Okil berdea
Picus sharpei

Tamaina ertaineko okila da, Dendrocopos generoko espezieak baino handiagoa, baina okil beltza baino txikiagoa. Kolorazio berde oso bereizgarria du, eta horrexegatik, Euskal Herrian urretxoriarekin bakarrik nahas daiteke. Habia enborretan egiten duen arren, egur-azaleko eta lurreko intsektuez elikatu ohi da, inurriez batez ere. Okilen artean baso zaharrekiko lotura txikiena duen espeziea da. Orain gutxira arte Picus viridis espezieren barruan sailkatzen zen arren, Iberiar penintsulako okil berdeei Picus sharpei espezie kategoria eman zaie berriki (Perktas 2011; Pons et al. 2011).

Picus sharpei

Phyluma
Chordata
Klasea
Aves
Ordena
Piciformes
Familia
Picidae
Deskribatzailea
Linnaeus (1758)
Estatusa
lc

Deskribapena

Gorputzaren luzera 30-35 cm-koa da, eta hego-zabalera 40-45 cm-koa. Pisua, berriz, 160 eta 220 g bitartean egon ohi da. Bizkarralde berde iluna du, ipurtxuntxur berde argia eta sabelalde hori-grisaxka. Okil berde gehienek antifaz beltza dute begien inguruan, baina Iberiar penintsulako morfotipoak ez du aipaturiko koloraziorik. Buruaren kaxkoa gorria da. Bi sexuen lumajea oso antzekoa da, baina mokoaren segidan duten bibotearen kolorearekin bereiz daitezke. Emeen bibotea guztiz beltza da, eta arrenak orban gorri bat izan ohi du. Mokoa luzea eta argia da bi kasuetan. Gazteen kolorazioa apalagoa da, eta hegoen gainaldean orban zurixka ugari izaten dituzte. Sabelaldean ere orban ilun ugari izaten dituzte.

Gainerako okil gehienek bezala (okil beltza salbu), hegaldi uhindua du, eta hegazkada azkarrak hegoak itxitako momentuekin tartekatzen ditu hegan doan bitartean.

Antzeko espezieak

Urretxoria (Oriolus oriolus)

Tamainagatik eta kolorazioagatik urretxoria da okil berdearekin nahas daitekeen espezie bakarra, nahiz eta okil berdea baino hegazti apur bat txikixeagoa izan. Kolore berdeko emeak dira nahasteko aukera handiena dutenak, arren lumajea horiagoa baita. Urretxoriaren burua, ordea, bizkarraldearen kolore berekoa da, eta hegoak ilunagoak izan ohi dira. 

Kantua

Ikusteko espezie oso erraza izan ez arren, soinu ozen eta indartsuak ohartarazten du haren presentzia. 10-18 aldiz jarraian igortzen duen “kiu” soinua da espezie honen kanturik arruntena.

Banaketa

Europara mugaturiko banaketa daukan espezia da. Kontinente guztian aurki daiteke, Eskandinavia erdialdetik iparraldera salbu. Mediterraneoko uharteetan falta da, eta baita Irlandan ere. Ekialdeko muga Kaukasok eta Errusiako taigak ezartzen dute. Euskal Herriko lurralde ia guztian aurki daitekeen espeziea da, baso inguruneetara mugatua, ordea.

Picus sharpei Picus sharpei

Habitata

Baso irekiak hobesten dituen espeziea da (Rolstad et al. 2000). Gainerako okil espezie batzuk baino malguagoa da habitatari dagokionez, besteak beste, elikagaia ez duelako normalean egurra zulatzen lortzen. Horrexegatik, ibaien ertzeko basoetan, parkeetan eta bestelako baso-orban txikietan ager daiteke, gainerako okilak ez bezala.



