izenak dioen bezala, tamainaz txikiagoa da. R. ferrumquinumen pisua 15 g ingurukoa izan ohi da, eta R. hipposiderosena, aldiz, 8 g ingurukoa, erdia, alegia. R. hipposiderosen besagainaren tamaina 36 eta 40 mm bitartekoa izan ohi da, eta ferra-saguzar handiarena, aldiz, 53 eta 62 mm bitartekoa.


Ferra-saguzar mediterraneoa (Rhinolophus euryale)
Rhinolophus euryale

R. euryale ferra-saguzar handia baino apur bat txikiagoa da; besagainaren tamaina 45 eta 51 mm bitartekoa izaten baita.


Ferra-saguzar ertaina (Rhinolophus mehelyi)

Euskal Herrian ez dagoen arren, Iberiar penintsulan ferra-saguzar ertainarekin (Rhinolophus mehelyi) nahas daiteke espeziea, baina honen tamaina txikiagoa izaten da, normalean. R. mehelyiren kasuan, gainera, zelaren ertzak paraleloak dira eta prozesu konektiboa puntazorrotza da.

Ekokokapena

Frekuentzia konstanteko ekokokapen-pultsuak emititzen dituzte, gainerako errinolofidoek bezala. Energia maximoko frekuentzia 80 (79-84) kHz inguruan izaten da, eta pultsuen luzera 30 eta 40 ms bitartean kokatzen da. Harrapakin bila hegan doazenean segunduko 11-13 pultsu emititzen dituzte.

Banaketa

Latitudeari dagokionez estua, baina longitudeari begiratuta banaketa zabala duen espeziea da. Europako atlantiar kostatik Japoniaraino hedaturik dago, baina latitude tarte estuan. Iparraldeko muga, Europan Herbehereetan, Bretainia Handiko hegoaldean eta Kaukason dago. Asian, berriz, Gobi basamortuak ezartzen du muga. Hegoaldeko muga, Sahara eta Arabiako basamortuek eta Himalaya mendikateak ezartzen dute (Dietz et al. 2009).

Iberiar penintsula ia guztian aurkitu da, nahiz eta Aragoi eta Gaztela Mantxan zita gutxi ezagutzen diren. Euskal Herrian, berriz, espezie ugaria da eta gordeleku asko ezagutzen dira Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroa iparraldean, batik bat (Aihartza 2001).

Rhinolophus ferrumequinum Rhinolophus ferrumequinum

Habitata

Zuhaitz edo zuhaixka estaldura minimo bat bada, askotariko inguruneetan bizi daitekeen saguzar-espeziea da (Duvergé & Jones 1994). Presentzia baldintzatzen duen faktore nagusia, gainerako saguzar gehienekin gertatu bezala, gordeleku-eskuragarritasuna da. Animalia kabernikola da, baina haitzuloez gain mea, tunel, upategi eta bestelako lurpeko guneetan aurki daiteke. Nekazaritza inguruko eraikuntzetako gune ilun eta lasaietan ere gorde daiteke.

Kumatze-kolonia gehienak 1.000 metroko altueratik behera aurkitu dira, baina ale bakan eta ez-ugaltzaileak 1.600 metrotik gora ere behatu izan dira (Dietz et al. 2009).



Habitat bereko espezie gehiago

Myotis nattereri
Barbastella barbastellus
Hyla molleri
Dama dama
Nyctalus leisleri
Myotis emarginatus
Capreolus capreolus
Nyctalus noctula
Nyctalus lasiopterus
Myotis myotis
Buteo buteo
Anguis fragilis
Erinaceus europaeus
Accipiter nisus
Scolopax rusticola
Dryocopus martius
Salamandra salamandra
Coracias garrulus
Aquila chrysaetos
Apodemus sylvaticus
Erithacus rubecula
Cervus elaphus
Sus scrofa
Talpa europaea
Caprimulgus europaeus
Cuculus canorus
Bubo bubo
Rana dalmatina
Rana temporaria
Phoenicurus phoenicurus
Fringilla coelebs
Motacilla cinerea
Lacerta schreiberi
Pipistrellus nathusii
Alytes obstetricans
Meles meles
Myotis bechsteinii
Plecotus auritus
Oryctolagus cuniculus
Apodemus flavicollis
Pipistrellus kuhlii
Asio otus
Sorex minutus
Dendrocopos medius
Martes martes
Picus sharpei
Strix aluco
Myodes glareolus
Microtus cabrerae
Dendrocopos major
Jynx torquilla
Crocidura russula
Athene noctua
Otus scops
Microtus lusitanicus
Microtus duodecimcostatus
Micromys minutus
Mustela erminea
Cyanistes caeruleus
Rhinolophus euryale
Mus musculus
Sorex coronatus
Microtus gerbei
Turdus philomelos
Turdus merula
Alauda arvensis
Troglodytes troglodytes
Miniopterus schreibersii
Garrulus glandarius
Vanessa atalanta
Vulpes vulpes
Pipistrellus pipistrellus
Hierophis viridiflavus
Martes foina
Sciurus vulgaris
Glis glis
Ursus arctos
Rhinolophus hipposideros
Accipiter gentilis
Dendrocopos minor
Lepus europaeus
Mustela nivalis
Prunella modularis
Luscinia megarhynchos
Colias croceus
Crocidura suaveolens
Aglais urticae
Tyto alba


Elikadura

Ferra-saguzar handiaren dietaren % 75 lepidoptero gautarrek eta koleopteroek osatzen dute, eta gainerakoa himenopteroek eta dipteroek, normalean (Beck et al. 1997, Duvergé & Jones 1994). Ez da harrapari oportunista, nahiz eta dieta harrapakinen eskuragarritasunaren arabera alda daitekeen. Aukera den bitartean, sitsez elikatzen da, eta hauen gabezian, kakalardoak ehizatzen ditu. Harrapakinak tamaina handikoak izaten dira eta ekokokapenaren bitartez harrapakinak hautatzeko gaitasun handia du.

