Apo lasterkaria
Epidalea calamita

Apo lasterkaria tamaina ertaineko anurua dugu. Apo arrunta (Bufo bufo) baino txikixeagoa izaki, eta honek bezalako soin trinkoa eta bikorrez jantzitako larru zimurra ageri ditu, bere ezaugarririk bistakoena bizkarrean zehar duen lerro bertikal argia duelarik. Bufonido guztietan gertatzen den legez, apo lasterkariaren kasuan ere epidermi osoa guruin pozoitsuz hornitua ageri da. 1996. urtetik dago EAEko Espezie Mehatxatuen Katalogoan zerrendatuta, 'Kaltebera' kategoriaren baitan.

Epidalea calamita

Phyluma
Chordata
Klasea
Amphibia
Ordena
Anura
Familia
Bufonidae
Deskribatzailea
Laurenti (1768)
Estatusa
lc

Deskribapena

Apo lasterkariaren zapaburuak 0,35 cm-rekin jaiotzen dira eta 3 cm-ak lortzen dituzte garapenaren azken faseetan zehar. Beltz kolorekoak dira gainealdetik eta grisak azpialdetik, orban zurixkekin garapenaen bukaeran, hesteak ikusten zaizkiela eta. Espirakulu zuzena dute, atzerantz zuzendua eta ezkerreko aldean kokatzen dena. Begien arteko distantzia, narinen arteko distantziarekiko bikoitza da. Hortz-ezpainen bigarren ilarak erdian diastema zabala du. Isats borobildua dute.

Apo lasterkari helduek 5-6 cm-ko luzera izaten dute, emeak 9,5 cm-ra irits daitezkeen arren. Iberiar Penintsulako apo lasterkariak, hala ere, zertxobait handiagoak dira, erdi Europakoak baino (Doñanakoak izan ezik, askotan ez dituztenak 5 cm ere lortzen).

Itxura sendoa dute, buru triangeluarra luze baino zabalagoa, eta bertan begi handiak nabarmen kanporatuak ditu alde dortsalean. Gainerako bufonidoek bezala, apo lasterkariak ere beginini horizontala du, eta honen inguruan iris hori-berdeska, beltzez orbaindua ageri du. Animaliaren garondoan, eta lepo-gainerantz hedatuta, guruin parotoideo ia paraleloak ikus daitezke, oso nabariak eta ez dibergenteak, apo arruntaren kasuan gertatzen den legez. Lerro bertebral hori-berdexka dute, espeziearen bereizgarria dena eta metamorfosia burutu berri duten zapaburuetan dagoeneko nabaria dena. Atzeko hankak motzak dira eta nahiko sendoak, lasterka egiteko moldaturik baititu. Kolorazio kriptikoa du, lepape eta sabelaldea zurixka edo zuri-horixka eta orbanik gabea edo arre ilunez arinki pintarratua izaten dituen arren, alde dortsala grisa edo berdexka ageri du, funtzio disruptibo argiko orbain arrez jantzita. Bizkarraldean orban berdeak ditu, ingurua oso definiturik ez dutenak.

Antzeko espezieak

Bufo bufo
Bufo bufo

Apo arruntak ez du bizkarraldeko lerro horirik eta atzeko hankak motzagoak ditu, ez diotelarik lasterka egitea baimentzen.

Banaketa

Banaketari dagokionez, apo lasterkaria espezie atlantiar eta mediterraniar mendebaldarra dugu eta erdialdeko eta mendebaldeko Europako zonalde areatsuetan aurki daiteke, Portugaletik Herrialde Baltikoetara, baita Erresuma batuan eta Eskandinavian ere.

Euskal Herrian ez dago inola ere eskualde guztietan. Eskualde mediterraniarrari dagokionez, apo lasterkaria espezie arrunta dugu ia Araba osoan eta Nafarroako erdialde eta hegoaldean, bertan populazio sendoak ikus daitezkeelarik. Kostaldean zenbait populazio isolatu ikusi izan da Bidasoa Beherean (Txingudiko parkean) eta Getxoko Azkorri hondartzan. Horrez gain, Badaiako ganaduarentzako zenbait urmaeletan, Bastidan (ibar-basoan eta Rincón de Gimileoko legar-hobian), Entziako ganaduarentzako urmaeletan, Otoko urmaeletan, Salbada mendilerroko istiletan eta Donostia-Beterrin ikusi izan da.

Epidalea calamita Epidalea calamita

Habitata

Arrautzak erruteko maiz putzu tenporalak erabiltzen ditu, eurite edo desizozteen ostean sortutakoak, hala nola, zohikaztegiak, larre hezeak, ganaduarentzako urmaelak... Kostaldeko marismetan ere aurki daiteke (esaterako Plaiaundiko parkean, eta nahiko ondo jasaten du ur gazia). Putzu hauek maiz egoten dira eguzkipean eta beraz, arrautzek tenperatura epelak ondo jasaten dituzte. Putzu tenporal hauetan arrautz zein zapaburuek predatzaile gutxiago dituzte arren, lehortzeko arriskua izaten dute.

Gune irekietako espezie tipikoa da, lehor eta epelak, eta nahiago ditu lur hareatsuak. Apo lasterkaria lehortarra da eta soilik ur-mediora ugaltzeko bueltatzen da. Askotan harrien azpian aurki daiteke. Hala ere, Iberiar Penintsulan espezie ubikuoa da eta oso habitat desberdinetan aurki daiteke: kostaldeko dunak, baso argiak eta estepak... Itsas mailatik 2.540 metrora aurki daiteke (Sierra Nevadan).