Habitat bereko espezie gehiago

Vulpes vulpes
Dama dama
Phoenicurus phoenicurus
Fringilla coelebs
Erithacus rubecula
Lanius senator
Suncus etruscus
Chalcides bedriagai
Martes foina
Rattus rattus
Microtus duodecimcostatus
Accipiter gentilis
Coracias garrulus
Erinaceus europaeus
Lepus europaeus
Accipiter nisus
Troglodytes troglodytes
Crocidura russula
Talpa europaea
Rana dalmatina
Motacilla cinerea
Dendrocopos minor
Rana temporaria
Salamandra salamandra
Blanus cinereus
Canis lupus
Rhinolophus euryale
Micromys minutus
Alauda arvensis
Galerida cristata
Pyrrhocorax pyrrhocorax
Turdus merula
Microtus cabrerae
Aglais urticae
Prunella modularis
Mustela nivalis
Athene noctua
Plecotus austriacus
Rhinolophus hipposideros
Myotis emarginatus
Aquila chrysaetos
Ursus arctos
Luscinia megarhynchos
Capreolus capreolus
Aquila fasciata
Neophron percnopterus
Colias croceus
Ardea cinerea
Aquila pennata
Caprimulgus europaeus
Cuculus canorus
Miniopterus schreibersii
Alytes obstetricans
Rhinolophus ferrumequinum
Cyanistes caeruleus
Buteo buteo
Cervus elaphus
Mustela erminea
Mus musculus
Nyctalus leisleri
Pipistrellus pipistrellus
Oryctolagus cuniculus
Tyto alba
Garrulus glandarius
Myotis bechsteinii
Meles meles
Myotis nattereri
Plecotus auritus
Myotis myotis
Sus scrofa
Turdus philomelos
Hyla molleri
Anguis fragilis
Vanessa atalanta
Nyctalus noctula
Apodemus flavicollis
Apodemus sylvaticus
Lacerta schreiberi
Dendrocopos medius
Martes martes
Strix aluco
Pipistrellus nathusii
Dryocopus martius
Dendrocopos major
Otus scops
Bubo bubo
Scolopax rusticola
Jynx torquilla
Sciurus vulgaris
Glis glis
Asio otus
Sorex coronatus
Sorex minutus
Crocidura suaveolens
Nyctalus lasiopterus
Pipistrellus kuhlii
Myodes glareolus
Hierophis viridiflavus
Microtus lusitanicus
Microtus gerbei
Barbastella barbastellus


Elikadura

Lurzoruan aritzen da, normalean, elikagai bila, nahiz eta enborren azaleko intsektuez ere elikatzen den. Inurriak, batez ere, eta bestelako intsektuen larbak jaten ditu, mingain luzea erabiliz (Rolstad et al. 2000).

Ugalketa eta ontogenia

Kumaldi bakarra izaten da, eta emeak 5-7 arrautza erruten ditu udaberriaren amaiera aldera, eta arrak zein emeak inkubatzen dituzte arrautzak. Txitoak 19-20 egunen buruan jaiotzen dira eta altrizialak dira. Lumak hiru aste ingururekin garatzen dituzte.

Bizimodua

Habia zuhaitz-enborretan zulatzen du arrak normalean, eta 6-7 cm-ko diametrodun sarrera izan ohi du. Barrualdean 15x40 cm inguruko hutsunea izan ohi du habiak.

Kontserbazioa

Kontserbazio-arazo nabarmenik ez duen espeziea da, eta IUCN erakundeak Least Concern kategorian sailkaturik dauka. Euskal Herrian hedatuen dagoen okil espeziea da, nabarmen.

Esteka interesgarriak


Bibliografia


Rolstad J, Loken B, Rolstad E. 2000. Habitat selection as a hierarchical spatial process: the green woodpecker at the northern edge of its distribution range. Oecologia, 124: 116-129

Perktas U, Barrowclough GF, Groth JG. 2011. Phylogeography and species limits in the green woodpecker complex (Aves: Picidae): multiple Pleistocene refugia and range expansion across Europe and the Near East. Biological Journal of the Linnean Society, 104: 710–723

Pons JM, Olioso G, Cruaud C, Fuchs J. 2011. Phylogeography of the Eurasian green woodpecker (Picus viridis). Journal of Biogeography, 38: 311–325
Egilea: Antton Alberdi | Sorrera: 2013/06/27 | Azken eguneraketa: 2013/10/23 | Bisita-kopurua: 2534 | Argazki nagusia: Enrique Ruiz

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...