Ur-zozoa
Cinclus cinclus

Europan aurki dezakegun Cinclus generoko espezie bakarra dugu hau. Ibai-ertzetan bizi da, ur gezetako ornogabez elikatzen baita, eta ibai eta erreken egoera onaren adierazle dela esan ohi da. Izan ere, uraren kutsadurak populazioen murrizketa edo iraungipen lokala eragiten du. Bere bularralde zuriari esker, ur-zozoa oso ezaguterraza den hegaztia da.

Cinclus cinclus

Phyluma
Chordata
Klasea
Aves
Ordena
Passeriformes
Familia
Cinclidae
Deskribatzailea
Linnaeus, 1758
Estatusa
lc

Deskribapena

18 cm inguru luze den hegaztia da ur-zozoa. Ur-mediora egokitu den animalia izanik, gorputz fusiformea eta hego eta isats motzak ditu, urpean harrapakinen bila igeri egiterako orduan baliagarriak zaizkionak. Lumaje arre iluna dauka, burua eta garondoa kolore marroi argiagokoak izanik, eta lepoa eta bularraldea, berriz, zuriak. Atal zuri honen azpitik buruaren kolore bereko gune bat aurkezten du. Gazteak direnean, alde dortsala gris marroixka izaten dute, eta azpialdea zurixka, marraduna bularraldean eta zuri uniformeagoa lepo aldean. Helduetan, zuri koloreko atalak muga garbia dauka, gazteetan muga hau lausoagoa den bitartean. Lumajean ez zaio dimorfismo sexualik antzematen, bai ordea tamainan, arrak emeak baino handiagoak izaten baitira. Zuri koloreko betazal bereziak ditu, ur-azpian dabilenean begiak babesteko. Hankak beltzak eta meheak dira, hiru behatz aurrera eta bat atzera erakutsiz paseriforme gehienen antzera. Mokoa ere iluna da, ia beltza.

Kantua

Ausaz antolaturiko nota motzez osaturiko txorrotxioa. Aztoratuta dagoenean edo habiara gerturatzen denean, "zit" metalikoak igortzen ditu.

Banaketa

Espezie paleartikoa da, Eurasian zehar banaketa irregularra aurkeztuz. Afrika iparraldean ere aurkitzen da, Maroko eta Aljeriako kostaldean. Europa iparraldeko populazio batzuk migratzaileak diren arren, nahiko espezie sedentarioa da orokorrean, eta bere dispertsiorako gaitasun txikiak aldakortasun lokala faboratu du. Gaur egun, hamar subespezie ezagutzen dira banaketa arearen mendebaldean, eta beste hiru ekialdean (Dakota 2009). Zipren endemikoa zen olympicus subespeziea 1945an iraungi zen (BirdLife International 2012).

Euskal Herrian, iparraldeko ibaietan aurki daiteke, Nafarroako hegoaldeko erdian faltatuz.

Cinclus cinclus Cinclus cinclus

Habitata

Ur-zozoa korronte azkarreko ibai eta erreka iraunkorren inguruan bizi da, eskualde epel eta subartikotan. Mendietan arruntagoa izan ohi da, arroka ugari azaleratzen diren lekuetan. Ur argiak eta malkartsuak behar ditu, ur-jauzi eta ur-laster ugarirekin (Moreno-Rueda 2011). Horrez gain, sakontasun txikia eta legarrezko hondoa duten tokiak nahiago izaten ditu, eta ibaiertzetan ez du landaredirik behar. Malda handiko guneak aukeratzen ditu, leku lauetatik doazen errekak saihestuz.  Zonalde optimoetan (Euskal Herriko kantauriar isurialdeko zenbait ibaietan, kasu) itsas mailatik gertu ere ager daiteke. Hala ere, Gipuzkoa eta Bizkaiko ibai nagusien kutsadura dela eta, espero litekeena baino tarte murritzagoan azaltzen da (Álvarez et al. 1985). Izan ere, kutsadurarekiko sentikorra den espeziea da, eta horregatik ur-kalitatearen bioindikatzaile kontsideratzen da (Santamarina 1995). Nahiz eta espezie sedentarioa izan, ugalketa sasoiaren ostean altitude txikiagoko lekuetara mugitu ohi da, goi-mendietako neguko baldintza desfaboragarriak ekiditeko (Moreno-Rueda 2011). Gehienetan, mugimendu hauek erreka-ibilguaren barnean ematen dira.



