Arrabioa
Salamandra salamandra

Euskal Herrian sorginkeriarekin erlazionatua izan da anfibio buztandun hau, batez ere duen pigmentazioa dela eta. Beste hainbat herrialdetan ere sorginen edota suaren sinbolotzat hartua izan da, horren adierazle garbia dugu ingelesez arrabioak duen izena: 'fire salamander'. Kondairak kondaira istorioak istorio, ukaezina dena, ornodun hau berezi eta erakargarria dela dugu eta gure faunaren artean aurkitzen dugunez gero, merezi du hau ikertu eta, bide batez, mirestea.

Salamandra salamandra

Phyluma
Chordata
Klasea
Amphibia
Ordena
Anura
Familia
Salamandridae
Deskribatzailea
Linnaeus (1758)
Estatusa
lc

Deskribapena

Jaiotzeko momentuak arrabioaren larbek 24-36 mm inguruko luzera dute baina neurri hau baldintza geografikoen araberakoa da. Buru zabala dute, tamaina handikoa eta motots-brankial arrosak dituzte, tamaina aldakorrekoak, bizi diren inguruneko oxigeno mailaren araberakoak. Ondo definitutako begi handiak dituzte, 50 cm-ko distantzian mugimendua detektatzeko gai direnak.

Gorputza lateralki zapalduta dute eta isatsa baino zertxobait luzeagoa izaten da. Isatsa, konprimatua dago eta gandor dorsal bat du, gorputzaren erdialderaino luzatzen dena. Isatsaren muturra borobildua izaten da.

Azal hori-beltza du, gorputzarekiko paraleloki luzatzen diren orbanez osatutako marrazki bat osatuz. Hanken hasieran kolore horiko orban argiak ditu, garapenean aurrera joan ahala deigarriagoak egiten direnak. Hanka sendoak ditu, ez oso luzeak eta bost hatz dituzte atzekoetan eta lau aurrekoetan.

Metamorfosia burutu aurretik 60-65 mm-ko luzera izaten dute, baina handiagoak ere ikusi izan dira, esaterako bizi direneko ingurunetik atera ezin direnean, eta 95 mm-rainoko larbak ikusi izan dira, brankiak erabat garatuta dituztenak (neotenia).

Arrabio heldua identifikatzerako orduan ez dugu arazo askorik topatzen. Hau, batez ere, duen pigmentazio bereizgarriari zor zaio. Larruazala, luzetarako orbain hori eta beltzez apaindua du. Orbainak, lerroak osatuz batu daitezke, eta gertatu daiteke, orbain horirik ez adieraztea ere, honela, arrabio guztiz beltz bat izango genuke. Bekaldeko koloreak askoz apalagoak dira.

Gorputzari dagokiola, ia zilindrikoa du, eta gauza bera esan ahal dugu buztanaz mintzo bagara. Azken honetan ez dira ez gangar kaudalik ez dortsalik behatu. Burua zapala, baina urodelo gehienek baino gutxiago, eta ia luze bezain zabala du. Nabarmenki kanpora ateratzen diren begi handiak ditu. Begietatik hurbil eta buruaren bi aldetara ongi markaturiko guruin parotideoak ditu.
 
Hankak, labur eta lodi xamarrak, eta atzamarrak, zapalak ditu.

Gorputz-enborrean zehar, lerro zuzenetan antolaturiko poroak dituzte, aurreko hanketatik atzekoetara luzatzen direnak. Hauetatik eta guruin parotideoetatik likido zuri eta pozoitsu bat isurtzen dute. Hau hilgarria ez bada ere, zapore oso txarra uzten du eta begiak erresumindu ditzake.

Kloaka luzanga dute eta lodiagoa da arren kasuan. Emeak, oro har, luze eta lodiagoa dute enborra, eta atzeko gorputz-adarrak arrek baino laburragoak dituzte.

Banaketa

Europa, Asia eta Afrikan topatu egin da urodelo hau.

Europan, erdialdean eta hego-ekialdean topa dezakegun espeziea dugu arrabioa. Normalean, 400 eta 1000 m-ko altitudetan bizi dira, baina hala ere, Alemaniako iparraldean 25 m-tara bizi ziren populazioak behatu izan dira.

Euskal Herrian, itsas mailatik eta 1900 m-tara aurkitu izan da anfibio hau. Klima dela eta eskualde eurosiberiar gehienetan eta trantsiziozko mendietan ageri den bitartean, hegoaldeko lautada eta beste hainbat ingurune idorretan ez da azaltzen.

Habitata

Urarekiko dependentzia nolabait murriztu badu ere, leku hezeak aukeratzen ditu, eta prezipitazio handiko gunetan topatzen da errazen. Horrek azaldu dezake zergatik aurkitu dezakegun Euskal Herriaren iparraldean hain maiz.

Baso hostogalkorrak ditu gustuko animalia honek, batez ere harizti, pagadi eta ohian misto hezeak. Hauen artean, gainera, hezeen eta goroldio gehien dituztenak nahiago dituzte.

