Baso-igel jauzkaria
Rana dalmatina

Baso-igel jauzkaria anfibio mehatxatua da eta populazio bakarrak Orduñan, Araban eta Nafarroan bizi dira. Bere basoko habitatean, atzerapen handia egon da, hariztiak landazabalean egokitu direlako. Baina Aranzadi Zientzia Elkarteak sinatutako hitzarmen bati esker hauen ugalketa ziurtatzeko urmaelen eratze proiektu bat lortu da.

Rana dalmatina

Phyluma
Chordata
Klasea
Amphibia
Ordena
Anura
Familia
Ranidae
Deskribatzailea
Bonaparte, 1840
Estatusa
lc

Deskribapena

Baso-igel jauzkariaren larben eklosioa nahiko berandu ematen da, dagoeneko larbak igeri egiteko gai direnean. Brankia txikiak dituzte, gorputzera itsatsiak eta adarkatu gabeak. Begien arteko distantzia, distantzia internasala baino bi bider handiagoa da. Gandor dortsala dute, nahiko altua (bereziki lehen herena) eta espirakuluraino luzatzen dena. Gandor honek mutur zorrotza du. Isatsa, burua eta enborra baino luzeagoa da eta alboetan kolore iluneko orban nabarmenak ditu, irregularki kokaturik, eta enborreraino zabaltzen direnak. Sabelalde iluna dute, pigmentatua.

Igel lirainak dira, oso hanka luzekoak eta mutur zorrotzekoak. Ar helduak ez dira 6,5 cm baino handiagoak, emeak aldiz, 8 cm-rainokoak izan daitezke. Kolore arre argiko sabelaldea dute, orbanik gabea, eta bizkarraldea orban ilunekin eta batzuetan, oso ondo definitu gabeko lerro ilunekin, gehienetan etenak direnak. Araldian zehar, arrek kolore ilunagoak hartzen dituzte. Hankak nabarmenki luzeak dira eta lerro ilunagoak dituzte, luzera osoan zehar, horizontalki kokaturik. Berna-bizkarra gorputza baino 1,5 aldiz motzagoa da eta atzeko hankak gorputzaldera luzatzean, muturraren luzera gainditzen dute. Homoesternoia eta esternoia osifikatuta dituzte. Atzeko hanketako behatzak palmatuak dira baina aurrekoek ez dute mintzik azaltzen. Araldian zehar, arrek lehen behatzean disko itsaskor moduko bat azaltzen dute. Hiruki formako orban marroi ilun bat du begi bakoitzaren inguruan, begi-nini horizontalak dituzte eta irisa bi koloretakoa: gainaldean argiagoa eta azpialdean urre kolorekoa. Tinpanoa, begiaren tamainakoa da gutxi gora behera. Hortz bomeriarrak dituzte eta mingainaren atzealdea askea eta bifurkatua. Arrek ez dute aho-zakurik.

Antzeko espezieak

Rana temporaria
Rana temporaria

Baso-igel jauzkaria txikiagoa da, lirainagoa eta emeen kasuan inoiz ez 8 cm baino handiagoa. Sabelalde zuri-horixka du eta eztarrialdea eta bularraldea arrosa-argi kolorekoa, gutxitan orbanekin. Oso mutur zorrotza du eta tinpanoa begiaren tamainakoa. Atzeko hankak oso lirainak dira eta aurrerantz botatzean muturraren luzera gainditzen dute.


Rana pyrenaica

Baso-igel jauzkaria lirainagoa da eta sabelalde zuri-horixka du, eztarrialdea eta bularraldea arrosa-argi kolorekoa, gutxitan orbanekin. Oso mutur zorrotza du eta tinpanoa begiaren tamainakoa. Atzeko hankak oso lirainak dira eta aurrerantz botatzean muturraren luzera gainditzen dute. Gainera, R. pyrenaica Piriniotan baino ez da aurkitzen, eta bertan ez dago baso-igel jauzkaririk.

Banaketa

Espezie hau Europa erdialdeko zati handi batean dago zabalduta. Iberiar Penintsulako iparraldetik (Portugalen ez dago) Turkiaraino aurki daiteke baina iparraldeko muga Dinamarkan du eta ez da Greziatik hegoalderago aurkitzen.

Euskal Herrian bereziki Araban aurki daiteke, isurialdeen banalerrotik Kantabriako mendilerroko iparraldeko hegaleraino eta Nafarroaraino hedatuz. Bizkaian, Orduñan baino ez da agertzen eta Nafarroan, Kantauriko mendilerroan Iruñako arroan, Ultzamako haranean eta Sakanan. Eremuotan irregularki banatzen da.

