Uhandre marmolairea
Triturus marmoratus

Euskal Herriko uhandreen arteko handiena dugu, 16 cm-rainoko luzera lortzen duelarik. Oso animalia deigarria dugu, bere azal berde bizi eta orban beltzak direla eta. Gainera, araldian zehar arrek gandor handi bat garatu ohi dute, emeek bizkarraldean lerro laranja polit bat mantentzen dutelarik. Euskal Herrian asko hedatutako espeziea da eta itsas-mailatik 1000 metroko altitudera ikus daiteke.

Triturus marmoratus

Phyluma
Chordata
Klasea
Amphibia
Ordena
Caudata
Familia
Salamandridae
Deskribatzailea
Latreille, 1800
Estatusa
lc

Deskribapena

Uhandre marmolairearen larbek 10 mm inguru dituzte eklosionatu ostean. Kolore hori-arrosa argia dute, lerro dortsal arreekin. 36-70 mm-ak lortzean gandor dortsal eta kaudalak garatzen dituzte, harizpi luze batean bukatzen direnak. Isats luze eta mehea dute, hasieran gorputzean zehar ez dauden orban ilunekin. Garapenak aurrera egin ahala, aldiz, kolorez iluntzen dira eta orbanak gorputzera zabaltzen zaizkie. Sabelaldea argiagoa izaten da eta alboak urdindu daitezke. Kanpo-brankiak dituzte, hauek ere garapenean zehar gorrituz doazenak.

Hanka luze eta oso finak dituzte, hatz oso luze eta mehekin. Hankak, bizkarraren kolore berdinekoak dira eta garapenaren hasieratik dituzte. Hanken eta gorputzaren alboetara kolorazio berdexka dute, zilar koloreko erreflexu disdiratsuekin.

Euskal Herriko beste uhandreekin nahasteko zaila dugu uhandre marmolairea, bere tamaina eta kolorazio bitxia direla eta. Heldua, uhandre guztien arteko handiena da, 16 m-ko luzera lor dezakeelarik nahiz eta arruntena 14-15 cm-koa den, emea beti arra baino handiagoa delarik.

Uhandre sendoak dira bizitza erdia lurrean eta ugal-sasoia uretan ematen duten uhandre hauek. Sasoi lehortarrean zehar, belus itxurako azal garatxoduna izaten dute, kolorez biziagoa dena eta aldiz, sasoi urtarrean, azal lirdingatsuagoa.

Isats konprimatua dute, gorputza bezain luzea dena (7 cm ingurukoa). Buru borobildua dute, zabal baino luzeagoa, mutur ez oso nabariarekin. Ezpain-lobuluak oso garaturik dituzte araldian zehar; aldiz, guruin parotidak ez dira oso garatuta egoten. Hanka txiki eta sendoak dituzte eta hatzen artean ez dute mintzik izaten. Atzeko hanketan bost hatz dituzte eta aurrekoetan lau.

Bizkarraldean, kolore berde biziko azala dute, orban beltz irregularrekin gainetik, ale batzuk ia erabat beltz bilakatzen dituztenak. Aldiz, sabelaldea arre iluna da, orban txuri txikiekin. Ale gazteek eta emeek lerro laranja bat dute bizkarraren erdialdean, buruaren oinarritik isatseraino luzatzen dena. Gainera, araldian zehar emeen hegats-kaudala handitzen da, baina ez da inoiz izango arren gandorra bezain handia.

Aldiz, araldian zehar arren bizkarraldean gandor nabari bat garatzen da, ugaltze-sasoitik kanpo ere mantentzen dena maiz. Gandor hau nahiko altua, erregularra eta leuna da, xingola beltz eta hori bertikalekin. Isatsaren inguruan gandor hau erori egiten da alboetarantza baina isatsetik gora tente mantentzen da. Gainera, arren kolorea ilunagoa da, bereziki heldutasun sexuala lortzen dutenean. Gorputzaren alboetara lerro arre argiago bat izaten dute eta kloaka askoz garatuagoa. Bukatzeko, zenbait uhandre marmolaire populazioetan orbanak urre kolorekoak dira beltzak beharrean, araldian zehar bereziki.

Banaketa

Uhandre marmolaireak jatorriz mendebaldeko Europan du jatorria baina egun Iberiar penintsulako mendebaldean eta Frantziar Estatu guztian zehar dago banatuta. Espezie hau ez dugu Piriniotan aurkituko bertan dauden balditza lehor eta ezegonkorrak direla eta. Frantziako iparraldean, gainera, uhandre marmolairearen populazioak ahulagoak dira Triturus cristatusen agerpena dela eta. Bereziki gustuko ditu eskualde mediteranearreko gune menditsuak.

Euskal Herrian asko hedatutako espeziea da, bertan itsas mailatik hasi eta 1000 m inguruko altitudeetaraino ikus daitekeelarik. Muga horien baitan ez du eskakizun zorrotzegirik ezartzen habitatari dagokionez, eta Kantauri aldeko munoetako larretatik hasi, eta Bardeetako eremu idorretaraino aurki genezake. Nolanahi ere, uhandre marmolaireak urmael iraunkor eta osasuntsuak behar ditu ugaltzeko eta larbak garatzeko, eta horrelako hezeguneak etengabe desagertzen ari direnez, gero eta urriagoa da gure Herriko eskualde gehienetan.

Triturus marmoratus Triturus marmoratus

Habitata

Larba, ur geldoz osatutako putzu eta urmaeletan bizi da. Bereziki, sakon samarrak eta, oro har, landaredidunak diren ur-masetan, urmaeletan, putzuetan, asketan, zangetan eta abarretan.

