Lezkari arrunta
Acrocephalus scirpaceus

Lezkari arrunta, izenak dioen moduan, lezkadietan aurkitzen den txori txiki eta zalapartatsua da. Euskal Herrian maiatzetik abuztura baino ez dugu hegazti hau ikusteko aukera, kostaldeko hezeguneetan ugaltzen baita orduan. 

Acrocephalus scirpaceus

Phyluma
Chordata
Klasea
Aves
Ordena
Passeriformes
Familia
Acrocephalidae
Deskribatzailea
Herman, 1804
Estatusa
lc

Deskribapena

Lezkari arrunta, kolore arre eta marrarik gabeko lezkaria da (del Hoyo et al., 2006), beste lezkarien oso antzekoa. Hala ere bizkarralde berdexkagoa du, orban ilun bat koroan, krema koloreko marra bat begian eta orban ilun bat bi begi eta mokoaren artean. Hego zorrotzak ditu, moko handia eta hanka luzeak, kanaberetatik gora egitea baimentzen diotenak (Royal Society for the Protection of Birds).

Buruaren atzealdea, hegoak eta isatsa herdoil kolorekoak dira eta eta sabelaldea zurixka da, beige koloreko zantzuekin bularraldean eta kolorazio ilunagoarekin ertzetan (del Hoyo et al., 2006).

Lezkari arruntaren begien kolorea adinarekkn aldatzen da. Gaztetan, ikatz koloreko irisa du baina heldutasunean oliba-marroi kolorekoa bilakatzen da. Gazteek gainera, orbanak azaltzen dituzte mingainean, itxuraz, gurasoek elikatzen dituzten bitartean jana errazago bideratzeko (BTO Bird Facts).

Antzeko espezieak

Acrocephalus arundinaceus
Acrocephalus arundinaceus

Lezkari arruntaren oso antzekoa bada ere, lezkari karratxinak tamaina handiagoa du eta bekainalde garatuagoa (Blasco-Zumeta).

Kantua

Banaketa

Lezkari arrunta espezie migratzailea da eta mendebaldeko Europan, Caspio inguruan, Iranen, Kazakhstan hegoekialdean eta Txinako iparmendebaldean ugaltzen da. Neguan, aldiz, Sahara zeharkatu eta Afrika tropikalera migratzen du (Cramp, 1992).

Itxuraz, Gipuzkoako banaketa-eremua egonkorra da eta Bizkaian eta Araban, berriz, hegazti honen populazioak hazi egin direla ematen du (Álvarez et al., 1985; Aierbe et al., 2001; Gainzarain, 2003; Fernández & Gainzarain, 2004). Eremu jakinei dagokienez, espeziea ez zen hauteman 2007an, aurretik habiak behatu ziren hainbat lezkadietan: Lamiako (Zuberogoitia et al., 1995), Lekeitio (Galarza, 1989) eta Oria ibaiaren inguruetan (Gainzarain, 2003), hain zuzen.

Era berean, bi ingurutatik ere desagertu da azken urteetan (Ugarte Barakaldon, eta Urumea Donostian). Inguru horietan, lezkari arruntak habia egiten zuen XX. mendeko 80ko hamarkadaren hasierara arte behintzat (Álvarez et al., 1985).

Acrocephalus scirpaceus Acrocephalus scirpaceus

Habitata

Bere izen arruntak dioen moduan, espezie honen habitatak lezkadiak dira eta gehienetan laku inguruetako kainaberadietan aurkitzen dira ugaltze sasoian zehar. Neguan, aldiz, arruntagoak dira sastrakadietan eta larre altuko belardietan (del Hoyo et al., 2006). Euskal Herrian 2007an egindako ikerlan baten arabera populazioen % 76,5 kostaldeko bederatzi hezeguneetan bildu zen, eta gainerako hamabiak, berriz, barrualdean (Fernández-García et al., 2012).



Habitat bereko espezie gehiago

Acrocephalus arundinaceus
Alca torda
Pandion haliaetus
Epidalea calamita
Rana iberica
Bufo bufo
Lissotriton helveticus
Uria aalge
Larus argentatus
Cuculus canorus
Alosa alosa
Asio flammeus
Microtus cabrerae
Rattus norvegicus
Miniopterus schreibersii
Mus musculus
Sympetrum fonscolombii
Rana dalmatina
Hyla molleri
Ardea cinerea
Gasterosteus aculeatus
Capreolus capreolus
Buteo buteo
Alytes obstetricans
Pelophylax perezi
Crocidura suaveolens
Pipistrellus nathusii
Mustela lutreola
Triturus marmoratus
Lymnocryptes minimus
Gallinago gallinago
Trachemys scripta
Natrix maura
Sus scrofa


Elikadura

Intsektu helduez eta hauen larbaz elikatzen dira, baita armiarma, eta noizbehinka hazi, lore eta fruituez. Bere harrapakinak lezkadien zurtoinetan harrapatzen ditu batik bat, baita hauen hosto eta lurreko sastraketan ere (del Hoyo et al., 2006).

Ugalketa eta ontogenia

Euskal Herrian maiatza eta abuztua bitartean kumatzen du. Bikote monogamoak eratzen dituzte eta habiak kolonia txikietan eraki. Gehienetan emeak dira habia egitearen arduradunak eta 6 cm inguruko kopa sakon itxurako habiak josten dituzte lezkadien zurtoinetan. 

