Zuhaitz-igel arrunta
Hyla molleri

Zuhaitz-igel arrunta, Euskal Herriko anfibio ezagunenetariko bat da, eta bere larruazal fin eta kolore ederrak betidanik eragin du maitasun sentimendu bat herrialde honetako gizasemeongan. Mitologiako izaki, euskal kulturaren osagai… izandakoa daukagu animaliatxo bitxi hau, baina dirudienez, kontu guzti hauek ahazten ari gara, eta hauen ekosistemak erabat suntsituz, igel espezie honen biziraupena kolokan jartzen hasiak gara.

Hyla molleri

Phyluma
Chordata
Klasea
Amphibia
Ordena
Anura
Familia
Hylidae
Deskribatzailea
Linnaeus (1758)
Estatusa
lc

Deskribapena

Zapaburuak 3-5 mm-koak dira arrautzetik ateratzean eta 50 mm-rainokoak metamorfosia burutu aurretik. Isats handia dute, oso altua eta punta borobildukoa. Begiak alboetara dituzte. Orokorrean oliba kolore ilunekoak dira eta kolorazio uniformea dute.

Igel helduaren kolorazio ohikoena berdea bada ere, tonalitatea oso aldakorra izan daiteke, marroixka izatera hel daitekeelarik. Gainera, indibiduo batek, segun eta zein substraturen gainean dagoen edota dituen “sentsazioen” arabera kolorearen intentsitatea alda dezake. Sudurzulo bakoitzetik lerro beltz bat luzatzen da animaliaren alde biak eta baita hankak ere zeharkatzen dituena. Lerro ilun hau inguratzen zuri edo krema koloreko beste lerrotxo bat beha daiteke. Bizkarrean ez dute orbanik aurkezten eta alde bentrala zuria dute.

Gorputza obalatua izan ohi da eta burua nahiko zabala. Bertan kokatzen diren tinpanoak nahiko txikiak dira, igeletan topatzen diren tinpanoekin erkatuz.
Alde dortsala leuna den bitartean, behe-aldea bikortsua dute. Arrek, ahots-zaku handia dute, eta kantu egiten dutenean nabarmenki puzten da; kantatzen ez dagoenean, tolestura batzuk sumatzen dira hau kokatzen den ingurunean.

Hanka luzeak ditu anuru honek eta behatzarteko mintzik gabekoa da (agertu daitezke, baina kasu hauetan ez dira ezta atzamarren luzera erdira ere ailegatzen). Hatz bakoitzaren muturrean disko-formako kopadura bat ageri du, eta honek baimentzen dio zuhaitzen hosto, adar eta beste hainbat gainazali atxikitzea.

Antzeko espezieak

Hyla meridionalis
Hyla meridionalis

Oso erraza suertatzen da espezie biak bereiztea. Zuhaitz igel arrunta askoz ugariagoa da eta gainera, begitik aurrerako lerro arrea, atzeko hanketaraino luzatzen zaio. Aldiz, Hyla meridionalisen lerroa askoz motzagoa da.

Banaketa

Igel espezie honek Europa du bizileku, eta Norvegia, Estonia, Letonia, Ingalaterra eta Irlanda kenduta, beste herrialde guztietan, gehiago edo gutxiago, topa dezakegula esan genezake.

Euskal Herrian, bi populazio ezberdindu ditugu: bata gune mediterraniarrean kokatzen delarik (uren banaketa-lerrotik hasi eta Ebroraino, Nafarroaren hegoaldea kenduta), eta bestea kostaldean, banaketa lerro estu bat osotuaz.

Habitata

Zuhaitz-igel arruntaren larbak landaredi-estaldura anitza duten guneetan bizi dira, batez ere aintzira eta urmael iraunkorretako orlarekin loturiko hezeguneetan. Ugariak dira zangetan ere.

Helduak ere, putzu, urmael eta zingiren moduko inguruneak ditu gogoko, landare anitzez inguraturik daudenak batez ere. Itsas mailatik eta kota altuetara bitartean topa daiteke anfibio hau, altuera handienean aurkitu den populazioa 1950 m-tara bizi delarik. Zuhaitzen adar eta hostoetan ematen du denbora gehiena, baina ala ere, zenbait momentutan, uretan edota lurrean ere ikus daiteke.


Elikadura

Zapaburuek landare baskularrak, detritusa, perifitona, zianobakteriak, diatomeak, bakteriak, alga berde planktonikoak, disolbatutako materia organikoa, protozooak, polena, eltxo larbak, beste zapaburuak eta anfibioen arrautzak jaten dituzte. Hala ere, ikerketen arabera zapaburu hauen gibeletan topatutako espezierik arruntenak, Navicula cuspidata, Nitzschia palea Synedra ulna eta Scenedesmus quadricauda izan ziren.