Elikadura

Arrabioaren larbak oso jatunak dira eta aktiboki ehizatzen dute. Beste afibio batzuk ez bezala, arrabioen larbek zein helduek hortz modukoak dituzte barailean, euren harrapakin espektroa zabaltzea baimentzen dietenak. Larben dieta batik bat, dafneek, trikopteroek eta dipteroek osatzen dute baina joera kanibalak dituzte maiz, beraien tamaina bereko aleak jaten ikusi izan direlarik.

Arrabio helduak, barailak eta mingaina erabiliz harrapatzen dituen ornogabe lurtar txikiak ditu elikagai. Arrabioek gainera ikuspen trikromatikoa dute, harrapakinak bilatzeko erabiltzen dutena. Hauen artean, koleoptero, gasteropodo, anelido, isopodo, miriapodo eta araknidoak topa daitezke. Kasu arraro batzuetan, moluskuak, diplopodoak, pentatomidoak eta lur-zizareak aurkitu dira hauen digestio-hodietan.

Ugalketa eta ontogenia

Arrak uda guztian prest badaude ere, akoplamendua udazken edo udaberrian burutzen dute. Estalketa lehorrean eta gauez izan ohi da.

Arra bi hanketan jarri eta usaintzen hasten da emeren bat detektatu arte. Ondoren, honen atzetik abiatzen da eta hau geldiarazi eta gainean jartzen zaio. Aurreko hankekin emearen aurreko hankak oratzen ditu eta horrela daudelarik, arra enborra eta buztana mugitzen hazten da. Hurrengo “pausuan”, enborra mugitzeari uzten dio eta buztana bakarrik mugitzen jarraitzen du. Une honetan espermatoforoa ezartzen du lurrean. Azkenik, arrak emearen

gorputza espermatofororantz bideratzen du, honi, esperma kloakan sartzeko.

Ugal garaian, eta baita arriskua sumatzen dutenean ere, nit-nit-nit moduko soinu bat ateratzeko gai dira.

Urodelo honek ez du arrautzarik erruten. Honen ordez, arrautza ernalduak barnean mantentzen ditu, eta larbak jaio eta zertxobait garatu direnean askatzen ditu, hau da, obobibiparoa da. 10-70 larba jaiotzen dira aldi bakoitzeko eta aste batzuk behar izaten dituzte amaren gorputzetik denak ateratzeko. 20-33 mm-ko tamainarekin jaiotzen dira anfibio hauek, baina enbrioi batzuen bildukia jaio aurretik apurtzen baldin bada, beste enbrioiak jaten dituzte (adelfofagia) eta metamorfosia nolabait pairaturiko eta tamaina handiko larba batzuk besterik ez dira jaiotzen.

Jaio eta 2-5 hilabetera metamorfosia pairatzen dute. Garai honetarako 55-65 mm izan ohi dute. Arrabio gazte hauek, medio lurtarrera alde egiten dute, eta helduen leku bertsuetan bizi dira. Hala ere, helduak baino mugikorragoak dira eta honek espeziearen dispertsioan laguntzen du.

Heldutasun sexuala 3-4 urte bitartean lortzen dute arrek 13 cm eta emeek 15 cm dutelarik.

Neotenia kasuak behatu direla aipatu beharra dago.

Bizimodua

Espezie gautarra dugu arrabioa, eta bere aktibitatea konstante mantentzen dute gauean zehar. Ibilaldi laburrak burutzen dituzte, luzeenak emeenak direlarik.

Egunean zehar, harripetan, zuhaitz-enbor ustelduen pean, goroldioetan, lurpean edo mikrougaztunen galerietan ezkutaturik egoten dira.

Ez dira batere oldarkorrak, eta hau dela eta, euren artean arazo gabe erlaziona daitezke. Hau honela bada ere, lurraldetasun minimo bat aurkezten dutela esan beharra dago.

Espezieen arteko elkarrekintzak

Indibiduo helduak oso gutxitan izaten dira erasotuak (hauen pigmentazioak pozoitsuak direla adierazten duelako), eta kasu hauetan, Natrix maura, Natrix natrix, Vipera seoanei, hainbat hegaztik eta zenbait ugaztenek burututako erasoak izaten dira. Larben etsaiak, ditisko kakarraldoak, Natrix generoko sugeak eta salmonidoak dira.

Gizakiak, arrabioen populazioetan eragina badu ere, altuera txikitako taldeetan batez ere, ez du espezie honen biziraupena kolokan jartzen. Ez momentuz behintzat.

Argazkiak

Arrabio arruntaren larba
( 2009/07/30 )
Esteka interesgarriak


Egilea: Antton Alberdi | Sorrera: 2012/02/14 | Azken eguneraketa: 2014/08/22 | Bisita-kopurua: 2668 | Argazki nagusia: Aitor Arrizabalaga

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...