Ehizarako bi teknika ezberdin erabiltzen ditu, hawking eta flycatching teknikak, hain zuzen ere. Lehenengoarekin igarotzen du denbora gehiena eta landaredia dentsoko guneetan ehizatzeko gaitasuna du, hegaldian maniobratzeko duen erraztasunagatik. Baso zein leku irekietan 200-300 metroko ibilbide zirkularrak egin ohi ditu harrapakinen bila. Flycatchinga zuhaitzeako adarretatik eskegita burutzen du. Burua apur bat altxata, ekokokapenaren bitartez inguruko harrapakinak bilatzen dituzte burua eta gorputza biratuz, belarriak mugitzen dituzten bitartean. Hegan pausalekutik gertu harrapakinen bat igaroz gero, hegaldi labur eta azkar baten bitartez harrapatzen dute. 

Ugalketa eta ontogenia

Maiatzean kumatze-kolonia sortuko den gunera iristen hasten dira aleak. Iristen lehenengoak ernari dauden emeak eta aurreko urtean jaiotako bi sexuetako gazteak izaten dira. Ondoren, gainerako eme ugaltzaileak eta ar helduak iristen dira. Guztiak elkartzean 30-100 alez osaturiko koloniak eratzen dituzte. Ar helduak kolonian mantentzen dira kumeak jaio bitartean. Gertakari hau ekaina amaiera eta uztaila hasiera bitartean ematen da (Issel & Issel 1960, Ransome 1990). 

Gazteak jaio eta 3-4 astera hasten dire hegan, eta beren kabuz bizitzeko gai direnean, 40-50 egun ingururekin, eme helduak udako gordelekua uzten hasten dira. Kumatze-kolonia hau uzten azkenak ale gazteak izaten dira.

Emeek 3-4 urterekin lortzen dute heldutasun sexuala (Ransome 1990, Ransome 1995). Espezie honen bizi-luzetasuna 30 urterainokoa izan daiteke, nahiz eta badirudien gutxi direla 15 urte baino gehiago bizitzen diren animaliak (Dietz et al. 2009) 

Bizimodua

Kumatze- eta hibernazio-gordelekuen arteko distantzia ez da dozenaka kilometro batzuk baino luzeagoa izaten. Ugalketa garaitik at, elkarren artean 15 km-ko distantzia baino gutxiagora dauden hainbat gordeleku erabil ditzakete koloniek, garai honetan mugikortasun eta habitataren erabilera handiagoa emanaz. Gauero, eguneko gordelekutik 1-3 km urruntzen dira ehizarako (Bontadina et al. 1997, Jones et al. 1995).

Dirudienez, ez dira animalia territorialak eta ale bakoitzak ehiza-eremu ezberdinak erabil ditzake. Ehiza-eremu berbera, bestalde, hainbat alek partekatu dezakete, baina ez momentu berean.

Hibernazio-koloniak kumatze-koloniak baino askoz ere handiagoak izaten dira; 600 aleko koloniak ezagutzen dira. Sexua eta adinaren arabera, neguko gordelekuak hautatzerako orduan aldakortasuna behatu da.  Eme helduek kobazulo txiki eta hotzak hautatzen dituzte, leize handiak ar eta eme subhelduek okupatzen dituzten bitartean. Loaldian daudela dirudien arren, neguan zehar, hibernazio-koloniek aldakortasun handiak pairatzen dituzte. Hala, neguko aktibitatea ematen dela ondoriozta daiteke, kanpoko harrapakin-eskuragarritasunaren araberakoa dena.

Kontserbazioa

IUCN erakundearen arabera, mundu mailan espezie honen kontserbazio-egoera ez dago kolokan.

Esteka interesgarriak


Erlazionaturiko artikuluak

Kobazuloak, saguzarren babesleku

Lide Jimenez | 2013ko otsaila

Euskal Herriko saguzarrak: itzal hegodunak

Antton Alberdi | 2012ko apirila

Bibliografia


Beck A, Gloor S, Zahner M, Bontadina T, Hotz M, Lutz M, Müklethaler E. 1997. Zur Ernährungsbiologie der Grossen Hufeisennase in einem Alpental der Schweiz. Arbeitskreis Fledermäuse Sachsen-Anhalt, : 15-18

Dietz C, von Helversen O, Nill D. 2009. Bats of Britain, Europe & Northwest Africa. A&C Black. Londres

Gaisler J. 2001. Greater horseshoe bats - activity, foraging behavior and habitat use. British Wildlife, 6: 69-77

Ransome RD. 1995. Earlier breeding shortens life in female greater horseshoe bats. Phil. Trans. Soc. Lond. B, 350: 153-161

Ransome RD. 1990. The natural history of hibernating bats. Cristopher Helm. Londres

Issel B, Issel W. 1960. Beringungsergebnisse an der Grossen Hufeisennase (Rhinolophus ferrumequinum) in Bayern. Bonn. Zool. Beitr. Sonderheft, 11: 124-142

Aiharza JR. 2001. Quirópteros de Araba, Bizkaia y Gipuzkoa: distribución, ecología y conservación. Doktoretza-tesia, EHU. Bilbo
Egilea: Antton Alberdi | Sorrera: 2011/11/28 | Azken eguneraketa: 2013/01/25 | Bisita-kopurua: 1987 | Argazki nagusia: Dietmar Nill

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...