Helduak, aldiz, habitat mota guztietan aurki daitezke baina ugaltze-sasoian ur-masen inguruan biltzen dira. Hala, leku irekiak, mendi-larreak, zereal-laboredun soroak, barazki eta fruta zelaiak, lugorriak edota basoetako soilguneak dituzte nahiago. Ugaltze-sasoitik kanpo, landaredia belarkara duen substratu gainean mugitzen dira batik bat.


Elikadura

Uhandre marmolairearen larbak intsektuen larbak jaten ditu batik bat, bereziki ur-arkakusoenak.

Orokorrean, uhandre marmolaire helduak gauez elikatzen dira. Sasoi-lehortarrean zehar kilkerrak, arrak, lur-zizareak, bareak, armiarmak, euliak... jaten dituzte. Aldiz, ugal-sasoian zehar krustazeo txikiak, intsektu urtarrak... jaten dituzte.

Ugalketa eta ontogenia

Uhandre alpetarraren ugalketa uretan ematen da eta emeak gorteiu berezien bitartez erakartzen dituzte. Ar batek beste uhandre batekin topo egiten duenean, ukimenaz ezagutzen du, eta emea dela jabetu ondoren, gorteiatzeari ekiten dio: kidearen aurrean jarrita, isatsa horren aldera okertu eta astintzen hasten da bortizki, emearenganazko ur-korrontea sortuz. Lan horretan ari delarik, isats-muturrean kokaturik dituen guruin hedonikoen bitartez feromonak —mezulari biokimikoak— bidaltzen dizkio emeari, bere asmoen berri emanez. Emea ernalketarako prest baldin badago, baiezko erantzun gisara arrarengana hurbildu eta muturra haren barrabilen parean jartzen du.

Une horretan arra ur-hondoan oinez hasten da astiro, emea atzetik duelarik, eta bapatean geldituz, espermatoforo bat uzten du ur-hondoan. Berehala oinez hasten da berriro ere, emea atzetik duela, eta honen kloaka espermatoforoaren gainean dagoenean geratu egiten dira biak, emeak makurtu, ezpain kloakalez espermio-zorroa jaso, eta bere baitan gordetzen duelarik.

Ernalketa burutu ondoren, emeak gainerako arrei buruz ez du ezer jakin nahi izaten. Une horretatik aurrera bere betebeharrak bestelakoak dira, hurrengo asteetan 300 arrautzatik gora errun beharko ditu eta (banaka-banaka eta ardura handiz). Arrautza hauek zuri-horiskak izan ohi dira, eta 3 mm inguruko diametroa izaten dute, kanpo-aldetik hainbat geruza gelatinotsu gardenez babestuta daudelarik. Baina estalki hauek ez dira arrautzaren babes bakarrak. Aitzik, emeak errutean arrautza bakoitza landare urtarren hostoren batean itsasten du ardura handiz, hostoak arrautza erabat biltzen eta babesten duela. Horrela, arrautza makina bat etsairen ahaleginetatik libre izango da enbrioia garatu eta eklosioa gertatu artean.

Arrautza horietatik jaioko diren larbek 7 mm-ko tamaina baino ez dute izaten, baina jaio eta denbora gutxira gai izango dira aktiboki ehizatzeko. Izan ere, eta igel eta apoen apaburuak ez bezala, uhandreen larbak ehizerako moldatutako forma aktibo eta lurraldekoiak izaten baitira. Uda iristen denerako, larba hauek metamorfosia burutu eta uhandretxo bilakatuko dira, urmaelak utzita.

Bizimodua

Uhandre marmolairea lehortarra den arren, ugalketa uretan burutzen du eta beraz, bi fase bereiz daitezke bere bizitzan, sasoi-lehortarra eta ugal-sasoi urtarra. Sasoi lehortarrean zehar, egunez harripeetan, goroldio-azpietan eta gainerako babeslekuetan ezkutatzen dira gaua iritsi zain, eta iluntasunarekin batera freskura eta hezetasuna nagusitzen direnean baino ez dira abiatzen ornogabeak ehizatuz beren premiak asetzera. Udazkena iristen denean ordea, urritik aurrera, eta gainerako anfibio gehientsuenek bezala, uhandre marmolaireak ere babes egokia bilatzen du neguko letargia bertan egiteko, eta bertan mantenduko da, hibernazioan, otsailaren azkenerarte.

Espezieen arteko elkarrekintzak

Frantziako iparraldean Triturus cristatusekin batera bizi da eta bien arteko hibridazioak ikusi izan dira, baina hauen ugalkortasuna murritza da. Hibridazio hauek ematen ez direnean, gainera, espezieen arteko lehiakortasuna handia da eta Frantziako iparraldeko zenbait eskualdeetan T. cristatusek T. marmoratus erabat baztertu egin du.

Kontserbazioa

Ohikoa izaten da banaketa-arearen hegoaldeko leku aproposetan; bakanagoa da, ordea, isurialde atlantiarrean. Populazioak ez dira ugariak izaten, aintzira eta urmael lagungarrietan salbu. Itxura guztien arabera uhandre marmolaire populazioen joeran egonkorra da, populazio askok ugaltzeko erabiltzen duten ur-masen jarraikortasunaren arazoa badute ere. Errute-eremuak eta hesiak galdu izanaren ondorioz populazioak gainbehera nabarmen izan du Frantzian. Gainera, Frantziako iparraldean Triturus cristatusek uhandre marmolaire populazioak desplazatu ditu eta bien arteko hibridazio kasu dexente ikusi dira, ondorengoek ugalkortasun arazoak dituztela.

Esteka interesgarriak


Egilea: | Sorrera: 2012/02/20 | Azken eguneraketa: 2014/08/20 | Bisita-kopurua: 1894 | Argazki nagusia: Ander Izagirre Egaña

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...