Euskal Herriko Natrix generoko bi sugeetako bat da honako hau, sugegorriekiko antzekotasun morfologiko handiagatik ezaguna; hortik datorkio, hain zuzen izena. Dena den, suge hau, gainerako kolubrido gehienak bezala, ez da pozoitsua. Ingurune urtarretan eta horien inguruan oso ohikoa da, eta igerilari trebea da. Euskal Herriko lurralde osoan topa daiteke.
Tamaina txikiko sugea da, asko jota 85-90 cm-ko luzera izatera iritsi daitekeena, baina normalean metro erdiren bueltan ibiltzen dena. Kolorazio apal aldakorra izan dezake, grisa, marroia edo arrea, eta sugegorriekiko antzekotasun handia ematen dion kolore ilunagoko zig-zag formako orbanak izaten ditu normalean bizkarraldean. Ezpainetako ezkatak horixkak izan ohi dira, lotura beltzekin. Sabelaldea ere horia edo laranja izan ohi da, orban beltzekin. Aipatu beharra dago, dena den, aldakortasuna handia izan ohi dela.
Emeak arrak baino handixeagoa izan ohi dira, udaberriaren amaieran batez ere, arrautzak ezarri aurretik.
Europa hego-mendebaldean eta Afrika iparraldean hedaturiko espeziea da. Euskal Herriko eremu guztian aurki daiteke.
Ingurune heze eta istilduetan eta horien inguruan bizi den espeziea da. Paduretan ere aurki daiteke.
Gazteek zapaburuak, intsektuak, zizareak eta moluskuak jaten dituzte, eta suge biperakara helduak arrainez eta anfibioez elikatzen dira, batez ere. Ur-igel arrunta (Pelophylax perezi) eta zuhaitz-igel arrunta (Hyla arborea) dira espezie honen dietan ohikoenak diren anfibioak.
Udaberrian hibernaziotik esnatu eta gutxira izaten dira kopulak, eta aste batzuren buruan 3-30 –normalean 10– arrautza ezartzen ditu emeak. Arrautza kopurua emearen tamainaren araberako izan ohi da. Arrautzak ingurune heze eta beroetan ezartzen dituzte, uretatik kanpo. Zenbaitetan hainbat emek leku berean ezartzen dituzte arrautzak, suge gorbatadunekin batera ere bai, noizean behin. Arrautzak ezarri eta 7-8 astera jaiotzen dira sugekumeak.
Suge biperakaren bizi-luzetasuna 20 urte ingurukoa da, baina arrak nekez iristen dira 10 urte baino gehiago bizitzera. Arrek hiru urteren buruan lortzen dute heldutasun sexuala, eta emeek denbora gehiago behar izaten dute; 4 urte, gutxienez. Animaliek 30 eta 60 cm bitarteko luzera izaten dute heldutasun sexuala lortzean.
Egunez aktibo egon ohi den sugea da, nahiz eta gauez ere ibili ohi den, ingurune eta garairik beroenetan, batez ere.
Suge biperakararen defentsa-mekanismo nagusia harrapariek sugegorria dela uste izatea da, eta horretarako morfologia eta portaera konplexuak garatu ditu. Bates mimetismoa da, beraz, espezie honen defentsa-mekanismoa. Sugegorriekiko antzekotasun morfologikoa nabarmena da, eta arriskuan sentitzen denean are sugegorriago bihurtzen da burua zapaldu eta triangelu forma emanez. Horrez gain, sugegorriak bezala oldartzen da harraparien aurrean, horien portaera eta soinuak imitatuz. Dena den, ahoa itxita mantentzen dute, eta ez dute hozka egiten. Sugea harrapatuz gero, usain txarreko jariakin bat askatzen du kloakatik.
Azerien (Vulpes vulpes) eta katuen (Felix catus) harrapakin izan daiteke, eta baita hainbat hegazti harraparirena ere; tartean lertxun hauskara (Ardea cinerea) eta arrano sugezalea (Circaetus gallicus). Igarabek (Lutra lutra) ere irensten dituzte, eta baita montpelier sugeek (Malpolon mospessulanus) ere.
Kontserbazio-arazorik ez duen espeziea da, eta IUCN erakundeak LC kategorian sailkaturik du. Euskal Herrian ez dago katalogatuta.