Mingaina erabiliz edota harrapakinen gainean salto eginez ehizatzen du. Harrapakinen artean, tximeleta, kilker, euli eta beste hainbat intsektu aurkitzen dira. Indibiduo batzuen urdailean, hemipteroak, opilioiak eta inurriak ere topatu dira.

Ugalketa eta ontogenia

Udaberri edo negu bukaeran, ugaltzeko garaia heltzen zaie anuru hauei, eta arrak emeei aurrea hartuz putzuetara jotzen dute. Hor direlarik, emeak erakartzen dituzte 'kraar-kraar-kraar' soinua behin eta berriro errepikatuz; kantu hau, ugalketa garaitik kanpo ere burutu dezakete hezetasun altuko egunetan, euria egin eta gero batez ere. Emeak ar bat aukeratu ondoren, arra, emearen bizkarraldera igo eta bikoteak, anplexus axial deritzon jarrera hartzen du. Anplexusa, bi ordutan luza daiteke eta gauez zein egunez burutu dezakete.

Emeek erruten dituzten arrautzek, 800tik 1.000ra izan daitezkeenak, kolore horixka eta 1,5 mm-ko diametroa dute. Errun eta 12-15 egunera, 5-8 mm-tako larbak jaiotzen dira. Garapena aurrera doalarik, zapaburuek, kolore gris edota berdea hartu eta metamorfosia pairatzen hasten dira. 3 hilabeteren buruan, animalia gazteak uretatik ateratzen hasten dira, eta baita talde handitan irten ere. 3-4 urte eta 5 cm inguruko tamaina dutelarik lortzen dute heldutasun sexuala. 5 urteko bizi luzetasuna du animaliatxo honek naturan.

Bizimodua

Espezie hau, gautar eta ilunabartarra da batez ere, baina deshidratazioa nolabait jasateko moldatua dagoen larruazala duenez, egunez eguzkitan ere aurkitu daiteke. Zuhaitzetan egon ohi da, eta gutxitan arriskatzen da lurrean edota uretan egotera, bere etsaien menpe. Bero altuko egunetan ordea, putzu, harripe eta leku freskoetan gordetzen da.

Udazkenetik udaberrira, lokatz, goroldio eta arrakalen artean hibernatzen du.

Espezieen arteko elkarrekintzak

Anfibioak izan ohi dituzten etsai natural berberak ditu Hyla arboreak, besteak beste txori harrapariak, ugaztun 'anfibiozaleak', narrastiak… Gainera, intsektu urtarrek, anfibio honen zein beste askoren zapaburuei erasotzen diete.

Bestetik, gero eta zailago bihurtzen ari da espezie honetako indibiduo bat naturan aurkitzea, eta honen arrazoien artean, ekintza antropikoa nabarmendu beharko genuke. Gizakiak, putzuen eta zingiren inguruko landaredia murriztu, zapaburuak kaltetzen dituzten intsektizidak erabili eta hezeguneetan, hauek kutsatzen dituzten gune industrialak kokatzen baititu. Beraz, espezie honen 'etsai naturalen' artean gizakia sartzea legezkoa litzake.

Kontserbazioa

Zuhaitz-igel arrunta behatzea ez da erraza. Populazioak kopuru oso desberdinetan agertzen dira bere banaketa-arearen gune gehienetako lekuetan. Eremu subkantauriarraren iparraldeko erdian daude populaziorik handienak. Itxura guztien arabera euskal populazioen egoera egonkorra da, ur-masak eta landaredi-orlak aldatzeak, ordea, populazioak murriztarazten ditu. Ipar-ekialdeko populazioa aspaldi desagertu dela aipatu behar da.

Penintsulan antzeko egoera ematen den arren, Europako hainbat lurraldetako erregresio-joera kezkagarria dela esan behar da; hala, Danimarkan, duela 45 urteko kokaguneen %90-97tik desagertu da, eta urtero, populazioa %6-20 inguruan murrizten da. Suedia, Holanda, Belgika eta Frantzian populazioak nabarmen urriarazi dituen habitat-hondatze eta aldatze-fenomeno bat ematen ari da; Alemanian, berriz, populazioa %50 murriztu da Saxonia eskualdean.

Argazkiak

Zuhaitz-igel arrunta
( 2009/07/22 )
Esteka interesgarriak


Egilea: Administrator2 | Sorrera: 2012/02/14 | Azken eguneraketa: 2022/05/29 | Bisita-kopurua: 2056 | Argazki nagusia: Christian Fischer

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...