Koartza hauskara hegazti handi, eder eta elegantea da. Euskal Herriko ia txoko guztietan aurki dezakegu mendi garaienetan salbu, eta urmael eta ibaiak atsegin ditu, bertan ehizatzen baititu bere elikagai nagusiak diren arrain eta anfibioak. Euskal Herrira negua igarotzera etortzen dira gehienak, baina badira urte osoa hemen igarotzen dutenak ere.
Koartzen familiako espezierik handienetariko bat da. 90-100 cm altuera edo luzera izan dezake eta hego-zabalera 170-200 cm-koa izan ohi da. Moko zorrotz, zuzen eta arrosa-horixkak 10-12 cm-ko luzera izatera iritsi daiteke. Lumajea grisaxka da goialdean eta argiagoa behealdean. Sorbaldetan orban beltzak dituzte. Helduen burua zuria da, begietatik atzera hedatzen diren marra lodi ilunekin. Marra hauek, koleta itxurako luma ilun batzuetan amaitzen dira. Gazteen burua, aldiz, grisa da eta gorputzeko koloreak homogeneoagoak izan ohi dira. Lepoa “S” forman bildurik izan ohi du bai geldi dagoenean, baita hegan egiten duenean ere. Hau da, hegan doazenean batez ere, amiamokoetatik bereizten dituen ezaugarri nagusia. Hankak luzeak eta kolore argikoak dira. Hegan egitean zuzen eta atzera bilduta izaten ditu.
Koloreagatik oso erraz desberdindu daitezke bi espezieak.
Afrika, Asia eta Europan oso hedaturik dagoen hegaztia da koartza hauskara. Europa guztian, Saharaz azpiko Afrikan, eta Siberia, Arabia eta Gobiko basamortua salbu, gainerako Asiako eskualde guztietan aurkitzen baita. Europa erdialdean, Asia hegoaldean eta Afrika hegoaldean urte guztian bizi ohi da. Europa hegoaldean eta Afrika erdialdean, aldiz, negua soilik igarotzen du. Asia erdialdea, ostera, uda igarotzeko bakarrik erabiltzen du. Europan 150.000 bikotetik gora daudela estimatzen da.
Iberiar penintsula, orokorrean negua igarotzeko erabiltzen dute hegazti hauek, baina hainbat lekutan urte osoan bizi ohi dira, Doñana eta Monfraguen, esaterako. Euskal Herriko txoko batzuetan, noizbehinka, urte osoan zehar ikus daitezkeen arren, negua igarotzera etortzen dira normalean gurera. Halere, geroz eta ohikoagoak dira urte osoa gurean geratzen direnak, ibaian gora eta behera besterik mugitzen ez diren ale sedentarioak.
Ura dagoen edozein ingurunetan bizi daiteke hegazti hau. Bere elikagai nagusiak urtarrak edo semiurtarrak direnez, padura, urmael, erreka eta ibaietan ibili ohi da normalean. Ur geza zein gazidun uren ertzetan aurkitzen dira, beraz. Ihidiak atsegin dituzte, kamuflatzeko aukera eskaintzen baitute, baina ingurune irekietan ere egon ohi dira. Itsas mailatik 900 metroko altuerara bitarteko tartean bizi ohi da.
Oso ingurune ezberdinetan eraikitzen dituzte habiak hegazti hauek. Ur ingurunetik gertuko zuhaitzetan eraiki ohi dituzte beren habiak, baina badira ihidietan ere eraikitzen dituztenak, gutxiengoa diren arren. Habia lehenengoz eraikitzean, oso biluzia izan ohi da, baina urtero-urtero gehitzen dizkiote adar eta hostoak eta urteak igaro ahala, habia erraldoiak eratzen dituzte.
Koartza hauskararen elikagai nagusia arrainak dira. Arrantzale bikainak dira eta ondorioz, ingurune askotara moldatzeko ahalmena lortu dute. Anfibioak ere atsegin dituzte eta dieta intsektu, mikrougaztun, suge eta beste hegazti espezie batzuen txitekin osatzen dute.
Errunaldia martxoan hasten da. Habia bakoitzean 3-5 arrautza jartzen dituzte eta 25-28 egunean zehar arrak inkubatzen ditu. Eklosioa gertatu ostean, bi gurasoak arduratzen dira txiten elikaduraz.
Hegazti gazteek 8-9 asterekin uzten dute habia. 20 urtera arteko bizi-luzetasuna izan dezakete.
Aurrez aipatu bezala, hegazti migratzailea da, orokorrean. Ugalketa garaitik kanpo nahiko lurraldekoiak diren arren, ugalketa garaian bikoteek beren kasa edo koloniatan inkubatzen dute, maiz lurraldekoitasuna desagertuz. Soziabilitate honek abantailak eskaintzen dizkie harraparien aurrean.
Ehizarako garaian hegazti bakartia da. Ehizan ari ez denean berriz, zuhaitz altuetan pausatu ohi da.
Koartza hauskaren etsai nagusiak beren habiak garbitzen dituzten hegazti korbido eta harrapariak dira.
Banaketa eremua oso zabala du espezie honek eta ez dirudi populazioak % 30eko beherakadarik duenik. Gainera, 10.000 ale heldu baino gehiago daudela estimatzen da. Hori dela eta, IUCN erakundeak mehatxurik gabe sailkatu du koartza hauskara mundu mailan. Espainian Espezie Mehatxatuen Katalogoan jasota dago.
Europan arrantzaleekiko konpetentzia suposatzen zuelako jazartua izan da. Gainera, garai batean ale helduak buruan motots modura altxatzen zaizkion lumak kentzeko ehizatzen ziren, luma horiek burgesiak estatusaren adierazletzat erabiltzen zituelako. Egun, ibai ertzetako zuhaitzak kentzeak suposa liezaioke mehatxurik nagusiena, berauetan eraikitzen baitu habia. Hezeguneen ur-mailaren fluktuazioak ere asko kalte dezake koartza populazioa.