Baratze-satitsua
Crocidura suaveolens

Euskal Herriko ipar isurialdera mugaturik dagoen satitsua da, satitsu arruntaren oso antzekoa, baina hori baino txikixeagoa, normalean. Paleartikoan oso hedaturik dago latitude ertainetan, eta banaketa Ozeano Atlantikotik Pazifikoraino hedatzen da. Askotariko inguruneetan aurki daiteke, baina leku heze xamarrak hobesten ditu.

Crocidura suaveolens

Phyluma
Chordata
Klasea
Mammalia
Ordena
Eulipotyphla
Familia
Soricidae
Deskribatzailea
Pallas (1811)
Estatusa
lc

Deskribapena

Tamaina ertaineko satitsua da. Gorputzaren tamaina aldakorra da eremu geografikoaren arabera, baina Euskal Herrian 6-7 cm luze izan ohi da eta 11 gramoren bueltako pixua izaten dute animaliek (Palomo et al. 2007). Buztanaren luzera 4 cm ingurukoa iazn ohi da. Kolorazio arre-grisaxka izan ohi du bizkarraldean ilun xamarra, eta sabelaldea argiagoa izan ohi da hori-grisaxka. Buztanean ile luze bereizgarriak izan ohi ditu.

Antzeko espezieak

Satitsu arrunta (Crocidura russula)
Crocidura russula

Hortzeriaren eta kranioaren azterketa morfometrikoa ezinbestekoa da espeziea zehatz-mehatz bereizteko. 

Banaketa

Eskualde paleartikora mugaturiko banaketa zabala du, Ozeano Atlantikotik Ozeano Pazifikoraino hedatzen dena 23º eta 56º latitudeen tartean. Europan iparraldeko muga Frantzia eta Alemania iparraldean du, eta hegoaldekoa Iberiar Penintsulan. Izan ere, Penintsulako etenik gabeko banaketa ipar eta ipar-mendebaldera mugaturik dago, eta gainerako eremu mediterraneoan populazio isolatuak ezagutzen dira, Sistema Zentralean eta Huelvan, esaterako (Palomo et al. 2007). 

Euskal Herrian ere eragin ozeaniko handia duen lurraldean bakarrik bizi da, isurialde kantauriarrean eta mendiguneetan. Nafarroa iparraldean Baztanetik kostaldera bitartean aurkitu da, baina hortik ekialdera ez da espeziea aurkitu. 

Crocidura suaveolens Crocidura suaveolens

Habitata

Askotariko habitatetan aurki daitekeen espeziea da, baina ingurune heze xamarrak hobesten ditu. Horrexegatik, erreka eta ibai ertzetan aurkitu ohi da, eta baita landazabal atlantiarretan ere. Ingurune mediterraneoko eremuetan mendigune hezeak eta padurak erabiltzen ditu (Niethammer & Krapp 1990, Mitchell-Jones et al. 1999).

Baldintza hotzak ez ditu ondo jasaten, eta 1000 metroko altueratik behera bizi ohi da.



Habitat bereko espezie gehiago

Trachemys scripta
Natrix maura
Pipistrellus nathusii
Hyla molleri
Pelophylax perezi
Capreolus capreolus
Triturus marmoratus
Rana dalmatina


Elikadura

Askotariko artropodoez elikatzen da: intsektu helduak, intsektuen larbak, zizareak eta barraskiloak jaten bitu, eta baita landareen zati berdeak eta haziak ere (Niethammer & Krapp 1990).

Ugalketa eta ontogenia

Ernaldiak 28 egun irauten du, eta eme bakoitzak 10-12 kumaldi izan ditzake. Kumaldi horietako bakoitzean  3-7 kume izan ohi dituzte (Qumsiyeh 1996).

Bizimodua

Talde sozialak eratu ohi dituzte, nahiz eta animalia bakoitzak bere lurraldea izan ohi duen. Arren lurraldeak emeenak eta gazteenak baino handixeagoak izan ohi dira, eta 60 metroko tamaina izatera iritsi daitezke. Gainerako mikrougaztun gehienek bezala, animalia honen populazioen tamainak gora-behera handiak jasaten ditu denbora gutxiak, aste gutxiren buruan satitsuen dentsitatea ehunkoiztu egin baitaiteke (Palomo et al. 2007). 

Bizi-luzetasun txikiko espeziea da, nekez iristen baita urtebeteko bizitza izatera. Gatibutzan bi urte pasatxo irautera iritsi daiteke.

Espezieen arteko elkarrekintzak

Ugaztun, hegazti eta narrasti espezie ugariren harrapakina da baratze-satitsua, nahiz eta ez duen harrapari horietako bakar baten dietan ere eragin handirik. Satitsu gehien ehizatzen dituen ugaztuna etxe-katua da (Felix catus), eta lepahori (Martes martes) zein lepazuriek (Martes foina) ere irensten dituzte. Hegaztien artean harrapari gautarrak nabarmendu behar dira; hala nola, hontz ertaina (Asio otus), urubia (Strix aluco) eta hontz zuria (Tyto alba)

Kontserbazioa

Kontserbazio-egoera onean dagoen espeziea da, eta ez dauka kontserbazio-neurri berezirik. Pestizidek eta herbizidek eragin negatiboa izan dezaketela sumatzen da, baina ez da maila handiko inpakturik detektatu oraino (Mitchell-Jones et al. 1999).

Esteka interesgarriak


Bibliografia


Palomo JL, Gisbert J, Blanco C. 2007. Atlas y Libro Rojo de los Mamíferos Terrestres de España. MMA. Madrid

Qumsiyeh MB. 1996. Mammals of the Holy Land. Texas Tech University Press. Lubbock

Niethammer J, Krapp F. 1982. Handbuch der Säugetiere Europas, Band 3: Insectivora, Primates. Aula-Verlag. Wiesbaden

Mitchell-Jones AJ, Amori G, Bogdanowicz W, Kryštufek B, Reijnders PJH, Spitzenberger F, Stubbe M, Thissen JBM, Vohralík V, Zima J. 1999. The Atlas of European Mammals. Academic Press. Londres
Egilea: Antton Alberdi | Sorrera: 2013/01/08 | Azken eguneraketa: 2014/08/20 | Bisita-kopurua: 1694 | Argazki nagusia: Eray ŞimŞek

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...