Elikadura

Apo lasterkariaren larbak esekiduran dauden materialetaz elikatzen dira, nutrienteetan aberatsak diren ur oligotrofikoetan jaiotzen baitira. Material hauek bereziki algak izaten dira, eta apo lasterkariaren zapaburuek ahoan duten diastemarekin gainazaletako perifitona arraspatzen dute, edo hondoetan metatutako materialaz elikatu. Zapaburu hauek bizi direneko putzuak gehienetan ez direnez iraunkorrak, ingestio-tasa altuak dituzte eta ondorioz, metamorfosi azkarragoak.

Apo lasterkaria haragijalea da eta inbertebratu txikiak jaten ditu: moluskuak, zizareak, kukurutxak, armiarmak, inurriak eta gainerako ornogabeak. Ehiztari trebea da, bere soin-adar laburrak direla eta jauzilari txarra dela aipatu dugun arren, animaliatxo hau ibiltari azkarra eta lauzikatzaile trebea dugu; horma zimurretan gora erraztasun harrigarriz mugitzen dena.

Ugalketa eta ontogenia

Apo lasterkariaren araldian, gure eskualdeko gainerako igel eta apo gehientsuenetan gertatzen den legez, hautespen sexuala kantuaren bitartez bideratzen da.

Sasoia iristen denean arrak dira putzu eta urmaeletara hurbiltzen lehenak, eta iritsi orduko hantxe hasten dira, lepapeko aho-zorroa puztuz, kantu bizian. Inguruko ar guztiak bertan direla, emeak bertaratzen hasten dira. Baina hauek pixkanaka iristen zaizkie, eta orduan sekulako borrokak sortzen dira arren artean, bertaratutako emeen arrautzak nork ernalduko erabakitzeko.

Akoplamendua anplexu lunbarrez burutzen da, eta bertan, arrak, bere besoez aurreko hanken atzealdetik eusten dio emeari, estu-estu, inola ere askatu gabe. Jarrera honetan direla, eta besoez estutuz, arrak arrautzak erruten laguntzen dio emeari, eta hauek kanporatu ahala espermioa jariatzen du, kanpo-ernalketa burutuz. Emeak 3.000 arrautza inguru erruten ditu, zenbait metrotako luzera izan dezaketen gelatinazko bi lokarri luzetan.

Garapena oso azkarra izaten da, eta bospasei egunetan 20 mm inguruko luzerako apaburu txiki arre-ilunak jaiotzen dira bertatik. Apaburu hauen garapenak eta metamorfosiak beste 6-8 aste behar izaten ditu, eta epe horretan 10-15 mm-ko ehundaka apotxo lehorreratzen dira. Hala ere, bakan batzuk baino ez dira izango lau urteren buruan heldutasun sexuala lortu, eta belaunaldi berriaren bila saiatzeko gai izanen direnak.

Bizimodua

Apo lasterkaria ilunabarrekoa eta gautarra da baina sasoi euritsuetan eta araldian zehar egunez ere azaltzen du aktibitatea. Normalean, eguna berak induskatutako galeria txikietan pasatzen du, lur azpian, edo bestela harri, enbor, etabarren azpian, edota hormetako pitzaduretan. Urte osoan zehar da aktiboa eta soilik tenperaturak muturrekoak direnean mantentzen da bere gordelekuetan. Hanka txiki eta sendoak ditu, lasterka egiteko eta eskalatzeko moldatuak.

Espezieen arteko elkarrekintzak

Lucilia bufonivora euliaren larbak apo lasterkariaren endoparasitoak dira eta askotan hauen infekzioez hiltzen dira. Horrez gain, azken urteetan Chytridiomycosi izeneko gaixotasunak kaltetuta aurkitu dira zenbait apo lasterkeariren larbak eta metamorfosia egin eta gutxira hiltzen dira gehienak.

Kontserbazioa

1996. urtetik dago EAEko Espezie Mehatxatuen Katalogoan zerrendatuta, 'Kaltebera' kategorian. Euskal Herrian, eremu mediterranearreko populazioak egonkorra dirudi, baina eremu subatlantiarreko populazioa egoera bikoitz batean dago: batetik, itxuraz egonkorrak diren populazioak ditu mendi-eremuetan eta, bestetik, berriz, azkar murrizten ari diren populazioak beheko eremuetan. Kostako populazioei dagokienez, ez dago horietako biri buruzko duela gutxiko daturik eta, ondorioz, desagertu egin direla edo beherengo maila dutela pentsa daiteke. Txingudiko Badiako eta Getxoko Azkorriko populazioak, substantzia kutsagarrien ondoriozko ingurumen aldaketen eta birpopulatze-guneen desagertzearen mende daude. Birpopulatze-guneak galdu dituzte azken urteotan eta, horrenbestez, egoera larria izan daiteke. Europako lurralde batzutan populazioak gainbeheran daude; Danimarkan, esaterako, populazioen %45-47 galdu da azken 45 urteotan; Alemanian, Ingalaterran eta Suitzan ere gainbehera garrantzitsua izan du.

Argazkiak

Apo lasterkaria
( 2012/03/22 )
Esteka interesgarriak


Egilea: | Sorrera: 2012/02/01 | Azken eguneraketa: 2014/08/20 | Bisita-kopurua: 1998 | Argazki nagusia: Ander Izagirre Egaña

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...