Habitat bereko espezie gehiago

Rana iberica
Neomys anomalus
Mustela lutreola
Accipiter nisus
Alcedo atthis
Motacilla cinerea
Coracias garrulus
Alytes obstetricans
Ichthyosaura alpestris
Salamandra salamandra
Rana temporaria
Luscinia megarhynchos
Natrix maura
Lacerta schreiberi
Oryctolagus cuniculus
Mustela erminea
Ardea cinerea
Galemys pyrenaicus
Lutra lutra
Pipistrellus pipistrellus
Mus musculus
Pipistrellus nathusii
Trachemys scripta
Sciurus vulgaris
Myodes glareolus
Cobitis calderoni
Neomys fodiens


Elikadura

Batez ere intsektu urtarren larbek osatzen dute hegazti honen dieta. Horiez gain, moluskuak, krustazeoak, zizareak, zapaburuak eta arrainkumeak ere jan ditzake proportzio txikiagoan. Ikusi da zenbait ornogabe familia (Elmidae eta Chironomidae) gutxitan kontsumitzen dituela, nahiz eta ugariak izan bizi den zonaldean. Honen arrazoia beren tamaina txikia izan daiteke (Santamarina 1990). Izan ere,  metro bateko sakonerara murgil daiteke ornogabeak harrapatzeko, eta behin errekaren hondoan, harriak irauli behar izaten ditu haiek ehizatzeko. Teknika hau energetikoki garestia denez, errentagarria izan dadin ornogabe guztien artean handienak soilik aukeratzen ditu (Moreno-Rueda 2011). Ugaltze sasoian trikopteroen larbak nahiago izaten ditu, honetatik kanpo krustazeoen, moluskuen eta arrainen kontsumoaren handipena behatuz (Santamarina 1990). Adinaren arabera ere ezberdintasunak ikusten dira: gazteenek erreka hondora murgiltzea saihesten dute, eta hala harrapakin txikiagoetan (Simuliidae familiakoak) espezializatzen dira, helduek hondoko espezie handiagoak kontsumitzen dituzten bitartean (Yoerg 1998).

Ugalketa eta ontogenia

Nagusiki monogamoa da, nahiz eta arren portzentai bat (% 8-50 artean) poliginoa izan daitekeen (Dakota 2009). Gorteiuan, arra eta emea aurrez aurre kokatu eta tente jartzen dira, bularralde zuria bikotekideari erakutsiz hegoak bibrarazten eta kantatzen duten bitartean. Kopulak errepikatzen dira emearen sasoi ugalkorrean zehar, eta honen ondotik ur-ertzetik gertu habia egiten dute bien artean, zuhaitz, harkaitz edo eraikin batetako zulogune batean. Batzuetan, ur-jauzien atzean ere egin dezakete habia. Goroldioz, hosto lehorrez eta belarraz eraikitako egitura ia esferiko bat osatzen dute, sarrera uretara begira duela. Otsailetik ekainera bitartean, errunaldia gertatzen da, normalki 4-6 arrautz leun eta zurik osatua. Hauek emeak txitatzen ditu, 12-18 egunen buruan txitak jaiotzen diren arte. Batzuetan sasoi beraren barnean beste errunaldi bat izan dezake, 3-4 arrautzek osatua gehienetan. Txitek, jaiotzean, gurasoen beharra daukate, eta arrak zein emeak jaten ematen die. Askotan, txita handienek elikagai gehienak monopolizatzen dituzte, eta janari-eskasia dagoen garaietan, txita txikienen heriotza suerta daiteke. 19-25 egun bete dituztenean, txitek habia uzten dute, baina 7-18 egunez jarraitzen dute gurasoengandik elikagaiak lortzen (Moreno-Rueda 2011). Heldutasun sexuala urtebete dutela lortzen dute, eta hiru urtez bizi ohi dira. Hala ere, zortzi urte izatera hel daitezke eta hamar urteko indibiduoak ere aurkitu izan dira (Dakota 2009).

