Igaraba arrunta
Lutra lutra
Mustelidoen artean handienetakoa eta deigarrienetakoa da igaraba. Bere berezitasuna inguruarekiko duen moldaera itzelean datza, eta moldaera hau dela medio, urarekiko eta honen baldintza jakin batzuekiko erabat dependentea da. Azken urteetan, bai Euskal Herrian nahiz beste leku askotan, izugarri eraldatu da bere habitata giza-jarduera desberdinekin (ibaien kanalizazioa, eraikitako ur-obrak, erriberako landarediaren suntsipena…); honegatik eta bere larruaren balio altuagatik jasandako jazarpenaren ondorioz, leku askotatik desagertu da eta beste askotan erabat murriztuta geratu da igaraba.
Phyluma
Chordata
Klasea
Mammalia
Ordena
Carnivora
Familia
Mustelidae
Deskribatzailea
Linnaeus, 1758
Estatusa
nt
Deskribapena
Gorputz luzanga du, eta gorputz-adarrak motzak eta sendoak proportzioan. Burua zabala eta zapaldua du, lepoa ez du bereizia, eta muturra biribildua eta ukimenarekiko sentikorrak diren bibrisa ugariz hornitua (muturrean, ahoan eta barailan); hauek begietan eta besaurreetan ere ageri dira. Belarri oso txikiak ditu, ile azpian ia ezkutatuak. Buztana zabala eta zapaldua da oinarrian, eta zorrotz samarra muturrean. Oinazpi biluziak ditu. Bost hatzak mintz interdigital batez elkartuak ditu aurreko eta atzeko oinetan (Ruiz-Olmo 2007).
Ilea oso motza, konpaktua, kolore lustreduna du ilaun trinko eta motza ezkutatuz. Kolorea arrea edo kanela kolorekoa du, grisera pasatuz azpialdean, eta argiagoa, ia zuria, paparraldean. Kumeen ilajea helduena baino ilunagoa da (Ruiz-Olmo 2007).
Muturretik buztanaren puntaraino 99,4-124 cm artean neurtzen du arrak eta 94,9-116 cm emeak. Pisua berriz, 6,1-9,4 kg arrak eta 4,4-6,1 kg emeak (Ruiz-Olmo 2007).
Banaketa
Banaketa Paleartikoa duen espeziea da, Afrika iparraldea eta eskualde Indo-Malaysiarraren zati bat barne. XX. mende erdira arte Iberiar penintsula osoan agertzen zen baina 1950. urtetik aurrera egundoko beherakada jasan zuen, bereziki inguru populatuenetan (Blas Aritio 1970).
80. hamarkadaren amaieran populazioaren gorakada bat nabaritzen hasi zen, eta gaur egunera arte mantendu egin da joera hori. Gorakada horren isla da azken urteetan Espainiako eta Euskal Herriako hiri handietatik pasatzen diren ibai askotan aurkitu izana. Edonola ugariagoa da Iberiar penintsularen mendebaldean (bere habitata jarraiagoa baita) ekialdean baino, eta oro har, hiriak eta gizakiak asko populaturiko inguruak saihesten ditu (Ruiz-Olmo & Delibes 1998).
Bizkaian ez da agertzen (Hernando et al. 2004). Araban, Bayas eta Zadorra ibaietan aurkitu daiteke, eta Nafarroan, Aragon eta Ega ibaietan (Elosegi 1999). Gipuzkoan aldiz Bidasoa ibaian dago soilik (Estonba 1993).
Habitata
Igaraba ekosistema urtarretako espeziea da, eta kostatik goi-mendietaraino banatzen da. Habitat naturalen artean ibaiak, arroak, lakuak, padurak eta uraren presentziadun ia edozein leku erabiltzen ditu. Ondorioz, urtegietan ere ager daiteke, eta baita ubidetan, putzuetan, golf-zelaitako lakuetan eta beste ingurune artifizial askotan ere. Urtegiak, eta ibai eta arroak konbinatzen ditu; lehenengoan janaria eskuratuz eta besteetan babeslekua. Bere habitat-hautaketari buruzko ikerketek faktore garrantzitsuenak elikagaien eskuragarritasuna (horretarako uraren presentzia) eta babeslekuen presentzia direla adierazten dute. Landarediaren presentzia ez da beharrezkoa babesleku askoko inguruetan edo harrapakinen presentzia mugatzen ez duenean. Bestalde babesleku gutxiko ingurunetan landaredi-estaldura dentsoa oso garrantzitsua da igarabarentzat. Inguru itsastarretan berriz beharrezkoa izango da ibai edo arroren baten bokalearen presentzia gorputzetik gesala garbitu ahal izateko (Ruiz-Olmo 2007).
