Muxar grisa
Glis glis

Zuhaitzetan batera eta bestera aritzen oso trebea den animalia da muxar grisa, horretarako moldaturiko erpeak, hankapetan kuxin hezeak eta oreka mantentzeko aproposa den isats luzea agertzen dituelarik.

Inoiz, katagorri arruntaren lehengusu txikia dela ere esan izan du inork muxar grisaren inguruan. Baina bada ezberdintasun nabari bat bi animalia hauen artean: muxarra, katagorria ez bezala, animalia gautarra da.

Egun debekatua badago ere, jateko zein sendagaiak egiteko ehizatua izan den animalia dugu muxar grisa.

Glis glis

Phyluma
Chordata
Klasea
Mammalia
Ordena
Rodentia
Familia
Gliridae
Deskribatzailea
Linnaeus, 1766
Estatusa
lc

Deskribapena

Karraskarien taldean sailkaturiko ugaztun txikia da muxar grisa, 13-20 cm gorputza izatera hel daitekeelarik eta 11-17 cm bitarteko buztan iletsua. Indibiduo txikienek 100 g inguruko pisua izan ohi dute eta handienak, berriz, 200 g pisatzera hel daitezke. Hala ere, urtean zehar aldakortasuna handia duen ezaugarria da hau muxarrarengan, izan ere, urte-sasoiaren eta elikagai eskuragarritasunaren guztiz menpekoa.

Itxura orokorrari dagokionean, eta lehen bistara katagorri arruntaren (Sciurus vulgaris) antza handia izan badezake ere, ilaia leun eta gris kolorekoa du erabat alde dortsalean, baita isatsean ere. Alde bentrala, ostera, zurixka kolorekoa du eta begi inguruak soilik izan ohi dira bestelakoak, kolore beltzeko eraztunez inguratuak agertzen baitira. Begiak nabarmen bereizten dira animalia honen aurpegian, izan ere, kolore ezberdineko ileez inguraturik egoteaz gain, tamaina esanguratsukoak dira oso animaliaren gorpuzkera orokorrarekin alderatuz gero.

Aurreko zein atzeko soin-adarretan kuxin heze itsaskorrak aurkezten dituzte, zuhaitzetan gora igotzerako orduan oso baliagarriak suertatzen zaizkienak. Gainera, aurreko soin-adarreko lau atzaparrek (erpuruak izan ezik) eta atzeko soin-adarretako atzapar guztiek erpe labur eta kurbatuak dituzte. Hortzeriari dagokionean, 1013/1013 da muxar grisaren hortz-formula.

Emeek 6 ugatz-pare izaten dituzte: bi bularraldean, beste bi abdomenean eta azken biak izterrondo inguruan.

Banaketa

Espezie paleoartikoa da muxar grisa, Europan Iberiar Penintsula iparraldetik hasi eta behinola Pertsia izan zen ingurutaraino (egun Iran) hedatzen delarik. Sardinia, Kortzika, Sizilia, Kreta eta Korfu uharteetan ere ageri da muxar grisa.

Euskal Herrian duguna G. g. pyrenaicus subespeziea da.

Glis glis Glis glis

Habitata

Animalia arborikola da muxar grisa, batez ere zuhaitz hostogalkorrez edota koniferoz osaturiko basoetan eta baso mistoetan agertzen bada ere, pagadi eta hariztiak nahiago dituena. Oso arrunta da, beraz, hariztietan (Quercus robur), pagaditan (Fagus sylvatica), gaztainaditan (Castanea sativa) eta urriztietan (Corylus avellana) animalia hau aurkitzea. Aldi berean, parke, lorategi edota baserri ingurutan ere egin ohi du bere habia, beti ere, inguruan janaria lortzeko aukerarik badu. Oso arrunta ez bada ere, bestalde, basoetako gure harritsutan ere egin ditzakete habiak, non, harriek babes gisa funtzionatzen duten.

Altitudeari dagokionean, eta 1.000 metrotik gora muxar grisa aurkitzea oso ohikoa ez bada ere, 50-2.000 m artean bizitzeko gai dela ikusi da.



Habitat bereko espezie gehiago

Cuculus canorus
Otus scops
Bubo bubo
Caprimulgus europaeus
Crocidura russula
Erinaceus europaeus
Accipiter nisus
Troglodytes troglodytes


Elikadura

Oro har animalia fitofagoa bada ere, noizean behin intsektuak, loreak, onddoak edota hegazti txikiren bat edo beste ere jan ditzake muxar grisak. 

Udaberri-udan kimuak, zuhaitz-azalak, hostoak eta beste hainbat landareren zati berdeez elikatzen da. Irailetik aurrera, ostera, gantzetan aberatsak diren fruituak bilatzen ditu, izan ere, hibernazioa igarotzeko lain gantz eskuratzen ez duen indibiduoa ez baita datorren udaberrira iritsiko. Urtearen sasoi honetan, beraz, ezkurrak, pago-haziak, urrak, gaztainak, intxaurrak eta koipetan aberatsak diren beste zenbait fruitu lehorrez elikatzen da. Garai honetako elikadura dela eta, muxarra gizendu egiten da eta urtean zeharreko pisurik handienera iritsi ohi da.