Bizimodua

Urte osoan zehar biziki lurraldekoia den espeziea da, baina neguko lurraldea ugalketa sasoikoaren ezberdina izan ohi da. Bere lurraldea espeziekideengandik defendatzeko, mokoa goratzen du bularralde zuria erakutsiz abisu gisa. Horrekin batera, buztana zabaldu eta hegoak bibrarazten ditu, eta burua alde batetik bestera mugitzen duen bitartean kantatzen du. Ibaiertzetako beste hegazti espezieei (martin arrantzalea edo buztanikara horia kasu) ere eraso diezaieke bere lurraldean barneratzen badira (Moreno-Rueda 2011).

Espezieen arteko elkarrekintzak

Buztanikara horiak (Motacilla cinerea), aingirak (Angilla angilla), muturluzeak (Galemys pyrenaicus) eta batez ere amuarrainak (Salmo trutta) antzeko dieta daukate, eta horiekin lehian sar daiteke. Muxar grisa (Glis glis) eta azkonarra (Meles meles) bezalako haragijaleak habien harrapari izan daitezkeela ikusi da, eta ale helduak hegazti harraparien harrapakin izan daitezke (Moreno-Rueda 2011).

Kontserbazioa

IUCN-ren zerrenda gorrian, "arriskurik gabea" kategorian sailkatua dago, banaketa area zabala, populazio tamaina handia eta bilakaera egonkorra erakusteagatik (BirdLife International 2012). EAEko eta Nafarroako katalogoetan, berriz, interes bereziko espezie gisa ageri da. Espezie honen populazioek izaten duten mehatxu nagusiena uraren kutsadura izaten da, aurrez aipatu bezala, bere dieta osatzen duten ornogabeak desagertarazten dituelako. Ondorioz, kutsaturiko erreken % 93,7an falta da, eta kutsatu gabeko % 93,3an ageri da (Sorace et al. 2002). Gainera, konifero basoek erreken pHa jaisten dutela ikusi da, eta horren ondoriozko ornogabe urtarren murrizketak ur-zozoaren ugal-arrakasta jaitsiaraz dezake (Buckton et al. 2002).

Argazkiak

Ur-zozoa
( 2012/04/08 )
Esteka interesgarriak


Bibliografia


Álvarez J, Bea A, Faus JM, Castien E, Mendiola I. 1985. Atlas de los Vertebrados Continentales de Álava, Vizcaya y Guipúzcoa (excepto Chiroptera). Eusko Jaurlaritza. Vitoria-Gasteiz

Sorace A, Formichetti P, Boano A, Andreani P, Gramegna C, Mancini L. 2002. The presence of a river bird, the dipper, in relation to water quality and biotic indices in central Italy. Environmental Pollution, 118(1): 89-96

Buckton S, Brewin P, Lewis A, Stevens P, Ormerod S. 1998. The distribution of dippers, Cinclus cinclus (L.), in the acid-sensitive region of Wales 1984–95. Freshwater Biology, 39: 387-396

Yoerg SI. 1998. Foraging behavior predicts age at independence in juvenile Eurasian dippers (Cinclus cinclus). Behavioral Ecology, 9(5): 471-477

Santamarina, J. 1995. Distribución de algunas especies de vertebrados terrestres en la cuenca del río Ulla (Galicia) en relación con la calidad de las aguas. Ecología, 9: 353-365

BirdLife International. 2012. Cinclus cinclus. IUCN Red List of Threatened Species. http://www.iucnredlist.org/details/106006273/0 (2013/11/19)

Dakota, A. 2009. Cinclus cinclus. Animal Diversity Web. http://animaldiversity.ummz.umich.edu/accounts/Cinclus_cinclus/ (2013/11/19)

Moreno-Rueda, G. 2011. Mirlo acuático – Cinclus cinclus (Linnaeus, 1758). Enciclopedia Virtual de los Vertebrados Españoles. http://www.vertebradosibericos.org/aves/cincin.html (2013/11/19)

Santamarina, J. 1990. Alimentación del mirlo acuático (Cinclus cinclus) en Ríos de Galicia. Misc. Zool., 14: 207-215
Egilea: | Sorrera: 2013/11/21 | Azken eguneraketa: 2014/10/29 | Bisita-kopurua: 2287 | Argazki nagusia: Agustin Povedano

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...