3-5 arrautz erruten dituzte eta guraso biek inkubatzen dituzte, 8-13 egunez. Txiten elikaduraz ere guraso biak arduratzen dira eta 10-12 egunen buruan, hauek habiak utziko dituzte, erabat independente bihurtuz handik 10-14 egunera (del Hoyo et al., 2006).

Espezieen arteko elkarrekintzak

Lezkari arrunta kukuaren (Cuculus canorus) biktima da maiz. Izan ere, kukuek arrautz bakarra errun ohi dute lezkarien habietan eta txita hau lehenago jaiotzen denez, beste arrautzak habitik kanporatzen ditu. Parasitismo honek lezkariaren populazioak asko txikitzea eragin dezake eta beraz, kukua beste espezie bat parasitatzera behartu (Perrins, 2009).

Kontserbazioa

Ematen duenez, lezkari arrunta ez dago mehatxupean. Europan 2.700.000 eta 5.000.000 indibiduo bitartean egongo direla estimatzen da (BirdLife International). Iberiar Penintsulan, zeharkako hainbat estimazioren arabera, 7.100-13.600 bikote ugaltzaile inguru zenbatu dira gehienez (Fernández-García et al., 2012), eta gutxienez 22.343 bikote (Gainzarain, 2003).

Bestalde, SACRE programako datuen arabera, Iberiar Penintsulako populazioak 20.000 bikote baino gehiago ditu, eta joera positiboa izan zen 1996-2005 aldian. Horren arabera, penintsulan hamarka mila bikote leudeke, Birds in Europe 2004 ikerlanean jasotzen den moduan. 

2012an egindako ikerlan batek dioenez, ez dago lehenago egindako erroldarik datuak alderatzeko, baina, hala eta guztiz ere, banaketa-eremuan izandako aldaketek pentsarazten dute populazioak bilakaera positiboa izan duela, bai kostaldean, bai barrualdean (Fernández-García et al., 2012).

Euskal Herrian populazio habiagilearen banaketa-eremuak XX. mendeko 80ko eta 90eko hamarkada bitartean izan duen hazkundea nabariagoa izan da Bizkaian eta Araban. Ematen duenez hazkunde hori inguruko eskualdeen bilakaeraren isla ere bada (Fernández & Gainzarain, 2004).

Urdaibai da ondoen monitorizatutako sektorea. Azkeneko 25 urteetan joera positiboa izan da bertan; 2007an zenbatutako lurraldeak (142) Francok (1995) estimatutako 100-150 bikoteko eremu zabalaren barruan sartzen badira ere 90eko hamarkadaren erdialdean, banaketa-eremua nabarmen handitu zen 80ko hamarkadaren hasierarekin alderatzen baldin badugu.

Esteka interesgarriak


Bibliografia


Fernández-García JM, Gurrutxaga M, Belamendia G, Etxaniz M, Galarza A. 2012. Tamaño y estado de conservación de las poblaciones nidificantes de carricero tordal Acrocephalus arundinaceus (Linnaeus, 1758) y carricero común Acrocephalus scirpaceus (Hermann, 1804) en el País Vasco. Munibe, 60: 175-189

Galarza A. 1989. Urdaibai. Avifauna de la Ría de Gernika. Bizkaiko Foru Aldundia. Bilbo

Perrins C. 2009. The Encyclopedia of Birds. Oxford University Press. Oxford

Blasco-Zumeta J. Zehaztu gabea. Carricero tordal. Laboratorio Virtual Ibercaja.

Franco J. 1995. Estudio de la fauna silvestre asociada en los ecosistemas de la Reserva de la Biosfera de Urdaibai: Propuesta de gestión. Argitaragabea, :

Zuberogoitia I, Ocio G, Torres JJ. 1995. Avifauna del Abra. Eusko Jaurlaritza. Gasteiz

Fernández-García JM, Gainzarain JA. 2004. Deriving population trends from atlas data in Spain: opportunities and biases at a regional scale. Bird Census News, 17: 5-22

. . BTO Bird Facts. BTO Bird Facts. http://blx1.bto.org/birdfacts/results/bob12510.htm

. . Royal Society for the Protection of Birds. http://www.rspb.org.uk

Cramp S. 1992. Handbook of the Birds of Europe, the Middle East and North Africa. Oxford University Press.

Álvarez J, Bea A, Faus JM, Castien E, Mendiola I. 1985. Atlas de los Vertebrados Continentales de Álava, Vizcaya y Guipúzcoa (excepto Chiroptera). Eusko Jaurlaritza. Vitoria-Gasteiz

Gainzarain JA. 2003. Carricero común Acrocephalus scirpaceus. Atlas de las aves reproductoras de España. Martí, R & Del Moral, JC (eds.). Ministerio de Medio Ambiente. Madrid

del Hoyo J, Elliott A, Sargatal J. 2006. Handbook of the Birds of the World. Volume 11: Old World Flycatchers to Old World Warblers. Lynx Edicions. Barcelona
Egilea: | Sorrera: 2014/01/03 | Azken eguneraketa: 2014/08/20 | Bisita-kopurua: 1808 | Argazki nagusia: Juan Emilio

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...