Rana dalmatina Rana dalmatina

Habitata

Ur-landarediaren artean erruten du, 10 eta 45 cm arteko sakoneran, 35,7 cm-ko batez bestekoarekin. Errute-gune nagusienean 3 eta 100 cm-ko sakonera edukitzen dute ur-masek, batez beste, 69 cm-ko batez bestekoarekin; Nafarroan ez da hain sakon aritzen; aitzitik, 16 eta 38 cm artean ibiltzen da. Zapaburuak ere, horrelakoetan bizi dira.

Baso-igel jauzkari heldua, izenak dioen moduan, hosto erorkorretako basoetan eta harizti zimelkorretan aurki daiteke, garaturik dagoen eta txilardi nahiz bestelako belar-zuhaixka multzoak dituen edozein oihanperi loturik, erruteko aukera eskaintzen dioten ur-masa geldoekin. Europan espezie honentzat oinarrizko habitat diren hosto erorkorreko basoetan ez ezik, hezegune eta larre hezeetan dago. Hala ere, lehorteak eta tenperatura altuak hoberen jasaten dituen igeletako bat da eta urik gabeko baso-ertzetan ere aurkitu ohi da maiz.


Elikadura

Zapaburua algaz elikatzen da.

Aldiz, helduak batik bat lur-intsektuak jaten ditu, eta oso gutxitan zizareak, armiarmak, miriapodoak eta abarrak.

Ugalketa eta ontogenia

Araldian, 'rog...rog...rog...' moduko soinu leuna egiten dute arrek, 12 segunduz luza daitekeena. Ur azpian ere soinua egiten dute maiz. Araldian zehar ar talde handiak batu baitezte ur gainazaletan emeak erakarri nahian.

Ernalketa anplexu axilar bidezkoa da. Baso-igel jauzkaria betidanik espezie monogamotzat jo den arren, azken urteetan anfibioetan bat ere arruntak ez diren aitatasun anizkoitzak frogatu dira espezie honetan. Hau da, errute bereko zapaburuek aita desberdinak dituzte maiz. Uste da emeek anplexu anizkoitzak dituztela eta sinkronizatzen dituztela, heterozigotoen defizitak murriztuz.

Emeek 450-1800 arrautz jartzen dituzte gauez, uretara eroritako enborretan eta ur-landareetan, 5-40 cm-tako sakoneratan eta beraz, maiz hondoratu egiten dira. Rana arvalis eta R. temporariak ez bezala, baso-igel jauzkariaren arrautzak ez dira multzo bakar batean pilatuta agertzen. Arrautz bakoitzaren diametroa 1,5-2,1 mm-koa da.

Bizimodua

Baso-igel jauzkaria eguneko lehen orduetan eta ilunabarretan da bereziki aktiboa. Araldian zehar, ordea, egun osoan zehar azaltzen dute aktibitatea. Udazken hasieran hibernazioa hasten dute, urtarrila-martxorarte luza daitekeena. Emeek ur azpian hibernatu ohi dute eta arrek buztinetan lurperatuta.

Kontserbazioa

Baso-igel jauzkaria 'Kaltebera' kategorian dago sailkatuta EAEko espezie mehatxatuen katalogoan eta 'Sentikorra' kategorian Nafarroakoan. Ugaritasuna desberdina da leku batzuetatik besteetara. 50eko hamarkadan jasotako datuak 80ko hamarkadakoekin alderatzen baditugu, populazioen beheranzko joera ikus daiteke, Arabako Lautadako erdigunean hainbat populazio desagertu direlarik. Beste bi populazio-nukleoetan egonkorra da antza, espezieak hainbat herritan erabilitako urmaelak desagertu egin diren arren. Nafarroako R. dalmatina igelaren populazioa elkarri lotu gabe dauden 4 bizigunetan banatuta dago, eta hezegune gutxi izaten du ugalketarako (2 eta 15 bitartean area bakoitzeko). Eme helduen populazioa 1.000tik 1.500 alera bitartekoa izaten da urtean, Sakanako bizigunea kontuan hartu gabe oraindik ikertu gabe baitago. Espeziearen kontserbazioa hezeguneen kudeaketari lotuta doa.

Euskal Herriko populazioak, espeziaren hegoaldeko muga markatzen duenak, penintsulako populazioaren %70 suposa dezake. Ha-ko 6,5 eta 405 errunaldiko dentsitateak eman izan dira Nafarroan. Europan, Belgikako populazioen desagertzea eta Suitzakoen murriztea bakarrik deskribatu da.

Esteka interesgarriak


Egilea: | Sorrera: 2012/02/10 | Azken eguneraketa: 2014/08/20 | Bisita-kopurua: 1973 | Argazki nagusia: H. Krisp

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...