Ugalketa eta ontogenia

Hibernaziotik atera eta hilabetera hasten da, gutxi gora-behera, animalia honetan araldia. Urteko kumaldi bakarra izan ohi dute, 3-10 kumez erditu ahal badira ere, oro har, 5-6 kume izaten dituztelarik. Erditzea 30-32 egunez irauten duen ernaldia eta gero ematen da eta iraileko lehen asteetan gertatzen da. Jaioberriak 1-2 g izan ohi dute, batere ilerik gabe jaiotzen dira eta lehenengo  5-6 asteetan amaren esneaz elikatuko dira soilik. Jaio eta 5 egun igarotakoan kanpo belarriak hedatzen zaizkie, 12 egunetara barne belarriko kanpo entzunbidea irekitzen zaie eta 21 egunetara, azkenik, betazalak banandu. Ia bi urte behar izaten dute jaioberri hauek heldutasuna lortzeko.

Ugal sasoian zehar, uztailean orokorrean, emeek beraien uzki aldea lurraren kontra igurzten dute, usain markak utziz honela. Arrek, marka hauei jarraiki, emearen bideari jarraitzen diote, aldi berean, emeak utzitako arrastoaren gainean beraiena utziz. Arrasto hauetaz gain, soinu bidez ere uzten dute agerian muxarrek beraien ugal gogo edo disposizioa. Honela, arrek, emea jarraitzen duten bitartean, soinu karrankariak sortzen dituzte eta hasiera batean behintzat, emeek jarrera defentsiboa eta aurkaria hartzen dute, arrari horzka egitera iritsi daitezkeelarik.

Kopula eman eta gero, emeak habia prestatzen igarotzen du bere denboraren zati handi bat. Oro har, habiak ez dira lurrean kokatzen (noiz edo noiz ikusi izan bada ere), zuhaitz-enborretan aurkitzen dituzten zuloak erabili ohi dituztelarik honetarako. Ilea eta lumak dira hostoekin batera habiak eratzeko gehien erabiltzen dituzten materialak.

Bizimodua

Aurre zein atze soin-adarretan dituzten atzaparrek eta oreka mantentzeko erabiltzen duten itsas iletsuak, muxar grisaren bizimodu arborikolaren froga dira. Aldi berean, ukimen-funtzioa betetzen duten biboteek  eta aurpegian nabarmentzen zaizkion begi beltz handiek iluntasunean jarduteko moldaturiko animalia dela adierazten digute.

Eguna, oro har, zuhaitz zuloetan edo habiatan ematen dute eta ez dira ilunabarrera arte hauetatik ateratzen. Indibiduo gutxik osaturiko taldeetan bizi ohi dira.

Behin azaroa igarota, eta lehen izozteak iritsi bitartean, muxarra hibernaziorako prestatzen da eta zuhaitz-zulo egoki bat bilatzeari ekiten dio, non, garaia iristean, gorputza biribilkatuz eta isatsarekin burua eta lepoa estaliz neguko loaldian sartzen den. Hibernazioan zehar animalia honen metabolismoa balio minimotan mantentzen da: barne tenperatura 35 ºC-tik 1 ºC-ra jaisten zaio, bihotz taupadak 450etik 35eraino murrizten zaizkio eta arnasketa-erritmoa ere ikaragarri txikitzen da, orduko arnas-hartze bakarra izaten duelarik.

Hala eta guztiz ere, kanpoan tenperaturak gora egin orduko berehala berreskuratzen ditu muxarrak  bere ohiko balio metabolikoak.  Maiatza aldean gertatu ohi da hau eta hibernaziotik ateratzean animalia bere pisuaren % 50a galdua izan ohi du (gantz erreserba guztiak agortuak izan ohi ditu).

Tamaina antzerakoa duten bestelako ugaztunekin alderatuta, bizitza luzea izan ohi du muxarrak, 12 urtetik gora bizitzeko gai dela ikusi delarik.

Espezieen arteko elkarrekintzak

Harrapari natural ugari ditu muxarrak, lepahoria (Martes martes) eta zenbait harrapari gautar handi (hontza handia “Bubo bubo”, hontza ertaina “Asio otus” eta urubia “Strix aluco”) besteak beste. Aipatzekoa da gizakiak ere aspalditik ehizatu izan duela muxarra, bere okela fin eta goxoagatik zein muxarraren gantzei atxiki zaizkien gaitasun sendagarriengatik, besteak beste, erreumaren kontrako sendagaiak egiteko.

Kontserbazioa

Europan nahikoa hedatua dagoen espeziea da muxar grisa, hektareako 1-30 animalia bitartean dagoelarik bataz beste. Hala ere, habitat galera dela eta, nabarmen murriztu da animalia honen populazioaren tamaina. Honen harira, Bernako hitzarmenean aipatzen den espezietako bat da muxarra katagorri arruntarekin batera, inolako zaintzarik izan ezean arriskuan suertatzeko aukera handia duelarik honek ere. 

Euskal Herrian debekatua dago muxar grisaren ehiza.

Esteka interesgarriak


Bibliografia


. . IUCN Red List. www.iucnredlist.org (2011/11/30)

Joxerra Aihartza. 1991. Muxar grisa, oihanetako iratxoa. ELHUYAR. Zientzia eta Teknologia, 45.zenbakia:

Ballesteros F. 2007 In: Palomo L. J., Gisbert J., Blanco J. C. . Atlas y Libro Rojo de los Mamíferos Terrestres de España. Ministerio de Medio Ambiente. Madrid
Egilea: | Sorrera: 2012/11/06 | Azken eguneraketa: 2014/08/22 | Bisita-kopurua: 3129 | Argazki nagusia: Aitor Arrizabalaga

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...