Igaraba goi-mendietan bizi daiteke baina arraroa da 1500-1800 m-tik gora bizitzen eta 800-1000 m-tik gora ugaltzen aurkitzea. Kumeak beren kabuz ibiltzeko gai direnean eta gorago elikagaiak eskuragarriago badira egingo dute ugaltzeko mugatik gora. Altitude handietan igarabaren presentzia azaltzen duten faktoreak ondorengoak dira: elikagai ugari egotea, uretara sartzea eragozten duen izotzik ez egotea eta oztopo handien ausentzia (ur-jauziak, presak arroiletan...) (Ruiz-Olmo 2007). Igarabak gehiago agertzen dira altitude hauetan anfibioak ugaltzen diren garaian (Lizana & Perez-Mellado 1990).
Habitat bereko espezie gehiago
Elikadura
Igaraba espezie bereziki arrainjalea da, baina inguru mediterraneoan karramarro, anfibio eta narrasti kantitate esanguratsua jan ohi du; eta batzutan, aurrekorik ez badu intsektuak, hegaztiak edo ugaztunak ere jan ditzake (Jiménez 2005).
Ugalketa eta ontogenia
Igaraba urteko edozein momentutan ugal daiteke, eta zikloa bere harrapakinak ugari diren garaietara egokitzen du. Kumaldia galduz gero berriz ugaltzen saiatzen da. Ernaldiak bi hilabete iraun ohi du eta 1-5 kume izan ditzake kumaldiko, baina normalean 1-2 izaten dira. Habitataren kalitateak paper garrantzitsua jokatzen du kumeen superbibentzian, hau baldintza normaletan oso altua da dispertsio adinerarte (Ruiz-Olmo 2007).
Ernaldiak bi hilabete irauten du, gero 2-3 hilabete egoten dira babeslekuan eta beste 8-12 hilabete amarekin, hau da, dispertsioan hasten diren momentura arte. 12-14 urteko bizi itxaropena izaten dute gehienez (Ruiz-Olmo 2007).
Bizimodua
Normalean ilunabarrekoa edo gautarra bada ere, badira leku batzuk jarduera nahiko egunekoa dena. Arrak nahiko lurraldekoiak dira, eta eme bat edo gehiagoko lurrak zaintzen dituzte; kilometro dezente ibiltzen dira ibaian zehar (Jiménez 2005). Dispertsio-adinaren atariko kumeak dituzten emeek janari eta babesleku ugariko inguru lasaiak bilatzen dituzte, eta asko murrizten dira bizi-eremuak kasu hauetan (Ruiz-Olmo et al. 2005).
Espezie bakartia da araldia eta emeek kumeak dituzten garaia salbu. Babesleku ugari erabili ditzakete (haitzak, landaredia, sasiak, zuhaitzen sustrai eta zurtoinak...) baina, kumatzen ari direnean salbu, askotan egunean bakarra erabili ohi dute (Jiménez 2005).
Lurraldea gorotzen bidez markatzen dute, baina lurraldea baino erabiltzen dituzten errekurtsoak markatzen dituztela proposatzen dute batzuk (Kruuk 1995).
Espezieen arteko elkarrekintzak
Beste espezieekin lehia oso urria da, eta badirudi bisoi amerikarra (Mustela vison) galtzen ateratzen dela igarabarekin topatzean. Bere harrapari nagusiak zakurra eta hontza handia (Bubo bubo) dira, bereziki lehenengoa. Arrano handiek eta otsoak (Canis lupus) ere ehizatzen dute tarteka (bereziki kumeak) (Ruiz-Olmo 2007).
Bibliografia
Hernando A., Illana A., de Lecea F.M., Echegaray J.B.Y.J.. 2004. La nutria paleartica (Lutra lutra L. 1758) en la Comunidad Autonoma del Pais Vasco. Gobierno Vasco. Informe inédito., :
Ruiz-Olmo J., Delibes M.. 1998. La Nutria en España ante el horizonte del año 2000.
Blas Aritio L.. 1970. Vida y costumbres de los Mustélidos Españoles. Servicio de Pesca Continental, Caza y Parques Nacionales, :
Ruiz-Olmo J.. 2007. Nutria – Lutra lutra. En: Enciclopedia Virtual de los Vertebrados Españoles.
Elosegi M.M.. 1999. Piztizaleon berriak: Iraila. Zientzia.net. Elhuyar Fundazioa., :
Estonba M.. 1993. Bidasoa ibaia.
Ruiz-Olmo J., Batet A., Jiménez J., Martínez D.. 2005. Habitat selection by female otters with small cubs in freshwater habitats in Northeast Spain. Lutra, 48(1): 45-56
Jiménez J.. 2005. Adaptaciones de la nutria (Lutra lutra L., 1758) a la variación de los recursos en ambientes mediterráneos. Tesis doctoral. Universidad de Valencia., :
Lizana M., Pérez-Mellado V.. 1990. Depredación por la nutria (Lutra lutra) del sapo de la sierra de Gredos (Bufo bufo gredosicola). Doñana Acta Vertebrata, 17(1): 109-112
Kruuk H.. 1995. Wild Otters. Predation and Population. Oxford Univ. Press. Oxford
Egilea: | Sorrera: 2012/01/11 | Azken eguneraketa: 2013/01/29 | Bisita-kopurua: 3715 | Argazki nagusia: José Eduardo (www.naturalezadigital.org)