Suge gorbataduna
Natrix natrix

Espezie honetako indibiduo gazteek beltzez inguraturiko gorbata zuri-horia izan ohi dute, hortik datorkio izen arrunta. Bere mugitzeko modu traketsa dela eta, erraz harrapatu daiteke, gainera, ez da pozoitsua. Euskal Herri osoan aurki daiteke.

Natrix natrix

Phyluma
Chordata
Klasea
Sauropsida
Ordena
Squamata
Familia
Natricidae
Deskribatzailea
Linnaeus, 1758
Estatusa
lc

Deskribapena

Emeak 200 cm-ko luzera izan dezakeen arren, normalean ez ditu 100 cm baino gehiago izaten eta arra emea baino txikiagoa izan ohi da. Helduek gorputz lodia izaten dute. Ongi definituriko buru zabala, mutur borobildua eta begian laranja edo gorri koloreko iris borobila izan ohi du (Andrada 1985; Arnold & Burton 1982; Barbadillo 1987). Ezpaingainean zazpi ezkata –hirugarrenak eta laugarrenak begia inguratzen dute, ezkata preokular bat eta hiru postokular ditu. Ezkata dortsal karenatuek 19 lerro osatzen dituzte eta 157-181 ezkata bentral ditu (Andrada 1985; Arnaldo & Ovenden 2002; Barbadillo 1987). 

Bizkarraldean kolore grisaxka, berdexka edo marroixka du, nahiko uniformea eta orban ilun txikiak ere izaten ditu. Alde bentralean zuri-grisa da orban beltzak karratuekin. Gazteek helduetan desagertzen den beltzez inguraturiko gorbata zuri-horia izaten dute (Andrada 1985; Arnaldo & Ovenden 2002; Barbadillo 1987).

Antzeko espezieak

Natrix maura
Natrix maura

Natrix maurak N. natrixek baino bizimodu urtarragoa du eta batez ere ezkata dortsal karenatuei esker bereizten dira. Gainera, Natrix natrixek kolore uniformeagoa du (Arnold & Burton 1982).

Banaketa

Iberiar penintsula guztian eta ia Europa guztian topa daiteke, irla batzuetan izan ezik (Irlanda, Malta, Kreta...). Afrika ipar-mendebaldean eta Asia ekialdean ere ageri da (Arnold & Burton 1982; Arnold & Ovenden 2002).

Natrix natrix Natrix natrix

Habitata

Gune hezeetan bizi da, normalean uretatik gertu eta larre, zuhaixkadi eta baso lehorretan aurki daiteke (Andrada 1985). 2.000 m-tik gora ere bizi daiteke (Arnold & Burton 1982; Barbadillo 1987).


Elikadura

Batez ere anuroez (Rana, Bufo, Discoglossus, Alytes) eta arrainez (Phoxinus, Leuciscus) elikatzen da (Andrada 1985; Barbadillo 1987). Noizbehinka mikrougaztunak eta urodeloak ere harrapatzen ditu. Indibiduo gazteak, berriz, batez ere ornogabe eta anfibio txikiez elikatzen dira, bereziki metamorfosia jasan berri dutenetaz (Barbadillo 1987).

Ugalketa eta ontogenia

Araldia udaberrian eta udazkenean izan dezake, baina arrautzak ekainean soilik erruten ditu, eme batek 11-53 arrautza zuri luzanga jarri ditzakeelarik. Normalean eme bakoitzak gune batean jartzen baditu ere, batzuetan eme ezberdinek batera jartzen dituzte arrautzak, baita beste espezie batzuekin batera ere, esaterako Natrix maura. Arrautzak 4-11 aste bitartean eklosionatu daitezke (Andrada 1985; Barbadillo 1987). 

Bizimodua

Suge gorbataduna egunez ibiltzen den espezie urtarra da, Natrix maura urtarragoa bada ere (Andrada 1985). Urria-azarotik otsaila-martxora arte hibernatu egiten du (Barbadillo 1987).

Mugimendu traketsez mugitzen denez, erraza da harrapatzen. Ez du horzkadarik egiten, baina  txistua jo (Arnold & Burton 1982) eta usain desatsegina sortzen du guruin anala hustutzen duenean (Andrada 1985; Arnaldo & Ovenden 2002).

Espezieen arteko elkarrekintzak

Suge gorbatadunaren depredatzaileen artean zangaluzeak (Ardea, Ciconia...), hegazti harrapariak (Milvus, Buteo, Hieraetus, Circaetus) eta ugaztunak (trikuak eta hainbat mustelido) daude besteak beste (Barbadillo 1987). 

Kontserbazioa

Kontserbazio arazorik gabeko espeziea da. Euskal Herrian katalogatu gabe dago.

Esteka interesgarriak


Bibliografia


Barbadillo L. J.. 1987. La guía de Incafo de los anfibios y reptiles de la Península Ibérica, Islas Baleares y Canarias. Incafo, S. A.. Madrid

Arnold N., Ovenden D.. 2002. Reptiles y anfibios: guía de campo. Ediciones Omega, S. A.. Barcelona

Arnold E. N., Burton J. A.. 1982. Guía de campo de los reptiles y anfibios de España y de Europa. Ediciones Omega, S. A.. Barcelona

Andrada J.. 1985. Guía de campo de los anfibios y reptiles de la Península Ibérica. Ediciones Omega, S. A.. Barcelona
Egilea: | Sorrera: 2013/06/20 | Azken eguneraketa: 2014/08/20 | Bisita-kopurua: 1859 | Argazki nagusia: Ander Izagirre Egaña

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...