Lataste sugegorria
Vipera latastei

Euskal Herrian banaketa mugatua duen sugea dugu Lataste sugegorria, soilik Nafarroa hego-ekialdean agertzen da. Bere morfologia dela-eta, gure herrialdean agetzen den Aspis sugegorriarekin (Vipera aspis) nahastu daiteke. Hala ere, lataste sugegorriak bereizgarria egiten dion sudur-apendizea aurkezten du, sugegorri hau benetan zoragarria egiten duen ezaugarria alegia. 

Vipera latastei

Phyluma
Chordata
Klasea
Reptilia
Ordena
Squamata
Familia
Viperidae
Deskribatzailea
Boscá, 1878
Estatusa
vu

Deskribapena

Gorputz sendo eta buztan laburreko suge hau 70 cm-ko luzera izatera heldu daiteke, bere ohiko luzera 50 - 60 cm-koa den arren.

Gorputzetik ondo bereizturiko triangulu itxurako burua du, zeinak gorantz orientaturiko sudur-apendizea aurkezten duen; ezaugarri honek ematen dio izena. Begi ninia bertikala du, hori edo urre-kolorekoa.

Gainontzeko Europako sugegorriekin aldaratuz kolore-aldakortasun baxua du. Buruaren alde dortsalean bi marra ilun zeihar agertzen dira, aurrealdean bat egin dezaketenak alderantzizko V bat osatuz. Bizkarraldea orno-banda batek estaltzen du, zig-zag forman edota erronbo jarraietako orbanetan ager daitekeenak. Alde bentrala hauskara da maiz eta, batzuetan txuria edo guztiz beltza izan daiteke. Dortsala grisaxka da, gutxitan, gorrikara. Buztana horia edo beltza izan daiteke.

Beste suge espezieekin konparatuz dimorfismo sexual txikia dago arra eta emeen artean, hala ere, arren buztana zertxobait luzeago, lodiago eta ilunagoa da.

Antzeko espezieak

Vipera aspis
Vipera aspis

Muturra apur bat altxatua du aspis sugegorriak ere, baina, lataste sugegorriaren muturra nabarmen altxatuagoa da.


Vipera seoanei
Vipera seoanei

Muturra biribildua du eta ez gorantza altxatua.


Kolubridoak

Sugegorriak beste sugeetatik bereizteko ondorengo ezaugarriak begiratu behar dira: sugegorriek begi-ninia bertikala dute eta kolubridoek biribila; buruko ezkatei erreparatuz, sugegorriek ezkata txikiak dituzte buruan, guztiak neurri berekoa gutxi gorabehera, eta, kolubridoek plaka-itxurako ezkata handiak dituzte. Gainetik begiratuta, sugegorriek hiruki-formako burua dute, atzean zabala eta muturralde estuarekin; forma hori, ordea, beste zenbait sugek ere imitatzen du mehatxatuta sentitzen denenan, arriskutsua dela sinestarazteko erasotzaileari.

Banaketa

Iberiar Penintsulan eta Afrika iparraldean topa daitekeen sugea dugu lataste sugegorria. Iberiar Penintsula ia osoan agertzen da, iparraldeko muturrean izan ezik. Afrika iparraldean, Maroko kostaldean, Argelian, Tunez eta Rif mendikatean bizi da. Aipatzekoa da, ezagutzen zen uharteetako populazio bakarra XIX. mendearen erdialdera suntsitu zela Columbretes irletan (Mediterraneo itsasoa).

Euskal Herriko sugegorrien artean urriena da, Nafarroako pirinioaurreko Peña mendilerroan soilik aurkitu da.

Vipera latastei Vipera latastei

Habitata

Klima mediterraneo heze, azpiheze eta erdilehorra duten zonaldeetan askotan agertzen da. Ohitura saxikolak dituen espeziea izanik, leku harritsu lehorretan agertzen da, askotan sastraka, baso eta harresiz estaliak daudenetan. Aldi berean, haritzez (Quercus robur), artelatzez (Quercus suber), koniferoz eta arteez (Quercus ilex) oasturiko baso irikietan ere topa daiteke. Batzuetan, Doñanako Parke Naturalean dauden dunen antzeko litoraleko pinudi hareatsu eta zuhaixka gabeko eremu hareatsuetan bizi da.


Elikadura

Ehizatzeko darabilten teknika zelataritzan oinarritzen da, gainera buztana amutzat erabil dezakete.

Indibiduo gazteen dieta ornogabeez, muskerez, anfibioez eta tamaina txikiko ugaztun intsektujaleez osatzen da. Helduena berriz, musker eta tamaina txikiko ugaztun karraskariez. Oro har, esan daiteke espezie haragijalea dela.

Ikusi da, udaberritik udazkenera tamaina txikiko ugaztunek betetzen dutela dietaren zati zabalena, eta udaberrian zehar anfibioak direla gehien kontsumitzen direnak. Ikusi da baita ere, udan harrapakin gehiago jaten dituztela urteko gainontzeko sasoiekin alderatuz.

Ugalketa eta ontogenia

Urtean zehar ugalketarako bi sasoi daude, bata udaberrian eta bestea udazkenean. Udaberrikoa nahitaezko den bitartean, udazkenekoa aukerazkoa da eta baldintza klimatologikoen menpe dago.

Espezie obiparoak izanik, eklosio aldia abuztu erdialdera gertatzen da. Jaioko diren sugegorri kume kopurua 6 - 13 artekoa da, batezbeste 9,3 kume.

Arrek heldutasun sexuala 4 urterekin eskuratzen dute eta, emeek 5 urterekin; kasu bietan, helduek 35 cm-ko luzera izaten dute. Arrak 11 urte bizirautera hel daitezke eta emeak 14 urtera.
 

Bizimodua

Aktibitate maximoko aldiak otsaila/martxotik urria/azaro aldera irauten du. Normalean hibernatzen ez duen espeziea da, hala ere, hibernatu duten 15 indibiduo topatu dira. Espezie eguargitarra da, baina sasoi berotsuenetan jarrera gautarra aurkezten du.

Espezieen arteko elkarrekintzak

Etsai natural ugari ditu sugegorriak. Nagusiak Arrano-sugezalea (Circaetus gallicus) eta mangosta arrunta (Herpestes ichneumon) dira; azken hori ez dago Euskal Herrian. Aitzitik, badira Lataste sugegorriaren harrapakari kontsidera daitezkeen beste espezie batzuk: Montpelierko sugea (Malpoeon monspessulanus), trikua (Erinaceus europaeus), basurdea (Sus scrofa) eta katajineta (Genetta genetta). Etxeko abere batzuk, oiloak eta txerriak, etsai naturaltzat ere har daitezke, hauek sugegorriez elika baitaitezke.

Kontserbazioa

Espezie hau asko urritu da Iberiar Penintsulako altitude baxuko gunetan bereziki, baina, baita mendietan ere. Bere arrisku nagusiak ondorengoak dira: gizakiaren jazarpen zuzena aurkitzen duenenan, kostaldeko urbanizazioak, koniferoen birlandaketak, habitat egokiak erretzea, nekazal jardueren intentsitatea igotzea eta, istripuzko heriotzak (arrak bereziki) errepideetan. 

Esteka interesgarriak


Egilea: | Sorrera: 2012/02/21 | Azken eguneraketa: 2012/11/13 | Bisita-kopurua: 1825 | Argazki nagusia: www.mediterranea.org/cae

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...